Amagoia Mujika Telleria
#KM_SEXUINKESTA

Euskaldunek, batez beste, 10etik 5,79ko nota jartzen diote beren zoriontasun sexualari

Euskal herritar gehienen benetako bizitza sexuala eta nahiko luketena ez daude parean. Kaixomaitia.eus guneak Aztiker Soziologia Ikergunea bidelagun hartuta egin duen ikerketaren emaitzek hori kontatzen dute, nahiko modu argian, gainera. Euskaldun gehienek (%33,5) astean behin edo bitan izaten dituzte sexu harremanak –%24,3k astean behin baino gutxiago– eta erdiak baino gehiagok astean hirutan edo gehiagotan nahiko lituzkeela aitortu du, %50,3k. Hortxe errealitatea eta nahia, bakoitza kantoi batean.

Kaixomaitia.eus euskaldunon harremanetarako guneak euskal herritarren harreman sexual eta afektiboen inguruko ikerketa egin du. Lehen aldia da era honetako ikerketa egiten dela eta bultzatzaileen asmoa da bi urtean behin errepikatzea. Joan den otsailean martxan jarritako Internet bidezko inkesta anonimoa hiru helbururen gainean josi dute: lehena, euskal herritarrek gaur egun harreman sexual eta afektiboen inguruan dituzten ohiturak, asebetetze mailak eta iritziak jasotzea; bigarrena, sexualitatean, harremanetan, leialtasunean eta Interneten dituzten rolak ezagutzea; eta, hirugarrena, horren guztiaren gaineko hausnarketa piztea euskal jendartean.

2.358 lagunek parte hartu dute on line inkestan, eta horietatik 1.300 hartu dira kontuan ikerketarako. Kaixomaitia.eus guneak Aztiker Soziologia Ikergunea izan du bidelagun, «ahalik eta era profesionalenean» egin nahi zutelako azterketa. Inkesta luzea izan da, 73 galderak osatua, eta hiru hizkuntzetan egin da; euskaraz, gazteleraz eta frantsesez. Aipatu galderak bost ataletan banatu dituzte: bizitza afektiboa, Internet bidezko harremanak, bizitza sexuala, leialtasuna eta harremanak, eta datu pertsonalak.

Parte hartu dutenen profilak ikusita, emaitzek honako unibertsoa ordezkatzen dutela esan daiteke irizpide soziologikoetan oinarrituta: Hego Euskal Herrian bizi diren herritarrak, 18 eta 64 urte bitartekoak eta euskaldunak.

Bizitza sexualaren atalean, lehendik esan bezala, euskaldunen asetasun maila ez da etxafuegoak botatzeko modukoa. Euskaldunak, batez beste, 5,79 puntuko nota (0-10 bitartean) jartzen dio bere zoriontasun mailari bizitza sexualaz ari denean. Galdetutakoen erdiak bere zoriontasun maila altua edo oso altua dela dio (7-10 bitartean), baina beste erdiak erdipurdikotik beherako nota jartzen dio bere bizitza sexualari (0-6 bitartean).

18-29 urte bitartekoak dira zoriontasun maila altuena dutenak. Bizitza sexualean zoriontasun maila gorena 29 urtekoek adierazi dute, hain juxtu. Eta, baxuena, berriz, 44-64 urte bitartekoak. Badirudi gainbehera nabariena, gainera, 57 urtetik aurrera hasten dela. Zoriontasun sexuala eta afektiboa pare samarrean daude, eta sexu harreman gehien dituztenak dira, era berean, zoriontasun maila altuena adierazten dutenak.

Emakumeak, zoriontsuago

Emakumeek zoriontasun maila handiagoa adierazi dute. Emakumeen %53k esan dute beren zoriontasun sexuala altua edo oso altua dela, gizonezkoek baino hamar puntu gehiago.

Joera sexualari dagokionez, ez da aparteko desberdintasunik ikusi –heterosexualak, homosexualak eta bisexualak hartu ditu kontuan inkestak–. Bisexualak zertxobait zoriontsuagoak dira eta homosexualak okerxeago dabiltza alor horretan. Baina aparteko alderik gabe.

Bikoterik ez dutenak dira zoriontasun sexual maila baxuagoa dutenak. Bikote erlazioen baitan, erlazio irekia edo itxia dutenek antzeko zoriontasun maila aitortu dute, zerbait altuxeagoa bikote harreman irekia dutenek.

Ikasleak eta etxeko langileak dira zoriontsuenak eta erretiratu edo pentsiodunak daude beste aldean. Egoera ekonomikoaren aldagaiarekin gurutzatuta, urtean 35.000 eta 45.000 euro bitarteko diru sarrerak dituztenek zoriontasun sexual eta afektibo altuagoa aitortu dute, batezbestekotik 12 puntu gorago.

