amagoia.mujika@gaur8.info

EZER EZ DAGOEN LEKUAN ESKUAK GARBI; ZERBAIT DAGOEN LEKUAN, BEGIAK ARGI

Horixe esaten da ataundarrei buruz, behatzaile finak direla eta kontatzaile apartak. Etnografian, mitologian eta ahozkotasunean oparoa den naturgune zabala da Ataun, atmosfera bereziko lurra, galtzera doan mundu baten arrasto poxi bat. Jose Migel Barandiaran bertan jaio zen eta begirada bizkorrez laster konturatu zen inguratzen zuen altxorraz. Barandiaranek eta segidakoek egindako lanari begira egon baino, lanean segitzea nahiago du Atauniker elkarteak.

Lazkaotik joanda, zubia pasata, “Ataun”, ematen du ongietorria seinaleak. Mendi tartean barna, inbutu batetik sartzen da bisitaria. Umarkitik Lizarrustira, aparteko atmosfera bat arnasten da; toponimia aberatsa, istorioak eta historia kondairetan eta ipuinetan kontatzen duen jendea, ahozkotasun bizi-bizia... Denborak beste pisu bat hartzen du Ataunen, aspalditik gatozela kontatzen baitute une oro bazterrek.

«Umarkin hasten da Ataun. Eta bukatu? Ez dakigu. Nafarrekin beti borrokan ibiltzen omen ziren ataundarrak; Ataun eta Etxarriren arteko muga Lizarrustin non ote zegoen eztabaidan. Tratua egin zuten: ‘Halako egunetan, eguerdiko hamabietan bakoitza bere herriko plazatik atera dadila, eta elkarrekin topo egiten dugun tokian jarriko dugu mugarria’. Hala abiatu omen ziren. Ataungoak, Markesanea esaten zaion gainera iritsi zirenerako aspertuta omen zeuden, eta hantxe geratzea erabaki zuten, ‘nahikoa diagu’ esanez. Handik puska batera azaldu omen ziren Etxarrikoak eta hantxe dago muga jarria, Markesanean. Hor dago Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugarria. Mugarri asko daude, hala ere». Azalpen ederra Jexux Aizpurua Barandiaranena. Atauniker elkarteko kidea da eta bere eskutik egin dugu sartu-irtena Ataunen. Bertan, dena kondairetan, ipuinetan, esakunetan azaltzen da. Gipuzkoako herririk luzeena da, 14 kilometro pasatxorekin.

Ataun Jose Migel Barandiaranekin estu lotuta dago. Hark egin zuen ezagun bere jaioterria. Barandiaran 1889ko azken egunean jaio zen Perune-Zarre baserrian. Akaso jaioz gero aire berezi hori arnastu zuelako izango da, baina azkar konturatu zen inguratzen zuen mundua galtzera zihoala. Mendez mende iraun bazuen ere, betiko galtzeko zorian zegoela igarri zuen. Eta horregatik hasi zen euskal kultura biltzen, aztertzen, jasotzen, ahanzturatik salbatzen. Apaiza, antropologoa eta etnografoa zen Barandiaran eta bere lan egiteko moduak bi zutoin nagusi zituen; gogo bizia eta zientziaren metodo zorrotzak –Aranzadik parte garrantzitsua izan zuen horretan–.

Gehien ikertutako herrien artean

Barandiaranek hasitako bidera batu ziren gero Juan Arin Dorronsoro, Joxe Arratibel, Joxe Martin Apalategi... guztiak ataundarrak eta guztiak ikertzaile eta biltzaile finak, bakoitza bere esparruan. Ataun, segur aski, Euskal Herrian gehien ikertu diren herrien artean dago.

Juan Arin, Barandiaranen hurbilekoa zen, elkarren ondoan jaioak ziren eta txikitatik lagunak. Barandiaran Ataundik kanpo zebilenez ikerketa lanetan, beti izaten zuen kezka eta pena Ataunen ikertu gabeko kontu asko zegoela-eta. Esaten da Barandiaranek bideratu zuela Arin, Ataungo kontuak bildu eta ikertu zitzan.

Joxe Arratibelek, berriz, sekulako lana egin zuen garai bateko kontuak, ipuinak eta bizimoduari buruzko kontakizunak biltzen. Ahozkotasunak pisu handia izan du betidanik Ataunen eta hor bilketa lan aparta egin zuen Arratibelek. Gero, hark bildutakoak aztertu zituena Joxe Martin Apalategi antropologoa izan zen. «Ematen zuen Apalategik segituko zuela aurretik besteek irekitako bidea. Baina gazterik hil zen eta soka eteteko arriskua ikusten zen», azaldu du Jexux Aizpurua Barandiaranek.

