Nagore Belastegi Martin

KARPAREN AZPIAN EZKUTATZEN DEN HERRI TXIKIKO FAMILIA HANDIA

Zirkua hirian da. Kaleak kartel koloretsuz bete dira eta haurrak irrikan daude ikuskizunaz gozatzeko. Baina karpako txiribueltak eta barreak amaitzen direnean, argiak itzaltzen dituztenean, inguruan kokatutako karabanetan edozein herritan egon daiteken giroa sortzen da. Plazarik ez dute, baina eskola bai.

Olatz Orozco, Il Circo Italianoan irakaslea da
Olatz Orozco, Il Circo Italianoan irakaslea da

Etxe txiki batean bizi da Olatz Orozco, beste pertsona asko bezala, baina bere etxeak badu berezitasun bat: gurpilak ditu. Kamioi batean bizi da. Izan ere, Il Circo Italiano zirku ezaguneko langileen haurren irakasleetako bat da ikasturte honetan eta, horregatik, lanean hasi zenetik bizimodu horri heldu behar izan dio. Azken hilabeteetan nomada izan da. Barakaldon harrapatu genuen zirkua, nahiz eta egunotan Getxon izango den (maiatzaren 8ra arte). Olatz bera, ordea, Legazpira itzuli da egun batzuk pasatzera, egun libre batzuk dituelako eta jaioterriko jaiak ez dituelako barkatzen.

Bizi den etxean bizilaguna ere badu Olatzek, berarekin aritzen den beste irakaslea. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako sei ikaslerekin aritzen da Olatz eta lankidea Haur eta Lehen Hezkuntzako zazpi umerekin. «Berez, Espainiako Hezkuntza Ministerioko postuak dira, baina aurten irakasle bakarra eman diete eta horregatik zirkuak zuzenean kontratatu ninduen», kontatu zigun. Sarean dago jarraitu beharreko eskola-plangintza eta irakasleen papera ikasleak gidatzea da. Bere ustez egiten duen lanak eskola arrunt bateko lanarekin ez du zerikusirik. «Nik berez Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasle izateko ikasi nuen. Gainera, aldi berean maila desberdinetako ikasleak daude hemen», azaldu zuen. Lana lortzeko bidea ere ez zen arruntena izan. «Facebooken ikusi nuen lan eskaintza. Hezkuntzaren munduan gabiltzanak, zerrendak direla-eta, Facebookeko talde batean biltzen gara, ‘Ordezkoak martxan’ deitzen dena. Bertan zirkuaren lan eskaintza jarri zuten eta ikusi nuenean curriculuma bidaltzea erabaki nuen bitxia iruditu zitzaidalako. Urtarrilean bota nuen curriculuma eta irailean deitu zidaten. Jada ahaztuta nuen. Gaueko hamarretan deitu zuten etxera eta nire aitak hartu zuen. Zirkutik deitzen zutela esan zioten».

Orduan hasi zen bere abentura. Gurasoei ez zitzaien ideia ona iruditzen, baina Olatzek primerako aukera ikusi zuen. «Asko hausnartu ostean probatu egin behar nuela erabaki nuen, honelako gauzak bizitzan behin besterik ez direlako gertatzen. Etxean kristorena izan nuen. Ez zitzaien ideia gustatzen. Legazpin taberna batean, ikastetxe batean errefortzuko irakasle moduan eta turismo gune batean informazioa eskaintzen aritzen nintzen. Hiru lantxo ziren, baina hirurak gehituz nahikoa nuen. Hala ere, dena uztea erabaki nuen. Esan zidaten Hondarribian zeudela eta Pasaiara joan behar zirela eta ea bertatik pasa ahal nintekeen elkarrizketa egiteko. Beste hautagai batzuk ere bazeuden eta azkenean ni aukeratu ninduten. Astebete izan nuen dena prestatzeko eta Miranda de Ebron zeudela gehitu nintzen lantaldera». Iraila zen. Ondoren Soria, Zaragoza, Katalunia, Huesca... etorri ziren, berriz Euskal Herrira itzuli ziren arte. Ikasturte baterako kontratua dauka irakasleak eta horrek esan nahi du laster lana amaituko zaiola. «Aukera izango banu jarraituko nuke beste urtebete, edo bi urte agian. Baina ez dago nire esku bakarrik. Ikasleak egon behar dira, bestela ez dago behar hori. Gaur egun sei ikasle ditut, baina horietatik batek 16 urte ditu eta beste batek 17. Aurten bukatuko dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza. Lau ikasle geldituko dira eta agian horientzako bakarrik ez dute irakasle bat behar», zioen irribarretsu baina pena puntu batekin. Nabaritzen zitzaion gustura dabilela zirkuan.

