Aimar Etxeberria Korta
«OLENTZERO ETA MARI DOMINGI»

Olentzero eta Mari Domingiren tradizioari errelatoa jarri diote Añorga eta Mitxelenak

«Olentzero eta Mari Domingi» liburua kaleratu berri dute Pello Añorga eta Jokin Mitxelena oiartzuarrek. Lehenarenak dira hitzak, bigarrenarenak marrazkiak. Tradizioaren inguruko errelato berri bat egin dute, kutsu erlijiosoa kontakizunetik at utzi eta Olentzero eta Mari Domingiren mitoak naturarekin gehiago harremanduz.

Ilustrazioak: Jokin MITXELENA
Ilustrazioak: Jokin MITXELENA

Ipuinak kontatzen ibiltzeagatik da, batik bat, ezagun Pello Añorga ipuin-kontalari oiartzuarra. Baina ipuinak kontatzen aritzeaz gain, ipuinak idatzi ere egiten ditu. Bere azken lana dela-eta, eta datozkigun egunak aitzakia perfektua izanik, “Olentzero eta Mari Domingi” tituluarekin bataiatu duten kontakizunaren nondik norakoen berri emateko elkartu da GAUR8 Añorgarekin, Lasarte-Oriako kultur etxean.

Orain hilabete pasatxo aurkeztu zuen Jokin Mitxelena marrazkigilearekin elkarlanean osatutako lana, Elkar argitaletxearen bitartez argia ikusi duen kontakizuna. Aro zahar baten amaiera eta garai berri baten hasiera gertatu zeneko egun haietan, Olentzerok eta Mari Domingik elkar ezagutu zuteneko istorioa jasotzen du ipuinak.

Hamaika saltsatako parte da Pello Añorga. Horien artean, Olentzeroren iritsiera iragartzen du urtero Oiartzungo plazan, duela hogeiren bat urtetik hona. Urte horietan guztietan Olentzeroren bilakaeraren zuzeneko testigu izan da, eta, hain izan da bilakaera azpimarragarria, Olentzeroren tradizioaren kontakizunak funtsa galdu duela ere iruditzen zaiola. «Guk, gure gaztaroan, ezagutu genuen Olentzero, baina beste modu batera. Geuk egiten genuen Olentzero, ikazkin hura, zerrautsez edo lastoz betez, txorimalo baten modura, bizkarka eramateko ondoren. Baina opariak Errege Magoek ekartzen zizkiguten, ez Olentzerok», azaldu du.

Olentzerok hamarkadaz hamarkada izandako bilakaerari gehitzen zaio azken urte gutxiotan jazotakoa: «Orain dela bost urte inguru zenbait herritan Mari Domingiren figura sartzen hasi ziren, eta Oiartzunera ere iritsi zen moda berri hura. Nik dakidala, Donostian Olentzeroren enbaxadore lanak egiteko erabiltzen zuten Mari Domingi; Olentzero baino astebete lehenago iristen zen, haren etorrera iragartzera». Gaineratu du Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo ezagunek Mari Domingiren figura erabili izanak are indar gehiago eman diola pertsonaiari, baina egiten du galdera: «Zein zen Mari Domingi? Zer egiten zuen? Nondik zetorren?».

Añorgak dio badagoela bertsio bat dioena Olentzeroren emaztea dela, edota emakume bezala bere laguntzailea dela dioena. «Hori oso zabalduta dago eskoletan. Eta ordainetan, zer ematen dio Olentzerok? Bada soineko berri bat oparitzen dio», azaldu du. Horrek Mari Domingi pertsonaiaren bueltan polemika sortu duela azpimarratu du, errelato horren arabera Olentzeroren menpeko bezala agertzen delako, «laguntzaile hutsa da. Gainera –jarraitu du– ongi portatzen denez gero soineko berri bat oparitzen dio Olentzerok. Hori da azken urteotan zabaldu den bertsioa».

