Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Hezkuntza hobetzeko

Kalitatezko hezkuntza bermatzeko zoru pedagogiko eta etikoa: Hezkuntza hobetzeko gakoak». Izenburu horren pean aurkeztu berri du Hik Hasi egitasmoak “Hik Hasiren hezkuntza-proposamena” deitu duena. Bertan, urtebetez Euskal Herriak behar duen hezkuntzaz hausnartzen eta eztabaidatzen aritu ondoren, gure heziketa hobetzeko hainbat ideia jaso dituzte.

Proposamenaren ardatz nagusia hau da: heziketaren benetako protagonista jendarteak izan behar duela; heztea bere egitekoa dela sentitu eta arduraz bizi behar duela.

Alde asko dituen proposamena da, ezbairik gabe. Ausarki heldu dio hezkuntza sistema berri horren antolaketari: «Denontzat eta denona izango den euskal hezkuntza-sistema berriak –Euskal Hezkuntza Sistema Publiko bateratzaile, sozial edo inklusiboak, esan genezake– hiru ezaugarri izan behar lituzke». Eta, jarraian, hiru alde hauek garatzen ditu proposamenak: finantzaketari eta hezkuntzako esku-hartzearen jarraipenari dagokionez, publikoa izan behar du; eskola bakoitzak autonomoa izan behar du bere hezkuntza-egitasmoa garatzeko, pedagogikoki zein barne-antolaketari dagokionez; edozein udalerritako hezkuntzako esku-hartzean ezinbestekoak dira hezkuntza-eragileen arteko lankidetza, gertuko administrazioaren inplikazioa eta herriko gainerako eragileen partaidetza.

Horiek guztiak kontuan hartuz, hamar gako zehaztu dituzte Euskal Herriko hezkuntza hobetzeko: Hezkuntza-jarduera balio hezitzaileetan oinarritzea; haurrek oinarri sendoak finkatzeko bizitzako lehen urteek duten garrantziagatik, hainbat neurri hartzea; Oinarrizko Hezkuntza osoa pertsonaren askotariko konpetentzien garapenera zuzentzea, eta nerabezaroa bereziki gertutik jarraitu beharreko aroa dela jabetzea; irakasle-hezitzaileen prestakuntza egokitzea; eskola bakoitzak bere hezkuntza-proiektu propioa izatea; egoki prestatutako zuzendaritza, ondo aukeratua, eta lantalde egonkorra; ikasleak euskaldun eleaniztun bilakatzea; herrietako hezkuntza-plana, hezkuntza premiei erantzuteko; antolaketa administratiboa denontzako modukoa eta bateratzailea izatea; jendartearen eta hezkuntzaren beharrei erantzungo dien finantzaketa izatea.

Hezkuntza munduan dena zatiketa dela eta elkarri mokoka gabiltzala dirudien garaian beharrezkoak eta interesgarriak dira horrelako ekimenak. Aurretik ere izan dira beste batzuk, guztiak bidea puntu bereraino egin dutenak: publiko/pribatu delako punturaino, herri honen hezkuntza mailako tragediarik handieneraino. Maialen Lujanbio bertsolariak behin oso ongi esan bezala, «euskaldunak lau eta bost tributan banatuta» esan behar orain ere.

Oxala oraingoan kapaz izatea euskal herritarren betaurrekoak jantzita eta oinak zoru etikoan sendo ipinita etorkizunari begira jartzeko, lan egiten dugun sarearen, seme-alabak matrikulatuta ditugun edota ordezkatzen ditugun eragileen, gainetik. Bakoitza bere lekutik, horregatik delako Euskal Herria askotarikoa eta koloretsua. Leku asko izan eta behar ditugu, denetatik indar eginez zer pertsona mota hazten lagundu nahi dugun adosteko, behingoz. •