Juantxo EGAÑA

1931ko bizikleta-oinezko lasterketa, Donostian

Kutxateka. Fotocar funtsa. Ricardo Martin
Kutxateka. Fotocar funtsa. Ricardo Martin

1931ko otsailaren 1ean, Estatu mailako bizikleta-oinezko lasterketa izan zen Donostian, bigarrenez. Parte-hartzaileek 20 kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten ekaitz giro betean. Lasterkariak Urumea pilotalekutik abiatu ziren eta Bulebarra gurutzatu ondoren, hondartzara jaitsi ziren. Bertan, parte-hartzaile batzuk, bizikletak eskuan hartuta, uretan sartu ziren. Igeldotik eta Donostiako zenbait auzotatik barna pasatu eta gero, helmuga Kursaal parean izan zen. Eusebio Bastida azpeitiarra izan zen irabazlea eta bigarren Joaquin Iturri donostiarra geratu zen, Fortuna Kirol Elkarteko kidea. Handik astebetera bi gipuzkoarrek Parisen jokatutako nazioarteko txapelketan parte hartu zuten. Ricardo Martinek egindako argazkian lasterketako korrikalari bat ikus daiteke, oztopo bezala erabilitako gurdi baten gainetik pasatzen. Epaileek eta ikusleek gertutik segitzen dute kirolaria.