Nagore Belastegi Martin
HOLLYWOOD, SUTAN

Jasandako sexu jazarpenaren lekukotzak ematen hasi dira emakume aktore asko

Eskandaluak Hollywood hankaz gora jarri zuen pasa den astean: Harvey Weinstein ekoizle boteretsuak bere bulegotik pasatzen ziren emakumeak sexualki jazartzen zituen. Urteetan gordeta izan dituzten sekretuak argitaratzen hasi dira aktore ospetsu asko, beste batzuek isilik jarraitzen duten bitartean.

Duela ehun urte Hollywoodeko zinema estudio handiak martxan jarri zituztenetik izan dira pertsona –gizon– boteretsuak. Horietako bat da zalantzarik gabe Harvey Weinstein. Miramax ekoiztetxearen sortzaileetako bat izan zen, eta, ondoren, Weinstein Company eratu zuen (eskandaluaren ostean kaleratu egin dute lanetik eta izena aldatu behar izan diote enpresari). Weinsteini esker estreinatu ahal izan zituzten “The crying game”, “Pulp fiction”, “The English patient”, “Shakespeare in love” edo “The king’s speech” bezalako filme handiak. Era berean, Ameriketako Estatu Batuetako Alderdi Demokratikoko hautagaien kanpainak sustatzeko dirua biltzeagatik ere ezaguna zen.

Weinsteinek ekoitzitako filmek Oscar sarietako ehun hautagaitza baino gehiago lortu dituzte, eta saria jasotzean zuzendari, aktore, gidoilari.... askok eskaini izan diote berari. Pentsa, eskerrak jaso dituztenen ranking berezi horretan Steven Spielberg da lehena, gero Weinstein dator eta honen atzetik Jainkoa! Datu bitxi horrekin bakarrik zinemaren industrian gizon honek duen boterearen ideia argi bat egin dezakegu.

Baina azken asteotan arrazoi oso ezberdinengatik dago guztien ahotan Harvey Weinstein. “The New York Times” egunkariak ekoizlearen aurkako sexu jazarpen salaketa bat argitaratu zuen. Berarentzat lana egin zuen Lauren O’Connorrek ezin izan du gehiago jasan eta bi urteren ostean berari gertatutakoa kontatzea erabaki zuen. “The New Yorker” aldizkariak hariari tira egin eta dozenaka emakumeren antzeko testigantzak lortu zituen berehala. Olatua geldiezina izan da, eta, hala, egun oso ospetsuak diren aktore askok ere beraiei gertatutakoa salatu dute.

Kritikak ere badaude, noski; orain arte zergatik isildu ote diren edota erasoen ostean zergatik jarraitu duten erasotzailearekin publikoki agertzen. Baina Weinstein oso boteretsua zen eta haren kontra joatea ez zen komenigarria.

Lauren O’Connorrek kontatu du 2015ean bere nagusia zenak biluzik zegoela masaje bat emateko eskatu ziola. Hain gaizki sentitu zen, negarrez amaitu zuela. «Emakumezkoentzako giro toxikoa dago enpresa honetan», idatzi zuen asistenteak gutun batean. Emakumeak elkarrizketarik onartu ez duen arren, bere gutunetan argi agertzen da bere ezinegona. «Nire karrera hasi berri dut, eta beldurra daukat hitz egiteko. Baina isilik egoteak gaizki egiten dit», idatzi zuen orain arte ezer esan ez izana justifikatuz.

Mark Gill Miramaxeko presidente ohia ere ekoizlearen jarreraz mintzatu da. «Kanpotik dena urrezkoa zen; Oscar sariak, arrakasta, eragin kulturala... baina barrutik desastre hutsa zen, eta hori [emakumeekiko jarrera] zen desastrerik handiena», salatu du “The New York Times” egunkarian. Izan ere, orain enpresa horretako dozenaka langile eta langile ohik esan dute jokaera horren berri bazutela, bere garaian gutxi batzuek soilik egin zioten arren aurre nagusiari.

Aktoreen ahotsa

Ashley Judd izan da Weinsteinen kontra agertu den lehen aktore ospetsua. Gaztea zela, duela hogei urte, ekoizleak lan kontuei buruz hitz egiteko gosari batera gonbidatu zuen. Zinemaren mundura iritsi berria zen eta sekulako aukera ikusi zuen. Bertaratzean gela batera bideratu zuten, eta, atea jotzean, Weinstein agertu zitzaion biluzik, toalla batekin tapatuta. Masaje bat emateko eta bera nola dutxatzen zen begiratzeko eskatu zion. «Nola atera naiteke gela honetatik ahalik eta azkarren Harvey Weinstein haserrarazi gabe?», pentsatu zuen aktoreak.

