Iraia Oiarzabal Mujika
KOALIZIOA BAINO GEHIAGO

Sortu zenetik sei urtera, EH Bilduk kongresua egin zuen ekainean xede markatu batekin: koaliziotik harago joatea

Indarrez jaio zen Bildu 2011ko udaberrian, ETAren erabaki historikoaren atarian eta ilegalizazio urte luzeen ondotik. Sei urte geroago, Hego Euskal Herriko instituzioetan lekua irabazita, birfundazio kongresua egin zuen ekainean, pertsonak erdigunean jarri eta koalizio bat baino gehiago izateko helburuarekin.

Ezker subiranistaren etxe amankomuna», halaxe definitu zuen EH Bildu berria Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak joan den ekainean Euskalduna jauregian egindako kongresuan. Birfundazio prozesuaren azken geltokia izan zen Bilbokoa, baina aurretik bide luzea egina zuen koalizioak bere egiturak berritzeko helburuan. Hain zuzen, alderdien arteko koalizio bat baino gehiago izatera iritsi nahi zuen EH Bilduk prozesu horren bidez. Eta lortu zuen, babes zabalarekin gainera, bidean gorabeheraren bat egon bazen ere.

Koalizioaren sorrera laburrean errepasatzeko 2011ko udaberrira egin behar da salto. Udal eta foru hauteskundeen atarian eratu zen hiru alderdiren batura gisa: Sortu, Alternatiba eta EA. Geroago batuko zitzaien Aralar. Azken hau, hain justu, alderdi gisa desegin da berriki eta bere militanteak EH Bilduko kide izatera pasa dira.

Indarrez sartu zen Bildu 2011 hartan. ETAk bere jarduera armatua uzteko erabaki historikoa hartu zuen hilabete gutxira eta ezker abertzalearen ilegalizazio urte luze eta gogorren ondotik babes zabala jaso zuen koalizioak. Hego Euskal Herriko instituzioetan bere tokia eginda, haize berriaren beharra zegoela iritzita, iritsi zen 2017ko ekainean birfundazio kongresura.

Alderdien pisua eztabaidan

Kongresuaren aurreko hilabeteetan eztabaidatutako proposamenak EH Bildu «parte hartzaileagoa» bilakatzeko beharra nabarmentzen zuen. Bide horretan, alderdiek zuten paperaz gain independenteen sarrerari atea ireki nahi zitzaion. Hau da, alderdi konkretu batekin identifikatu ez arren EH Bildurekin bat egin nahi duten norbanakoei aukera zabaldu nahi izan zaie. Aldi berean, militantzia eredu berriak ahalbidetzen dira, alderdi bati afiliatuta egon ez arren modu iraunkorrean zein puntualki parte hartzeko aukera emanez.

Pertsonak erdigunean jartzearen filosofiari erantzuten zion planteamenduak, nahiz eta ez zuten denek begi onez ikusi. EAko sektore kritiko bat ez zegoen ados eta eztabaidak Pello Urizarrek gidatutako alderdiaren kongresuarekin kointziditu zuen.

Finean, korronte kritikoaren beldurra zen EA bera, alderdi gisa, nolabait diluitu egingo zela EH Bilduren baitan eta beste indar batzuk onuradun aterako zirela. Alderdien pisua bere horretan mantendu behar zela defendatu zuten kritikoek baina azkenean Urizarrek ordezkatutako sektorea irten zen garaile bataila horretatik. Hala, EAk ere babestu zuen EH Bilduk kongresura eramandako proposamena.

Eztabaida honen erdian, alderdiek euren izaera mantenduko zutela argitu zuen EH Bilduk: «Alderdiek autonomia osoa izango dute euren diskurtso, perfil eta espazioak mantendu eta indartzeko; horrek EH Bilduren espazio amankomuna indartzen du».

Transformazio horren efektua izango zen aurrerantzean EH Bilduren baitako erabakiak alderdiek eta «bilkide» deiturikoek hartuko dituztela. Era horretan, Mahai Politikoa eta sektorekako eta herrialdekako ordezkariak bozketa telematiko bidez hautatu zituzten kongresuaren atarian. Estatutuak eta antolakuntza eredua aldiz, Euskalduna jauregian egindako biltzarrean onartu ziren.

Koalizioaren forma eta alderdiaren estruktura mantenduz, mugimendu izaera irabazi nahi izan zuen EH Bilduk, parte hartzea eta horizontaltasuna sustatuz.

Iraultza demokratikoa aldarrikatu zuen Otegik, koordinatzaile nagusi aukeratua izan ostean, Euskaldunako ekitaldian. Horretarako EH Bilduren DNAn doazen abertzale eta ezkertiar izaerak azpimarratu zituen. Aldaketarako indar izatearen balioa ere nabarmendu zuten, Gasteiz, Gipuzkoa eta Nafarroako kasuak gogora ekarriz. Maddalen Iriartek Bilbon adierazi zuenez, posible delako «politika egiteko beste era bat».