Adinari buruzko datuak ere jaso ditu ikerketak. Hartara, euskaldunen erdiak 17 eta 20 urte bitartean izan ditu lehen aldiz sexu harremanak. Gaur egun 18 eta 29 urte artean daudenen artean, berriz, %37,7k izan ditu lehen aldiz harreman sexualak 16 urte edo gutxiagorekin. Joera sexualari dagokionez, bisexualak dira sexuan goiztiarrenak eta homosexualak berantiarrenak.

Pornografiaren kontsumoari dagokionez, %37k ez du kontsumitzen, %30 inguruk astean behin edo gehiagotan kontsumitzen du eta, %9k, egunero. Gazteenak dira pornografia gehien kontsumitzen dutenak, 18-29 urte bitartekoak.

Masturbazioari buruzko datuek, berriz, estereotipo asko hausten dituzte. Gizonen %96 masturbatzen dira, %80 astero eta, %15, egunero. Emakumeen kasuan, %87 masturbatzen dira, %45 astero eta, %3, egunero. Alegia, gero eta emakume gehiago masturbatzen da, nahiz eta artean gizonen portzentajeetara ez iritsi. Baina emakumea ere plazerera gerturatzeko estrategia propioak garatzen ari da.

Bikotea, formula ohikoena

Bikotearena da, oraindik orain, harreman mota ohikoena. Euskaldun gehienek dute bikotekidea, %65ek. Horietatik %58k harreman itxia dute eta, %7k, irekia. Harreman irekia duen gehiengoaren profila 18-29 urte bitartekoa, gizonezkoa, bisexuala edo homosexuala da.

Lagunartea eta parranda dira bikotekidea topatzeko aukera ohikoenak euskaldunen artean. Joera hori, baina, dezente aldatzen da pertsona homosexualen kasuan, Internet baita biderik ohikoena.

Euskaldun gehienek «asko edo izugarri» maite dute beren bikotekidea, batezbestekoa 8,5 puntutan jarriaz. Homosexualak dira nagusiki bikotekidea asko edo izugarri maite dutela diotenak. Eta beste norabidean, euskaldun gehienek «asko edo izugarri» maitatuak sentitzen dira. Adinean gora joanez gero, bikotekidearen maitasuna txikitzen joaten da. Eta beste norabidean bezala, homosexualak dira maitatuen sentitzen direnak.

Harreman batean bilatzen dutenaz galdetuta, gehiengo zabal batek (%72) konfiantza eta zintzotasuna nabarmentzen ditu; jarraian (%68) maitasuna eta, hirugarren tokian, sexua (%54).

Harreman mota ohikoena harreman itxia da. Euskaldunen %21ek harreman irekiak izan ditu, nagusiki 18-29 urte bitarteko tartean. Inkestan parte hartu dutenen %26k aitortu dute harreman irekia dutela edo izango luketela. Orokorrean gizonezkoak harreman irekietatik gertuago daude emakumezkoak baino, eta bisexualak dira harreman irekiak dituzten gehienak.

Batez beste, euskaldunek beren zoriontasun maila afektiboari 6,9ko nota jartzen diote, 10etik. Joerak erakusten du adinean gora joan ahala zoriontasun maila afektiboa behera doala. Gainera, ezkonduek zoriontasun maila baxuagoa dute bikotekidea izan bai baina ezkondu gabe daudenen ondoan. Emakumezkoak gizonezkoak baino zoriontsuagoak dira maila afektiboan. Joera sexualari begiratuta, bisexualak dira zoriontsuen eta homosexualak zoriontasun gutxien dutenak.

Kasu guztietan, zoriontasun maila afektiboa eta zoriontasun maila sexuala elkarri estu lotuta daude.

Internet, bai baina ez

Inkestan parte hartu dutenen gehiengoak (%89) pentsatzen du Internetek harremanak izaten edota ligatzen laguntzen duela. Hala ere, %34k baino ez dute noizbait izena eman harremanetarako webgune batean. 45-64 urte bitartekoak dira izena gehien eman dutenak eta emakumezko bakoitzeko bi gizonek ematen dute izena. Homosexualak dira Internet harremanetarako gehien erabiltzen dutenak.

Interneteko webguneren batean izena eman dutenen gehiengoak (%60) sexua du helburu. Laguntasuna, %35,8k eta, epe luzerako bikotekidea, %33,9k. Gizonezkoak dira, nagusiki, sexua bilatzen dutenak. Eta sexuaren aukera hori nabarmenagoa da pertsona homosexualen eta bisexualen artean. Era berean, ezkonduta daudenek beste egoera zibiletan daudenek baino nabarmenago lehenesten dute sexua harremanetarako webguneetan, eta, hala, horien artean «maitalea» topatzeko nahia nabarmentzen da.

