Xabier Izaga Gonzalez
EUSKARA ERAKARGARRI

Era «erraz eta bisualean» euskara ikasteko webgunea sortu du Lander Iruretagoienak

Euskararen ikaskuntzan eta irakaskuntzan sumatu dituen arazoak eta zailtasunak arintzeko asmoz, ikasleen jarduna erraztea eta euskara erakargarriago gertatzea helburu, Lander Iruretagoiena irakasle bilbotarrak liburu bat argitaratu eta, haren osagarri, Euskaragara.net webgunea sortu du.

Lander Iruretagoiena bilbotarrak metodologiaren kezka izan du euskara eskolak ematen hasi zenetik. Urteotan euskararen irakaskuntzan sumatu dituen hainbat arazo edo zailtasun kontuan izanda, euskara ikastea, baita irakastea ere, errazago eta erakargarriago gertatzeko metodologia lantzen hasi zen, eta, hala, «modu erraz eta bisualean» euskara ikasteko metodoa egin du.

Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza ikasketak egin zituen Iruretagoienak. Denboraldi batez Ingalaterran lan egin ostean, euskara irakasteari ekin zion Merkataritza Ganbaran eta zenbait udal euskaltegitan. Esandako kezka buruan, Euskaragara.net kultura elkartea sortu zuen, irabazi asmorik gabea, irabazirik lortuz gero mozkin hori euskara sustatzeko ekintzetara bideratzeko konpromisoa baitu. Izan ere, elkartearen helburua euskararen ikaskuntza eta irakaskuntza errazteko bideak ikertu eta gauzatzea da.

Helburu horri begira, Iruretagoienak liburu fisiko eta birtual bat plazaratu du: “Claves para aprobar el B1. Base de B2 y C1”, berak idatzi eta autoeditatua. 2014ko abenduan aurkeztu zuen Durangoko Azokan, eta ondoren Elkarren bidez salgai jarri. Paperezko liburua erosita, liburu birtualeko eduki ugariak ikusi eta erabiltzeko aukera dago. Ez da eskoletan erabiltzeko tresna, ordea, euskara ikasten ari direnentzako errefortzua baizik.

Metodo fisiko eta birtuala

Paperezko liburuak ia 220 orrialde ditu. Besteak beste, euskal gramatikaren laburpen bat, ariketak eta azterketetako idazlan eta ahozko probarako aholkuak eta ikaste prozesua gaitzat duen narrazio bat. Halaber, esan bezala, Euskaragara.net plataformarako sarbidea ere bada –edonola ere, liburua erosi gabe webgunean erregistratzen denak ere edukiak ikusteko aukera du 24 orduz–. Webguneak, irakurketa soilaz gain, bideoak, animazioak, marrazkiak, handitu daitezkeen irudiak… ditu. Edo aditz formak bilatu eta aztertzeko “euskalkulagailua”, edozein aditz forma bilatzeko tresna. Iruretagoienak azaldu duenez, hiztegi batean aditz flexio bat bilatuz gero, hitz hori ez dela existitzen agertuko da; gainera, aditz laguntzaile baten flexioek ez dute itzulpenik. “Euskalkulagailuak” morfemak bereizita erakusten du adizkia, eta alderantziz ere bila daiteke; esate baterako, “zuk-hari-hura, subjuntiboa” jarrita, ezaugarri horiei dagokien forma erakutsiko du. Halaber, deklinabide taula interaktiboak eskaintzen ditu, paperezko liburu batean sartu ezineko milaka adibide biltzen dituztenak.

Bere ikasleekin ez ezik, web orria erabiltzen dutenekin ere badu harremanik, haien iruzkinen bidez, eta berak euskarri horren gaineko galderak egiten dizkie. Ez du zalantzarik gaur egun paperezko liburuaz gain zerbait gehiago eskaini beharra dagoela, «lan astunagoa da, baina eskala txikian egiten dudanez, aurrera eraman dezaket». Edonola ere, liburuaren hirugarren edizioa kaleratu du dagoeneko, eta urtarrilerako-edo laugarrena ateratzea espero du.

«Ikasi eta ikasitakoarekin gozatu»

Metodoaren benetako helburua azterketak gainditzea besterik ez ote den galdetu diogu. Helburua, «sakonean», jendeak ikasi eta ikasitakoarekin gozatzea dela dio berak. Baina aitortzen du ikasle askok, euskaltegietan ikusten denez, oso ideia instrumentala dutela. «Beharra dute eta kito. Zoritxarrez, horrela da. Irakasle bezala ikusten dut kasu askotan jendeari axola dion gauza bakarra hori dela», dio. Ikasle mota asko omen dago, gaztetxoak, behar akademikoa daukatenak, nagusiak, behar profesionalagoa dutenak… baina liburua eta material hau erabiltzen dutenen artean denetarik dago; hau da, «profil horiek guztiak daude, baina baita euskara ikastea gustuko dutelako ari direnak ere». Liburua autoedizioa izanda, bideragarritasuna lortze aldera pentsatu zuen zer den beharrezkoa ahalik eta ikasle profil zabalenera iristeko, ahalik eta jende gehienari lana errazteko. Ikasi beste erremediorik ez duela dioenak gutxienez ez dela aspergarria esan dezan omen da bere asmoa. «Esango nizuke badagoela jendea beharbada benetan ikasteko asmorik ez duena, halako titulua eskatu diotena eta motibazio puntu bat ez duena, eta jende horrek gainera behin eta berriro suspenditzen badu, eta hori nik maiz ikusten dut, jendearen egonezina sumatzen duzu, eta batzuek amorrua hartzen diote euskarari, edo azterketari, eta hori oso kaltegarria izan daiteke». Bestetik, beste batzuk gogotsu hasten omen dira, baina, bost aldiz suspenditu ondoren, «gidatzeko baimenarekin edo matematikarekin gertatzen den bezala», amorrua hartzen diote euskarari.

