Nerea Goti
ARRISKUA? SOS SAKATU!

Trusted Circles du izena, doako aplikazio bat da eta laguntzeko prest dauden lagunen sare bat osatzen du

Andoni Suarez eta Gustavo Iñiguez informatikari bizkaitarrek Trusted Circles aplikazioa sortu dute, arrisku egoeretan laguntza sare bat eratzen duena. Ibilbide bat hastean, aukeratutako kontaktuek kokapenaren berri izango dute, eta, laguntza eskatzekotan, kilometro bateko eremuan dauden erabiltzaile guztiak abisatzen ditu.

Iruñea, 2016ko sanferminak. Bost gizonen artean bortxatutako neska baten salaketak iruindarrak kolpatu zituen, Euskal Herri osoa astinduz eta herritarren eta instituzioen erantzun sendoa eraginez. Gertakari latz hark bestelako ondorio batzuk ere izan zituen. Andoni Suarez eta Gustavo Iñiguez informatikarien kasuan, esaterako, aplikazio berri bat sortzeko bultzada izan zen. Segurtasun informatikoan eta programazioan adituak, Iruñean gertatutakoa zeozer egiteko beharraren abiapuntua izan zela diote bi informatikari bizkaitarrek.

«Nazka itzela sentitu genuen. Nola bururatu dakioke horrelako zerbait mutil talde bati? Ez zitzaigun buruan sartzen», gogoratu du Suarezek beraientzat pizgarri izan zen gertakaria oroituz. «Gai horri buelta asko eman genizkion egun haietan...», gaineratu du. Euren pentsamenduetan, inguruan laguntzeko prest egon zitekeen baina ezer egiterik izan ez zuen jende guztia zegoen. «Nola gerta zitekeen horrelako zerbait horrenbeste jende gertu egonda? Ziur handik gertu bat baino gehiago egongo zela neskari laguntza emateko prest...», gaineratu du Iñiguezek.

Gogoratzen dutenez, hasieratik oso argi zeukaten «teknikoki zerbait egitea posible» zela. Hala, lehen aplikazio bat garatu zuten, eta, gero, komunikabideen bidez ezagututako kasu ezberdinei erreparatuta, hasierako funtzionamendua hobetzen joan dira, «gauzak gehitzen». Diotenez, «orain arte jasotako kritikak onak izan dira», baina aplikazioa hobetzeko erabiltzaileek dituzten ideiak «oso baliagarriak» direla uste dute. Horregatik, aurrerantzean ere erabiltzaileen gomendioak jaso nahi lituzkete Trusted Circles aplikazioa hobetzen jarraitzeko.

Bi teknikariek garatutako aplikazioa Android eta iPhone mugikorretan erabil daiteke, eta, orain dela bi hilabetetik dago eskuragarri. Dagoeneko 10.000 deskarga izan ditu, horietako asko Mexikon.

Erabilera sinple samar batekin oso baliagarria izan daiteke hainbat kolektiborentzat. Erabiltzaileari ziurtasuna ematen dio eta nolabaiteko babes sare bat eratzea lortzen du. Azken batean, aplikazioa dutenen artean komunitate moduko bat sortzen da, elkarren artean arrisku egoeren berri emanez.

Elkartasunean oinarrituta

Sortzaileek nabarmentzen dutenez, elkartasuna da aplikazioaren gakoa. Izan ere, aplikazioaren bidez, arrisku egoera batean laguntzeko prest dauden lagunen komunitate bat era daiteke. Aldi berean, gomendio moduko arau batzuk ere ematen dituzte funtzionamendua egokia izan dadin.

Egoera ezberdinetan jartzea da erabilera ulertzeko modu errazena. Hori da, hain zuzen ere, aplikazioa nola erabili azaltzen duen web orrian erabili duten eredua, sor daitezkeen galderei erantzuna emanez.

