Laura Mintegi

«Teachers, your are a brick in the wall»

Pink Floyd-ek 1979an abesten zuen irakasleak adreilu bat gehiago baino ez direla haurrak hezteko (hesitzeko?) gizarteak eraikitzen duen horman. «Hey! Teachers, you're just another brick in the wall». Familiaren ostean, eskola da haurrak sozializatzeko makinariarik sofistikatuena. “Sozializatu” hitzak baditu bi adiera, ezberdinak eta kontrajarriak diren adierak. Batetik gizarteratu esan nahi du, hau da, sozialiazioak gizarte harremanak sortu eta errazten ditu. Baina, bestetik, sozializatzea da indibiduoa komunitate baten arauetara moldatzea, egokitzea, haren mendekoa izatea.

Familia eta eskola, eskola eta familia. Bi eremu horietan haurrak ikasten du zer egin eta zer ez; nola esan eta nola ez esan; zer saritzen den eta zer zigortu. Gizarte autoritarioetan familiak eta eskolak berdintzen dute ezberdina dena, homogeneizatu egiten dute, uniformatu, parekatu, asimilatu.

Zenbat eta askeagoa izan gizartea, ordea, eskola bera ere are eta anitzagoa da, askotarikoa, berealdikoa. Eskolak apurka-apurka ikasi du norbanakoa errespetatzen. Eta errespetuak berezkoa du ezagutzea pertsona guztiak ez direla igualak. Eta igualak ez baldin badira, ezin dira hezi modu berean. Heziketa ez da hesian ixtea.

Maiatzaren 16rako eta 23rako Euskal Autonomia Elkarteko hezkuntza publiko ez-unibertsitarioan deitutako greba deialdietan ez daude bakarrik irakasleak. Hezkuntza bereziko hezitzaileak ere atera dira kalera, eta hezitzaileok ezinbestekoak dira, hain zuzen, ikasle guztiak modu berean ez hezteko eta premia bereziak dituzten haurrak aintzat hartzeko. Terapeuta okupazionalak, dira, fisioterapeutak, zeinu hizkuntzako interpreteak, transkribatzaileak, hezkuntza laguntzako espezialistak. Langile horiek dira eskola inklusiboa kalitatezkoa izan dadin ahalbidetu dezaketen profesionalak. Gelako irakasleek ezin izango lituzkete atenditu premia berezia dituzten ikasleak, pertsonon laguntza eduki ezean.

Lehen greba egunaren bezperan prentsa-artikulua eman zuten argitara Hezkuntza sailburuari zuzenduta. Bertan esaten zuten beren lan-baldintzak oso eskasak direla. Behin-behinekotasuna %58koa dela, eta, ondorioz, 5etik 3k ez duela kontratu iraunkorrik. Lanaldi bukaezinak salatzen zituzten, lan zama handia, erdi mailako teknikarien soldata homologatu gabe dutela, koordinatzeko oztopoak dituztela, eta ez dituztela aitortuta lanagatik sortutako gaixotasunak. Informazioa osatzeko zioten oraindik 2003ko hitzarmenarekin ari direla. Beste arlo batzuetan gertatzen den bezala, osasungintzan esaterako, lan baldintza txarrak izan arren, egunero-egunero ekiten diote lanari bokazioz eta dedikazioz, sentsiblea baita oso eskuen artean duten “langaia”: beharrizan bereziak dituzten haurrak, hurkoak baino zaurgarriagoak, ahulagoak, babes-behar handiagoak dituztenak.

Eskola horma da, oraindik ere. Sozializatu egiten du, homologatu, berdindu. Eskolak ezarri egiten ditu arauak, kanonaren ezaugarriak, ereduak. Horren arabera neurtuko da zer den “normala” eta zer “anormala”, eskola normagilea delako. Horrexegatik da hain garrantzitsua eskolan bertan kontuan hartzea normatik kanpo dauden horiek guztiak. Eta pertsona horiez bereziki arduratzen diren profesionalek zirrikituak zirriborratzen dituzte adreiluen artean, arnasguneak sortzen dituzte horman, eskolaren makinariak horma bertikala eraikitzen duen bitartean.

Langileok sinatu duten artikulua ikusteak poztu egin nau. Sinatzaile guztiak emakumeak dira, portzierto, eta pentsatu nahi nuke ez dela kasualitatea. •