Bere ustez aurreiritzi asko daude zirkuko bizitzari buruz. «Euren bizimodua ez da gehiegi ezagutzen, ez dakigu nolakoak diren bertako pertsonak. Hona etortzean uste nuen oso gaizki pasako nuela, eta, egia esan, lehenengo astean jada primeran nenbilen. Pentsatu nuen agian errazegi moldatu nintzela… Kezkagarria ere bazen!», aipatu zuen barrez. Bere gurasoak ahal bezain laster joan ziren bisitan, eta, ikuskizuna ikusi ostean, etxea erakutsi zien alabak. Jendea ere ezagutu zuten, eta, familiako gazteena pozik dagoela ikustean, lasaitu egin ziren. Euskal Herrian denez, orain sarri joaten da etxera. Lagunak ere bisitan joaten zaizkio, baina hasieran hiru hilabete eman zituen kanpoan. «Bartzelona aldera joan ginen eta Gabonetan joan nintzen etxera lehen aldiz. Gero inauterietan, otsailean».

Gainera, denbora librea duenez, bisitatzen dituzten herri eta hiriak ezagutzeko aukera izaten du. «Asteburuak eta arratsaldeak libre izaten ditut, eta, beste irakasleak nire ordutegi berdina duenez, herriak ezagutzera joaten gara. Horri esker Estatuko leku asko ezagutu ditut, bestela segur aski sekula bisitatuko ez nituzkeenak. Orain, Euskal Herrian gaudenez, gutxiago mugitzen naiz».

Artista izateko zirrara

Orozkoren etxea dagoen kamioia nahiko handia da eta tamaina horretako ibilgailuak elkarren ondoan kokatzen dituzte karratu bat osatuz. Erdian karabana txikiak jartzen dituzte. Horrela babestutako herri baten itxura hartzen du guneak. «Herri bat da azkenean. Kamioiak dira etxeak. Horrela herri txiki bat sortzen da, kale eta guzti. Ez dago plazarik, baina beno...», kontatu zuen kaletik ibiltzen zen bitartean. Alde batera eta bestera dago jendea eta guztiek agurtzen dute “herriko” irakaslea. Guztien artean oso harreman ona dagoela azpimarratu zuen. «Zuek etorri aurretik baten etxean nengoen kafea hartzen», aitortu zigun.

Etxeen ondoan zirkuko karpa kokatzen dute, lekuak ahalbidetzen badu behintzat. Batzuetan espazioa txikia da, eta, karpa leku batean jartzen duten arren, kamioiak beste txoko batera eraman behar izaten dituzte. Bi karpa daude: txikia taberna da eta handian pista dago. Zirkua arratsaldean bisitatu genuenez artistak entrenatzen harrapatu genituen, baita gazteenak ere. «Nire ikasleak 09.00etatik 14.00etara joaten dira eskolara. Bazkalostean bi orduko entrenamendua dute egunero», aipatu zuen.

Artista bakoitzak bere espezialitatea lantzen du, kirolariek egiten duten bezala. Entrenatzaile bat ere badute, nahiz eta euren kabuz egiten dituzten ariketak. txikitatik hasten dira, baina horrek ez du esan nahi pistara guztiak ateratzen direnik. «Oso gogorra da eta denbora behar dute. Horregatik, etorkizunerako ikuskizunak entrenatzen dituzte, baliteke orain praktikatzen ari diren zerbait hemendik hilabete edo urteetara eramatea pistara. Orduan debutatuko dute», kontatu zuen.

Atzealdean adin desberdinetako lau neskatila abdominalak lantzen ari ziren. Bassalo ahizpak ziren. Lau dira baina oraingoz hiru aritzen dira pistan. Txikiena debuta prestatzen ari zen. «Gehienek artista izan nahi dute. Txikitatik sortzen zaie zirrara hori. Gurasoen bezalakoak izan eta ikuskizunetan parte hartu nahi dute. Adibidez, atsedenaldian marrazki bizidunetako pertsonaiekin argazkiak ateratzeko aukera egoten da. Bada mozorroa janzten dutenek haur txikiak izaten dira. Pixkanaka euren parte hartzea sustatzen dute horrela, eta, beraiek ere jolas moduan hartzen dutenez, ondo pasatzen dute. Beraientzat harro egoteko zerbait da», zioen irakasleak.

Pare-parean genuen Omar. «Ea, egin zerbait argazki polita ateratzeko –proposatu zion Olatzek–, baina eskurik gabe». «Nola eskurik gabe?», galdetu zuen artistak. «Adarra jotzen ari naizela!», esan zion orduan legazpiarrak. Jarraian, behin bere ariketak egiteko erabiltzen duen plataforma prestatuta, buruz behera jarri zen Omar, esku bakarrean eutsita.

Olatzekin zirkuko langileak gazteleraz mintzatzen dira. Eskolak ere gazteleraz ematen dituzte, Espainiako Ministerioko programa baten parte delako egitasmoa alde batetik, eta, bestetik, gazte gehienak Estatu espainolean jaiotakoak direlako, nahiz eta gehienak familia italiarra izan.

100 kilometro orduko

«Zirkua Rossi anaiena da, baina artistak behar dituztenean kanpotik kontratatzen dituzte, edozein enpresatan bezala», aipatu zuen. Horren adibide dira Luis eta Luisito Muñoz, aita-semeak, gizon-balak. Zirkutik zirkura ibiltzen dira, mundu osotik, kontratuak sortzen zaizkien ahala. Orain Il Circo Italianon dabiltza, batek daki non datorren urtean. Egiten duten ikuskizuna ez da batere arrunta.