Juddek berari gertatutakoari buruz argi hitz egiten du orain. «Emakumeok luzaroan egon gara hitz egiten honi buruz. Gaia publikoa egitea denbora kontua besterik ez zen».

Ekoizlearen modus operandi gupidagabe berdina izan ohi zen: 20-25 urteko neska gazteei bere burua aurkezten zien eta lan hitzordu bat zehazten zuen haiekin luxuzko hotel batean (Beverly Hillsko Peninsula, Londresko Savoy edo Frantziako Kosta Urdineko Hôtel du Cap-Eden-Roc). Bertara iristean, gela batera zuzentzen zituzten, eta, ustekabean, Weinstein biluzik edo erdi biluzik agertzen zen. Masaje bat emateko eskatzen zien, dutxa bat ematen zuen euren aurrean, masturbatu egiten zen, neskak bera ukitzera behartzen zituen, sexu orala izatera behartzen zituen, eta, kasu batzuetan, bortxatu ere egiten zituen.

Zuen boterearen jakitun, berarekin sexu harremanak izan ezean edo zerbait kontatuz gero, haien karrera suntsituko zuela egiten zien mehatxu biktimei. Neska gazteak izanik, biktimak ahul sentitzen ziren halako magnate boteretsu baten aurrean, jakin baitzekiten bere abokatuen aurrean ez zutela ezer egiterik. Beraz, isilik egoteko eskaintzen zien diru kantitatea onartzen zuten askok.

Beste biktima bat Ambra Battliana Gutierrez modelo italiarra izan zen. Neskak berak publiko egin duen grabatutako audio bati esker dakigu zer gertatu zen bien artean. Festa batean ezagutu zuten elkar, eta, ohi bezala, gizona gerturatu egin zitzaion. Esan omen zion Mila Kunis aktorearen antza duela eta berarekin hitzordua egin nahi zuela aukera profesionalei buruz hitz egiteko. Neskak onartu eta hurrengo egunean berak esandako hotelera joan zen. Modeloak kontatutakoaren arabera, gizonak festan bularrak ukitu zizkion «benetakoak» ziren galdetuz eta gona azpitik eskua sartu zion.

Grabaketan entzuten da nola gizonak esaten dion dutxatu egingo dela eta bera begira egotea nahi duela. Neskak ez duela nahi eta alde egin nahi duela esaten dio. Gizona tematu egiten da baina neskak ez du amore ematen, eta, gainera, aurreko gauean bularrak ukitu izana lekuz kanpo egon zela aurpegiratzen dio. Gizonak onartu egiten du ukitu egin zuela eta hori egitera ohituta dagoela esaten dio. Azkenean neskak gelatik alde egiten du.

Kronologia luzea

Orain 1980ko hamarkadatik gertatutako jazarpenen testigantzak ari dira agertzen bata bestearen atzetik, lotsatuta zeuden emakume horiek bat egin eta lotsatzeko arrazoirik ez dutela ulertu dutelako. Kronologia horretan, 1990an kokatzen da Kate Beckinsalen kasua. 17 urte zituen hotelera joan zenean. Instagramen aktoreak berak idatzitakoaren arabera, alkohola eskaini zion erdi biluzik zegoela. Hurrengo egunean eskolara joan behar zuela aitzakia jarrita, gelatik alde egin zuen. Garai hartan Rosanna Arquettek 30 urte zituen eta gidoi bat jasotzera pasa zen hoteletik. Beste behin, masajea eskatu zion ekoizleak.

1993an 23 urte zituen Katherine Kendallek eta ekoizleak gela osotik jarraitu ostean bularrak erakusteko eskatu zion. Hurrengo urtean Gwyneth Paltrowekin egin zuen hitzordua. Masajea egiteari uko egin zion, eta, bertatik alde egin ostean, garaian bere bikotekidea zen Brad Pitti dena kontatu zion. Oso haserre joan zitzaion aktorea Weinsteini kontu eske. Ostean, ekoizleak Paltrow mehatxatu zuen: hobe zuen beste inori ezer ez esatea.

1995an Liza Campbell 35 urteko artista britainiarrari tokatu zitzaion zorigaitza. Berarekin bainatzeko eskatu zion arropa eranzten zuen bitartean. 1997an Rose McGowan aktorea bortxatu egin zuen Sundance jaialdia ospatzen ari zen bitartean egin zuten hitzordu batean. Urte berean, Asia Argento aktore eta zuzendariari hankak zabaldu eta sexu orala egin zion indarrez. Argentok 21 urte zituen eta behin eta berriz adierazi zion ez zuela horrelakorik nahi. Hurrengoa Zoe Brock modeloa izan zen. Jarraika hasi zitzaion eta hoteleko gelako komunean ezkutatu behar izan zuen. Gaua bertan eman eta goizaldean ezkutuan alde egin zuen.

