2017/07/01

EDU ZELAIETA

Mugaldeko poeta, Mugaldekoak taldeko poeta. Hizkuntzatik hezkuntzara egin zuen mugaldeko irakasle eta ikerlaria, baina batez ere ikaslea. Edu Zelaietak obsesioa du bere burua ezagutu eta lantzeko ahalegina. Pentsamendu kritikoa ezinbestekoa dela dio, are gehiago irakaslegaiak prestatzeko ardura dutenengan.

Xabier Izaga Gonzalez
Pd28_zelaieta1

Mugaldekoa da Edu Zelaieta. GAUR8rekiko solasa hasi bezain laster berak dioenez: «Mugaldekoa, eklektikoa naiz». Baina zentzu figuratiboan ez ezik, fisikoki ere mugaldekoa dela esan liteke. Gasteiztar honek lotura handia du Bidasoa alde horrekin, mugaldera jo izan du behin eta berriz, bere identitatea eraikitzeko lanetan, nonbait. Letra-gizona da, poeta eta filologoa, baina hizkuntzatik hezkuntzara egin eta gustuko lanbidea aurkitu zuen. Nabari zaio, bere afizioez eta proiektuez bezala lanaz ere grinatsu hitz egiten baitu.

Nafarra dela uste omen dute batzuek, eta bere euskarak baditu Bortzirietako eta oro har muga alde horretako zantzu nabarmenak. Aita Berakoa zuen, baina euskara ez zuen harengandik jaso, anaia nagusiak ez bezala. 1973an, Edu jaio zenean, Gasteizen bizi zen familia, eta semeak gaztelaniaz jakin beharra zuela erabaki zuten gurasoek. Nerabezaroan kontzientzia hartzeak lehenik euskara ondo hitz egitera eta ondoren Euskal Filologia ikasketak egitera eraman zuen. Ordurako argi zuen bere identitate hori. «Identitatea azken batean eraikuntza da, eraikuntza nazionala edota eraikuntza pertsonala. Kontua ez da bakarrik nire gurasoak zer izan diren. Zer dago nire esku? Eta nik modu aktibo batean nire identitatea eta nire burua lantzea erabaki nuen». Karrera bukatu aurretik, beka bat eskatu zuen eta lagun batekin Sarako euskara aztertu zuen. Ordurako aitarekin euskaraz egiten hasia zen. Gero, IKAn euskara irakasle hasi eta karrera bukatutakoan doktoretza aurreko beka bat lortu zuen. Lau urtez jardun zuen Baztan-Bidasoko hizkerak aztertzen.

Hizkuntzatik Hezkuntzara

Luze gabe, Iruñeko Jaso ikastolan hasi zen irakasle. Oso esperientzia ona izan omen zen. Gainera, berak ezagutzen ez zuen Nafarroan zegoen, «Belatez bestaldekoan», eta oso aberasgarri gertatu omen zitzaion. Hala ere, bizi proiektua Gasteizen zuen, eta bertako Irakasle Unibertsitate Eskolan sartzeko aukera izan zuen. Hizkuntzalaritzan eta Dialektologian trebatuta, beraren asmoa Letren Fakultatera itzultzea zen, baina Irakasle Eskolan oso giro ona eta bere gustuko balio eta praktikak topatu zituen, «guztiz desagertuta ez dagoen feudalismo akademikorik gabe», eta Pedagogia eta Psikologia gehiago ikasten hasi zen. Han Kultura Klasikoa eta Literatura Unibertsala ematen zituen. Plaza atera zuenean, hara «istripuz» iritsia zela pentsatu zuen, baina baita bide bat egina zuela ere. Eta bertan segitzen du, hamar bat urtez geroztik, Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Sailean.

Hezkuntzak oso ospe ona duela dio, «politikariek ere maiz aipatzen dute hezkuntza… aurrekontuen tarta egin arte». Dioenez, «hezkuntza sistema» esan ohi da, «metonimia murriztailea» dena, baina hezkuntza, bere ustez, lehenik etxe bakoitzeko heziketa da eta ondoren bai, hezkuntza sistema ere bai, profesional batzuekin, «edo profesional horiek egin behar dute beren lan orduetan gizarte batek berez irauli ezin duena?». Gaur egun eskolak sekulako gainkarga duela iruditzen zaio, eta arlo horretan gizartearen kontraesanak agerian geratzen direla, maiz gizarteak eskolari eskatzen diola berak egiterik ez duen hori. Tranpa iruditzen zaio, baina diskurtsiboki funtzionatzen duela uste du, arlo politikoan nabarmen: «Sekula ez diogu politikari bati hezkuntzaren aurka hitz egiten entzungo; gero egiten, beharbada bai». Baina gainerako arloetan ere funtzionatzen duela dio, «gizarte neoliberal, matxista eta produkzioa eskatzen duen batean bizi baikara, eta hori eskolara eramanda, etekin akademikoa da, nork lortuko duen espedienterik onena. Baina ikasleak ministro atera behar du ala ondo hezitako pertsona, zentzu integralean, emozionalean, intelektualean, balioak dituen pertsona?».

