Maddi Txintxurreta Agirregabiria

IRAGANARI HAUTSA KENTZEN

Proiektors ekimeneko Aitor Alberdi, Etor Larrañaga eta Jesus Mari Agirre hainbat ganbara edo tiraderatan ahaztuta dauden etxeko pelikula eta proiektore zaharrak bildu eta konpontzeaz arduratzen dira, ondoren bildutako materialarekin erakusketak atontzeko. Etxeko pelikula zaharrak erreproduzitzen dituzte erakusketotan, iragana eta orainaren arteko zubia eraikiz.

Virginia Arakistain
Virginia Arakistain

Zeluloidezko 8 mm-ko pelikula Super 8 proiektorearen bobinan harilkatu, proiektorea martxan jarri, eta makinaren zaratarekin batera irudian ageri dira Leintz Gatzagako antzinako kaleak. Orain etxeak dauden tokian, ganadu-larreak egon ziren behin. Ikusle batek bere burua ikusi du iruditan, gazte zendu zen arrebarekin dantzan. Beste batek, publikoko gazteenak, jendearen janzkerari so egin dio: a ze piura zeukaten garai bateko herrikideek!

Gatzagarrek duela hiru urte Proiektorsek sortutako “Apodaka” film laburrean gazte ikusi zituzten bai beraien buruak bai aitona-amonak bai herriko kaleak. Zeluloidearen usainak eta makinen zaratak Leintz Gatzagako parrokia hartu zuten.

Leintz Gatzagako “Hustu ganbarak” ekimenaren bueltan, Antonio Fernandez Apodakaren pelikulak aurkitu zituzten Aitor Alberdi bergararrak eta Ander Larrañaga gatzagarrak, eta “Apodaka” izeneko film laburra sortu zuten erreskatatutako irudiekin. Herriko elizan proiektatu zen, eta harrera ona eman zioten gatzagarrek. Alberdik historia du zaletasun, eta irudizko dokumentu zaharren bila jarraitu zuen geroztik. Geroxeago, Jesus Mari Agirre eibartarra batu zitzaion, proiektore zaharrak konpontzen artista dena. «Bere zaletasuna eta nirea batuta, eta ‘Apodaka’-k izan zuen harrera ikusita, erabaki genuen aurrera jarraitzea ekintza honekin», dio Alberdik.

Aitor Alberdik kontatu du urteetan pilatu zituzten proiektore eta filmekin erakusketa bat sortzea erabaki zutela, «jendearen eta udalen» arreta pizteko xedez. Hor sortu zen Proiektors, eta hirugarren hanka batu zen ekimenera, Etor Larrañaga.

Horrela, Aitor Alberdi eta Etor Larrañaga bergararrek eta Jesus Mari Agirre eibartarrak Proiektors osatu zuten, aurkitu eta konpondutako proiektoreak baliatuta familiek ganbaretan erreproduzitu ezinik hautseztatuta dituzten zeluloidezko filmak berreskuratzea helburu duen ekimena.

Aurkitutako proiektoreak bide ezberdinetatik lortu dituztela dio Aitor Alberdik: «Batzuk elizetan aurkitu ditugu, beste batzuk eskoletan edo etxeetako ganbaretan». Proiektoreak maneiatzen maisua da Jesus Mari Agirre. Etor Larrañagak dio taldeko «altxorra» dela: «Bere funtzioa oso garrantzitsua da, makinista moduko bat da; hau da, gure erakusketa martxan jartzen du, eta, era berean, erakusten ditugun makinak konpontzen ditu». Agirreren artisau-lana ederki osatzen du binomio bergararrak. Proiektua bultzatu, mugitu eta garatzen dute. «Ekoizpen artistikoa ere egiten dugu: erakusketaren diseinua eta irudi artistikoa pentsatzen ditugu», dio Larrañagak.

