2018/02/10

Erreportajea
«MY WAY OUT»
Yogurinha Borovaren bidaia fisiko eta pertsonala, Izaskun Arandiaren eskutik

Londreseko transgenero pertsonen The Way Out Club dantzalekuak 25 urte betetzen ditu aurten. Efemeride hori aitzakia hartuta, «road movie» bat filmatuko du Izaskun Arandiak Eduardo Gaviñaren Yogurinha Borova «alter ego»-a oinarri hartuta. Dokumentalari esker pertsonaia izugarriak aurkeztuko dizkigute.

Nagore Belastegi Martin
0210_pd17_yogu4

Gogoan dut Yogurinha Borovaren lehen kanta entzun nuenean. Aurretik ere bere izena ezaguna zitzaidan, baina ez nuen bera ezagutzen. “Esnekiak gogoko ditut”. Zuriz jantzitako emakume alai bat baserri batean dantzan, esanahi biko hitzak abesten. Minutu dibertigarriak pasatu nituen eta nire burmuinean ezabatu ezin dudan melodia grabatu zitzaidan. Bada, Izaskun Arandia zuzendari eta ekoizleak ere antzeko bat-bateko maitemina sentituko zuen seguruenik orain makillaje eta ileordearen atzean dagoen Eduardo Gaviñarekin batera dokumental bat egin nahi izateko. “My way out” (Ni naizena naiz) izena jarri diote proiektuari eta laster hasiko dira filmaketa lanekin.

Garaian Londresen bizi zen Izaskun Arandiak Euskal Herrira etorri zen bidaietako batean ezagutu zuen Yogurinha aurrez aurre. Bilbon eskaini zuen ikuskizun batean izan zen. Oso pertsonaia interesgarria iruditu zitzaion eta txundituta gelditu zen. Ekitaldia amaitzean artistarekin hitz egin zuen tarte batez, eta honek esan zion pixka bat itxaroteko, aldatu egin behar zuela. «Komunetik gizontxo lotsati bat atera zen. Sinestezina iruditu zitzaidan halako kontrastea! Pertsona batean bi pertsona egotearen pareko da!», azaldu du Arandiak Eduardo Gaviñari buruz izan zuen lehen inpresioa deskribatuz.

Hitz egiten hasi eta konturatu ziren gauza ugari zituztela komunean. Haien artean «kimika» zegoen. Duela zazpi urte ezagutu zuten elkar eta ordutik etengabeko harremana izan dute. Urtebetera dokumental bat egitea proposatu zion zuzendariak artistari, bi pertsonaien arteko dikotomiaren ingurukoa. «Ezezkoa eman zidan, ez zaiolako gustatzen atentzioa ematea. Iruditzen zitzaion gazteegia zela berari buruz horrelako gauza bat egiteko», gogoratu du Arandiak. Baina gaiak ateratzen joan ziren. Emakumearena, adibidez. Izan ere, emakumearen gaiak garrantzi handia dauka Gaviñaren bizitzan, interesa dauka feminitatean, bera janzten denean transformatu egiten delako. «Ni hasieratik konturatu nintzen baduela izugarrizko diskurtso feminista. Emakumeak maite ditu eta emakumeek bere bizitzan eragina izan dute. Bere diskoetan ere emakumea omentzen du», azpimarratu du zuzendariak.

Gaiari tiraka generoaren gaiarekin egin zuten topo: «Egun ikusten da nola generoa ezarritako binarismo horretatik datorren, baina pixkanaka hori lausotzen ari da. Generoa beste modu batera ulertzen hasiko gara. Emakume eta gizon generoen artean, aukera desberdinak daude eta jende asko dago generoa beste modu batera bizi duena».

Urteurren festa izugarria

Bost urte pasatu dituzte dokumentalarekin bueltaka, Adandiak beste proiektu batzuk zituelako eskuartean. «Proiektu batean sartzen naizenean sakonki izaten da. Antzezlan batekin nenbilen eta horretan asko zentratu nintzen, baina dokumentala ere ez nuen ahazten. Beti nengoen irakurtzen, Interneten gauzak begiratzen, gidoia idazten hasi nintzen...», aipatu du.

“My way out” filma road movie bat izango da. Bidaia fisiko bat izango da leku desberdinetan filmatuko dutelako, baina baita bidaia pertsonala ere, batez ere artistarentzat. Zuzendariari asko interesatzen zaizkio pertsonen ametsak. «Ametsak eta ilusioak izatea bizitzaren motorra da niretzat; norbaitek ametsik ez badauka, hilda dago niretzat». Eta Yogurinhari galdetu egin zion ea zeintzuk diren bere ametsak. Horien artean bat Londreseko The Way Out klubera joatea da, are gehiago aurten, 25 urte betetzen baititu dantzaleku mitikoak.

