2018/02/24

Erreportajea
OXFAM, AUTOKRITIKA
Erakundeak neurri zorrotzagoak hartu ditu sexu abusuak salatu eta saihesteko

Oxfam gobernuz kanpoko erakundeak jasotako sexu abusu salaketek mahai gainean jarri dituzte gardentasun beharra eta horrelako jarrerak berriro errepika ez daitezen neurri zorrotzagoak hartzearen ezinbestekotasuna. Nahiz eta Haitin zer gertatzen ari zen jakin, orduko zuzendaritzak ez zuen inolako salaketa publikorik egin.

Ainara Lertxundi
0224_gaur8_oxfam2

Oxfam gobernuz kanpoko erakundeak 10.000 langile ditu munduko ehun bat herrialdetan. 2011. urtean, Roland Van Hauwermeiren Haitiko Oxfameko zuzendariaren eta erakundeko zenbait langileren kontrako sexu abusu salaketak tartekatu ziren, Karibeko herrialdea suntsitu eta 200.000 hildako eragin zuen lurrikara izan eta urtebetera. Mikelange Gabou haitiarrak auzia argitara eman duen “The Times” egunkariari esan zioenez, Van Hauwermeirenekin sexu harremanak izan zituen berak 16 urte zituenean eta hark 61. Dirua emateaz gain, zuen ume txikiarentzat pixoihalak erosi zizkion. «Lagundu egin ninduen. Bere etxean beti emakumeak zeuden, haitiarrak guztiak. Emakumeak haren dibertimendua ziren», adierazi zuen.

Belgikako hedabideetan zabaldutako gutunean, Van Hauwermeirenek ukatu egin du Haitin orgiak antolatu izana. Emakume «heldu» batekin harremanak izatea eta etxean prostitutekin egon izana onartu du. Ofmanetik kaleratua izan beharrean, dimisioa aurkezteko aukera eman zioten «baldin eta ikerketarekin kolaboratzen bazuen». Bada, auziari buruz egindako ikerketaren txostena argitara eman du aste honetan bertan Oxfamek, gardentasuna bermatzeko. «Erabat atsekabetuta gaude jakitera eman diren informazioekin. Jarrera horiek onartezinak dira eta arbuiatu egiten ditugu. Babestu behar zituztenen kontra egin zuten pribilegiatuak ziren gizon batzuek. Oxfam sustengatzen dutenen, baita erakundearen milaka langileen konfiantzaz abusatu zuten. Injustizia eta pobrezia desagerrarazteko mundu osoan lan egiten dugu. Gertatutakoa golpe gogorra da guretzat, eta eztabaidan jarri du gure barne arautegia. Izan ere, emakumeen eskubideen defentsa, batez ere, egoera ahulean dauden emakumeena, gure jardunaren zutabe da», nabarmendu du Oxfamek.

«Salaketa horiek duela urte batzuk gertatu ziren eta pertsona gutxi batzuen kontrakoak izan ziren. Horrek ez du esanahi onartzen ditugunik edo merezi duten garrantzia ematen ez diegunik. Gure aldetik ez dago inolako tolerantziarik. Ez dugu sekula ere balorazio positiborik egin auzi hau dela eta kanporatuak izan ziren pertsonei buruz. Atsekabea eragiten digu pertsona horiek laguntza humanitarioa eskaintzen duten beste erakunde batzuetan lanean egon direla jakiteak», nabarmendu du Oxfam International erakundeko zuzendari Winnie Byanyimak.

«Ez da egia auzia ezkutatu nahi izan genuenik. Hala ere, argi dago akatsak egin genituela. Momentu horretan, orain ditugun politika publikoak eduki izan bagenitu, egoeraren kudeaketa oso bestelakoa izango zen», gaineratu du. Byanyimak gogoratu du 2011. urtean salaketen berri izan zutenean, barne ikerketa bat ipini zutela martxan. «Lau lankide kanporatu genituen jarrera desegokiengatik –hala nola, lankideak xaxatzeagatik, sexu-jazarpenagatik, kideak beldurrarazteagatik eta sexu jarrera txarragatik– eta beste hiruk, tartean Oxfameko zuzendaria Haitin, dimisioa aurkeztu zuten erakundearen bulegoetan prostitutekin egoteagatik. Tartean adingabeko neskatoak ote zeuden ez zen frogatutzat eman. Ikerketaren ostean, auziaren gaineko ebaluazio eta hausnarketa sakona egin genuen. Babes Talde Berezi bat osatu genuen, baita salaketak aurkezteko isilpeko lerro bat zabaldu genuen. Gure langileak babesteko eta jazarpena, esplotazioa eta sexu abusua saihesteko adostu genituen neurrietariko batzuk dira», esan du orain auziak izan duen oihartzunaren aurrean.

