Xabier Izaga Gonzalez
infraganti

BEÑAT GOITIA ETA ADRIAN PUCK

Isturitzetik Etiopiara bidean topatu ditugu, «desparadisura» iritsi aurretik kezkaz beteta, Beñat Goitia musikari eta idazlea eta Adrian Puck DJa, biak ere gasteiztarrak. 2018ko martxoan abiatu zuten «Isturitzetik Etiopian Barrena», tradizioa eta modernitatea zinemarekin, musikarekin eta literaturekin lotzen dituen diziplina anitzeko ikuskizuna.

Aspaldiko lagunak dira. Duela ia urtebete ekin zioten «bidaia» ez da beren lehen elkarlana, aurretik musika talde berean izan baitziren, Beñat gitarra jotzaile eta Adrian soinu teknikari. “Isturitzetik Etiopian Barrena” 2017ko martxoan estreinatu zuten, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean; ondoren, besteak beste, Iruñean, Eibarren, Donostian, Bilbon eta Laudion eman dute. Datorren otsailaren 2an, Zigoitian dute hurrengo hitzordua.

Arantzazuko kanpai hotsak ematen dio hasiera ikuskizunari, obrako pertsonaia bertako apostoluei begira ageri dela. Hasiera-hasieratik erreferentziaz eta keinuz betetako lana da; izan ere, gur egun leku beneratua den Arantzazuko basilika berriaren lanak Donostiako gotzainaren aginduz hainbat urtez geldiarazita egon zirela gogorarazi nahi dute, eta haren ikur nagusia, Oteizaren hamalau apostoluak, areka batean botata.

Ikuskizuna egiteko ideia unibertsitate garaian sortu zitzaion Beñati, Euskal Filologia ikasten ari zela. Bernardo Atxagaren “Etiopia” liburua nolabait literatura deskubritzeko bidea izan omen zuen. «Liburua irakurri ahala, ikuskizunerako moduko testuak zetozkidan burura», dio, «beste diziplina batzuekin uztartu ahal izateko testuak», Atxagaren lan hura indar eta gaurkotasun handikoa iruditu baitzitzaion, eta oraindik ere hala iruditzen zaio berrogei urteko testu hori. Ondoren Joxan Artze idoro zuen, “Isturitzetik Tolosan barru” lanaren bidez. «Dekoraziozko poesiak, grafismoarekin, estetikarekin, ukimenarekin jolasteko era esperimental horrek, beste diziplina batzuetara hurbiltzeko eta beste dimentsio bat bilatzeko aukera ematen zidaten», azaldu du Beñatek.

Gainera, bi liburuok zenbait ildo komun dituztela konturatu zen; esate baterako, bidaia egitura. Atxagarena zirkulutan dago antolatuta, eta Artzerena atalka, «baina egitura aldetik eta gai aldetik badaude zenbait elementu zerbait komuna egiteko aukera eskaintzen dutenak. Estetikoki oso potenteak ziren testu haiek beste dimentsio batera eramatea zen helburua, eta, aldi berean, “Etiopia” gure literaturan mugarri nabarmena denez, gazteei ere helaraztea, nire belaunaldiak ez baitu ezagutzen». Hartara, testuak berreskuratu eta gaurkotasun ukitu berritzaile batekin gazte jendeari eskaintzeko aukera hori baliatu zuen.

Bederatzi zirkulu, bederatzi kezka

“Etiopia” bezala, bederatzi zirkuluk osatzen dute Beñaten eta Adrianen ikuskizuna, bidaia egitura duena. Pertsonaia jaiotzen denetik, lana, erlijioa, beldurra, isiltasuna eta bizitzan zehar topatzen dituen beste zenbait kezka zirkulu banatan lantzen dituzte. «Jaio zara. Munduaren zabalgune izugarrian. Hats bat. Bi hats. Hiru hats (...) Oihanak, basoak, landak eta desertuak igaroko dituzu, bederatzi zirkulutan barrena. Geruza lurtarrenetik infernuaren sakontasunera». Horrela hasten da “Jaiotza” atala, zirkuluetarako sarrera gisa. Halako batean Etiopiara, «desparadisura» iristean amaituko da bidaia.