Internet bidez ezagututakoen arteko harremanetan sexua da, beraz, zutoin nagusia, %35,7 sexurako geratu baitira espresuki. Gizonezkoen gehienak (%44,6) sexurako geratu dira eta emakumeen gehiengoak geratu baino ez dela egin dio, edo epe luzeko harreman bat izan duela.

Harremanetarako webguneetan izena eman dutenen gehiengoak ez du sekula ordaindu zerbitzuaren truke (%67). Adinean aurrera joan ahala jendeak gehiago ordaintzen duela ikusten da, 45-64 urte bitartekoak baitira gehien ordaintzen dutenak. Eta dibortziatuek edo bananduta daudenek ere errazago ordaintzen dute. Ordaintzen dutenen artean gizonezkoen portzentajea dezente altuagoa da emakumezkoena baino. Inoiz ordaindu ez dutenen gehiengoa, gainera, ez dago prest harremanetarako webgune batengatik ordaintzeko.

Harremanetako webguneetan izena eman ez dutenek deskonfiantza eta lotsa aipatzen dituzte horretarako arrazoi nagusi. Eta emakumeen kasuan beldurra eta lotsa dezente nabarmenagoak dira.

olatz berastegi, harremanak zentroko sexologoa

«Gorputza entzuteko patxada behar da eta egun zurrunbilo gehiegi ditugu inguruan»

Bizitza sexuala eta afektiboa dira, orokorrean, zoriontasun eta tristura handienak pizten dituztenak pertsonen bizitzan. Eguneroko zurrunbiloan, ordea, ez zaie eskaintzen behar duten denbora. Zaratatik apartatu eta gure gorputza, nahiak eta desioak entzuteko ahalegina egitea aholkatzen digu Olatz Berastegi sexologoak, zoriontasunaren bidea ibili nahi izanez gero behintzat.

Sexu inkestaren emaitzak mahai gainean jarrita, zerk eman dizu atentzioa?

Bikotean bizitzeak duen garrantziak. Gehienak edo bikotean bizi dira edo bikotea nahi dute. Badirudi gaur egun oraindik pisu handia daukala bikotean bizitzeak norberaren zoriontasunean. Beste aldetik, eta kontsultan ere askotan ikusten dugu hori, bikotea lotzen da ondo pasatzearekin, leialtasunarekin, konfiantzarekin... Garrantzia handia ematen diogu bikoteak eskaintzen digun horri, baina apenas erreparatzen diogun guk bikoteari eskaintzen diogun horretan. Bikoteak behar eta nahi asko ase behar dituela pentsatzen da, zoriontasuna gure burutik aparteko aldagaietan kokatzen dugu, kontuan izan gabe bikote harremanak eraiki beharreko zerbait direla. Harremanak ez dira bakarrik eraikitzen, lana egin behar da harremanak eraikitzeko. Maitasuna ez da besterik gabe etortzen, maitasuna eraiki eta landu egin behar da. Batzuetan, harreman bat gaizki ateratzen denean, «ez da pertsona egokia», esaten da. Ez da esaten, «ez dugu modu egokian eraiki harremana».

Euskaldunek 5,79ko batezbesteko nota jartzen diote beren bizitza sexualari. Ez da oso nota altua, ezta?

Bizitza sexuala praktika koitalarekin edo genitalarekin lotzen segitzen da. Muxuak, besarkadak eta bestelakoak ez dira kontatzen bizitza sexualaren baitan. Horrez aparte, garrantzitsua da kontuan izatea gure bizitza sexualarekin zein itxaropen ditugun, zer espero dugun. Kontsultan etengabe ikusten dut herritarren praktika sexualetan benetan direna eta espero dutena ez datozela bat. Baina itxaropen horiek ez dira eraikitzen norberaren gorputzari begira, norberaren nahiak eta desioak entzuten, kanpoko bestelako aldagaiek eragin handia daukate. Kalean entzuten dugunaren arabera eraikitzen ditugu itxaropen horiek –eta hori ez da ondoko lagunak kontatzen diguna, sexuaz oso gutxi hitz egiten delako. Telebistan, komunikabideetan, sarean... jasotzen den informazioa izan ohi da–.

Garai batean moralak agintzen zuen zer zen txarra eta zer ona. Gaur egungo moral “progreak” gure bizitza sexuala kantitatean kokatzen du. Gero eta gehiago, hobeto. Baina mezua ez da zuzena. Gazte batek, esaterako, harro kontatzen du ez dakit zenbat pertsonarekin sexu harremanak izan dituela. Ados, oso ondo, baina nola sentitu da harreman horietan? Zein emozio sentitu ditu? Bere gorputza nola sentitu da? Horri eman behar lioke garrantzia, eta ez hainbeste kantitateari.