Autokritika ere egiten du Byanyimak. «Geroztik aldaketa ugari egin ditugun arren, argi dago ez dugula nahikorik egin gure kultura aldatzeko eta mundu zabalean gurekin eskuz esku lan egiten dutenak babesteko politika sendoagoak eraikitzeko. Horretan ari gara lanean buru belarri. 2017ko urrian, Oxfameko Batzorde Exekutiboak erakundearen Jarrera Kodea gaurkotu zuen. Haitin gertaturiko jarrerak modu esplizituan debekatzen ditu. Lan gida berezi bat sortu dugu sexu esplotazioari, abusuari eta jazarpenari aurre hartzeko. Dena den, oraindik ere gauza asko ditugu egiteko eta lehenbailehen ekin behar diogu jardun horri. Gure lehentasuna emakumeen eta neskatoen alde lan egitea da, eta gure erakundearen baitan egon diren sexu jarrera txarrak errotik desagerraraztea. Pertsona gutxi batzuen ekintzak ez dira Oxfamek munduko hainbat herrialdetan egiten duen lanaren isla; ez luke horrela izan behar», nabarmendu du Oxfam Internationaleko zuzendariak.

Ildo berean, Britainia Handiko Oxfameko zuzendari Mark Goldringek, sortutako iskanbila gehiegizkotzat jo arren, gardentasun falta onartu du auzia kudeatzeko orduan. «Eraso eta kritika gogorrak eta krudelak jaso ditugu. Gehiegizkoak iruditzen zaizkit erruduntasun mailarekin alderatzen baditugu. Akaso umetxoak beraien sehasketan hil ditugu?», esan du “The Guardian” egunkarian eginiko elkarrizketan.

Auziaren atzean nolabaiteko manipulazio politikoa egon daitekeen susmoa ere adierazi du Goldringek. Aski ezagunak dira Oxfamek munduan dauden paradisu fiskalei buruz egin dituen ikerketak. 2016ko abenduan aurkeztu zuen txostenean, hamabost zerga-paradisu antzeman zituen. Zerga-ihesaren ondorioz, garapen bidean dauden herrialdeek urtero 100.000 miloi dolar gutxiago jasotzen dituztela salatu zuen Oxfamek. Diru horrekin, eskolatu gabeko 124 milioi haurren hezkuntza eta osasun eskubideak bermatu daitezkeela nabarmendu zuen, baita gutxienez urtean 6 milioi haurren heriotza ekidin ahalko litzatekeela ere. Zerga-paradisuak arazoaren zati txiki bat besterik ez direla ere nabarmendu zuen gobernuz kanpoko erakundeak, izan ere, herrialde gehienak multinazionalei ezartzen dizkieten zergak murrizten ari dira inbertsio gehiago izateko.

2017ko urtarrilean, Davosko Munduko Foro Ekonomikoaren testuinguruan, pobreen eta aberatsen arteko haustura gero eta nabarmenagoa dela salatu zuen Oxfamek. Munduko aberastasuna zortzi gizonen esku dagoela eta 3.600 milioi pertsonek adina diru dutela salatu zuen.

«Pobrezia ez da eskola batekin, putzu batekin edo erizain batekin desagertzen. Gu haratago goaz, herritarrak pobrezia egoeran jarraitzea zer faktorek eragiten duten galdetzen diogu gure buruari eta erantzun horiek bilatzen ditugu. Zergatiei aurre egiten diegu eta lan hori askori ez zaie gustatzen», helarazi du Goldringek. «Esaten dugun guztia manipulatu egiten da», gaineratu du. Hala ere, Goldringek akats gisa onartu du publikoki azaldu ez izana pertsona horiek zergatik ez ziren jada Oxfameko langileak. «Gure helburua bizitzak salbatzea da, eta, ikuspuntu horretatik, uler dezaket zergatik pentsatu zen auzia ezkutatzea biderik egokiena izan zitekeela», adierazi du.

«Pobrezia ez da eskola batekin, putzu batekin edo erizain batekin desagertzen. Pobrezia zerk eragiten duen jakin nahi dugu. Zergatiei aurre egiten diegu eta hori askori ez zaie gustatzen»

«Ez da egia auzia ezkutatu nahi izan genuenik. Hala ere, argi dago akatsak egin genituela. Orain ditugun politikak eduki izanez gero, egoeraren kudeaketa bestelakoa izango zen»