Mirari Martiarena

Gutuna

Kaixo. Zer moduz? Badakit ia urtebete pasa dela idatzi zenidanetik. Mahai gainean dut bidali zenidan azken gutuna, egunero erantzutekotan. Ez baitut aurrekoekin gordetzen, erantzun artean, eta hortxe dago, sukaldeko mahai gainean. Batzuetan faktura artean nahasturik eta besteetan bista-bistan.

Egunerokoan presente izan zaitut eta askotan pentsatu izan dut: «hau idatzi behar diot, eta beste hau ere bai».

Oraindik ez dizut kontatu lana utzi nuela eta abentura berrietan nabilela. Ia lau urteren ondoren zure herriko festetan eta ferietan izan nintzela. Ez naizela aspaldian mendira joan eta ez dudala argazkirik zuri bidaltzeko. Ez dugu azken Bertsolari Txapelketako porrarik egin, ez dakit nor zen zure faboritoa ere. Aix, a ze desastrea!

Gaur Bilbora etorri gara, badakizu, urteroko hitzordua izaten da giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde. Zuen alde eta zuengatik. Neguko hotzean berotu ditugu Bilboko kaleak, berotu ditugu bihotzak eta azkena izan den esperantzan bueltatu gara etxera. Aurten “Prest!” gaudela aldarrikatu dugu eta ez dugula motxiladun haurrik nahi.

Zer moduz dago zuen ttikia? Koxkortzen ariko da honezkero, ezta? Seguru bisitako ordu guztiak lerdea darizula pasatzen dituzula. Gustura ikusiko nuke zure aurpegia!

Hurrengo gutunean igorriko dizkizut kontu gehiago. Hartu besarkada estu-estu bat. •