Hala, Mari Domingiren inguruko polemika bizi-bizi zegoen garaietan ekin zioten Añorgak eta Mitxelenak liburua osatzeari. «Eta lehenengo galdera hori izan zen: sartuko al dugu Mari Domingi kontakizunean? Hasieran ezezkoan nengoen, baina badira zenbait gauza gizartean txertatzen joaten direnak... Orduan, zer egiten duzu horrekin? Azkenean, sartzea erabaki genuen, baina Olentzeroren figura eutsiz eta Mari Domingiri izaera propio bat emanez», adierazi du.

Errelatoa eraikiz

Hala ekin zion Añorgak kontakizuna idazteari, baina errelatoari dagokionez hutsune handia sumatzen zuela dio: «Zein zen Mari Domingi? Zer ordezkatzen zuen?». Horregatik, errelato propio bat idazteari ekin zion azkenean: «Pertsonaia bat bultzatu nahi badugu ideia eta fundamentu gehiago izan behar dugu; oso arin ikusten nuen kontua. Olentzero ere... Zergatik banatzen ditu opariak? Gauza asko txertatu dira gure ohituratan urte gutxiren buruan, inertziaz, eta ohitura bilakatu dira. Merkantilismo hutsetik errotu dira, espiritualtasunik gabe».

Egoera horretan, Olentzero eta Mari Domingiren figurei forma ematen ahalegindu da Añorga liburuarekin. «Olentzeroren ezaugarri gehienak bere horretan mantendu ditut: adibidez, hainbat mitoren arabera azken jentila izan zen, eta hori horrela mantendu dut», azaldu du. Ondoren, hodei zaharraren mitoari heldu dio idazleak, alegia, hodei ilun batzuk zerua estali zutela dioen mitoak ematen dio jarraipena errelatoari. Zerua hodeiez estaltzearekin batera eguzkiak indarra galtzen du, baina jentilek ez dakite zergatik den. Horregatik, jentil zaharrarena jotzen dute. Honi begiak ireki eta adierazten du mundu zaharra amaitu dela, akabo direla. Errelatoaren arabera, jentil guztiek euren buruaz beste egiten dute, Olentzerok izan ezik.

Orduan agertzen da istorioan lehen aldiz Mari Domingi. Denbora bat leize batean sartuta igaro ostean, garai berriaren hasiera ikusi nahi duela eta berarengana jotzen du Olentzerok. «Suarekin harremana duen pertsona bat bezala agertzen dut Mari Domingi liburuan. Hala, momentu batean, burukoa jarri eta suari begiratzen dio, harik eta honek garai berrira igarotzeko txondorra piztu behar dutela esaten dion arte», azaldu du Añorgak. Txondorra herritarren laguntzaz egingo dute, eta orduan argituko da eguzki berria. «Horretarako Juan Kruz Igarabide eta Elena Odriozolaren liburu batean inspiratu nintzen, bertan hitz egiten baita eguzki zahar eta berriaz», azaldu du.

Harremana, naturarekin

Eguzki berriaren agerpenak sortzen dien poza ospatzeko afaria egin dute. Idazlearen arabera, izan dezake zerikusirik afari horrek Gabon gauekoarekin, baina berak neguko solstizioarekin lotzea nahiago izan du: «Egun horretatik aurrera eguna luzatzen hasten da, argitasunak protagonismo gehiago hartzen du, eta opariak orduan agertzen dira: su berriaren, argi berriaren sinbolo bezala txondorreko makilak oparitzen dizkiete haurrei Olentzero eta Mari Domingik».

Erlijio kutsua kendu eta naturarekin harremandu nahi izan du, beraz, idazleak Olentzero eta Mari Domingiren mitoa. «Aspaldian Elizak denak batu zituen, solstizioa eta Jesus haurraren jaiotza. Baina nik bereizi egin ditut. Opariena nahi nuen nolabait justifikatu, eta horretarako denbora zaharra eta berria solstizioarekin harremandu ditut, ez Jesusen jaiotzarekin», azpimarratu du. Naturaren zikloaren barruan kokatzen ditu Añorgak, finean, Olentzero eta Mari Domingi pertsonaiak.