Irakaslegaiak prestatzeak lehenik bere burua aberasteko aukera ematen omen dio, eta hemezortzi eta hogeita lau urte bitarteko gazteekin egoteko. Hori polita omen da, ez bakarrik gazteekin egoteagatik, «uste baitut gazteak idealizatuta samar ditugula, ‘zer ona den gaztetasuna’ carpe diem gaizki ulertu hori dela eta». Bere joko zelaia irakaslegaien prestakuntza da, eta bertan komunikazioa oso garrantzitsua omen da, «azken batean irakasle oro baita komunikatzailea, haurrekin, gurasoekin, administratzaileekin, klaustroan…», eta gero euskara eta hizkuntza, literatura, didaktika eta pentsamendu kritikoa.

EHUko Psikor ikerketa taldeko kidea da Edu. Taldean lan egitea askoz zailagoa ei da. «Talde bat dagoen neurrian, gatazka naturala pizten da. Nola kudeatu?». Hala ere, oso interesgarria omen da, gehiago ikasten delako eta, bere kasuan behintzat, diziplinarteko taldea denez, berez aberastasuna delako. Batzuetan berarentzat esfortzu handia izaten da beste diziplinetako lagunek erabiltzen dituzten metodoekin jardutea; nolanahi ere, gustura dago, «beti ikasten», eta Zizeronen esaldi bat ekarri du gogora: «Ikasi nahi baduzu, irakatsi». Irakaslearen papera, nahi izanez gero, «hori da, ikastea zentzu integral horretan, zure burua aberastu, begiratu, zure miseriak ezagutu, ariketa introspektibo hori egitea. Ez bertan gelditzeko, e? Eta guk haurrekin eta pertsonekin lan egiten dugu, eta geure barrura begiratzen ez badugu… ikaragarrizko diskurtsoa eta curriculuma eduki dezakegu, baina pertsona da mamia, funts humanoa».

Pentsamendu kritikoa lantzea bete-betean harrapatzen duen kontua da, bere kasuan irakasleak izango diren horiekin. Baina horrek lehenik beste eskakizun bat dakarrela dio, irakasleak berak ere kritikoak izatea, hain zuzen, eta hori askotan autokritikoa izatea dela dio, baina ondo ulertuta, ez besteari eskatzen zaion autokritika. Pentsamendu kritikoa oso beharrezkoa omen da, ez unibertsitatean bakarrik, egunerokoan baizik.

Kazetaritza, poesia, musika...

Kazetaritzan ere jarduten du Eduk; “Euskaldunon Egunkaria”-n zutabeak idazten hasi zen, «Guardia Zibilak itxi arte». Orain “Argia”-n eta “Alea” Arabako aldizkarian idazten du. Bere zutabeak nabarmenkerietatik harago jotzen duen behatzailearenak dira. Hala esan diogu eta bat dator: «Bai, biztanle behatzaile aktiboa naiz. Nire txikian beti ere, ni ez bainaiz idazle profesionala, nire jarrera, munduan kokatzea, hori da, eta esango nuke literaturaren kontzepzioa eta mundu ikuskera ere badela». Mundu guztiak salatzen duena salatu baino nahiago du hainbesteko oihartzunik ez duten istorioei, egoerei, pertsonei adi egon. Iruditzen zaio askotan bizitza gehiago dagoela hor, burrunba handiko eztabaidetan baino. Eta «auto»-z hasten diren hitzek ere –«eta ez automobila, e?»– harrapatuta daukate: autokritikak eta kanpoa eta barrena uztartzen dituzten kontuek, introspekzioan bakarrik ez gelditzeko.