Claire Forlani aktorearekin hainbat bilera egin zituen. Horietan lekuz kanpoko komentarioak egiten zituen eta berarekin oheratu diren aktoreei buruz hitz egiten zuen. 1998an, berarentzat lana egiten zuen Zelda Perkins gazteak aurre egin eta bere jarrera onartezina zela adierazi zion lankide batek kontatutakoa oinarri hartuta.

Hamarkadaren amaieran Angelina Jolie limurtu nahian ibili zen. Ondoren Tara Subkoffekin saiatu zen. Festa batean bere hanken gainean esertzera behartu eta erekzio bat nabaritu zion. 2000. urtean, Melissa Sagemiller Toronton filmatzen ari zen gidoi bati buruz hitz egiteko hitzordua jarri zionean. Hotelean zeudela masajea eskatu zion eta dutxa bat behar zuela esan. Aktorea joaten saiatu zenean atea itxi eta musu bat eskatu zion, beste aktore batzuk ere musukatu izan zutela esanez.

Heather Grahamek kontatu du urte horretan bertan, gidoiei buruz hitz egiten ari zirela, esan ziola bere emaztearekin akordio bat zuela eta horren arabera bidaiatzen dagoen bitartean nahi duenarekin sexua izan dezakeela. Aktorea izan nahi zuen Dawn Dunning gazteari 2003an esan zion hiru film egiteko kontratuak zituela, baina horietan parte hartu ahal izateko berarekin sexua izan behar zuela. Minka Kellyri ere antzeko zerbait gertatu zitzaion: hitzordu bat jarri zion hotel batean baina aktoreak uko egin zion bertan biltzeari. Orduan esan zion bere bikotekidea izanez gero abantaila asko izango lituzkeela. Euren arteko harremana profesionala izatea nahiago zuela esatean, gertatua inori ez kontatzeko eskatu zion.

2004an, Lucia Evansek –garai hartan aktorea izan nahi zuen ikasle bat– taberna batean ezagutu zuen Weinstein. Bulego batean elkartu eta bertan sexu orala izatera behartu zuen. Gertaera oso traumatikoa izan zen beretzat; elikadura arazoak izaten hasi zen, ikasketetan okertu egin zen, zituen harremanak suntsitu zituen eta bere pisukideak bere buruaz beste egingo ote zuen beldur izan ziren.

Lea Seydouxek aitortu du 20 urte zituela ekoizletik ihes ibiltzen zela behin bera musukatzen saiatu zenetik. 2007an Lauren Sivan aurkezlea musukatzen saiatu zen. Uko egin zionean, biluztu eta bere aurrean masturbatu zen. Berdina egin zion Louisette Geiss aktore eta gidoilariari 2008an. 2010ean Emma de Caunes aktorea esandako hotelera joan zen. Gelara sartu bezain laster, gizona biluzik eta erekzio batekin atera zen komunetik eta ohean etzateko eskatu zion. Ziztu bizian atera zen.

Egun oso ospetsua den Cara Delevigne modelo eta aktoreak ere jasan behar izan zuen ekoizlearen jazarpena 20 urte zituela. «Hedabideetan nirekin agertzen ziren emakumezkoekin oheratu ote nintzen galdetu zidan», idatzi zuen Instragramen. Era berean, bere joera sexualak aukera profesionalak muga zitzakeela aipatu zion. Pare bat urte geroago, hotel batean bildu ziren eta gizonak aktoreekin oheratzen zela esan zion neskari. Ondoren, bertan zegoen beste emakume bat musukatzeko eskatu zion. Delevignek esan zuen ez zuela halakorik egingo. Dantzan hasi zen egoera deseroso horretatik atera nahian. Azkenean alde egin zuen. Aktoreak Weinsteinek ekoitzitako film batean paper bat lortu zuen, eta, aipatu duenez, damutu egiten da.

2014an berarentzat lanean hasi berri zen Emily Nestorri agindu zion bere karrerari bultzada bat emango ziola berarekin sexua izaten bazuen. Neskak lankideei kontatu zien, baina denak isilik mantendu dira duela pare bat aste eskandaluak eztanda egin arte.

