Juantxo EGAÑA

Faxistak Montejurran tiroka, karlisten ospakizunean

1976ko maiatzaren 9aren bezperan, hainbat ultraeskuindar zebiltzan Lizarran, besteak beste Stefano della Chiaie eta Agusto Cauchi italiarrak, Emilio Berra eta Rodolfo Almidon argentinarrak eta Jean Pierre Cherid frantsesa. Hurrengo egunean, karlistek beren ohiko ospakizuna egin zuten Montejurran. Ultraeskuindarrek tiro egin eta zenbait lagun zauritu zituzten, eta, haietako bi, Ricardo Garcia Pellejero eta Aniano Jimenez Santos, hil egin zituzten. Argazkia Josu Chuecak egin zuen, ezustean, utzi zioten kamera batekin. Argazkiak egiten ari zela, Berra ultraeskuindarrak bere armarekin apuntatu zuen, baina Chuecak kamera jaistean, Berrak gorde egin zuen arma. Argazkian Jose Luis Marin militar ohia ageri da pistola eskuan, eta, atzean, ezkerretara, Augusto Cauchi, aurpegia estaltzen.