Unai Fernandez de Betoño
Arkitektoa

Euskal X-a

Arkitektoen, ingeniarien eta ekonomialarien eskala handiko lurralde-irakurketak abstraktuegiak dira askotan. Super-ardatzak, mega-korridoreak, makro-eremuak, lurralde-arkuak eta abar urrunegi geratzen zaizkigu… egia bihurtzen diren arte. Halako zerbait gertatu zen Euskal Y-arekin, zeinaren lehen eskemek jada 30 urte baitituzte: Luku-Urbinako lehen lur-mugimenduak 2006an ikusi arte ez genuen sinetsi azpiegitura faraoniko hori benetan eraikitzen has zitekeenik. Eta, lardaskeria bat izateko zantzu asko baditu ere (gutxienez 10.000 euroren xahutzea, Ipar Euskal Herriarekin abiadura handiko loturarik ez, Espainiatik merkantziarik ez…), lehen aipatutako lurralde-irakurketa megalomano batetik eratorri den azpiegitura da: Atlantikoko Euro-korridore delakoa egituratzeko ustezko beharretik.

Hala ere, arku atlantikoa ez da Euskal Herritik igarotzen den korridore handi bakarra. Zaragoza eta Santander arteko ardatz mediterraneo-kantabriarra ere Hego Euskal Herritik pasatzen omen da, bestearekin gurutze bat sortuz. X formako egitura moduko bat, Euskal X-a dei dezakeguna. Eta, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko abiadura handiko trenbide-sareak lotuko diren ustea 2017ko maiatzetik indartu denez geroztik, are gehiago egitura daitekeena. Adi egoteko moduko makro-egitasmoa izan daiteke Euskal X-arena, proiektuz proiektu azkenean gorpuzten bada.

Euskal X horren bidegurutze edo erdigunea zein eta nolakoa den ere oraindik ikusteko dago, baina Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek argi utzi zuen pasa den ekainaren amaieran, Madrilgo Nueva Economia Forum delako enpresa-lobbyaren bilkuran, bere apustua Lautadaren aldekoa dela: «Gure erronka Europako hego-mendebaldeko egiazko nodo logistiko bihurtzea da». Eta, ameskeria garapenzale horretan, Euskal Herri osoko industrialderik handiena den Jundiz elementu nagusi izango litzateke, “Berrikuntzaren Arkua” eufemismoaz ezagun den Foronda-Arasur azpiegitura-ardatza are gehiago gorpuztuz. Irakurketa megalomanoek proiektu arranditsuak biltzen eta justifikatzen baitituzte, elkarri elikatuz.

Logistikaren arloa modu zentzudunean indartzeari baietz esan behar zaio, noski, baina geure lurraldea enpresa handien garraio predatzailearen menpe utzi gabe. Eta unean uneko hitzarmen politiko opakoei soilik so egin gabe. Izan ere, Jundiz-Foronda inguruko azken berri sonatuenak zenbait akordio politikotako edukietatik ailegatu baitzaizkigu, lurralde-plan ofizialetatik ordez. Esaterako, Jundiz-Billodako geltoki intermodal berria diseinatzeko proiektu basikoak 750.000 euroko kostua edukiko duela EAJren eta PPren arteko Espainiako aurrekontu-hitzarmenari esker jakin dugu. Edota Jundiz eta Foronda arteko trenbide-lotura berria azkenean egingo dela Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak iragan ekainaren 7an sinatutako hiriburutza-kanonaren akordio berrian jaso delako jakin da.

Euskal X-a ez dator hirigintza-plan batean zehaztuta, baina de facto gutxika eraikitzen ari da. Edo eraiki nahi dute. •