«Badakit denak ez direla gustura geratuko tradizioa ukitu dudalako. Olentzero eta Mari Domingi gaurkotu egin ditudala iruditzen zait ordea, XXI. mende honetan iraun dezaten, nortasun batekin, argia egiten jarraitzeko», dio idazleak. Errelato bat eman eta fundamentua jarri die, beraz, Olentzero eta Mari Domingiren figurei Pello Añorgak, zentzu bat emanez guztiari.

Antzinatasun gaurkotua

Lanaren beste zatia Jokin Mitxelenarena da, Alemanian bizi den oiartzuarrarena; hitzei irudiak jartzea egokitu zaio. Ez da idazleak eta marrazkilariak elkarrekin lan egin duten lehen aldia izan. «Orain 25 urte-edo hasiko ginen elkarrekin lanean Pello eta biok, eta orduz geroztik 30 liburu inguru egingo genituen elkarrekin», adierazi dio Mitxelenak GAUR8ri telefonoz eginiko elkarrizketan.

Lanaren garapena, ordea, antzekoa izan ohi da beti: «Egiten ditugun obretan normalean bera hasten da, testua jarriz. Baina prozesua elkarrekin egiten dugu; nik bere lana aldatzen dut, eta berak nirea». Azken lana ez da salbuespena izan, eta Añorgak idatzitako eskuizkribuak izan ditu Mitxelenak marrazkiak egiten hasteko abiapuntu. «Berak idatzita zeukan testua pasa zidan eta hortik ekin genion guztiari forma emateari», azaldu du marrazkilariak.

«Esan genezake bi parte ditugula, bi pertsonaia –azaldu du–. Batetik Olentzerorena, oso ezaguna dena. Olentzerori zegokionez erabaki genuen bertsio originalari eustea: tipo potolo, arlote, zakar... modura agertzea. Mari Domingiren kasuan, berriz, ia goitik behera asmatu genezakeen pertsonaia, bere figura oso modernoa delako». Horregatik erabaki zuten, hein handi batean, asmatu egingo zutela Mari Domingiren figura, eta hibrido bat egitea erabaki dute; antigoaleko emakume moderno bat egin dute. «Jantzi genuen antzinako arropen aipamenarekin, baina egokitu dugu gaurko garaietara. Adibidez, soineko oso luzea zegoen tokian moztu egin dugu, edo ilerik ez zegoen tokian ilea ikus dadila bermatu dugu», azpimarratu du.

Erreferentzia gutxi zituela-eta, Mitxelenaren lehen ideia emakume zahar bat marraztearena izan zen, antzinako emakume jakintsu baten itxura emanez. Baina ideiari buelta pare bat eman eta hobetsi zuten emakume gazteago bat marraztea, irakurlearekin hobeto identifikatuko litzatekeelakoan. Era berean, bazuen egun zenbait herritan ateratzen duten Mari Domingiri begiratzeko aukera ere.

Mitxelenak erreferentzia gutxi izango zituen Mari Domingi marrazteko orduan, baina berak eginiko figura izan daiteke Mari Domingi kalera ateratzeko asmotan diren herrientzat erreferente. «Figura hori norbaitek erabiliko ote duen? Ikusiko dugu, ez dago gure esku. Asmoa figura praktiko bat egitea zen», azaldu du.

Osatu dute, beraz, Añorga eta Mitxelenak Olentzero eta Mari Domingiren inguruko errelato bat, kutsu erlijiosoa alboratu eta naturarekin harremanetan jarriz. Añorgak dio kontakizuna, etxeko txikienentzat baino, gurasoentzako dagoela pentsatuta: «Familian kontatzeko eta partekatzeko liburu interesgarria izan daiteke». Eta datozen egunak, aproposak horretarako.