Oier Gorosabel - @Txikillana
Fisioterapeuta eta osteopata

Iktusa

Egunotan euskal komunikabideetan iktusa ahoz aho dabilenez, aspalditxo batean Yone irakurleak egin zigun eskariari helduko diogu gaurkoan. Garuneko hodietako istripuak (teknikoki hori da bere izena) sarri gertatzen dira; EAEn bakarrik, urtero 6.000 bat bider. Ez da gauza berria: gizakiak aspalditik ezagutzen du, eta horren seinale dira historian zehar gaitz hau izendatzeko erabili izan diren beste izenak: perlesia, apoplexia, garuneko infartua, derramea, enbolia... edota «haize txarra», medikuntza garatu barik zegoeneko herri hizkera erabiliz.

Arazoa ulertzea nahiko sinplea da: garuneko zirkulazioa bat-batean oztopatzen da, eta horren ondorioz garunaren zati bat odol jario barik gelditzen da. Honek sintomak oso bizkor dakartza, garunak elikagai asko kontsumitzen baitu (gorputz osoak behar duenaren %25) eta, beraz, haren falta segituan igartzen du. Halere, sintomak asko alda daitezke, kaltetutako garun zati horren tamaina eta kokapenaren arabera. Sintoma larriak ezagunenak badira ere (gorputz erdiaren paralisia, hitz egiteko ezintasuna, bista galtzea...), askoz ere ugariagoak dira sintoma hain larririk ematen ez dutenak; azala txingurritzea, muskuluek indarra galtzea, amnesia, desorientazioa... Horiek guztiak iktus txiki baten seinaleak izan daitezke eta garrantzitsua da garaiz antzematea, azpiko arazoaren abisu baliotsua ematen digutenez; horrela tratamendu egokia ezarri ahal izango dugu, gero iktus handiagoa etor ez dadin.

Izan ere, garuneko hodietako istripuarekin egin beharreko lan garrantzitsuena prebentzioa da. Batzuetan iktusa odol isuri batek eragiten du, baina gehienetan odol korrontean aske dabilen partikula bategatik izaten da (tronboa edo enboloa). Hau arteria gero eta txikiagoetatik bidaiatuz doa, harik eta hodiaren kalibreak aurrera egitea eragozten dion arte; orduan trabatuta geratzen da, eta puntu horretatik aurrerako hodietara ez da odolik iritsiko. Behin hori gertatzen denean, gehienetan egoerak ez du atzera bueltarik: milimetroetako tapoia garunaren barru-barruan dago, eta minutu gutxitan odol gabeziak garunaren zati hori kaltetuko du. Orain hobeto ulertuko duzue gure ahalegin handiena egoera horretara ez iristera zuzendu behar dugula; alegia, tronboa edo enboloa sor ditzaketen faktoreak kontrolatzera: jarduera fisikoa (edo haren falta, hobeto esanda), odolaren presioa, drogak (legezkoak eta legez kanpokoak) eta elikadura, esate baterako.

Behin iktusa izan dugunean, halere, dena ez da galdua. Lehenengo, fase akutuaren ostean gorputzak izaten duen berezko errekuperazioari itxaron behar zaio: orduantxe jakingo dugu zehaztasunez norainokoa den garunean kaltetutako eremua, eta hobetzeko aukerak aztertu ahal izango ditugu. Horrek erabakiko du, neurri handi batean, errehabilitazio prozesuan zein osagile eta espezialistek parte hartuko duten, pazientea, ahal duen neurrian, bere ohiko bizitzara itzul dadin. •

www.abante.eu