Juantxo EGAÑA

Bizkaiko meatzariak, 1934ko urriko greban

1934ko iraultza ez zen euskal lurralde guztietan berdina izan. Urriaren 5etik 12ra bitarteko astean greba iraultzailea aldarrikatu zen, besteak beste sozialistek eta komunistek deituta. Gipuzkoan urriaren 5ean aldarrikatu zen greba eta Arrasate eta Eibar bezalako herrietan eragin handiagoa izan zuen. Grebalariek armak hartu zituzten herri horietako zenbait fabrikatan, beste fabrika batzuk eta udaletxeak bereganatuz. Halaber, Guardia Zibilaren kuartelei eraso zieten. Ia 40 hildako izan ziren. Eraso Guardien kamioi batek donostiar bat harrapatu eta hil egin zuen. Pasaian, Armadak sei grebalari hil zituen. Bizkaian ia 3.000 meatzarik ekin zioten grebari; Barakaldon, Sestaon, Portugaleten, Erandion, Gallartan eta beste herri batzuetan liskarrak izan ziren grebalarien eta Guardia Zibilaren eta Armadaren artean. Bilbon hamabost langile hil ziren Armadaren tiroen ondorioz. Nafarroan langile bat hil zen, Altsasun, Guardia Zibilak tirokatuta. Zenbait herri eta hiritan grebak urriak 11ra arte iraun zuen, eta Bizkaian 15era arte luzatu zen. Bizkaiko meatzari talde bat ageri den argazkia ez dakigu non egina den, erreferentzia bakarra data da: 1934ko urria. Bere sasoian Keystone agentziak banatu zuen.