«Hello Luisito!», esan zion Olatzek ingelesez kamioi baten kanpoan kable batzuekin lanean ari zen gazte bati. «Ikusi dituzu kanoiari jarri dizkiodan argi berriak?», bota zuen 80 urte inguru dituen tramankulu erraldoi txuri-urdina seinalatuz. “Captain Muñoz” jartzen du alboan, eta, parean, metro ugarira, sare bat dute jarrita. «GARAkoak dira», bota zion Olatzek seinalatzen gintuen bitartean. «Non dago hori, Ameriketan?», esan zuen nahastuta, leku batez ari zela pentsatuz. «Ez, GARA Euskal Herriko egunkari bat da», azaldu zion irakasleak. «Baina zergatik zara hain famatua?», bota zion ozen artistak. «Zirku batean bizi naizelako!», erantzun zuen orduan gure lagunak barrezka.

Luisito Floridakoa da eta urrian batu zen, bere aitarekin batera, zirkuko lantaldera. Jatorri desberdineko jendea elkartzea ondo etortzen zaie langileei, hizkuntzak ikasteko balio dielako. Olatzen eta Luisitoren arteko elkarrizketa eten eta lehenak azalpenak eman zizkigun: «Badugu tratu bat: nik ingelesez hitz egiten diot eta berak niri gazteleraz. Hala, akatsak elkarri zuzentzen dizkiogu».

Une horretatik aurrera Luisito gazteleraz mintzatu zen gurekin. 23 urte ditu eta Muñoz familiako gizon-balarik gazteena da bera. Aita, osaba, aitona, birraitona eta herenaitona (gutxienez, hortik aurrera ez baitakite) gizon-bala izan ziren eta orain berari tokatzen zaio. Funtzioa dagoen egunetan 100 kilometro orduko abiaduran jaurtitzen da sare batera, zirkura sartzeko zain dauden guztien aurpegi harrituen gainetik. «Mundu osoan hamabost kanoi daude. Bost gizon-bala hil egin dira», esan zuen. «Ez al dizu beldurrik ematen?», galdetu genion. Buruarekin baiezkoa egin zuen arren, erantzuna argia izan zen: «Bai, baina odolean daramat».

«Bala handia»

Egiten duen ikuskizuna hain da arriskutsua ezen ez duen entseatzen. Ez da behin eta berriz botatzen, baina horrek ez du esan nahi egun osoan ezer egiten ez duenik. «Txiribuelta ondo egitea oso garrantzitsua da. Giarreak ere indartu egin behar ditut», kontatu zuen. Bere aitak izan ditu zenbait istripu. «Behin hanka hautsi zuen eta beste batean sorbalda atera», aipatu zuen. Justu une horretan garrasi bat entzun zen. «Luis!». «Non dago?», galdetu zuen semeak aitaren ahotsa ezagutzean. Kalearen beste aldetik ari zen semea agurtzen eta segituan alboan genuen. «Bera da bala handia», esan zigun aita aurkeztuz. «Haragia labean prestatu behar dut afaltzeko, etorri nahi al duzu?», egin zion eskaintza aitak Olatzi. «Horrela da beti, familia handi bat gara. Aurrekoan barbakoa bat egin genuen. Norbaiten urtebetetzea denean ere elkarrekin ospatzen dugu. Gertutasun hori asko eskertzen da», esan zuen.

Aita parean genuela berarekin hitz egiteko aukera aprobetxatu genuen. «Lehen ez zegoen karparik eta kalean irabazten zuen bizitza nire familiak. 50eko hamarkadan hasi ziren zirkuan eta nire aita Ameriketako Estatu Batuetara joan zen lanera. Seme-alabak izan eta gero, Espainiara itzuli ginen berriro, baina atzera eta aurrera bizi izan gara beti. Gu abenturan bizi gara. Uste dut gure bizitza polita dela. Galdetzen badizute: ‘zein janari gustatzen zaizu gehien?’. Bada, erantzuna ‘haragia’ baldin bada, ezin duzu egunero xerra jan, ezta? Lekuekin berdin. Aldatzea da ederra. Gu beti gaude aldatzen eta hori zoragarria da», aipatu zuen daraman bizitza maite duela argi utziz.

Bere lanbidea maite duela ere esan zuen, arriskuak alde batera utziz. «Gu bereziak gara. Gainontzekoen ikuskizuna hamar minutukoa da, eta guk hiru segundotan amaitzen dugu. Ez dugu bulegoan zortzi ordu eman beharrik!», zioen irribarretsu. «Bai, baina ez duzulako kontatzen hiru segundo horiek egin ahal izateko aurretik lan asko egin behar dela!», esan zion Orozcok. «Bai, arrazoi duzu», esan zuen serio jartzen zen plantak eginez. Baina segituan aldatu zuen gaiez eta berriro alaitu zuen aurpegia: «Beno, neska, orduan afaltzera zatoz edo ez?» •