Ekoizlearen kontrako ahotsak

Emakume guztiok adibide gutxi batzuk besterik ez dira. 30 emakume inguruk salatu dute jada ekoizlearen jarrera. Kartak mahai gainean jarri dituzte lankideen babes bila. Asko jarrera sexiston aurka agertu dira, baina beste batzuek salatzeko ezer ez dutela aipatu dute, «oraindik ez dagoelako ezer ez frogatuta ez epaituta». Sutan da Hollywood.

Blake Lively aktoreak harreman ona izan du beti ekoizlearekin eta Georgina Chapman bere emaztearekin; izan ere, azken horren bezero onenetariko bat izan da eta askotan jantzi izan ditu berak sortutako Marchesa markako jantziak. «Nire esperientzia ez da hori izan. Inoiz ez dut halakorik entzun, baina orain entzutea gogorra da», aipatu du.

Meryl Streep, Judi Dench edo Jennifer Lawrence bezalako aktoreekin ere harreman ona izan du. “The New York Times” egunkariko kazetari batek zehaztu bezala, «Weinstein beti saiatu da ondo portatzen interesatzen zitzaion emakumeekin». Hau da, zinemaren munduan bera baino boteretsuagoak izan daitezkeenekin. Ekoizleak ezin zien trukean ezer eskaini, ez zuten ezer galtzeko. Berak bai.

Blake Livelyrekin ere bazuen zer galdu, bere emaztearen lanaren erakustoki onena delako, eta, aktorea izateaz gain, modaren ikono ere badelako. «Jendeak bere istorioak partekatu behar ditu, eta gainontzekoek entzun egin behar ditugu eta haiengan konfiantza izan. Argi izan behar dugu horrelako gauzak leku guztietan gertatzen direla. Ez da gertatu behar, baina gertatzen da», esan du haserre. Sexu jazarpena munduko edozein emakumeri gerta dakioken zerbait dela gogoratu du. «Hain arrunta da emakume askok ez dutela erasotzat hartzen», adierazi du.

Salaketa publikoak egin dituzten emakumeen alde agertu da Meryl Streep aktorea: «Weinsteini buruzko albiste lotsagarriek shockean utzi gaituzte berarekin lana egin dugunak. Ahotsa altxatu duten emakumeak gure heroiak dira», nabarmendu du.

«Errespetu osoa Ashley Juddi eta isiltasunarekin hautsi duten gainontzeko emakumeei», esan du Susan Sarandonek. «Oso haserre nago. Zero tolerantziako politika egon beharko litzateke. Gure ekoizlea izan zen gizon batek halakoak egin zizkiela kontatzea ausarta bezain harrigarria da. Agian denak inuzenteegiak izan gara», damutu da Kate Winslet.

«Nazkatuta nago ahotsa altxatzeko soilik emakumeei eskatzen dieten hedabideez. Eta gizonak? Agian euren jokabidea aztertzeko beldur dira», bota du Jessica Chastainek. Arrazoia du, gaiari buruz iritzia ematera ausartu diren gizonak gutxi izan baitira. Horietako bat, George Clooney: «Defendaezina da. Harvey duela hogei urte ezagutzen dut, afariak egin ditugu, elkarrekin lan egin dugu eta gure eztabaidak izan ditugu, baina inoiz ez dizkiot halako jarrerak ikusi. 90eko hamarkadan hasi ziren zurrumurruak; aktore batzuk, paper bat lortzeko asmoz, Harveyrekin oheratzen zirela zioten. Haiei sinesgarritasuna kentzeko modua iruditzen zitzaidan. Ez nekiena zen zortzi emakumeri isilik egoteagatik ordaindu egin ziela», aipatu du berria zabaltzean.

Weinsteinek bortxatu zuen Rose McGowanena da borroka honetan gehien entzuten ari den ahotsa. Isilik egon direnak salatu ditu sare sozialetan: «Non zaudete? Zuen isiltasuna gorgarria da». Zehazki bere lankidea izan zen Ben Affleck-en kontra egin du. Berari kontatu omen zion gertatu zitzaiona eta oraindik ez du ezer esan. «Gezurretan ari zara», esan zion Twitter bidez Afflecki honek sexu jazarpenen inguruan ezer ez zekiela esan zuenean. Afflecken lanak, Matt Damonenak eta Russel Crowerenak bezala, ekoizlearen bultzadari esker hartu zuen indarra. Hiruren jarrera berdintsua izan da; jarrera sexista horren berri ez zutela esan dute.