Atauniker elkartea 2004. urtean sortu zuten, aurretik egin denarekin konformatu eta hari begira ezin dela egon ulertuta. «Hutsune bat sumatu genuen eta lanean hasi ginen helburu batekin: aurrera egitea. Aurrekoek egin zutena ondo dago, baina horrek segida behar du. Etxean lozorroan geratu gabe, elkarrengana bildu eta kulturari indar pixka bat emateko helburuarekin hasi ginen lanean», azaldu du Aizpuruak.

Hartara, herritarren testigantzak biltzen hasi ziren, bizimoduari buruzko kontakizunak. «Garbi daukagu belaunaldi bat joaten denean, gauza asko galduko ditugula. Hori ez galtzeko hasi ginen etxez etxe bilketa egiten, grabazioak egiten. Beharrezkoa ikusten genuen testigantza horiek jasotzea, gordetzea eta zabaltzea».

Lan horretan hasi eta bi biografia osatu zituzten Atauniker elkartekoek. Bat, Joxe Kerejeta organo-jotzailearena (1897-1986). Ataungo San Martin elizako organo-jotzailea izateaz gain, konpositore bezala ere lan handia egindakoa. «Familiarekin hartu-emanean hasi eta berak konposatutako pieza mordoa topatu genuen. Bere biografia osatu eta kontzertu txiki bat ere antolatu genuen», azaldu du Ataunikerreko kideak.

Bide beretik, Felipe Arin Dorronsororen (1881-1941) biografia ere osatu zuten. «Enrike Zurutuza ataundarra da eta kanpoan bizi da. Hura etorri zen gugana, Felipe Arin Dorronsoro epaile magistratuari buruzko biografia bat egiten ari zela-eta. Zurutuzak pertsonalki ezagutu zuen epailea eta hark esandako kontu asko zituen bilduak. Biografia horretan daude jasoak, bestela galdu egingo ziren-eta».

Mitologia

Mitologiak, zalantzarik gabe, sekulako garrantzia dauka Ataunen. «Mitologia aberatsa izan da eta zortea izan dugu, Barandiaran bezalako tipo argi bat konturatu zelako bere mundu hori bazihoala eta horko jakintza bildu beharra zegoela, gerora gordeta gera zedin. Belaunaldiz belaunaldi galtzen joan da. Guri ere etxean zeozer kontatzen ziguten, baina ez gehiegi. Gerora joan gara irakurtzen, deskubritzen eta balioa ematen. Hain justu horregatik sortu genuen Atauniker elkartea, garai batean gure herrian bertako ondarea biltzeko egon zen sentsibilitate hori itzal ez dadin. Askotan bertako jendea da ezjakinena; Euskal Herri osoan famatua da Ataun, baina, akaso, bertakoek ez dakite herriaren historiaren berri. Hori konpondu nahian gabiltza».

1981. urteaz geroztik egiten da Ataunen Jentilen Etorrera. Segizioa lehenbizi eta antzezpena gero. «Sekulako lana ematen du. Lehen urtero egiten zen, eta, orain, bi urtez behin». Horrez gain, azken urteotan ekainaren bueltan gauez ibilaldi mitologiko zoragarria egiten da, San Gregoriotik hasi eta San Martineraino. Urtez urte jende gehiago biltzen da gaueko ibilaldi horretara.

1740. urteko Ataungo planoa

Ataun aparteko naturgunea da. «Industriarik ez da izan eta naturgune bezala sekulakoa da, ez daukagu saltzeko», nabarmendu du Aizpuruak. Herriak badu, baina, berezitasun bat: herriaren herena inguru jabetza pribatukoa da. Lehen, Valmedianoko markesarena eta, orain, haren ondorengoena, Infantadoko dukearena zehazki.

