2018/03/10

Erreportajea
UMEEN AURKAKO GERRA
Save the Childrenek gudu guzti-guztiek haurrengan duten eragina salatu du

«Gerra guztiak, bidezkoak izan edo ez, garaipena lortu edo ez, umeen kontrako gerrak dira», adierazi zuen duela ehun urte Save the Childreneko sortzaile Eglantyne Jebbek. Gobernuz kanpoko erakundeak kaleratu berri duen txostenaren arabera, egun 357 milioi haur bizi dira gatazka eremuetan. Inoizko zifrarik altuena da.

Ainara Lertxundi
0310_gaur8_afganistan

Gatazka edo gerra eremuetan bizi diren adingabeen kopuruak nabarmen egin du gora 1990eko hamarkadatik hona, %75 hain zuzen ere. Garai hartan, 200 milioi haurrek pairatzen zuten gatazka armaturen bat. Egun, 357 milioi dira. Biolentzia maila bera ere gaur egun askoz handiagoa da, nazioarteko legediak umeen eskubideak babesten dituen arren.

«Gatazka eremuetan bizi diren haurren kopurua izugarri igo da. Imajinatu ezin ditzakegun indarkeria ekintzak pairatzen dituzte: sexu-biolentzia, aire erasoak, errekrutatzeak, eraso suizidak egiteko erabiltzen dituzte… Etxeak, ospitaleak, eskolak eta jolastokiak gudu zelai bihurtu dira. Gizarte bezala erabaki behar dugu zer egingo dugun: umeak beraien ikasmahaietan edo ospitaleko oheetan nola hiltzen diren begira geldituko ote garen edo mundu hobeago batean bizitzeko duten eskubidea errespeta dadin neurriak hartuko ditugun», nabarmendu du Save the Children gobernuz kanpoko erakundeko zuzendari orokorrak, Helle Thorning-Schmidtek, “Haurren kontrako gerra” txostenean. Ondorio psikologikoak ez dira belaunaldi bakarrean desagertzen.

«Neurriak hartzen ez baditugu, ondorioak izugarriak izango dira epe luzera. Ondorengo urteetan, milaka ume gal ditzakegu biolentzia armatuaren ondorioz eta milioika haurrek jasango dituzte trauma fisikoak eta psikologikoak. Haurrak oso indartsuak dira, eta, laguntza egokiarekin, osatzea posible da, baina, gatazkek eta gerrek bere horretan jarraitzen duten bitartean, hori ezinezkoa da», salatu du.

Azken urteetan, hiriguneak gatazka armatuen agertoki bihurtu dira. 1950. urtean munduko biztanleriaren %30 bizi zen hirietan, 2014an %54 eta 2050an %66 izatea aurreikusten da. Hiri handi eta jendetsuetan lehergailuak erabiltzeak –Iraken, Sirian eta Yemenen, esaterako, erabili den estrategia– ondorio larriak ditu zibilengan eta bereziki umeengan.

Armak hiri nahiz herriguneetan erabiltzen direnean, hildakoen eta zaurituen %92 zibilak izan ohi dira. Horrez gain, gatazkan esku hartzen duten talde armatuak biderkatu egiten dira eta haurrak izan ohi dira kalte larrienak pairatzen dituztenak. Zauriak zuzenean jasateaz gain, aire erasoek, lurreko minek eta bestelako armen erabilerak epe motzera eta luzera begira ondorio fisikoak –desgaitasunak esaterako– eta psikologikoak –beldurra, urduritasuna, ezinegona, estres postraumatikoa...– eragiten dizkiete, osasun eta hezkuntza eskubideak urratuz.

Gatazka maila kontuan hartuta, 2016an egindako sailkapenaren arabera ondorengoak dira hamar herrialde arriskutsuenak: Siria, Afganistan, Somalia, Yemen, Nigeria, Hego Sudan, Irak, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Sudan eta Afrika Erdialdeko Errepublika. Afganistanen, adibidez, 3.512 izan ziren 2016an hil edo mutilatutako haurrak, 2015ean baino %24 gehiago. 2017ko lehen bederatzi hilabeteetan, ia 700 haur hil zituzten.

