Gorka Elejabarrieta

«Spanish Inquisition»

Katalunia erreferendumerako bidean da. Gurean Kataluniakoa tertulia, iritzi artikulu, lagunarteko taberna eztabaida eta familia afarietan maiz jorratzen den gaia da. Katalanen hurrengo pausua zein izango den, eta azkenaldian gero eta gehiago, Rajoy eta espainiar Estatuko Gobernuak nola erantzungo duten, izaten ditugu aztergai; teoria asko ari dira/gara mahairatzen. Eta egia da, katalanen helburua argia da: independentzia eskuratzea. Horretarako jorratu nahi duten bidea ere aski ezaguna da: erreferenduma eta aldebakarreko independentzia aldarrikapena, bata bestearen atzetik. Espainiar Gobernuaren helburua ere argia da: independentzia geldiarazi eta Estatuaren batasuna mantentzea. Baina hori lortzeko bidea ez dago horren argi, eta hori da nire ustez azkenaldian mota guztietako eztabaida eta teoriak sortarazi dituena. Azken finean, espainiar Gobernuak auzia behar bezala kudeatzeko gero eta zailtasun gehiago dituelako, eta izango dituelako.

Europak eta munduak begi bat Katalunian jarrita dute, eta espainiar Gobernuak jakin badaki ezin duela, iraganean ez bezala, nahi duen guztia nahi duen moduan egin. Nik ez dut uste espainiar Gobernuak armada eta tankeak Bartzelonako Rambletara bidaliko dituenik, eta, egingo balu, katalanen independentzia ziurtatu eta bultzatzea baino ez luke lortuko. Erreferenduma ere ez du baimenduko, horrek emaitza errespetatzea ekarriko lukeelako, eta, finean, hori baita haien beldur nagusiaren iturria: katalanen nahia eta erabakia. Ondorioz, bi aukera nagusi ditu espainiar Gobernuak, eta, bi aukeron arabera, beste azpiaukera mordo bat. Aukera nagusiak honakoak dira: erreferenduma egiten utzi, nahiz eta baimenduta ez egon, edo erreferenduma eta prozesua geldiarazten saiatu. Azpiaukerak, berriz, honakoak: Kataluniako autonomia bertan behera utzi, Kataluniako Gobernuko kide zein funtzionarioak atxilotu edo gaitasungabetu, Kataluniako Parlamentua bertan behera utzi, CUP edo beste alderdi politikoren bat legez kanpo utzi, instituzioak ekonomikoki ito, Guardia Zibila beharrean mossoak erabili errepresiorako, konfrontazio zibila bilatu... Askotariko ekintzak bultza ditzake Gobernu espainiarrak datozen hilabeteotan.

Konfrontazioa, mehatxuak, erasoak areagotzen joango dira. Nahiz eta baimendu ez, erreferenduma egiten utziko du espainiar Gobernuak baldin eta aurreko erreferendumaren parte hartze, emaitza eta ezaugarriak izango dituela uste badu. Baina partidan bi alde daude, eta katalanek ondo baino hobeto dakite bigarren erreferenduma egitekotan, legez kanpokoa izan arren, inork zalantzan jarriko ez dituen emaitza eta parte hartzea behar dituztela. Eta, zentzu horretan, gero eta gehiago dira, independentzia nahi ez duten herritarren artean ere, bozkatu nahi dutenak. Espainiar Gobernuak erreferenduma geldiarazten badu, partida luzatu egingo da, baina, nire ustez, Kataluniako gizartearen amorrua, mobilizazioa eta kohesioa indartu egingo dira, eta, ondorioz, berebiziko garrantzia hartuko du, gauzak ondo egitearekin batera, akats larririk ez egiteak, pazientziak, izango diren probokazioetan ez erortzeak.

Gaiokiko Erresuma Batuaren edo Danimarkaren jarrera demokratikoak, bai Eskozian bai Faroe uharteetan eztabaida eta prozesua proiektuen ingurukoa izatea bultzatu du. Hala, botoa ematerako orduan, hori dute kontuan herritarrek, estatu independente bat sortzeak beren egoera hobetuko duen edo ez. Espainiar Estatuaren jarrera ez demokratikoak, aldiz, Kataluniako prozesuaren izaera eta bidea baldintzatzen ditu. Zentzu horretan, proiektuen gainekoa baino, esango nuke eztabaidaren parte inportante bat demokraziaren gainekoa dela; erabakitzeko eskubidearen ingurukoa, alegia. Eta iritzi publikoaren begietan unionismoa izaera ez demokratiko batekin lotzen denez (nahiz eta unionistetako asko erabakitzeko eskubidearen alde egon), independentismoak demokraziaren bataila alde handiz irabazten du. •