«Lazkaon badago palazioa. Erdi Aroan, bertako jauntxoa egiten zen Goierrin buru. Lazkaoko jauntxo haren mende zeuden pasabideak, errotak, Elizako hamarrenak... berak menderatzen zuen ingurune hau guztia. Gipuzkoan, jauntxo batzuk Gaztelaren aldekoak ziren, eta, beste batzuk, Nafarroaren aldekoak. Lazkaoko jauntxoa Gaztelaren aldekoa zen. Auskalo zein mesederen truke, Lazkaoko jauntxoak Ataunen herena bere eskutara pasatzea lortu zuen. Lizarrustitik abiatzen zarenean, hor dena basoa da, pagadi zoragarria. Hori guztia jauntxo horrena da», azaldu du Aizpuruak. Bere ustez, pagadia da oraindik hain justu jabetza pribatua delako. «Historian zehar ikusi da pagadia zegoen tokian, pinudia jarri dela. Ataunen diru-iturririk ez dago eta pinua eta bestelakoak sartzen joan dira historian barna, diru-iturri zirelako. Ulertzekoa ere bada. Baina pagadi hori markesarena denez, bere horretan mantendu da».

Azken bi urteetan Atauniker elkartekoek harreman zuzena izan dute jauntxo horren ondorengoekin. Izan ere, Lazkaoko palazioan, jauntxo horren sortetxean, Ataungo plano zahar bat zela jakin zuten. «Erreferentzia bat bagenuen. Hain justu, Juan Arin Dorronsorok aipatzen zuen gerra aurretik Lazkaoko palaziora joan zela eta bertan ikusi zuela 1740ko plano bat. Berak plano hartan ikusitakoa marraztu eta gerora argitaratu egin zuen aldizkari batean. Toponimo batzuk agertzen ziren bertan. Horren bueltan, Lazkaoko palazioan sartzeko baimena lortu genuen. Dukearen administrazio lanak ataundar batek egiten ditu eta haren bitartez. Palazioa oso gaizki dago, oso hondatuta eta planoa ere nahiko egoera kaskarrean topatu genuen. Azkenean, tratua egin genuen dukearekin: planoa berritu eta txukundu beharra zegoen. Guk esan genion guk zaharberrituko genuela plano hori, eta, trukean, behin berritutakoan erreplika bat egin behar genuela. Berak orduan ez zion garrantzia handirik ematen planoari. Orain ematen dio garrantzia, duen balioa ikusi duenean. Plano hori berritzeak sekulako gastua ekarri du», azaldu du tratua. Kutxa Ekoguneak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Orkli Kooperatibak eta Ataungo Udalak lagundu dute Ataunikerrek gidatutako zaharberritzea aurrera eramaten. Egun, Ataungo udaletxean dago ikusgai erreplika.

Ibilaldi gidatuak

Ondarea jaso, gorde eta erakutsi. Horixe, Ataunikerren norabidea markatzen duena. Horrela hasi ziren duela lauzpabost urte eskolako umeekin ibilaldi gidatuak egiten. «Ataungo eskolako Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleak hartzen ditugu, 11-12 urtekoak. Datorren urtean herritik kanpora joango dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza egitera, beste mundu batera, beste unibertso batera. Eta pentsatu genuen horiei zerbait erakutsi behar zitzaiela joan aurretik. Eta horrela egiten dugu urtero, udaberri bueltan, eskolako azken mailako haurrak hartu eta ibilaldia egiten dugu; San Gregoriotik hasi, Barandiaranen etxea erakutsi, erreka ondotik naturari buruzko azalpenak eman...», esan du Jexux Aizpuruak.

Ataungo berezitasuna Mediterraneoko Artea da. «Arraroa da Kantauri itsasoaren isurialdean Mediterraneoko Artea egotea, baina halaxe dago hemen». Beste berezitasun bat, Ataungo domoa edo Aitzartea. Fenomeno geologiko baten ondorioz, mendialdea borobila da. Jentilbaratza, Aizkoate, Aizkorrandi, Arastortz, Agautz, Leizadi, Asundi, Loibideko Mailoak eta Ikarandieta gailurrek osatutako eraztun erako mendia da, Aralarko natura parkearen babesean. Agauntza ibaiaren bideari segituz, informazioa ematen duten panelak topatu daitezke.

«Haurrekin ibilbide hori egiten dugu. Gero, plazan, armarriak-eta erakusten dizkiegu eta Lazkaoko markesaren istorioak kontatu. Eliza egin zenean, markesak bere armarria jarri nahi zuen eta berez hori egiteko eskubidea zeukan. Baina herritarrak ez zeuden konforme eta liskarra izan zen. Azkenean ataundarrek irabazi zuten Valladoliden izandako epaiketa eta herriaren armarria jarri zen. Istorio horiek kontatzen dizkiegu. Elizako organoa ere erakusten diegu, baita barruan dauden armarriak ere. Beren herriari buruzko istorioak kontatzen dizkiegu; lehenengo, jakiteko eta, jakin eta gero, maitatzeko», azaldu du Ataunikerreko kideak.

