Ion Salgado
PP-REN ESTRATEGIAREN PORROTA

Marotok etorkinen aurkako mezua zabaldu zuen botoak irabazteko, baina gizartea alkatearen kontra altxatu zen

Apirilaren 18an egin zen Gora Gasteiz Eguna. Jai giroan, milaka kolorez osaturiko hiri bat aldarrikatu eta etorkinen eskubideak defendatu zituzten Gasteizko erdigunean bildutakoek. Aipatutako ekimenak PPko Javier Maroto alkateak martxan jarritako kanpaina baztertzaileari erantzuna ematea zuen helburu.

Apirilaren 18an milaka lagun bildu ziren Arabako hiriburuko erdigunean Gora Gasteiz Eguna ospatzeko. Jendea kalera atera zen askotariko kolorez osatutako hiri bat aldarrikatzeko. Baina, zergatik antolatu zen aldarrikapena eta festa batu zituen egun hori? Zer ari zen gertatzen Gasteizen 7.000 lagun xenofobiaren kontrako kalejira batean elkartzeko? Erantzuna bilatzeko atzera begiratu beharra dago, 2014ko udara, Javier Maroto alkate ohia etorkinen aurkako mezuak plazaratzen hasi zen momentura. «Aljeriar eta magrebtar gehienak gizarte laguntzetatik bizi dira Gasteizen», esan zuen politikariak, elkarbizitzari hordago bat botaz.

Eta halako hordago bat botatzeak arrisku handiak ditu, zuhurtasunez jokatzen ez baduzu galtzaile ateratzeko aukerak nabarmen ugaritzen baitira. Marotoren kasuan, lehen arazoak hordagoa bota eta gutxira heldu ziren, uztailean bertan, Gasteizko Udaleko oposizioko hiru taldeek (EAJ, PSE eta EH Bildu) Arabako SOS Arrazakeria eta Ongi Etorri elkarteek aurkeztutako mozioa onartu zutenean. Aipatutako hiru taldeek «arrazakeria eta xenofobia babesten eta bultzatzen dituzten diskurtso politikoak» gaitzetsi zituzten, eta «elkarbizitza demokratikoaren oinarriak kaltetzen dituztenen aurkako neurriak» hartzeko eskatu zieten EAEko epaileei.

Hori izan zen, esaterako, SOS Arrazakeriak egin zuena. Elkarteak Marotoren aurkako diligentziak abiatzeko eskatu zion Arabako fiskal nagusiari, delitu zantzuak ikusten zituelako alkatearen adierazpenetan. Arraza edo etnia arrazoiengatik gorrotoa bultzatzea eta pertsonen duintasunaren aurka jotzea egotzi zion elkarteak Marotori.

Marotoren jokabideak hautsak harrotu zituen politikarien artean ere. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak Marotok magrebtarren inguruan esandakoa gezurra zela nabarmendu zuen, eta PSEko Arabako buruzagi Txarli Prietok «arrazista» deitu zion. «Hitler gasteiztarra bihurtu zaigu Maroto», salatu zuen gogor Araba Buru Batzarreko presidente Xabier Agirrek.

Laguntza Justuagoak plataforma

Uda amaitzerako eztabaida pil-pilean zen jada, eta urrian gizarte laguntzak mugatzearen aldeko plataforma bat sortuko zela iragarri zuen Javier Maroto berak, diru sarrerak bermatzeko errentaren baldintzak estutzea eskatu asmoz. Hilabete bat geroago Laguntza Justuagoak plataforma aurkeztu zen. Bere helburua: 30.000 sinadura biltzea herri-ekimen legegile bat aurrera eramateko. Gizarte laguntzei esker jasotako dirua EAEtik ateratzea debekatu nahi zuen plataformak ekimen horrekin, eta laguntzak jasotzeko legezko bizilekua izatea ere eskatzen zuen. Halaber, eskatzaileek ohiko bizitoki bat izatea eta gizartearen aldeko lanak egitea ere eskatzen zuen laguntzak jasotzeko baldintza gisa.

Gasteizko erdigunean lokal bat alokatu eta EAEko hainbat udalerritara hurbildu ziren sinadurak jasotzeko plataformako kideak. Dena ekimenaren bultzatzaileek planifikatu bezala zioan, baina, orduan, GARAk ustekabeko albiste bat ezagutarazi zuen: Espainiako enplegu zerbitzua eta Gizarte Segurantza Patxi Gomez Laguntza Justuagoak plataformako bozeramailea ikertzen ari zen iruzurragatik. Hori gutxi ez eta Gora Gasteiz ekimena sortu zen etorkinen aurkako zurrumurruei aurre egiteko asmoz. Ekimenak Laguntza Justuagoak plataformako kideek erabilitako datuak zalantzan jarri eta etorkinak ez direla laguntza sozialetik bizi agerian utzi zuen, geroago Lanbideko datuek berretsi bezala.