Demagun etxera itzultzeko bidea hasten duela lagun batek. Behin itzulera hasi duela zehaztuta, aplikazioan dituen gertuko kontaktuek jakinarazpen bat jasoko dute automatikoki. Bidean, balizko eraso baten aurrean egon daitekeela uste badu, erabiltzaileak “SOS” botoia sakatuko du. Horrela, kilometro bat baino gutxiagora dauden aplikazioaren erabiltzaile guztiek arriskuan egon daitekeen lagunaren kokapen zehatza jakinarazten duen mezu bat jasoko dute. Baina ez hori bakarrik, “SOS” botoia sakatuta, abisua kontaktuen telefonoetara heltzearekin batera, alarma soinu bat ere entzuten hasten da, inguruan dagoen jendeari arrisku egoeraren berri emateko.

Aurreikusi dutenez, alarmaren zarata erasotzailea uxatzeko baliagarria izan daiteke, baina beste aukera bat ere ematen du: biktimarengandik gertuen daudenak abisatzeko balio du, erasoa saihesten saia baitaitezke. Bidalitako mezua, berriz, nork jasotzen du? «Alde batetik, konfiantzazko kontaktuak ditugu. Bertan, gertukoenak bakarrik jarri behar ditugu. Ibilbide bat hasten dugun bakoitzean beraiek ohar bat jasoko dute bidean gaudela esanez; gainera, gure kokapena ikusi ahal izango dute mapa batean», azaldu dute.

Elkartasuna aplikazioaren erabilpenaren zutabe nagusietakoa dela nabarmentzen dute bi informatikariek. Azken batean, ezezagunak izan arren laguntza ematera bertaratu baitaitezke kokapenetik gertu dauden erabiltzaileek laguntza eskaera jasotakoan. Trusted Circlesen «balio nagusia» horixe da: laguntza eskatu eta inguruan daudenak ohartarazteko aukera. Suarezek argitu duenez, antzeko aplikazio bat baino gehiago daude, baina «gizartearen elkartasuna erabiltzen duen bakarra da Trusted Circles, hori da besteengandik ezberdintzen gaituena».

Hurbil daudenen laguntza

Arrisku abisua bidaltzean, konfiantzako kontaktuek eta hurbil dauden guztiek jasoko dute mezua. Hala ere, argitu dutenez, konfiantzazko kontaktuak baino ez dute ibilbide osoa ezagutuko; gainera, ez da beharrezkoa ibilbide bat hastea alarma sakatzeko. Era berean, bidean doan erabiltzaileak mezuak bidal ditzake aldaketak egin baditu.

Funtzionamendua argiago ulertu eta erabilera egoki bat egiteko, laguntzailearen paperaren inguruan zenbait aholku ere ematen dituzte. Izan ere, erabilera egoki bat ziurtatzeko, egoera ezberdinetan nola erantzun argitzen dute sortzaileek. Horrela, etxerako bidea hasi duen lagun batean kasuan jarrita, ibilbide zuzena jarraitzen ari den egiaztatzea gomendatzen dute, bidetik irten bada edo puntu batetik mugitu gabe denbora luzea badarama arreta berezia jartzeko eskatuz. Horrelako egoeren aurrean, erabiltzaileari deitzea gomendatzen da onik den argitzeko. Telefonoa hartzen ez badu, larrialdi zerbitzuetara deitzea gomendatzen dute, biktima izan litekeenaren telefonoa eman eta kokapena zehaztuz, etxera itzultzean zerbait gertatu ahal izan zaiola azalduz.

Arrisku egoera batean egon daitekeen lagunaren kasuan jartzeko ariketa ere proposatzen dute aplikazioa garatu duten informatikariek. Galdera logikoa da: noiz aktibatu “SOS” botoia. Arrisku egoera garbia bada, ez dago zalantzarik, baina batzuetan arinegi jokatzen ari garen inpresioa sor daiteke.

Alerta noiz aktibatu

Gomendatzen dutenez, segurtasun eza sentitzen den unean botoia sakatzea da egokiena. Izan ere, nabarmentzen dutenez, «hobe da beharrezkoa ez den alerta bat aktibatzera heltzen ez dena baino». Arriskurik ez dagoela argitzen bada, beti dago alarma gelditzeko aukera; hala, ustezko biktimaren kokapena jaso duten guztiek mezu berri bat jasoko dute jada arriskuan ez dagoela esanez eta ez dutela ezer egin behar ohartarazteko.