Erabilera domestikoko proiektoreen ahanztura ekarri zuten BetaMax eta VHS sistemen garapenak, eta, hortaz, zeluloidezko pelikulak ezin dira erreproduzitu antzinako proiektore barik. «Bat-batean mozketa ebolutibo bat gertatu zen, eta hamar urte baino gutxiagoan proiektoreak eta garai bateko kamerak gure eskuetatik desagertu ziren», esplikatu du Larrañagak.

Orain, hogeita hamar urte geroago, Proiektors informazio domestiko eta anonimo horri bide ematen ari da, Jesus Mari Agirrek berreskuratutako proiektoreak baliatuta. «Lortu dugu zeluloidetik digitalera pasatzea. Bidea traketsa da, gu esploratzaile modukoak gara: pelikulak dituen jendea aurkitzen dugu, eta kontziente egiten ditugu beraien etxean gordeta dagoen horrek jendarte batendako daukan balioaz», esan du Etor Larrañagak.Bide horretan, Euskal Filmotekaren babesa dute, pelikulak bertara jasotzen baitituzte.

Iragan urteko ekainean, Plentziako Mikrofilm Short Festival jaialdiak deituta erakusketa eratu zuten, eta Plentziako udalarekin elkarlanean deialdi bat antolatu zuten herritarrek ganbaretan gordeta zituzten filmak jaso eta ondoren festibalean proiektatzeko. Hortik aurrera hasi zen Proiektors garatzen. «Jendeak erakusketa ikusi zuenean jakin zuen ganorazko lana zela eta pelikularen bat zuela esatera hurbildu ziren. Hor hasi ginen film-sortak jasotzen», dio Aitor Alberdik. Familia batek hamar pelikula eman zituen, beste batek hogei. Orotara, Proiektorsek bere ibilbide guztian ia 300 pelikula eta 50 proiektore inguru bildu ditu.

Oroimenen islak

Proiektorsek hiruzpalau eguneko erakusketak antolatzen ditu normalean, zeintzuetan proiektore desberdinak ikusgarri egoten diren. Alabaina, egun handi bat izan ohi da erakusketaren barruan, guztietan dinamiko eta sentikorrena. Egun horretan, ateak itxi, argiak itzali, proiektoreak piztu eta irudiak bonbardatzean ezein ikusle geratzen da hotz.

Proiekzioak ekiterakoan sentimendu ugari azaleratzen direla diote bergararrek. «Jendeari zerbait mugitzen zaio barruan. Sentimenduak sortzen dira, eta horien gainean daude heriotza, aldaketak, sorrerak», esan du Alberdik. «Irudi hauek ikusi eta gero, ez gara berdinak izango. Nik ez badut ezagutu garai hura, ikus-entzunezko hau ikusi ondoren pertsona osatuagoa naiz, badakit ibiltzen ditudan kale horiek orain urte batzuk beste era batera egituratuta zeudela», dio Larrañagak.

Iaz, Tabakalerako Elias Querejeta Zine Eskolaren inauguraziorako antolatutako erakusketaren baitan emanaldi dinamikoa muntatu zuen Proiektorsek, zinema eskolak hala eskatuta. Gune analogikoko lau aurpegidun zutabe bateko alde banatan proiektatu zituzten irudiak 16 eta 8mm-ko lau proiektore martxan jarrita, eta ikusleek zutabearen bueltan kurritu zituzten irudien islak. Etor Larrañagaren esanetan, «karrusel» moduko bat sortzea zen ideia: «Lehengo zinearen xarma bat zen molestatzea. Gaur egun dena oso goitik proiektatzen digute, pertsona bat altxatzen bada ez du eragiten irudian, lehen bai».

Baina Proiektorsen erakusketak ez dira irudizkoak soilik. Ikusi, usaindu, ukitu eta entzun egiten dira. Pelikula bobinan biratzen hasten denean, tentsioa sortzen da zeluloidea erreko ote den beldurrez, usaindu egiten da frikzioa, makineria zarataka hasten da. «Horrek guztiak atmosfera berezi bat sortzen du. Ez da gaur egungo play-a. Gauzak moztu, apurtu egiten dira», dio Larrañagak. Akatsaren aldarrikapena artelan kasik perfektua izan daiteke.