Arandiak 15 urte pasa zituen Britainia Handian, eta, Yogurinhak bere ametsaren berri eman zionerako Euskal Herrira itzulita bazen ere, maiz joaten zen bertara bisitan. Bidaia horietako batean lokalizatu zuen The Way Out kluba, baita haren sortzaile Vicky Lee ere. «Larunbat batean dantzalekura joateko hitzordua jarri zidan, in situ ezagutzeko zer den. Harrigarria da. Larunbatero antolatzen dute festa bat, eta bertara transgenero pertsonak eta horien jarraitzaileak eta lagunak joaten dira. Transgenero pertsonentzako da, baina ez bakarrik horientzako. Ni joan nintzenean oso eroso sentitu nintzen. Oso giro ona dago, eta giro hori jabeak sortzen du, Vicky Leek, emakume transexual bat. Kontrolatzen du giroa aztoratuko duen inor ez dela sartuko, oso arau zorrotzak ditu janzkeraren gainean. Adibidez, transgeneroa bazara, sartu aurretik aldatu egin behar zara», azaldu du liluratuta bezala. Jarraian, transgenero etiketaren barruan mota askotako pertsonak daudela argitu nahi izan du: «Batzuk egunero janzten dira emakumeak bezala; beste batzuk cross-dresser-ak dira, hau da, normalean gizon heterosexualak dira eta batzuetan emakumez janzten dira; gero trabestiak, transexual operatuak, ez operatuak… daude. Bada, denak kabitzen dira festa horretan».

2017ko uztailan egon zen dantzalekuan lehen aldiz. «Nirekin hitz egiten ari zela, begiak dena kontrolatzera joaten zitzaizkion Vicky Lee jabeari. Egun horretan gatazka egon zen, tipo batek motxilarekin sartu nahi zuelako. Orlandoko atentatu homofoboaren ostean, asko kontrolatzen dute hori. Segurtasuneko arduradunak motxila zabaldu zion eta kamera handi bat zeraman. Harrigarria izan zen Vicky Lee akzioan ikustea», aitortu du.

Klubaren izena hartuz jarri diote “My way out” izena proiektuari. Izan ere, dantzalekuaren 25. urteurren festarekin amaituko dute bidaia. Yogurinha behin egon da bertan, Arandiak eramanda, arduraduna ezagut zezan eta biak eroso egoteko. Ostean, jabeak dantzalekuan egingo duten urteurren festa grabatzeko baimena eman zien.

Baina Londresera egingo duten bidaia ez da festara joateko bakarrik izango. Bertan daudela, hainbat pertsonaiarekin hitzordua egingo dute. «Badago denda bat cross-dresser-entzako dena. Haientzako oasi txiki bat. Kanpotik denda arrunta dirudi, baina barrutik oso espektakularra da. Denetik aurki daiteke: protesiak –titiak eta ipurdiak–, zapatak, jantziak, makillajea… Bertara joan eta emakumez jantzita denbora bat igarotzen dute gizonek. Batzuk kanpora ateratzera ere ausartzen dira; beste batzuk, ez», kontatu du.

Abokatu prestigiotsu baten lekukotza ere jaso dute. 40 urte zituela parkinsona diagnostikatu zioten, eta orduan erabaki zuen gelditzen zaizkion urteak den bezalakoa izanez bizitzea. «Trantsizioa hasi zen, eta, hormonak hartzen hastean, gaixotasunaren efektuak gelditzen hasi ziren. Oso irakurketa interesgarria dauka horrek», esan du xehetasun gehiagorik eman gabe, filmeko sorpresak ez zapuzteko.

85 urteko transexual baten istorioa ere bildu dute, larunbatero The Way Out klubera joaten dena. «Gaztetan kartzelan egon zen, gizonezkoen kartzelan, naiz eta bera emakumea izan. Orain ere halako kasu bat dago, transexuala den preso batena», azaldu du Marie Dean presoari erreferentzia eginez. Lancashireko espetxean dago 50 urteko transexuala, gizonen moduluan. Urtarril bukaeran gose greba hasi zuen esanez nahiago duela hiltzea bere generoa ukatzea baino. Protestarekin emakumea dela onartzea lortu nahi du, eta emakumeen modulura aldatzea, ez duelako gizon bezala bizitzen jarraitu nahi.

