Maider Iantzi Goienetxe
Elkarrizketa
Mitxelko Uranga
«Eoskola» liburuaren egilea eta irakaslea

«Denok nahi dugu seme-alabak autonomoak izatea, baina ez diegu uzten»

Eskola enpresarekin konparatzen du: irakaslea saltzailea da (edo pailazoa), ikasleak produktuak eta gurasoak bezeroak. Kritika darabil gauzak aldatzeko.

Mitxelko Urangaren ustez, eskolak oskola dirudi gero eta gehiago, irakasle eta gurasoek ume eta gazteak babesten dituztelako. Beti erraten da autonomian trebatu behar direla ikasleak, baina 1978an Berangon jaiotako filosofo honek dio burbuilan denbora luzean edukita kontrakoa lortzen dela, mendeko bilakatzea. Bera Batxilergoko irakaslea da eta bertan ikusten du behin burbuilatik ateratzen direnean frustrazio handia bizi dutela gaztetxoek. «Olentzeroren iruzurraz ohartzerakoan jasotzen duten zaplaztekoaren antzekoa jasotzen dute».

«Izan daitezela zoriontsu, ahalik eta luzaroen. Zaplaztekoa ahalik eta beranduen hel dadila, indar handiagoarekin bada ere», pentsatzen dute gurasoek.

Txiki-txikitatik errealitatea nolakoa den azaldu beharko genieke umeei. Txikitan ere arazoak suertatzen zaizkie eta horien aurrean ezin da esan «ez da ezer gertatzen» eta atzetik konpondu. Haurrek beraiek ere kudeatu behar dituzte arazoak. Apodakaren hitz batzuk erabiltzen ditut zentzu horretan: denok nahi dugu gure seme-alabak autonomoak izatea, baina, paradoxikoa bada ere, ez diegu uzten. Autonomia jendartean, gatazketan lortzen da. Errealitateari aurre egiteko tresnak ahalik eta azkarren garatu beharko lituzkete haurrek. Irakasleek horretan lagundu behar diete, bidean ez galtzeko.

Irakaslearen funtzioa gidari izatea da zure iritziz.

Margaret Meaden antropologiari helduz, bizi dugun garaian ez dago gidaririk. Onartu behar dugu ume eta gazteek ez dutela inor nahi gidaritzat; beraien bidea egin nahi dute beraien artean. Baina nabarmen ikusten da “gidari” bat behar dutela. Ez adoktrinatzen, bezatzen edo hezten duen gidaria, baizik eta aholkulari lanak egingo dituena, arriskuak saihesteko. Modan dago teknologiekin umeari bere kabuz bilatzen uztea. Noam Chomskyk oso argi dio: hori litzateke biologian tesia egin nahi duenari esatea bezala «hor daukazu Oxford Unibertsitateko liburutegi osoa, arakatu». Zentzugabea. Interneten egia, gezur eta egia-erdi asko dago. Informazioa bilatzean ez badaukazu tresna nahikorik edo lagunduko dizun gidaririk, arriskua dago edozein informazio hartzeko, puzzle bat osatzeko eta teoria erabat irreala garatzeko. Gero eta gehiago gertatzen zaigu.

Teknologia berriak, arazo berriak?

Deigarria da Silicon Valeyn teknologia berrien guruek beren kimuak, seme-alabak, eskola analogikoetan matrikulatzen dituztela. Horretan bat datoz, ni ere bai. Zera argudiatzen dute: teknologia berriek lagundu dezakete, baina kalte handia ere egin dezakete. Seme-alabak ditugunok ikusten dugu tablet bat uzten badiegu jolasten orduak eman ditzaketela, eta horrek pasibo izatea ekartzen du. Aldiz, eskola analogikoetan, psikomotrizitatea lantzen da, eskuak, sormena… Heziketa askoz aktiboagoa da. Sortzaileak edo artistak sortu nahi baditugu, ezinbestekoa da analogikoetara ere jotzea. Ez dut esan nahi hautua bat ala bestea denik, baina ematen du soilik teknologien bidez konpon daitekeela heziketa sistema eta ez da egia. Orain moda hori da, baina iraganean ere gauza batzuk ondo egin ziren eta horiek ere berreskuratu beharko genituzke.

Teknologia neutroa da, mailua bezala.

