Ramon Sola

1978+

Dirudienez, belaunaldi politikoak 40 urtekoak dira Estatu espainolean, gizakiarenak baina luzeagoak, ziklo luze jasangaitzak. 1937-38an Gernikan eta Ezkaban frankistek egindako sarraskiek gordinki aurreratu zuten Euskal Herriari gainera zetorkiona. Lau hamarkada pasata, zikloa agorturik, sistema berritua osatu zen, 78ko erregimen famatua, odoluste gutxiagorekin eta itxura demokratikoarekin baina mugak ondo ezarrita; dena «loturik eta ondo loturik». Ordutik beste 40 urte igaro dira eta 2018a beste zerbait asmatzeko urtea izan beharko da, Kataluniak 78ko erregimenaren barne-orekak apurtu eta tranpa guztiak agerian utzi dituelako: amaitu da, amaiarazi dute katalanek.

Agertoki horren aurrean, azken hilabeteotan uste faltsua zabaldu da Euskal Herrian, baikortasun inozoa: katalanek lor dezaketenaren ogi apurrak-edo, ezinbestean, gurera eroriko dira eta talka horrek Espainiaren demokratizazioa eragingo du. Baina Katalunia fase honetan azkenean aske izan ala ez (ikusiko da), ez zait bururatzen nola gauza daitekeen uste faltsu hori. Errealitatea askoz gordinagoa da: arrazoi asko tarteko, Euskal Herria ez da bidegurutze historiko honetan berea zen tokira garaiz heldu, ez da inondik inora subjektu eragilea (ez Madrilen ez eta Bartzelonan ere) eta elkartasuna adieraztea baino ez zaio geratzen. Kontsolamendu tristea baino, ekimen behar-beharrezkoa, katalanengatik eta gugatik.

2018ko erregimena datorkigu, edo 1978+ erregimena. Izango duen itxura ez da oraindik guztiz definitu, baina zertzelada batzuk ageri dira jada begi bistan. “155 koalizioa” ez da behin-behineko tresna, premiazko arazo bati aurre egiteko formula; gelditzeko etorri da. Eta diagnosi argia egin du: Autonomien Estatuak eragin du Kataluniako matxinada, hiru esparru estrategikotan (polizia, hezkuntza eta hedabide publikoak) emandako autogobernua “traiziorako” erabili delako. Hala, Estatu handiagoa sortuko dute, trinkoagoa, hertsiagoa, jakobinoagoa, Parisekoaren antzekoa. Zenbakietan adierazita, hau litzateke adierazpide matematikoa: 1978+155=2018. Orekatzeko, bai eta gaur Podemosek ordezkatzen duen esparru hori bereganatze aldera (izango al da Pablo Iglesias orduko Santiago Carrillo?), gizarte esparruan, parte hartzeko prozeduretan esaterako, eskua zertxobait ireki beharko dute. Baina herrien aurrean tinko jokatuko dute, ukabila ondo itxita. Asimilazioa bilatuko dute beste behin ere, oraingoan aldaketa teknologikoak alde dituztela: asimilazio kulturala, linguistikoa, ekonomikoa, politikoa...

1938an eta 1978an bezala, erreforma horren aurrean hausturarako bidea baino ez zaie geldituko euskal independentistei 2018an. Eta historiaren erlojua inoiz baino azkarrago dabilen honetan, hurrengo zikloa motzagoa izan dadin ahalegintzea. Ez litzateke zertan basamortuan zeharreko bidaia luze-luzea izan beharko, aurreko biak bezalaxe, 78+ honek eragile asko utziko dituelako bazterrean, Euskal Herrian zein Katalunian, azken honek ataka horren aurrean askatzea lortuko ez balu. PPk lehenik bere alderdia sakrifikatu zuen bi herriotan, eta orain herriak berak sakrifikatuko ditu. Hortaz, 78+ erregimena nondik eta norekin borrokatu izango da, noski. Eta Kataluniakoak paradigma betiko aldatu du zentzu askotan: Estatua gainditzeko aukera egon badela erakutsi du, nola egin eta horren truke zer ordaintzeko prest den da koska.

Hau guztia aurreikuspen pertsonal bat baino ez da. Ezkorra, pentsa daiteke, edo errealista. Zuzena den ala ez laster ikusiko da, baina komeni da behintzat mahai gainean jartzea, 2017ko iraultza honek noraezean harrapatu gaituen bezalaxe, 2018ko kontrairaultzak ustekabean harrapa ez gaitzan. •