Gasteiz hiri anitz eta atsegin gisa aldarrikatu zuen Gora Gasteizek azaroan plazaratutako manifestuan: «Hiri justua eta solidarioa behar dugu, bere inguruarekin harremanetan dagoen hiri plurala, bere helburu etengabe gisa ikastea, partekatzea eta elkartrukatzea duena eta orden soziala, ekonomikoa eta politikoa elkar ezagutzeko proiektu multikultural eta hezitzaile batera bideratuta dagoena, bizikidetza eta denontzako eskubide sozialak bermatuta dituena». Halaber, testua sinatu zutenek dei egin zuten «ilusioan oinarritutako hiri positibo honen alde borrokatzera eta diskurtso interesatuei jaramonik ez egitera». Gizarte berdintasuna ere aldarrikatu zuen manifestuak: «Nahi dugun hiria babes sozialeko sisteman oinarritu behar da: eta oinarria norbera izan behar da, bere ezberdintasunekin eta bere aukerekin, gizartearen harmonia eta orekaren berme gisa. Sistema horrek gaur egungo zailtasun eta baztertze sozialaren arriskuaren aurrean, ziurtatu behar du bizi kalitate ona guztiontzat, gizartearen aurrerabidea ahalbidetuz».

Hilabeteek aurrera egin eta Gasteizko kaleetan tentsioa handituz joan zen, pintadak, salaketak, elkarretaratzeak... Apirilean bi gertaera nabarmen izan ziren. Batetik, Laguntza Justuagoak plataformak, udal lizentziarik gabeko lokal batean jarduten zuen elkarteak, 41.000 sinadura aurkeztu zituen Legebiltzarrean herri-ekimen legegile bat aurrera eramateko; bestetik, Gora Gasteizek kolorez bete zituen hiriko kaleak, arrazakeriaren kontra. Andre Mari Zuriaren enparantzan bildutakoek mezu zehatz bat laga zioten Marotori: denak ez du balio botoak lortzeko. Hori baitzen alkatearen helburua, ustez gizarte laguntzetan egiten den iruzurra erabiltzea maiatzeko udal hauteskundeak irabazteko.

Eta, egia esateko, lortu zuen. Bederatzi zinegotzi atera zituen PPk udal hauteskundeetan. EH Bilduk sei zinegotzi lortu zituen, EAJk bost, PSEk lau, Hemen Gaudek bi eta Irabazik bat. Emaitzak ikusita, Maroto pozik agertu zen komunikabideen aurrean. Baina alaitasunak ez zuen asko iraun, gizarte eragileek akordio bat eskatu baitzuten PP udal gobernutik kanpo uzteko. Hala eskatu zuen Gora Gasteiz ekimenak, «adierazpenetik konpromisoetara eta konpromisoetatik ekintzetara» igarotzeko ordua zela nabarmenduz. «Udalaren buru gasteiztar guztien eskubideekin konpromiso sendoa duen pertsona bat jartzeko akordioa eskatzen diegu alderdiei. Interes pertsonalen zein alderdien interesen aurrean herritarren ongizatea jarriko duen pertsona bat. Defendatzen dugun eta harro sentiarazten gaituen hiri anitzari begirunea eskainiko dion pertsona bat», adierazi zuen ekimenak PPren jarrera «arduragabe eta su-emailea» kritikatuz.

Jose Angel Cuerda alkate ohiak, Blanca Urgell EAEko Kultura sailburu ohiak eta beste gasteiztar ezagun ugarik ere egin zuten bat Gora Gasteizekin, eta alderdiak hitz egiten hasi ziren Javier Maroto alboratzeko. Eztabaida ekainean amaitu zen, EH Bilduk eta EAJk Gorka Urtaran jeltzalea alkate izendatzea adostean. Akordioak PPren haserrea piztu zuen, eta Marotoren alderdiak elkarretaratze bat ere egin zuen Gasteizko udaletxearen aurrean. Marotoren aldeko eta kontrakoak batu ziren poliziaz betetako Plaza Berrian.

Marotoren porrota bikoitza izan zen, gainera, Legebiltzarrak atzera bota baitzuen Laguntza Justuagoak plataformak bultzatutako ekimen legegilea. EAJ, EH Bildu, PSE eta UPyDko legebiltzarkideek botoak lortu nahian «herritarrak manipulatu» nahi izatea leporatu zieten PPri eta Marotori. PP bakarrik geratu zen proposamenaren defentsan, eta gainontzeko alderdien «hipokrisia» salatu zuen Laura Garridok. Alkate ohiak ez zuen ekimena pertsonalki defendatu, ordurako Legebiltzarra utzita baitzuen.