Chomskyk dioen bezala, mailuak berdin-berdin balio du etxe bat eraikitzeko zein suntsitzeko. Askotan entzuten dugu teknologia berrietan ere gaitasunak garatu behar ditugula. Ni horrekin kritikoa naiz. Teknologia berriak jada gizartean daude eta ikasleak irakasleak baino prestatuago datoz. Beste batzuetan plazeboa edo iruzurra ere bada, ikastetxe batzuetan teknologia berriak sartzeak esan nahi baitu soilik proiektore bat erabiltzen dela. Egunkarian irakurtzen nuen irakasle batzuk saritu zituztela berritzaile izateagatik eta ikusten nuen baten berrikuntza zela klasean bere ohiko txapa bota beharrean bere burua grabatu eta gero Youtuben jartzen zuela. Non dago berrikuntza? Bitartekoa aldatu da, baina txapa bera da. Bestetik, irakasle asko ez dago prestatuta ikasleak teknologia berrietan trebatzeko. Beraz, iruditzen zait gauza asko sartu nahian ari direla, baina nora joan behar dugun jakin barik. Teknologiak bitarteko hutsa izan behar du eta ez helburua.

Liburua interesgarria da barnetik egiten duzulako kritika. Ez da inor libratzen, zu zeu ere ez, guraso eta irakasle zaren aldetik. Hautsak harrotzeko asmoz egin duzu. Ez zara ondorioen beldur?

[Irri egiten du] Bai, bai, banaiz. Kontziente naiz gauza batzuk esaten dituzun moduaren arabera oso mingarri izan daitezkeela. Baina pentsatzen dut adorea edo ausardia ere erakutsi behar dugula gauzak argi esateko. Ikastolen Elkarteko ikastola batean egiten dut lan eta bertatik datozen pedagogia ildo batzuk ez ditut gustuko eta ez ditut inondik inora egoki ikusten. Hori plazaratu beharreko tokian plazaratu dut. Ez didate kasurik egin. Beste erabaki batzuk hartu dira. Nire iritzia ematen jarraitzen dut behar den foroetan, baina kontziente naiz bortizkeria hori kontrolatu egin behar dela batzuetan.

Frustrazio batetik sortu zen liburua. Zerk penatzen edo kezkatzen zaitu gehien?

Nik bokazioz hartu nuen lanbide hau. Oso gustuko dut irakastea, baita ikastea ere, eskolak ematen dituzunean, bereziki Filosofia bezalako arlo batean, ikasleengandik ikasten duzulako beharbada eurek ikasten duten beste. Baina zure lana behar bezala egin nahi duzunean topatzen zara, alde batetik, Madriletik lehenik eta gero Jaurlaritzatik datorren legedi batekin. Bertan oztopo dezente jartzen dira, ez dago asmorik benetan autonomoak diren helduak hezteko, baizik eta kontrakoa: despolitizatuak, mantsoak, arazorik sortuko ez dutenak. Nahiko frustratuta nago ez dugulako behar beste tresna egin beharko genukeena egiteko. Ez da arazo bakarra. Zuzendaritza batekin eta irakaslego batekin ere egiten duzu topo. Irakaslegoan normalean aniztasuna izan ohi da eta batzuetan zure gustukoak diren erabakiak hartzen dira eta besteetan ez. Bestetik, gure ikastolako gurasoen egoera sozioekonomikoa erdi mailatik gorakoa da. Horrek gustuko ez dudan eredu bat dakar. Inklusiboa eta berdinzalea dela esaten zaigu, baina ez daukagu atzerritarrik, ez egoera ekonomiko latzean dagoenik. Gure ikasleek ikusten duten errealitatea ez da benetakoa. Gauza batzuk azaltzen dizkiezu ez dituztenak ikusten eta bizitzen. Mezu batzuen inguruan eztabaida sortzen saiatzen zarenean konturatzen zara beren diskurtsoa oso modernoa eta politikoki zuzena dela, feminista, bakezalea... Baina benetan sakontzen hasten zarenean eta galdera konplikatuak egiten dizkiezunean, beraiek planteatu ez dituztenak, konturatzen dira pentsatzen dutena baino matxistagoak direla. Badago xenofobia puntu bat ere, arrazakeria puntu bat... Eta horrek ematen dit pena. Eskolak horri guztiari buelta eman beharko lioke eta ez du horretan inbertitzen. Nahiago du akademikoak diren kontuetan inbertitu eta ez horrenbeste balioetan. Gizarte hobea nahi badugu bidea balioetan trebatzea da.