Sexu inkestaren emaitzetan bizitza sexual eta afektiboari begira nahiko jendarte itxia ikusten da.

Gure emozioek ez dute ideologiarik. Nahia eta desioa gure gorputza ondo sentiarazten duten gauzak dira. Lehen debekuan eta moral itxian mugitzen ginen, ondo eta gaizki zer zegoen finkatzen ziguten eta marra horien baitan mugitzen ginen. Gaur egun badirudi jendarte askeagoan gaudela, baina gure beharrei eta desioei erreparatu gabe segitzen dugu oraindik ere. Eta gure beharrak eta desioak genitaletatik askoz harago doaz.

Gure gorputza entzun gabe bizi gara.

Orokorrean ez diogu gure gorputzari entzuten; lehen dena debekatuta zegoelako eta, orain, nahiz eta ustez askeagoak izan, kanpoko gauzei begira gaudelako. Gaur egun harremantzeko modu ugari daude, askotarikoak. Ondo dago aukera horien berri izatea, baina garrantzitsuena gure gorputzari eta emozioei kasu egitea da, gure burua epaitzeko beharrik gabe, nahiko “progreak” garen edo ez kezkatu gabe, gure benetako beharrak entzun eta horiek asez. Hori da gehien kostatzen zaiguna.

Sexuaren inguruko hezkuntzan egon daiteke gakoa.

Zalantzarik gabe, baina sexu hezkuntzari ez zaio merezi duen garrantzia ematen. Guk sexu tailerrak ematen ditugu eskoletan, ordu gutxi batzuk urte osoan. Sexualitatea oso garrantzitsua da gure bizitzan, atentzioa ematen digu, zoriontasuna eskaintzen digu, baina oso gutxi lantzen dugu. Orokorrean denbora oso gutxi eskaintzen diogu.

Sexualitatea benetan serio hartuko balu gure jendartea hobea litzateke, ezta?

Zalantzarik gabe. Norbera bere gorputzarekin, bere desioekin eta plazerarekin konektatuta dagoenean, oso ondo sentitzen da. Txikitatik ikasiko bagenu gure burua ezagutzen, onartzen, gure emozioak kudeatzen, plazera aldarrikatzen, inposiziorik gabe, gure burua eta besteena errespetatuz... askoz zoriontsuagoak izango ginateke orokorrean.

Gaizki eraikitako sexualitateak, gainera, oztopoak eta arazoak ekar ditzake.

Bai, norberaren burua ikusten ez duenak nekez ikus dezakeelako parean duena. Eta ez badituzu besteak ikusten, ezin zara haiengana enpatiaz gerturatu.

Gure jendarteak zintzilik al dauka sexualitate sano bat eraikitzeko ikasgaia?

Azken urteotan lana egiten ari da norabide horretan, baina oraindik asko dago egiteko. Jendarte bezala daramagun bizimoduarekin denbora oso gutxi daukagu gure gorputzari entzuteko. Gorputza entzuteko patxada eta lasaitasuna behar dira eta egun zurrunbilo gehiegi ditugu inguruan, entzuten uzten ez digutenak. Informazio asko jasotzen dugu handik eta hemendik, benetako “progrea” izateko hau eta bestea egin behar dugula esaten zaigu, modak etengabe aldatzen ari dira une oro... Moda guztien eta zurrunbilo guztien gainetik, gure gorputzari entzutea da gakoa.

Sexu inkestako beste datu bat: euskaldun gehienek aitortzen dute Internet tresna egokia dela ligatzeko, baina gutxik erabiltzen dute.

Atentzioa ematen du. Uste dut lotuta dagoela gure jendartean dagoen ikuskera batekin: gaizki ikusita dago ligatzeko gogoa duzula agertzea. Bizitzaren beste esparru askotan ondo ikusten da ahaleginak egitea hau edo bestea lortzeko, baina ligatzeko orduan ez. Ez da nabaritu behar ligatzeko gogoa duzula. Eta Interneten, noski, argi eta garbi adierazi behar duzu ligatzeko gogoa duzula. Lehenago iruditzen zait markatuta zeudela bi paperak: desio zuena eta desiragarria zena. Gaur egun, berriz, iruditzen zait denek desiragarriak izan nahi dutela, jarrera pasiboan, “konkista nazatela”. Ikuskera okerra iruditzen zait, zerbait nahi baduzu ahalegina egin behar duzu hori lortzeko, landu egin behar duzu, nahi duzun hori eraiki egin behar duzu.