Ainara Lertxundi

«ZORIGAIZTOKO URTEA» HAURRENTZAT

Munduan dauden gatazka egoeretan, haurrak erasoen jomuga bihurtu direla salatu du Unicefek. 2017 «zorigaiztoko urtea» izan zela nabarmendu zuen urteko balantzea egitean. Eskubide urraketen zerrenda luzea da: aire erasoak, desnutrizioa, lurreko minak...

Amaitu berri den urtearen balantzea egitean, Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak (Unicefek), gatazka armatuak eta gerrak pairatzen dituzten zonaldeetan bizi diren adin txikikoentzat 2017 «amesgaiztoko urtea» izan zela salatu zuen. Umeen kontrako erasoak eta ekintzak biderkatu ziren. Aire erasoen, derrigorrezko errekrutatzearen edo sexu biolentziaren biktimak izateaz gain, giza ezkutu gisa erabili zituzten hainbat herrialdetan. Pertsonen kontrako minen edo eztanda egin gabeko lehergailuen ondorioz, mutilazioak ere jasan zituzten askok.

«Haurren kontrako erasoen eskala izugarria izan zen iaz, aktore armatuek muzin egin baitzioten Nazioarteko Zuzenbideari eta ez zituzten inondik inora errespetatu haurren eskubideak bermatzen dituzten legediak», nabarmendu zuen Unicefek.

«Sirian, Iraken, Yemenen, Myanmarren, Hego Sudanen, Nigerian, Kongoko Errepublika Demokratikoan, Ukrainan... eraso basatien jomuga izan ziren. Etxean, eskolan nahiz jolastokietan biolentzia izugarriaren lekuko izan ziren. Horrelako egoerak urtero errepikatzen badira ere, ezin gara horietara ohitu. Ezin ditugu begiak itxi eta beste alde batera begiratu. Horrelako basakeriak ezin dira normaltzat hartu», plazaratu zuen Larrialdietako Programaren zuzendariak, Manuel Fontainek.

Hildakoen edo zaurituen zifrak dira gehien kontuan hartzen diren adierazleak gatazka armatu baten inpaktua baloratzerakoan. Baina, badira beste batzuk, hala nola desnutrizioa, gaixotasunak eta traumak. Oinarrizko zerbitzuak –ur edangarria, janaria, osasuna, saneamendu sarea…– ukatzen zaizkie etengabe eta denbora luzez.

Yemen, gosetearen eta eritasunen artean

Duela bi urte baino gehiago hasi zen gerraren eta geroztik Saudi Arabiak zuzentzen duen aliantza militarrak ezarri duen blokeoaren ondorioz, 1,8 milioi ume gaizki elikatuta daude gaur egun Yemenen. Haur horietatik, 400.000k desnutrizio larria pairatzen dute eta urgentziazko tratamendua behar dute bizirauteko. «Urte beldurgarria izan zen. Abenduan soilik hildakoen edo zaurituen artean 80 haurretik gora egon ziren», plazaratu zuen Yemenen Unicefek duen ordezkariak, Meritxell Relañok. Duela gutxi, «hezur eta azal» besterik ez ziren ama bat eta bere 7 urteko semea ezagutu zituen Adeneko ospitale batean.

«Erietxera lehenago zergatik ez zen joan galdetu nion. Autobusaren bidaia txartela ordaintzeko adina diru ez zuela erantzun zidan. Izugarria da familien baliabide eskasia», kontatu zuen Relañok Yemengo egoera lazgarriaren adibide gisa. Haren hitzetan, «benetako heroiak herrikideei laguntzen dieten yemendarrak dira».

Gerra hasi zenetik mila egun bete zirenean, Unicefek, Osasunaren Mundu Erakundeak (OMEk) eta Munduko Elikadura Programak (MEPek) Yemengo egoera ikaragarria dela ohartarazi zuten. «Egoera katastrofikoa da. Zibilek pairatzen duten sufrimendua pentsaezina da», nabarmendu zuten. Lau yemendarretatik hiruk laguntza humanitarioa behar dute eta hamasei milioi herritarrek ez dute ur edangarririk.

«Mila familiak eta gehiagok beren etxea utzi behar izan dute muturreko biolentzia dela-eta. Yemendarrek mila egun daramatzate ondo elikatzeko janari eta edateko ur nahikorik gabe. Mila egun horietan, ospitale eta eskolei airez eraso diete. Umeak borrokatzeko derrigorrez errekrutatzen ari dira, gaixotasunak eta heriotza eguneroko zerbait bihurtu dira. Yemengoa mundu mailan egun dugun krisi humanitario larriena da», plazaratu zuten Nazio Batuen menpe dauden hiru erakundeek. Biztanleriaren %75 laguntza humanitarioaren beharrean dago, horien artean 11,3 milioi haur.

