Gorka Elejabarrieta

Flandriartu

Urteak eman ditut Bruselan, jende asko ezagutu dut bertan, flandriarrak, valoniarrak, baita “bruselarrak” ere. Horietako batek, flandriar abertzalea bera, beti esan izan dit gauza bera: berak sostengatutako alderdi politiko abertzalearen helburu nagusiaren zailtasun handiena flandriarrek ez dutela independizatzeko inolako beharrik ikusten da. Hasieran ez nion baieztapen horri jaramon handiegirik egiten, baina, urteak joan urteak etorri, bere garrantziaz jabetzen eta Belgikako testuingurua ulertzeko duen garrantzia ulertzen hasi nintzen.

Flandriarrek eta valoniarrek ez dute gauza askorik partekatzen. Herrialde elebakarrak dira biak: jende askok uste duenaren kontra, Flandrian hizkuntza ofizial bakarra nederlandera da eta Valonian frantsesa. Horregatik, ez da batere arraroa haien artean ingelesa erabiltzea elkar ulertu ahal izateko. Ez dago alderdi politiko belgikarrik: flandriar hautagaiak ezin dira Valonian bozkatu eta berdin gertatzen da alderantziz. Ondorioz, eremu bateko biztanleak ez ditu beste eremuko politikariak ezagutzen. Ez dago egunkari edo telebista kate belgikarrik ere. Flandriak batzuk ditu, Valoniak beste batzuk. Ez dago, ondorioz, kazetari belgikarrik. Albiste diferenteak jasotzen dituzte batean eta bestean. Musika talde entzunenak edo liburu irakurrienak ere diferenteak dira. Belgikako populazioaren %60 flandriarra da eta %40 valoniarra. Eta nahiz eta iragan ez oso urrunean flandriarrak oso modu txarrean tratatuak izan ziren auzokide frantses hiztunen partez, egun bi komunitateen arteko harremanak berdintasunean oinarrituta daude. Belgika estatu federala da, eta, praktikan, flandriarrak estatu independente bateko biztanle gisa bizi direla esan genezake.

Berdintasuna, errespetua eta elkarrekin jarraitu edo ez aukeratzeko eskubidea, hau da, askatasuna, dira Belgikaren batasunaren ezaugarri nagusiak. Eta hori bera da, nire ustez, Belgikako Estatua oraindik ere bizirik mantentzen duen arrazoi nagusia. Argi daukat gaur egun Flandriak edota Valoniak bata bestearekiko espainiar Estatuak gurekiko daukan jarrera izango balu, Belgika arin desagertuko litzatekeela. Eta, hala eta guztiz ere, nire ustez, Eskozia eta Kataluniarekin batera, independentzia lortzeko aukera gehien duen estaturik gabeko herria Flandria da. Flandriar mugen baitan ez dago barne talka nazionalik, hegemonia kulturala, linguistikoa, politikoa flandriarra da. Valoniak eta frantses hizkuntzak zeroren ondoko influentzia daukate bertan. Flandriarrek 50 urte eskasetan lortu dute hegemonia hori; adibide gisa, oroitu 60ko hamarkadaren amaiera arte Flandrian ziren unibertsitate guztiek frantsesez bakarrik irakasten zutela. Horrek guztiak bi ondorio nagusi ekarri ditu. Batetik, aurretik esan bezala, flandriarrak flandriarrak dira, izaeran, jarreran eta bizimoduan; hala, valoniarrekin alderatuta, diferentziak oso nabarmenak dira. Ezaugarri propioak dauzkate herri bezala, eta interes eta helburu diferenteak ere bai. Belgikako Estatua haien helburu eta interesen lorpenerako oztopo ez den bitartean, Belgikak existitzen jarraituko duela esango nuke.

Nire ustez, Katalunian, Franco hilez geroztik eta gaur egun arte, Flandrian eman den antzeko prozesua eman da. Ez da Belgikan bezain nabarmena, baina Katalunian ere katalanek bataila kultural eta linguistikoa irabazi dute, eta, horrek, Katalunia eta espainiar Estatua izaera, bizimodu, helburu eta interesetan aldendu eta ezberdindu ditu. Kataluniaren eta espainiar Estatuaren arteko “batasuna” ez dago errespetuan eta are gutxiago berdintasunean oinarriturik, eta, ongi baino hobeto dakigun bezala, behartutakoa da. Pixkanaka eta urteen poderioz, Katalunia “flandriartu” egin dela esango nuke, baldin eta hitz hori existitzen bada; eta errealitate hori ulertu eta errespetatzeko Espainiaren gaitasun eza da nire ustez egun bizi duten prozesu independentistaren gasolina. Katalunian gertatzen ari dena emozioz jarraitzen nabil. Urteak eta belaunaldiak daramatzagu horrelako momentu bat iritsi zain. Bada, heldu da, eta, gertatzen dena gertatuta, kontuan izan bi gauza: bataila katalana gure bataila ere bada, eta, aurrerantzean, jada ezer ez da berdina izango. •