Lan honetan hiru diziplina uztartu dituzte: ikus-entzunezkoa, musika eta literatura. «Ez da errezitaldi bat, ez kontzertu bat, ezta film bat ere, baina badu hiruretatik zerbait». Zirkulu bakoitza diziplina batekin edo diziplina uztarketa batekin lantzen dute, batzuetan irudiaren eta musikaren bitartez, beste batzuetan hitzaren bitartez, edo irudi hutsarekin, diziplina guztiak konbinatuz. Musika Beñatek interpretatzen du gitarraz, maiz loop delakoa eginez, hau da, oinarri bat grabatu eta horren gainean gitarrarekin «geruzak» eginez. Lortu nahi duten atmosfera sortzeko oinarria Adrianen elektronika da, horren gainean antzezpena eta irudiak agertzeko.

Tradizioa eta modernitatea

Ikus-entzunezkoak, alde batetik Aitor Zarzuelo lasartearrak zuzendutako “Desparadisua” film laburra eta bestetik “Amalur ” eta “El mayorazgo de Basterretxe” filmetan oinarritutako bi muntaiaren proiekzioak dira. Zarzueloren film laburrak lau atal ditu, ikuskizunaren lau zirkulutan proiektatzen direnak. Beste bi filmetatik hartutako zatien bidez lanaren eta erlijioaren gaineko gogoetak egiten dituzte, aldi berean zinema kostunbristari keinu bat eginez. Filmetako audio batzuk sampler bezala jaurtiz denboran atzera jotzeko programazioak osatzen dituzte. Elektronika oinarri duen atmosferan tradizioaren eta modernitatearen arteko lotura egiteko asmoz erabili omen dituzte film horiek. Behin atmosfera hori sortuta, errezitatzen hasten dira. Elektronika beti kantuaren zerbitzuko dagoela diote, kutsu tradizionaleko kantuak osatzeko oinarri erritmiko gisa.

Laugarren zirkuluan, ordea, isiltasuna da nagusi, Jon Cageren “Lau minutu eta hogeita hamahiru segundo” bideoa ikusgai dagoela, denbora bereko isiltasuna, hain zuzen. Denbora hori igarota, isiltasuna hautsi eta isiltasunaren gaineko gogoeta hasten da.

Testu gehienak Beñatek idatziak dira, baina obrak oinarri dituen liburuetako zenbait testu ere baliatzen dituzte.

Berrogeita hamar minutuko iraupena du “Isturitzetik Etiopian barrena” ikuskizunak. «Oso trinkoa da eta arreta handia eskatzen du», diote, baita kontu abstraktuak direnez ikuskizunak trinkoa izan behar duela ere, testu gutxikoa eta erritmo bizikoa. Geldiune bakarrak zirkuluen artekoak dira, «arnasa hartzeko». Gai guztiek dute ukitu sentsoriala. Baten batek esan die ez duela ulertu; «gertatzen da ohituta gaudela dena ulertu behar izatera, baina ez da dena ulertu behar». Ulertzen ez dugunaren eragin nabarmena lortzea dute helburu, alderdi sentsorialaren eragina, hain zuzen.

Montauk

Beñat Montauk musika taldeko kide ere bada, Gorka Etxebarria, Urko Urzelai eta Aitor Garcia de Vicuñarekin batera. Montauk, Goitiak dioenez, Adrian Puckekin antzezten ari den ikuskizunaren bide beretik doa. «Musika banda da eta kantuak egiten ditugu, baita diskoak kaleratzen ere, baina estetika aldetik bide berdinetik doala uste dut». Banda literarioa da, eta publikoarengan antzeko sentsazioak eragiten dituztela uste du. Letrak ez omen dira ulertzeko eginak, «sentsorialagoak baizik», batzuetan entzuleak esan dezan: «ez dut ulertu, baina halako kezka gogorarazi dit». Testuak garrantzi handia du taldearen abestietan. Beñatek idazten ditu letrak eta musika.

Taldearen izena Ramon Saizarbitoriaren “Martutene” eleberria irakurritakoan hautatu zuten, haren erreferentzia nagusi den Max Frischen izen bereko obraren izenburua baita. 2016ko martxoan “Bilaketan” diskoa kaleratu zuten, izenburua irakurrita azalpen handirik behar ez duena, eta hurrengoa otsailean edo martxoan grabatuko dute. Bilaketa haren ostean, bi urteotan taldearen izaera nolabait definitu dela dio Beñatek, eta hurrengo diskoa «ingelesagoa» izango dela uste du.

Ezin bukatu lerrook artista gasteiztarroi bidaia arina izan dezaten opa izan gabe. •