Maite Ubiria

Alferrikako egitasmoekin tematzea ez da «in»

Emmanuel Macronek bost hamarkadaz luzatu den gatazkari irtenbidea eman dio. Bretainiako Notre-Dame-des-Landes herrian aireporturik ez dute eraikiko. Ezin da ziurtzat eman, ordea, hautu horrekin frantziar presidenteak berehalako etekinik lortuko duenik. Inkestek ez dute betarik uzten ganant-ganant formula plantan eman duela argudiatzeko afera honetan. Gauzak horrela, galderak berehala datoz: zergatik eman du gehiengo zinez erosoa duen mandatariak garaian eginiko erreferendumeko emaitzari bizkarra emanez NDDL makroegitasmoa behin betiko lurperatzeko agindua? Nolatan izan du eskubide sozialen eta lan eskubideen aurkako oldarraldia martxan eman duen estatuburuak botere izugarria duen Vinci enpresarekin izenpetutako “betoizko kontratua” hausteko atrebentzia? Zalantza horiek eta beste anitz mahai gainean ezar daitezke. Alta, erantzunak ematea ez da galdera ikurrak barreiatzea bezain sinplea.

Argibide bila, 2017an Estatu frantsesean gertatu zen lurrikara politikoari begirada iraunkorra, tarteka saminduraz betea, eskaini dion egile bati irakurri berri diodan tribunari helduko diot. Jarduera politikoen dimentsio kulturalak aztertzen dituen Gaël Brustierrek flashback egin eta iazko ur-goraldiak utzitako arrastoari buruzko gogoeta argitaratu du Slate.fr magazinean (https://goo.gl/PgwNDn).

Jean-Marie Colombanik, “Le Monde” egunkariko zuzendari ohiak sorturiko argitalpen digitala, gaur-gaurkoz, Rothschild taldeak kontrolatzen du. Alderdi Sozialistaren bilakaera ikusita, ez da oso zaila antzekotasunak aurkitzea. Idazlea bera Jean Jaures Fundazioren laguntzailea da, hain zuzen «erradikaltasun politikoak» aztertzeko sorturiko taldeko kidea. Azalpenak ematen dituen ikertzaileak, bere burua frantziar sistema politikoaren ertzean kokatu baino, establishment-aren bihotz taupadak ongi entzuten diren eremutik heltzen dio gogoetari. Podemosen gainbehera bere tesia sendotzeko baliatuz, Brustierrek argiki adierazten du Estatu frantsesean 2008ko krisiarekin batera zabaldu zen aukera leihoa ixtear dela. Ikerlariak ohartarazi duenez, «horrek ez du esan nahi krisia gaindituta dagoenik, baizik eta horrek utzitako panorama finkatzeko bidean dagoela». Horrek azalduko luke, bere ustez, proiektu zentrista baten eramailea ez izanik ere, Macronek zentralitate politikoa hain azkar okupatu izana.

Esanguratsua bada macronismoari horrelako sendotasun labela ematea, nork eta sozialisten ezkerraren zaindaritzat har daitekeen analista batek. Egilearen tesiari so eginez gero, alderdien krisiaren gainean botere-autoritate-estatu «errestaurazio» prozesua abian litzateke. Ikuspuntu ezkor horrekin bat egin gabe ere, agerikoa da NDDLko aireportuko dosierra kitatzerakoan Macronek termino estrategikoetan jardun duela. Hollanderen luzabideak zein Sarkozyren presazko apustuak baztertuz, «ondorengoari konpondu gabeko arazoak uzten ez dizkion» presidentearen izaera eraiki nahi du. NDDLri, AHTri edo 2025ko Erakusketa Unibertsala antolatzeko hautagaitzari muzin eginez, hainbat alferrikako egitasmo ez direla in deliberatu du Macronek. Aldiz, auzi politiko zaharren kasuan (Korsika, Euskal Herria...) erabakimen berarekin inertziak haustera jokatuko du edo, bere aurrekoek egin bezala, herrien borondate demokratikoa bere agenda erreformistatik out utziko du? •