2005etik 2016ra, 73.023 haur hil edo mutilatu zituzten 25 gatazkatan. Horietatik 10.068, 2016an. «Datuok icebergaren tontorra dira. Ez dakigu benetan zenbat haur hil edo mutilatu zituzten, ez baitugu gatazka eremuetan sartzerik. Azken bi hamarkadotan, droneen eta inprobisatutako lehergailuen erabilera igo egin da, baita minen, aihotzen eta irekitzean bonba txiki ugari barreiatzen dituzten lehergailuena ere». Horrez gain, 65,6 milioi lagunek beraien etxea utzi behar izan dute. Errefuxiatuek batez beste 17 urte ematen dituzte beraien herrialdetik kanpo.

Ondorengoak Save the Childrenek egindako txostenean jasotzen diren testigantzak dira. Izenak ez dira benetakoak segurtasun arrazoiengatik.

Reem, 13 urteko neskatoa

«Aire eraso batek Yemengo nire herrixka txikitu zuen ni eskolako etxeko lanak egiten ari nintzen bitartean. Bat-batean, etxeko sabaiaren zati bat erori egin zen; bonbak nire logelan eztanda egin zuen. Gasak eta keak ez zidaten arnas egiten uzten. Izterrean, buruan, sorbaldan zauriak izan nituen, ia senide guztiek jasan genituen zauriak. Odoletan, ospitaleraino oinez joan nintzen. Medikuak hilabete baterako botikak eman zizkidan. Han leku nahikorik ez zegoela-eta etxera itzultzeko esan zidaten. Iristean ez nuen etxea nola geratu zen ikusterik izan, den-dena ilun baitzegoen. Ohera joan nintzen, baina ezin nuen lo egin, oso minduta nengoelako. Hurrengo goizean, metraila arrastoak ikusi nituen nonahi, paretetan eta altzarietan.

Erasoa gertatu zenetik ez naiz klasera joaten. Ikasturtea galtzeak kezkatzen nau. Bonbardaketaren aurretik, gure bizitza zoragarria zen. Gerrak eta aire erasoek beldurtu eta tristatzen naute. Izterrean eta bizkarrean mina dut».

Saif, Siriatik Jordaniara

Saif Daraan jaio zen, Sirian. Egun Jordaniako Za’atari errefuxiatu kanpalekuan bizi da. 16 urte ditu. Oso gogoan du biolentzia, baita bere gurasoek ihes egiteko erabakia hartu zuten eguna ere. Saifen eskola bonbardatu zuten; bere gelakide bat hil egin zen eta beste batek besoa galdu zuen metraila zaurien ondorioz. «Sirian, eskolarako bidean lurreko minak zeuden. Ikastetxean geundenean ere, inguruak eta eraikinak berak ere aire erasoak jasan zituzten behin baino gehiagotan. Gurasoek ez zuten nahi gu eskolara joaterik. Ikasturte osoa galdu nuen. Egoera horrek beldurra eta ezinegona eragiten zizkidan; edozein unetan etxea eta eskola bonbardatuko zuten beldur nintzen. Aitak Jordaniara ihes egitea erabaki zuen azkenean. Beste ikasturte bat galdu nuen. Dena den, orain seguru sentitzen naiz, gerran ez dagoen herri batean bizi naizelako eta kanpalekuan laguntza humanitarioa ematen diguten erakundeak daudelako. Heltzean, arkitektoa izatea nahiko nuke», adierazi du Saifek.

Kabala, ume soldadua

Kabala, 17 urtekoa, Kongoko Errepublika Demokratikokoa da. Oso gaztetan gurasoak galdu zituen eta soilik aitona-amonak zituen. Kasain bizi zen eta 2016ko abuztuan gatazka armatua hasi zen bertan.