Yemenen dauden osasun etxeen erdiak baino gutxiago daude erabat irekita, eta medikuak hilabeteak egon dira soldatarik jaso gabe. «Hau da dakiguna. Benetako balantzea okerragoa izan daiteke, zeren komunitate batzuetara ez dugu sarbiderik eta, beraz, ez dakigu bertako egoera zein izan daitekeen. Herrialdeak inflexio-puntua pasa du jada, krisialdia gero eta sakonagoa den hondamendi egoera bihurtu da», esan zuten OMEko, Unicefeko eta MEPeko zuzendari orokorrek, Tedros Adhanom Ghebreyesusek, Anthony Lakek eta Davi Beasleyk, hurrenez hurren. Erregaiak premiazkoak dituzte. Ospitale askok itxi egin behar dute ez dutelako erregai nahikorik. Hiru milioi pertsonarentzako ur hornidura bermatzen duten ponpaketa sistemak erregairik gabe gelditzen ari dira eta ur edangarriaren salneurria sei aldiz biderkatu da. Herritarren bi herenak baino gehiago muturreko pobrezian bizi dira.

Rohingyen ihesaldia Myanmarretik

Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) erakundearen arabera, abuztuaren 25az geroztik 640.000 rohingyek Bangladeshera ihes egin dute, biolentzia dela-eta. Myanmarreko Armadak gutxienez 7.000 zibil hil ditu. AIk eta HRWk salatu dutenez, soldaduek ehunka herrixkari su eman diote, erabat edo hein batean txikituz.

Bangladesheko Kutupalongeko eta Nayaparako kanpalekuetan eta Ukhian nahiz Teknafyn zabaldu diren egonleku informaletan bizi diren 1.700 haur baino gehiagoren osasuna aztertu du Unicefek. Ondorioak benetan kezkagarriak dira. Bost urte baino gutxiago dituzten haurren %25ek malnutrizio zorrotza dute eta erdiek anemia. Behar bezala elikatuta daudenen kopurua %16 baino gutxiago da. Horrek ondorio nabarmenak ditu beraien garapen fisikoan eta psikologikoan. %40k beherakoa dute –adin horretan heriotza gehien eragiten duen gaitzetako bat da– eta %6ok arnasbideetako infekzioak dituzte.

Sei hilabete baino gutxiago dituzten umetxoen artean, %30k ez dute ama esnea hartzen. Emakume askok ez dute bularra emateko esne nahikorik, jasan duten muturreko estresaren eta traumaren ondorioz.

Iheslariek ilara luzeak egin behar dituzte komunera joan ahal izateko. Hori dela eta, askok zelaietan egiten dute kaka, infekzioak hedatzeko arriskua areagotuz. Ur edangarria eskuratzeko, ibilaldi luzeak egin behar dituzte egunero eta ezin dute eskolara edo dauden jolastoki bakarretara joan.

Nazio Batuetako agentziek koleraren kontrako 900.000 txerto banatu dituzte, eta 450.000 haurrei elgorriaren eta errubeolaren kontrako txertoa jarri diete. Egun, difteria izurritea ekiditeko txertaketa kanpaina ipini dute abian. «Ihesaldian irudikatu ezinezko sufrimendua pairatu ostean, orain osasun publiko gabeziari aurre egin behar diote haurrek. Sektore ahulena da eta desnutrizioak, beherakoak eta infekzioak ahultasuna areagotzen dute», nabarmendu zuen Unicefek Bangladeshen duen ordezkariak, Edouard Beigbederrek.

Ukraina, lurreko minen arriskua

Ukrainaren ekialdean, 220.000 ume eztandarik egin gabeko pertsonen kontrako lurreko minen eta bestelako lehergailuen artean bizi dira. «Onartezina da haurrek duela gutxira arte segurtasun osoz jolas egiten zuten guneak orain lehergailuz josita egotea. Gatazkan parte hartzen duten aktore guztiek arma mota horiek erabiltzeari uko egin beharko liokete. Komunitateak arriskuan jarri dituzte; umeak hiltzeko edo zaurituak izateko arriskuan daude; lurreko minek edozein momentutan eztanda egin dezakete eta», plazaratu zuen Unicefeko bozeramaileak herrialdean, Giovanna Barberisek.