Lehen ikasleek irakasleei zieten beldurra. Orain alderantziz da: irakasleak ikasleen eta gurasoen beldur dira.

Aspaldikoa dela ematen du baina diktadura batetik gatoz, batzuen arabera atera ere ez gara egin. Errespetua esaten da baina nik uste beldurra zela irakasleek sortzen zutena. Zigor psikologiko eta fisikoak oso argiak ziren. Gure gurasoek modu oso ilun eta latzean gogoratzen dute garai hori. Baina mutur batetik bestera pasa gara. Ezkerraldeko ikastetxe publiko batzuetan irakasle batzuek defentsa pertsonaleko kurtsoak eskatzen dituzte, beldur direlako. Ni pribilegiatua naiz, ikasleekin dudan harremana oso estua eta ona da.

Guztiok ez dugu balio irakasle izateko.

Argi dut hori. Finlandiari mania hartu diot topiko bihurtu delako, Filosofian Grezia bezala, baina beraiek oso ondo ikasi zuten hori: «Herrialde edo estatu on bat nahi badugu, heziketaz on bat lortu behar dugu eta horretarako irakasle onak behar ditugu». Guk kontrakoa egin dugu. Erdipurdiko heziketa bat daukagu erdipurdiko irakasleak garelako eta erdipurdiko gizarte batean bizi garelako. Erritmorik ez daukan pertsona batek balio ez duen bezala dantzari izateko, onartzen hasi beharko dugu denok ez dugula balio irakasle izateko. Gainera, denok ezagutzen dugu irakasleren bat benetan kaltegarria izan dena, ikasleak modu desegokian tratatu dituena. Horiei ateak itxi beharko genizkieke. Ez da aski nota gehiago eskatzearekin; horrek ez du ezer bermatzen. Bestelako sarrera proba bat egin beharko litzaieke, elkarrizketa pertsonalak eta praktikaren bat. Beste moduren bat bilatu beharko litzateke benetan ikusteko balio duzun ala ez.

Zure ustez memoria lantzea ez da antzua.

Denok dakigu memorizatze hutsak balio izan digula azterketa gainditu eta hurrengo egunean dena ahazteko. Baina nik oraindik gogoratzen ditut Batxilergoan irakatsi zizkidaten gauza asko memorizatu nituelako, interesa neukalako eta une hartan irakasle hark emozionatu ninduelako, gozatu nuelako. Berriro beste muturrera pasatzen ari gara: lehen dena memorizatzen zen eta orain ematen du ez dugula ezer memorizatu behar, Interneten dena dugulako. Baina neurozientzialariek argi eta garbi esaten dute ezinbestekoa dela memoria lantzea burmuina naturalki gara dadin. Erdibidea topatu beharko genuke.

Baina oraingo gazteak desberdinak dira, aspertu egiten dira estimulurik gabe.

Pelikulak erabiltzen ditut irakasteko eta bi minutura moztu eta hitz egiten hasi behar dut, ez direlako gai jarraitzeko. Pazientzia faltarekin ez dute agoantatzen. Irakasleok egokitu egin behar dugu. Talde eta ikasle bakoitza ere ezberdina da, eta batentzat balio duenak ez du bestearentzat balio.

Ikasleak ezagutu behar dira.

Bai, baina horretarako beraiekin hitz egin behar da eta barreak eta tristurak partekatu. Irakasleok armazoia kendu behar dugu, ikus dezaten gu ere gizakiak garela.

Jakin-mina sortu zait ea nola ari zaren hezten zure umeak.

[Irri algaraka hasi da]. Ikusi duzunez, ez naiz ez mutur batekoa ez bestekoa. Ez naiz diziplinatua, dena ordenan mantendu behar duenetakoa, baina ezta happy flower bat ere. Ikasleei esaten diet ez naizela euren laguna, irakaslea baizik. Eta semeei berdin, aita naizela. Hortik aparte, ahalik eta harremanik estuena eta naturalena izaten saiatzen naiz. Baina teoriak pikutara joaten zaizkit batzuetan eta gustuko ez ditudan gauza asko egiten bukatzen dut.