Xabier Izaga

Hitzik gabe. Eginez

Xabierren heriotza saihestu zitekeen», esan zuten Etxerateko ordezkariek joan den asteazkenean Iruñean. Sare plataformak espetxeko bakartzearen muturreko ondorioez ohartarazi zuen, horren gaineko doktore tesirik aurkeztu behar izan gabe. Ezker abertzaleak esan zuen Xabierrena ez dela heriotza naturala izan, eta horiek ere ez dute esandako hori berretsiko duen peritu baten beharrik. Euskal gehiengo sindikalak espetxe politika salatu zuen, zergatik azaldu behar izan gabe. Nafarroako Gobernuko eledunak ere ez zuen azalpenik eman beharrik izan salbuespen politiken eta neurrien aurkako jarrera agertu eta sakabanaketa presoei eta haien senideei ezarritako zigor erantsia dela esan zuenean.

Xabier Rey Antxo-ren heriotzak modu ikaragarrian egiaztatu ditu eragile horiek esandakoak, baita “doilorkeria” hitzaren esanahia azaldu ere. Ez da kontu berria. Errepikakorra da, badakigu, nekagarria –pentsa zer den morroilope dagoenarentzat–. Eta horregatixe da ikaragarriagoa. Errepikakorregia da “atxiloketa-tortura-urruntzea-bizi baldintza latzak-bakartzea-heriotza” segida. El que la hace la paga espainiar lokuzioak erraz asko justifikatzen duen segida. Justizia hori balitz bezala. Ez, lokuzio hori ez da justizia, gezurra da. “Neutralek”, “datorren lekutik datorrela” leloa higatzeraino erabili dutenek onartutako gezurra.

Gasteizko Gobernuak bere sailburu baten bidez doluminak helarazi zizkien Xabier Reyren senideei, hedabide batek esatekorik al zuen galdetu zionean. Garai batean, gaitzespenek eta gaitzesten ez zuenaren aurkako erasoek jarraitzen zioten dolumin agerpenari. Garai batean, biolentzia politikoaren aurkako itunak egiten ziren, biolentzia politiko zehatz baten aurkakoak, alegia. Biolentzia hura aspaldi desagertuta, euskal gatazkari dagokionez, «giza eskubideen aurkako eraso bakarrak euskal presoen eta haien senideen aurkakoak dira», Arnaldo Otegik gogorarazi zuen bezala eta begi bistakoa denez. Eta eraso horien aurreko jarrerak garai batean bezala jarraitzen du. Doluminak, onenean.

Hedabideek, bereziki balio goren guztien jagole txartela dutenek, Rey Urmenetaren heriotzari ez diote batzuetan pintada ziztrin bati eskaintzen dioten adinako arretarik eskaini. Gazte nafarraren heriotzaren berri eman zutenek, gehienera ere eta salbuespenak salbuespen, auto istripu arin bati eskainiko lioketenaren pareko tartea eskaini zioten.

Zilegi al da ihes betea? Zuzenago esanda, zilegi al da ihes betera bultzatzea? Faxisten harako ihes-legearen aldaera bat baino ez baita. Heriotza zigor atzeratua. Eta urruntasunez, bakardadez, atsekabez, kezkaz, etsipenez hiltzen diren horien heriotzak biolentzia politikoaren ondorio dira.

«Xabierren heriotza saihestu zitekeen». Bai, eta beste euskal preso politiko baten heriotza saihestu daiteke. Saihestu daiteke eta saihestu beharra dago. Ez da gaitzespenik behar, presoen egoerarekin bukatzeko irtenbidea baizik. Biolentzia zehatz bat, ETAren biolentzia, ezinbestekoa omen zen gaitzespenik gabe amaitu zen. Buka dezagun gelditzen den indarkeria gaitzespen hitzik gabe. Hitzik gabe. Hitzik gabe baina inoiz esan ditugun hitzak –zuriak izanagatik– koherente eginez. Eginez.

Infernutik bueltan beso zabalik hartu zaituen lur honek atseden eman diezazula halako batean, Xabier. •