Iazko urtarrilaren eta azaroaren artean, astero haur bat hil zen, lurreko minak arrazoi nagusietariko bat izanda.

Oinarrizko azpiegiturak –ura, elektrizitatea eta gasa hornitzen dituztenak, esate baterako– ere kalteak jasateko arriskuan daude. Abenduan, Donetsken, ura filtratzeko biltegian lehergailu bat antzeman zuten. Biltegi horri esker, 350.000 pertsonak ur edangarria dute. Dashak 17 urte ditu. Ukrainako ekialdean bizi da. Aire erasoak daudenean, familiak duen sotoan babesten dira. Kieveko gobernuaren kontrolpean dauden eta ez dauden zonaldeak banatzen dituen «borroka lerroan» kokatuta dago bere herria.

600.000 zibil bizi dira «borroka lerrotik» bost kilometro baino gutxiagora. Errefuxiatuentzako Norvegiako Biltzarrak (NRC) salatu duenez, oinarrizko zerbitzuen gabezia orokortu egin da. Donbasseko biztanleriaren egoera sozioekonomikoak nabarmen egin du okerrera eta, jada, 1,2 milioi pertsonak elikagai gabezia dute. Negu gordinean ez dute ondo elikatuta egoteko jaki nahikorik eta baliabide urriak bero mantentzeko tresnak ordaintzeko erabiltzen dituzte.

«Negua oso luzea eta gogorra da. Etengabeko borrokak direla-eta, herritarrek ezin dute merkatura joan janaria eta erregaiak erosteko. Egoera askoz okerragoa da adineko pertsonentzat eta gutxituentzat», helarazi zuen NRCko zuzendariak Ukrainan, Christopher Mehleyk. Herri askotan ez dago gas horniketarik eta herritarrak egurra eta ikatza erabiltzera behartuta daude zero azpiko tenperaturari aurre egin ahal izateko. «Ikatz tona bat jasotzen dudan pentsioa baino lau aldiz gehiago da. Neguan, hiru tona ikatz behar ditut, baina ezin ditut ordaindu. Lurreko minak direla eta, ezin gara basora joan egurra hartzera», azaldu zuen Yuriik. «Borroka lerrotik» sei kilometrora dagoen Druzhba herrian bizi da. Gatazkak 4,4 milioi pertsonari eragiten dio, eta horietatik 3,4 milioi pertsonak laguntza eta babesa behar dute. Gerraren hasieratik 2014. urtean, 10.000 pertsona hil egin dira, horien artean 2.500 zibil, eta 1,5 milioi pertsonak baino gehiagok beren etxeak utzi dituzte.

Afrikako herrialdeetan

Kongoko Errepublika Demokratikoaren (RDC) ekialdean, Tanganyikako eta Hego Kivuko probintzietan, milioi bat lagunek baino gehiagok, horietatik 700.000 adin txikikoak, ihes egin behar izan dute biolentzia etnikoaren ondorioz. Batzuk behin-behineko kanpalekuetan daude, beste batzuk, berriz, harrerako familietan. Estutasunez bizi dira.

Gatazka etnikoez gain, kolera izurritea dago 21 probintziatan –RDCak 26 probintzia ditu– . «Herritarrek pairatzen duten sufrimendu mailak egunero marka berria hausten du», aditzera eman zuen Nazioarteko Gurutze Gorriaren Federazioak.

Nigerian eta Kamerunen Boko Haram talde armatuak 135 ume ekintza armatuetan esku hartzera behartu zituen. Hego Sudanen, ekonomiaren gainbeherak gosetea eragin du hainbat zonaldetan eta 19.000 beraien borondatearen kontra errekrutatu dituzte. Duela lau urtetik hona, 2.300 haur baino gehiago hil dira liskarretan.

Afrika Erdiko Errepublikan, Unicefek «belaunaldi oso bat bizi osorako traumak pairatzeko arriskuan dago. 2017 bereziki gogorra izan zen emakumeentzat eta haurrentzat. Ez dute hezkuntzarik, ezta osasun zerbitzurik ere. Biolentzia bortitzaren lekuko dira».

Eskolen %20 itxita daude segurtasun eza dela eta zabalik daudenetan irakasle gutxi daude. Unicefek behin-behineko 50.000 eskola ahalbidetu ditu eta talde armatuetatik alde egin duten 1.900 haurren zaintza bere gain hartu du.