Bestelako ibilaldiak ere egiten dituzte, helduen taldeekin, kobetan eta trikuharrietan barna. Izan ere, Ataunen 300 kobatik gora daude katalogatuta. Horien artean, asko dira duela 5.000 urteko gizakiaren aztarnak biltzen dituztenak. Troskaetako koba da ezagunenetakoa. Kilometro bateko luzera du eta amaieran laku txiki bat dauka. Duela 20.000 urte inguru hartzen bizitoki eta hilobi izan zen eta bertan topatu ziren, hain justu, bi hartzen hezurdurak. Donostiako Zorroaga Museoan daude.

Trikuharriak edo jentilarriak ere ugari daude. Horiek babestu asmoz seinalizazio zehatza dago jarrita –Aranzadi Zientzia Elkartearen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Ataungo Udalaren eskutik– eta horietan barna ere antolatzen dituzte ibilaldiak Ataunikerrekoek. «Herriko trikuharri guztietan QR kodeak daude, informazioa emateko», zehaztu du Aizpuruak.

JoxAnton Artzeren ekarpena

Bistan da Atauniker elkartearen lanak ertz asko dituela, Ataungo herriak interesguneak adina. Joan den urtarrilean zendutako JoxAnton Artze artista handiarekin ere izan dute hartu-emana. Artzek ama Ataungoa zuen, Benita Agirre. «Amaren aitzakian, Atauna hitzaldi bat ematera etortzeko esan genion 2010. urtean. Pentsatu genuen hitzaldira etortzen zirenean zerbait ematea, gerora ere hitzaldi harekin akordatzeko. Artzeren olerki batzuekin bilduma txiki bat egitea pentsatu genuen eta ondo iruditu zitzaion. Olerkietako batzuk JoxAntonek berak aukeratu zituen eta beste batzuk, guk», azaldu du Aizpuruak.

Iritsi zen hitzaldiaren eguna eta ordurako liburuxkak prest zituzten, hitzaldira etortzen ziren herritarrei oparitan emateko. Hitzaldia baino ordu batzuk lehenago azaldu zen Ataunen JoxAnton Artze, etxean topatutako altxor bat hartuta: 1963. urtean Londrestik bere amari bidalitako gutun eder bat, eskuz idatzia. «Gutun huraxe sartu nahi zuen liburuxkan eta dagoeneko sorta bat ekarri zuen prestatuta, plastifikatuta. Eskuz, banan-bana itsatsi genuen gutuna liburuxka bakoitzean. Ederki geratu zen gainera», gogoratu du Aizpuruak. «Ataunen orain urte batzuk arboltxo bat sortu zen...», dio Artzek amari buruz eskutitz horretan.

 

Aldaparoa

San Martin plazan irakur daiteke 1787ko abuztuaren 12an “Gaceta de Madrid” egunkarian jasotako albistea. “Ataungo Miraria” izendatu zuten bezperan gertatutakoa. Hortxe, orain albistea jasotzen duen oroitarria dagoen tokian, Aldaparoa zegoen. Ataungo errota bertan zegoen eta kanaleko ura biltzen zen putzua zen Aldaparoa, 2,5 metroko sakonera ingurukoa. Herriko igerileku bihurtzen zen Aldaparoa, gazteen aisialdirako toki aproposa. Abuztuaren 11 hartan, baina, bi haur txiki agertu ziren bertan itota, bi eta hiru urteko bi neskato. Herritarrak hara bilduak ziren, haurren amak tartean, eta hiltzat ematen zituzten denek. Handik bi zirujau pasatu omen ziren une horretan eta haurrak salbatzeko ahalegina egingo zutela esan zuten, ezagutzen zuten teknika berezi baten bidez. Herritarrek ez zuten fede handirik, haurrak hilak zeudela uste baitzuten. Zirujauek, zigarrokina piztu eta kea haurren ipurtzulotik bota zuten. Hamabost bat minutura, bi urteko neskatoa bere onera etortzen hasi zen. Zazpi minutu geroago, hiru urtekoa hasi zen bizkortzen. Albisteak kontatzen du erabat bizkortu zirela bi neskatoak eta arratsalde hartan bertan herritik barna ikusi zituztela jolasean.