Dabid Lazkanoiturburu
IKUSMIRA

GOBERNU AKORDIO BERBERAREN ATARIRA, TINKO ALA HERRENKA?

Lau hilabete luze behar izan ditu Angela Merkel Alemaniako kantzelariak iraileko hauteskundeetan lortu zuen emaitza pirrikoa garaipen politiko bihurtzeko. Koalizio Handia berresteko akordioak arnas ederra eman dio, argazkian ageri duen pausu sendoak eta bere betiko aurpegi tinkoak erakusten dutenez. Atzean, mekano baten ibilera automatikoa darama prentsaren aurreko agerraldira bidean kopetilun ageri den Martin Schulz SPDko presidenteak. Atzerri Ministerioa lortu du orain iazko hauteskunde bezpera arte Europako Parlamentuko presidentea zenak; beraz, atzerri gaietara itzuliko da. Alemaniako sozialdemokratei uzten dien auzia ez da, ordea, txantxetakoa. Alderdiaren militanteek gobernu akordioa berretsi edo ez erabakiko dute erreferendumean. Eta erabakia bata edo bestea izan, ez dirudi SPD alderdi historikoa egungo ekaitz giroa saihesteko gai izango denik. Dabid Lazkanoiturburu