Oliver Stone zuzendariak ere nahiago izan zuen hasiera batean justiziak zerbait esan arte isilik egotea. «Nire ustez kasu bat epaitegietara iritsi arte itxaron egin behar da, publikoak azkarregi kondenatu duelako. Legearen kontra aritu bada, argitara aterako da. Niretzat gizon bat ez luke ‘ongile’ talde batek epaitu behar», adierazi zuen. «Garai hartan nire etsaia zen lanbidean eta ez nuen gehiegi ezagutzen. Industria honetan beldurrezko istorio asko entzun izan ditut, beraz, zurrumurruei ez diet erantzungo», esan zuen. Aldiz, egun batzuk geroago esandakoa zuzendu zuen. «Kanpoan egon naiz egunotan eta jatorrizko istorioko emakumea babestera atera diren emakume guztien berririk ez nuen. Egunotan argitaratu den guztia ikusi eta gero, atsekabetuta nago eta jazarpen sexuala edo bortxaketa salatzeko pausoa eman dutenen ausardia txalotu nahi dut», aipatu du.

Zalaparta horretan guztian begiak Quentin Tarantino zuzendariaren gainean jarri dituzte askok. Izan ere, ekoizlearen laguna da eta berarekin film ugari egin ditu. Sare sozialak ez zaizkio gehiegi gustatzen, baina eskandaluari buruz zerbait esan behar zuela konturatu eta Amber Tamblyn aktoreari bere Twitter kontuan mezu bat idazteko eskatu zion: «Atzo nire lagun Quentin Tarantinorekin afaldu nuen. Zuekin adierazpen bat elkarbanatzeko eskatu dit. ‘Aurreko astean zehar hunkituta eta minduta jarraitu ditut duela 25 urtetik nire laguna izan den Harvet Weinsteini buruzko kontakizunak. Mina, sentimenduak, amorrua eta oroimenak kudeatzeko egun batzuk behar ditut eta orduan agertuko naiz publikoki’». Tarantinok emakumearen ahalduntzearen gaia txertatu zuen Hollywooden “Jackie Brown” edo “Kill Bill” bezalako filmekin, beraz, Tamblynek uste du zuzendariaren adierazpena diskurtso feminista horren parekoa izango dela.

Bestalde, Donna Karan diseinatzaileak, zalaparta eragin zuten adierazpenak egin zituen eskandaluaren berri izatean. «Nola aurkezten dugu gure burua? Nola aurkezten gara emakume bezala? Zer ari gara eskatzen? Begira nola janzten diren emakumeak gaur egun. Zer ari dira eskatzen? Arazoak», bota zuen lagunaren jarrera justifikatu nahian. Bere adierazpenak oso kritikatuak izan ostean, barkamena eskatu zuen eta baieztatu zuen bere bizitza osoa «emakumeak defendatzen» eman duela eta esan nahi zuena ez dela ongi ulertu.

Garai batean hotel bateko gelan ezkutatuta gelditu ziren sentimendu eta beldurrak, egun guztien ahotan daude. Gizartea mugitzen hasi da, eta, Harvey Weinsteinek duen boterea alde batera utzita, beste edonor bezala epaitzeko eskaerak jada kalera iritsi dira.

Gizartea martxan

AEBetako Emakumeen Elkarte Nazionalak (National Organization for Women, NOW) agerraldia egin zuen New Yorken zinema industriako langileek dakitena konta dezaten eskatuz, euren isiltasunarekin horrelakoak gertatzea babesten ari direlako. «Hollywooden arazoa ez da Harvey Weinstein: arazoa gizonaren boterea eta pribilegioak dira».

Hasteko, akademiatik botatzeko eskatu zioten Zinemako Arte eta Zientzien Akademiari, eta horrek hala egin du. Baina elkartearen ustez, horrekin ez da arazoa konpontzen, emakumeekiko jazarpena sistematikoa delako zinemagintzan. «Gizon oso boteretsuak daude, eta uste dute beti egongo direla babestuta», adierazi dute. «Estudio guztiek, agentzia guztiek eta negozioan parte hartzen duten eragile guztiek betebehar bat dute: sexu jazarpenaren inguruan dagoen isiltasunarekin amaitu behar dute», salatu zuten.

Era berean, ekoizlea epai dezatela eskatu dute publikoki. Emakumeen Elkarte Nazionalaren ustez, Ambra Battliana Gutierrez modelo italiarraren testigantza eta grabaketa nahikoa dira Weinstein kondenatzeko eta gainontzeko kasuak aztertzeko. 2015ean poliziak ekoizlea ikertu zuen Gutierrezen kasua zela-eta, baina fiskalak kasua epaitegira ez eramatea erabaki zuen «froga falta» tarteko. Orain, grabaketarekin, ez dago jada aitzakirik.