Transfobiari hortzak erakutsi

“My way out” filmak munduari eman nahi dion mezua desberdin izatea ondo dagoela da. Eta horretan buru-belarri ari zirela, Euskal Herriko kaleetatik Hazte Oir kanpainaren autobus transfoboa hasi zen ibiltzen. «Beldurgarria izan zen, atzerapauso itzela, batez ere haurrentzat oso grabea», salatu du Arandiak. Chrysallis elkartearekin ere harremanetan daude eta haur transexual batekin hitz egiteko baimenak lortu nahian dabiltza, baina ez da lan erraza. Bestela elkarteko bozeramaile batekin egingo dute elkarrizketa.

Euskal Herriko emakume transexual baten kontaktua ere badute. Elkarte desberdinekin egiten du lan eta Donostian elkarrizketatuko dute. «Gogo asko dugu grabatzen hasteko, elkarrizketatuko ditugun pertsonaia guztiak bonba bat direlako. Euren bizipenak entzutean konturatzen naiz zein erraza izan dudan nik bizitza!», aitortu du Arandiak.

Gaiari buruzko gauza askorik ez zuenez, elkartez elkarte ibili zen ate joka. Norbaiti buruzko artikulu bat aurkitzen zuenean, bera aurkitzen saiatzen zen. Pertsonaia horiek guztiak, gainera, Gaviñarentzat modelo izango dira. Izan ere, lanbidez argazkilaria da Gaviña eta proiektu fotografiko moduan hartuko du lana.

Jorratzen duen gaiari dagokionez balio handiko pelikula izango den arren, oso diru gutxirekin egingo dute. Crowdfunding kanpaina egin zuten eta ondo joan zen, baina diru laguntza publikorik ez dute jaso. Hori dela eta, lan xumea izango da, profesionalek egindakoa baina modu ez-profesionalean. Hau da, denbora librean filmatuz eta kobratu gabe. Crowdfunding kanpainako dirua Londreseko bidaia ordaintzeko erabiliko dute.

«Duela urtebete galdetu izan bazenidan, esango nizuke filma 2018ko Zinemaldian estreinatuko genukeela. Hori zen nire fantasia, baina orain ez da posiblea izango!», azaldu du penatuta. Hala ere, arazoak arazo, ikuspegi positiboa izan nahi du Arandiak: «Diru laguntzek modu profesionalean eta kobratuz lan egitea ahalbidetzen dizute. Aldiz, diru laguntzarik ez izateak askatasun osoz lan egitea ahalbidetzen dizu. Ekoizpen normaletan dena batera egin behar da. Nik pentsatu dut bloke txikietan egitea, film labur pila bat grabatuko bagenitu bezala».

 

Hemen: emakumea eta zinema eskutik helduta

Hemen elkartea duela bi urte sortu zuten ikus-entzunezkoen arloko emakumeen ikusgarritasuna sustatzeko eta euren artean elkarlana bultzatzeko. «Desberdintasun handia dago oraindik ere. Goi mailako ikus-entzunezko ikasketetan %60 emakumeak gara, baina gero hori ez da lan munduan islatzen», nabarmendu du Izaskun Arandiak.

Datu-base bat ere badute, non jada 166 profesionalek eta 40 kontratatzailek izena eman duten. «Euskal Herrira etorri eta lanean hastean, talde guztiak ia osorik gizonez osatuta zeudela konturatu nintzen. Euskal Herrian ez al dago emakumerik?», galdetu zuen. Berak argi du erantzuna: «Emakume piloa daude postu teknikoak oso ondo bete ditzaketenak, baina gizonen alde egiteko inertzia dago. Guk kontzientzia feminista duen zinema bultzatu nahi dugu, hau da, kontziente izatea emakumeak kontratatu behar direla. Nire aurreko proiektuetan %60 emakumeak izan gara, eta hautu oso kontzientea izan da», kontatu du jendea datu-basean izena ematera animatuz.

«Ametsak eta ilusioak izatea bizitzaren motorra da niretzat; norbaitek ametsik ez badauka, hilda dago niretzat». Yogurinharen ametsa The Way Out dantzalekura joatea da

«Orlandoko atentatu homofoboaren ostean asko kontrolatzen dute dantzalekuko sarrera. Segurtasuneko arduradunak motxila zabaldu zion gizon bati eta kamera handi bat zeraman»

Hazte Oir kanpaina «beldurgarria» eta «atzerapauso itzela» izan zela irizten du Izaskun Arandia zuzendariak. Beraiek transfobiaren kontrako bidea egin nahi dute

Diru oso gutxirekin garatu dute proiektua, lantalde profesionalarekin baina era ez-profesionalean lanean, hau da, soldatarik gabe eta euren denbora librea baliatuz