Oihane Larretxea de la Granja
ULIAKO TRANSBORDADOREA

Munduan mota honetako lehena izan zen eta gaur 110 urte beteko lituzke

Martxan jarraitu izan balu, gaur 110 urte beteko lituzke. Errealitatea tristeagoa da, urte gutxira desagertu baitzen Donostiako Ulia mendiko transbordadorea, pertsonak garraiatzeko lehena munduan. Leonardo Torres Quevedo ingeniariak sortua, gailurra eta egun aterpetxea dagoen gunea lotzen zituen. 280 metro pezeta baten truke.

Donostiako funikularra aipatzen badugu, nahi gabe eta bat-batean, Igeldokoan pentsatzen dugu. Ulertzekoa. Liburu zein aldizkarietan jasotako testuek eta albisteek zein antzinako zuri-beltzeko argazkiek erakusten digute, ordea, hiriak izan zuela beste “funikular” berezi bat ere, lehenago eraikia gainera. Ulian zegoen eta aspaldian utzi zion jendea garraiatzeari, baina gaur 110 urte betetzen dira mundua harritu zuen garraiobide hura martxan jarri zela. 1907. urteko irailaren 30ean egin zuen lehen bidaia.

Leonardo Torres Quevedo Kantabriako Bide ingeniariak diseinatu zuen, eta Donostian baino lehenago Suitzan aurkeztu zuen proiektua, 1889an. Baina egitasmoak ez zuen aurrera egin. Garaiko prentsa artikuluak gogorarazten dituzten erreferentziek, gainera, asmakizuna ironiaz jasoa izan zela ere aipatzen dute.

Uliako transbordadorea, “transbordadore-funikularra” ere deitua, hango jatetxea eta mendian zegoen jolas parkearen goialdea batzeko eraiki zen: 280 metroko distantzia osatzen zuen, eta 28 metroko altueran ibiltzen zen. Joan-etorria pezeta baten truke egiten zuen, eta, garaiko testuen arabera, lehen zazpi urteetan 60.000 pertsonak baino gehiagok erabili zuten.

Irteera geltokia egurrezko etxola bat zen, eta goiko geltokiarekin metalezko sei kableren bidez lotuta zegon. Hauek, nolabait, errailen funtzioa betetzen zuten, bertatik jendea hartzen zuen plataforma pasa ahal izateko. Plataforma horretatik zintzilik, jendea sartzen zen etxola edo kaiolatxoa. Alboko irudian ondo ikus daitezke egitura eta xehetasunak. «Amaierarik ez zuen» kable baten bidez, eta 1,5 zaldiko potentzia eta 1.200 bira-minutuko indarra zuen motor elektriko bati esker, plataforma behetik gora mugitzen zen, hiru minutu eta erdi irauten zuen bidaia osatuz. Testu batzuen arabera, gehienez ere hamalau pertsona sartzen ziren joan-etorri bakoitzean; beste batzuek jasotzen dutenez, hamazortzi inguru. Behin bidaia hasita energia elektrikoarekin arazorik izanez gero, ontzitxoak behealdeko geltokira bueltatzeko gaitasuna zuen gidariak esku balazta batekin abiadura neurtzen zuen bitartean. Horretan ere pentsatu zuen Torres Quevedok.

Ingeniariak Suitzan hasieran ezezkoa jaso arren, eta Estatu espainiarrean bere lehen proiektuek argirik ikusi ez zuten arren, Uliako transbordadoreak haizea bere alde jarri zuen: sekulako arrakasta lortuta, 1916ko abuztuan antzeko azpiegitura bat inauguratu zuen Kanadan, Niagarako ur-jauzien gainean. Egun oraindik martxan dago, eta, istripurik ez izateaz gain, jatorriko egitura ez da ia ezertxo ere moldatu. The Spanish Aerocar bezala ezaguna, monumentu nazionaltzat dute bertan. 550 metroko distantzia osatzen du 76 metroko altueran, eta 25 pertsona eraman ditzake joan-etorri bakoitzean, 7 kilometro orduko abiaduran.

Nobedade handia izan zen transbordadorea hirian eta donostiarren atentzioa bereganatu zuen. Garai haietan tranbia Donostian oso garatua zegoen, baina halakorik sekula ez zuten ikusi bertakoek. Arrakastak, ordea, desiratutakoa baino gutxiago iraun zuen lehiakide gogorra jaio zelako bost urte geroago: Igeldoko jolas parkea eta hara igotzeko eraikitako funikular ederra, gaur egun ezagutzen dugun bera. Aisialdi guneak berak suposatzen zuen berrikuntzaz gain, hiriaren erdigunearekin zuen lotura Uliakoak eskaintzen zuena baino erosoagoa zen, eta, hortaz, askoz gehiago erabiltzen zen.

Denbora gutxiz martxan egon arren, Uliako azpiegituraren arrakasta ezin du inork ukatu. Denbora gutxira teleferikoak eraiki ziren Suitzan, Frantziako Alpeetan, Austriako Tirolen eta Brasilen.

Hamaika asmakizun

Leonardo Torres Quevedo 1852an jaio zen Kantabriako Iguña bailaran. Ama hangoa zuen eta aita, bera bezala bide ingeniaria, Bilbokoa; familia hantxe bizi zen. Bizkaiko hiriburuan egin zituen Batxilergoko ikasketak, baina aurrerago Parisen eta Madrilen ibili zen, Bide Ingeniaritzan goi ikasketak egiteko. 1873an, ordea, ikasketak eten zituen behin-behinean boluntario bezala Bilbon gudan aritzeko. Hirugarren Gerra Karlistan karlistek hiriburua hartu zuten eta hura defendatzera bueltatu zen. Setio-egoera amaitzean, hurrengo urteko maiatzean, Madrilera itzuli zen ikasketak amaitzera, baita ondo amaitu ere, bere promozioko laugarren onena izan baitzen, 1876an.

Apenas hamar urte ondoren patentatu zuen transbordadorea Estatu espainiarrean, Estatu frantsesean, Suitzan –proiektua ondoren bertan arbuiatua izan zen arren–, Alemanian, Ameriketako Estatu Batuetan, Erresuma Batuan, Austrian… Oro har garraio makinak garatzen aritu zen, besteak beste transbordadoreak, globo gidatuak eta bimarana.

Gaur hain arrunta iruditzen zaigun urrutiko agintea garatu zuen, munduan lehena: telekinoa. Asmakizuna Parisko Zientzien Akademian aurkeztu zuen, esperimentu gisa, 1903an. Benetako proba hiru urte geroago heldu zen. Bilboko portuan erakutsi zuen arrakastaz Alfontso XIII.a erregearen aurrean, itsasertzetik txalupatxo bat gidatuz. Ingeniariak automatekin ere saiakerak egin zituen, 1914an sortu zuen xake jokalaria kasu. Adimen artifizialeko historiako lehen automatatzat har daitekeen asmakizuna, alegia.

Gerra hasi zen urtean zendu zen Madrilen, 1936an. Historia eta memoria berekin ondo portatu ez dela uste duenik badago, egin zituen ekarpenekin bere izena modu bidegabean itzalean dagoela iritzita…