“Apodaka” film laburrean iragana orainarekin nahastu zuen Proiektorsek, antzinako irudiei musika garaikidea jantzita; eta horrela diraute, denbora-lerro hauskorrean trapezista. Oroitzapenak ia ukigarri agertzen dira proiekzioetan. Irudiek hartzailearengan sortzen duen inpaktua oso indartsua dela azaldu dute Proiektorsekoek, argazki estatikoetan ikustera ohituta gauden pertsonak mugimenduan ikusteak «bizitza gehitzen diolako bizirik dagoenari».

Etxeko filmak jasotzen ditu Proiektorseko hirukoteak, baina, etxekoak izanagatik, ez daude historiaz kamuts. «Jaso dezakegu irudi bat non agertzen den familia bat bazkaltzen, eta agian lehen begiradan ez dauka interes orokorrik; bai, ordea, bazkaria filmatzen ari den pertsona hori balkoira ateratzen bada eta herriaren plano bat azaltzen bada, hor ikus dezakegu nola aldatu diren kaleak», dio Larrañagak. Eta Aitor Alberdik gehitu du: «Agian, gainera, familia bazkari horretan ikus ditzakegu nolakoak ziren garai bateko ohiturak, eta oraingoekin alderatu».

Hala ere, jaso dituzte baita eszena esanguratsu batzuk, etxeko grabaziotatik harago doazenak. Esaterako, diktaduraren garaiko pertsona garrantzitsu batek Euskal Herrira egindako bisitaren irudiak, non ikusten den norbaitek pertsonaia oso gertutik grabatzea lortu zuela. Horrez gain, Pablo VI.a Aita Santua agertzen den 60ko hamarkadako filmazio bat ere badaukate. Alabaina, dokumentu horiekin tentuz ibili behar dela kontziente da hirukotea.

Proiektorsen erakusketak ikusten dituztenen artean, adinak eragin handia dauka irudiak jasotzerako moduan. Zaharrak gogoratu egiten du, nostalgiaz oroitzen ditu behin ibilitako kaleak eta lagun zituen pertsonak. Gazteak ikasi egiten du, kuriositatea eragiten dio.

Aurrera begira

«Hazia bota dugu, loratzen hasi da, baina loraldia indartsuagoa izatea nahi dugu», esan du Larrañagak. Proiektorsekoak beraien sorkuntzak ezagutarazteko egarri dira. Pelikula gehiago topatzen eta erakusketa zabaltzen jarraitzeko grina daukate, eta zinema festibaletako osagarri moduan edo ikus-entzunezkoekin lotura duten edozein ekimenetan parte hartzeko prest daude. Horretarako, ateak jotzen jarraitzeko asmoa agertu du hirukoteak.

Badituzte ideia batzuk buruan bueltaka, aise bobinen bueltan ikusi nahiko lituzketenak. Esaterako, Eibarri buruzko dokumental bat daukate eskuartean, baita “Turnoka” fikziozko film laburra ere, jada edizio lanetan daukatena. “Turnoka”-rako, Proiektorseko taldera Asier eta Eneko Balzategi DJ eta musika sortzaileak batu dira, baita kamerari eta irudi artistiko lanak egin dituen Ander Larrañaga ere. Film laburra udaberrirako prest izatea espero dute.

Proiektorsek hazten jarraitzeko proiektore eta zeluloidezko filmen bilketaren beharra dauka, baita erakusketak antolatzeko kontratazioena ere. Horregatik, deialdia egin diete etxean iragan zati bat daukatenei zein erakusketa bere herrira eraman nahi dutenei, beraiekin harremanetan jartzeko proiektors@gmail.com helbidean.