2018/03/03

Juantxo EGAÑA
Emakumeak, «atsekabetutako familien oihartzuna» Ondarretan

Frankistak Donostiara sartutakoan, Ondarretako kartzelan ehunka preso zeuden, eta fusilamenduak eta torturak eguneroko ogi bihurtu ziren. Agintariek beste leku batzuk prestatu zituzten kartzela gisa. Emakumeentzat, Ondarretakoaz beraz gain, bazegoen beste bat San Jose babes-etxean. Lasarten kontzentrazio esparru bat eta Saturraranen espetxe bat ere prestatu zituzten emakumeentzat. Argazkia 1941ean egina da, Ondarretako kartzelaren sarreran. Ehunetik gora lagun, batez ere emakumeak, beren senide presoak ikusteko kartzela barrura sartzeko zain daude. Irudian ikusten denez, janariak eta arropak daramatzate otarreetan. Presoekin komunikatzeko eragozpenak zirela-eta, otarreen heldulekuetan etxekoentzako gutunak ezkutatzen zituzten. Hamar urte lehenago, 1931n, Errepublika aldarrikatu baino astebete lehenago, Clara Campoamorrek, Ondarretako kartzelan zeuden preso errepublikanoen askatasuna eskatu zuen mitin berean, hauxe esan zuen: «Honelako ekitaldietara, existitzen ez den justizia baten biktima gisa kartzeletan dauden lagun maiteen faltagatik atsekabetutako familien oihartzuna ekar dezakegu emakumeok».