Logika ikusteko bidea

Hartara, euskara irakaskuntzaren ezagutzatik, hobetzeko premia eta aukera sumatu zituen. Batetik, «Interneten modu asko daude jakiteko zenbat jendek ikusten dituen gauzak, eta nola baloratzen dituen», eta, bestetik, berak euskaltegian azalpenak emateko hainbat trikimailu erabiltzen ditu, irudien eta koloreen bidez, eta ikusten du horrela gauzak hobeto ulertu eta gogoratzen dituen jendea dagoela. Bestela gramatika astuna dela uste du. «Euskarak daukan logika argi ikusten dut, agian irakaslea naizelako, eta hori helarazten saiatzen naiz. Zeren, jakina, ikasleek bakar-bakarrik hitz eginaren hitz eginez, ikusiaren ikusiz ikastea ideala da, baina, gune gehienetan, inguru erdaldunetan, hori ez da posible, eta askotan jendea, halako maila izanda ere, lotsatu egiten da».

Praktikaren bidez ikastea modurik egokiena dela dio, baina hasieran non dagoen logika ikusi beharra omen dago, eta batez ere horretan jarri du arreta, logika hori bideo, kolore eta animazio bidez ikusarazteko. «Euskaltegi batean norbaitek azaldu behar dizkizu zirrikituak eta barruko mekanika. Halako maila batetik abiatzen zarenean desberdina da, baina hutsetik hasten bazara, hori beharrezkoa da».

Halaber, Europan hizkuntzen irakaskuntza mailakatuta dagoela gogorarazi du, eta maila bakoitzari zer eduki dagozkion sailkatzeak sarritan zalantzak sorrarazten dituela dio. «Irakasleoi ere bai, batzuetan ez dakigu eduki batzuk halako mailatan eman behar ditugun edo ez: ‘hau azaldu behar da? Beste hau maila honi dagokio?’. Bada, maila bakoitzaren mamia zehazteko lan astun hori eginda dago metodo honetan».

Beste alde batetik, oso garrantzitsua iruditzen zaio ikasleen tipologia zabala kontuan izatea: «Badaude euskaldun zaharrak hiztegi aberatsa ez dutenak, edo alfabetatuta ez daudenak; badago jende nagusia; badaude ikastolan ikasitako euskaldun zahar gazteak hiztegi zabala ez dutenak, euskararekiko atxikipena izanda ere praktika gutxi dutenak... Bestetik, gaitasun analitikoa dutenak eta ez dutenak daude... Askotariko kasuak daude, eta, praktika edukita ere, hizkuntzaren ulermena erraztu egin behar zaie guztiei. Irakurtzen dugunean, normalean alferrak gara, ez dugu hartzen hiztegia irakurketak eskatzen duen ahalegina egiteko, eta, euskarak daukan egoera berezi honetan, nik neuk faltan sumatzen dut nik liburu birtualean egin dudana, nire ustez hedabideek ere egin beharko luketena: irakurtzen ari zarenean, interesatzen zaizun hitzaren gainean sakatzean, azalpena edo itzulpena erakustea. Eta ez esanahia bakarrik, baizik eta askotan hitzen osaera edo jatorria, analisi semantikoa, dena irudiz eta animazioz». Adibide bat jartzen du: irudian bi lagun ageri dira, batek “ez” dio eta besteak “bai”; azpian, “eztabaida” hitza. Horrela ikasleek hobeto ulertu eta errazago gogoratuko dutela dio Iruretagoienak. Izan ere, arau mnemoteknikoak baliatu ditu bere metodoan. «Betiko euskaldun batek hitzen jatorriaz pentsatu gabe hitz egiten du, ez du zertan pentsatu, baina ikasten dabilenarentzat garrantzitsua da azalpen hori, eraginkortasunari begira». Uste duenez, eskoletan horri beharbada ez zaio garrantzi handirik ematen, eta berak ikusten du ikasleek oro har eskertzen dutela.

Dibulgaziotik didaktikara

Dibulgazio asmoarekin hasi zuen Iruretagoienak proiektua 2009an, blog baten bidez. Hainbat gauza argitaratu zituen bertan; esate baterako, “Sabes más euskara de lo que crees” izeneko bideoak, jende gehienak erreferente ezagunen bidez uste baino gauza gehiago dakizkiela erakusteko. Ondoren edukiak gehitzen joan zen, hizkuntza akats barregarriak, beste hizkuntzekiko paralelismoak… Hura abiapuntua izan zen. 2014an liburu fisikoa plazaratu zuen, eta, Interneten abantailez baliatuta, liburu birtuala.

Paperezko liburuan azalpenak gaztelaniaz ageri dira, B1 mailara bideratuta baitago. Baina webgunean, erabiltzaileak azalpenak euskara hutsean jasotzeko aukera du, baita eduki sakonagoak ere, B2 maila edo C1 maila sakatuta.