Baina, zer egin behar da norbait arriskuan dela esanez ohar bat jasotzean? Gomendioa da ahal izanez gero beste norbait bilatzea zehaztutako kokapenera elkarrekin joateko, eta, lekura gerturatzean, zerbait gertatzen ari dela ikustekotan, lehendabizi larrialdi zerbitzuei deitzea. Behin zerbitzuok ohartarazita, «saiatu erasotzailea uxatzen, oihu egizu polizia bidean dela esanez, eta, ahal izanez gero, telefono mugikorrarekin grabatu, betiere distantzia bat mantenduz eta gure burua arriskuan jarri gabe», azaltzen dute. Nabarmentzen dute oso garrantzitsua dela arrisku bizian ez jartzea eta kontuan hartzea erasotzaileari eraso eginez gero berak jar dezakeela salaketa eta ondorio larriak izan ditzakeen zigor prozesu bat eragin.

Beste egoera batzuk ere sor daitezke. Zer gertatzen da alarma probokatzen duen pertsona bagara? Azaltzen dutenez, gerta daiteke kaletik norbaiten atzetik joatea eta lagun horrek gu mehatxutzat hartzea. Kasu horretan «ezin dugu zerbait pertsonala balitz bezala hartu», eta, era berean, ez da gomendagarria azalpenak ematen saiatzea. Egoera horretan, «espaloitik aldatzea bezalako keinu sinple bat edo gure abiada jaistea nahikoa da pertsona hori seguruago sentitu eta alarma gelditzeko».

Dohaintzak

Trusted Circles aplikazioa doakoa eta askea da, eta horrela mantendu nahi dute sortzaileek. Hala ere, erabiltzaile kopuruaren igoerak «ondorio ekonomikoak» eragin dizkie pentsatu baino arinago. Zerbitzariei ordaindu beharrekoa da gastu nagusiena. Horregatik, dohaintza kanpaina bat jarri dute martxan, proiektuan sinesten duen jendeari zuzendutakoa. «Edozein dohaintza, txikia bada ere, lagungarria izango da aurrera egiteko», diote informatikariek.

Hala ere, egindako dohaintzak 5.000 euroko kopurua gainditzen badu, «gure helburua dirua irabaztea ez denez», jasotakoaren %10 arlo ezberdinetan indarkeriaren kontra borrokatzen duten elkarteei emateko konpromisoa agertu dute.

Kontzientzia sortzen lagundu

Suarezek azaldu duenez, «instituzio batzuek» badute jada aplikazioaren berri, beraiekin «harremanetan» jarri direlako. «Momentuz ezin da ezer dagoenik esan, baina behintzat lehen urratsa emanda dago eta badakigu gutxienez auzia eztabaidatu egingo dutela», aipatu dute.

Era berean, mundu mailan talde ezberdinekin jarri dira kontaktuan, feministak, LGTB kolektiboen eskubideen defentsan aritzen direnak... «Orain artean harrera ona aurkitu dugu, lagungarri ikusten dute aplikazioa», gaineratu du Iñiguezek.

Informatikari bizkaitarren ustez, mehatxupean ia edonor egon badaiteke ere, kolektibo zehatz batzuek topa dezakete bereziki lagungarri aplikazio berria. Diotenez, oraindik mehatxupean den inor ez da haiekin harremanetan jarri, baina gertu egoera ezberdinak ezagutu dituzte, eta argi dute arrazoi ezberdinengatik erasoak jasateko arriskua izan dezaketen lagun asko daudela.

Ildo horretan, gogoan dute Valentzian lagun batek jasotako erasoa. «Esbastika bat egin zioten aurpegian homosexuala zelako», salatu dute, eta gaineratu dute euren asmoa ez dela aplikazioa egitea bakarrik, «baizik eta kontzientzia sozial bat sortzen laguntzea ere, nahiz eta momentuz aplikazioak denbora guztia kentzen digun».