Horretarako poesia ere aproposa ikusten du. Iaz argitaratu zuen bere laugarren poema bilduma, “Ispilu biluziak”. Bere poesiari dagokionez, gustukoa du ironia, «baina askoz errazagoa omen da ironizatzea autoironizatzea baino, kritikatzea autokritikatzea baino». Eta berari oso sanoa iruditzen zaio bere buruari barre egitea. Ilusioak eta ametsak ere ondo daudela dio, baina berari lurra zapaltzea ardura zaio batik bat. Poesia barrena arakatzeko aproposa omen da, baina lehenik eta behin, nork bere burua ulertzeko, kanpoa eta barrena, «hori da nire gaietako bat, obsesiboa. Mundua, pertsonak, harremanak… eta barrena. Nolako harremanak ditugun besteekin, zer egiten dugun egunero, esparru intimoan, bikotekidearekin, edo hirukotekideekin, publikoki, lanean… ez zein den nire diskurtsoa, baizik eta zer egiten dudan nik». Idatzita dagoenaz idaztea normalean ez omen du gustuko, «originaltasuna ez, hori oso anbiziotsua baita, baina nire txikian zerbait eskaintzen saiatzen naiz. Lehenik neure buruari, eta gero balizko irakurleari».

Kopiarekin, edo «kopiaren kopiarekin» aspertzen dela esan eta berehala Mugaldekoak taldea eta «Berako musika harrobia» hartu ditu hizpide. Musika eta literatura uztartzen dituen talde hori Eduk 2004an argitaratu zuen “Mugaldekoak” poema bildumako letrak baliatuta abiatu zuten proiektua da, beren bigarren diskoaren aurkezpenean dioten bezala, «erraterako, laranja usaineko begirada batetik jaio» zen taldea. Eta taldearen hiru sortzaileek, Eduk berak, Beñardo Goietxek eta Raul Garcia Etxeberriak dagoeneko grabatuta daukate beren hirugarren lana, gauzak ondo bidean udazkenean argitaratuko dutena. «Berako giro horretan nik ikusi eta ikasitako gauza bat da, musikalki bereziki, ahalegin bat egon dela kopiaren kopiatik ateratzeko, haiek esaten duten bezala, irrati formula gero eta uniformatuagoetatik». Eta Mugaldekoak bada keinu bat, halaber, mundu globalizatu honetan merkantziak ez bezala askatasunez mugitu ezin direnei, «ni baino mugaldekoagoak direnei». Aniztasunetik ikasi nahi du Eduk, «baina benetan, eta hori oso zaila da». Aniztasun literarioaz ere ari da, horregatik denetik irakurtzen du eta denetik idazten du.

Izan ere, orain haur eta gazte literaturaren mundura salto egin du, idazten eta itzultzen, katalanetik eta ingelesetik euskarara, Ibaizabal argitaletxearentzat. Zazpi bat liburu aurreikusita dauzka.

Hori ez du proiektu bakarra, ordea. Eneko Ugarte margolari eta ilustratzaile gasteiztarrarekin badu beste pare bat. Iaz “Ispilu biluziak” bere azken poema liburuko testuekin performance bat egin zuten. Eduk aurkeztu eta errezitatzen zuen bitartean, Ugartek margotu egiten zuen, olioz. Euskarri berezi bat erabili zuen, kartoi-harrizko eta metakrilatozko leiho handi bat, ispiluaz bestaldean balego bezala pintatzeko, alderantziz, ispilu biluzien metaforarekin jolastuz. Hiru emanaldi egin zituzten, Donostian, Gasteizen eta Durangon, eta «oso pozik» atera ziren haietatik, «asebeteta», beren lan hura jende askok ikusita eta oso ondo baloratuta. Orain album bat dute esku artean. Eduri oso interesgarria iruditzen zaio lankidetza hori, Ugarte, «ikuspuntu artistiko oso interesgarria» duen artista, Edu ondo sentiarazten duen pertsona da eta ez omen du esfortzu handirik egin behar. Ezta Ugarte benetan estimatzen duela erakusteko ere.

Luze jo du solasak, baina hasieran bezain grinatsu segitzen du Edu Zelaietak. Irakasten, behatzen, ikasten. •

«Identitatea azken batean eraikuntza da, eraikuntza nazionala edota eraikuntza pertsonala. Kontua ez da bakarrik nire gurasoak zer izan diren. Zer dago nire esku?»

Eduk, Beñardo Goietxek eta Raul Garcia Etxeberriak dagoeneko grabatuta daukate Mugaldekoak taldearen hirugarren lana, gauzak ondo bidean udazkenean argitaratuko dutena