Lagunek talde armatuan sartzeko esan zioten. Trukean soldata ona eta sari ordainak jasoko zituela esan zioten. Drogen eta alkoholaren menpe, armak eman eta menderaezina zela esaten zioten. «Soldatu askori egin genien eraso. Asko hil genituen. Ni soldaduak hiltzen dibertitzen nintzen. Ez nuen uste hiltzea gaizki zegoenik». Oin batean tiro bat jaso ostean eta lagunen heriotzaren ostean, talde armatua utzi zuen. Etxera itzuli den arren, oroitzapenek ez diote lasaitasunik ematen. «Haurtzaroa galdu dut. Amesgaizto beldurgarriak ditut. Borroka irudiak momenturo etortzen zaizkit burura». Bere ametsa abokatua izatea da.

Shadibabiran, Myanmar

«Egun batean militarrak gure herrixkara etorri ziren. Gure kontra tiroka hasi ziren eta amari orkatilan eman zioten. Gero, neska nerabe guztiei zutitzeko agindua eman ziguten. Gure aitak non zeuden galdetu ziguten. Nire aita duela 15 urte hil zela esan nien. Ez zidaten sinetsi. Ni eta beste neska batzuk etxera eraman gintuzten. Arma batekin aurpegian jo ninduten, bularraldean ostikoak eman zizkidaten eta besoak nahiz hankak zapaldu zizkidaten. Gero, hiru soldaduk bortxatu egin ninduten, bi orduz. Momenturen batean, konortea galdu nuen. Bularraldea kolpatzean, saihets bat puskatu zidaten. Oso mingarria izan zen, ezin nuen arnasa hartu. Oraindik ere arnas egiteko zailtasunak ditut, baina ez naiz medikura joan lotsa handia ematen didalako».

Halima, 16 urteko nigeriarra

«13 urte nituenean harrapatu ninduten. Nire ama zuhaitz batean lotu zuten, eta, ondoren, tiro egin zioten. Guztiak hil ostean, beraiekin joatera behartu ninduten. Hori egiteari uko egin nioenez, arma batekin mehatxatu ninduten. Beraietako batekin ezkonduko nintzela esan zidaten. Ezetz esan nien, nire familia guztia hil zutelako. Ez nuela aukerarik erantzun zidaten. Bi egun geroago ezkondu nintzen. Ez nekien nire senarra nor zen ere. Denbora batez, erabat isolatuta egon nintzen. Batzuetan, astebete egoten nintzen jan gabe. Haurdun gelditu nintzen. Zortzi hilabeteko haurdunaldia nuela, nire senarra hilik zegoela esan zidaten. Militarrek erreskatatu ninduten. Ogia eta ura eman zidaten. Gizonak gerturatzen zaizkidanean, beldurtu egiten naiz. Eta zaratak entzutean, beldur naiz berriro etorriko ote diren. Espero dut nire seme-alabek ikasteko aukera izatea eta nik bizi izandakoa ez bizitzea».

Basma, beste eskola bat jomuga

Basma Damaskotik gertu dagoen hiri batean bizi da. Eskolara joatea gustuko zuen. Lagun asko zituen. Egun batean, ordea, bere eskolari eraso egin zioten. Gelatik atera eta etxera joan zen korrika. Ume asko zauritu zituzten. Geroztik ezin izan du ikastetxera itzuli eta faltan botatzen ditu gelakideak. «Hiriz aldatu ginen. Eskolara joaten jarraitu nuen, baina eskola berriari ere eraso egin zioten; hogei ume hil ziren. Berriro ere bizilekuz aldatu genuen. Beste eskola batean hasi nintzen, baina irakasleak oso txarrak ziren; edozein txorakeriagatik jotzen gintuzten eta bakarrik uzten gintuzten gelan, egiteko deus izan gabe. Eskola hori gorroto nuen. Orain, beste ikastetxe batean nago».

Nazio Batuak 2005an hasi ziren eskola eta ospitaleen kontrako erasoak erregistratzen. 2005tik 2016ra, gutxienez 15.375 eskola eta ospitalek jasan zituzten erasoak gatazka eta gerra testuinguruetan. Iazkoa, urterik okerrenetariko bat izan zen. Munduan 27 milioi haurrek ezin dute klasera joan beraien eskola suntsitu dutelako, irakasleek ihes egin dutelako edo gurasoak beldur direlako bidean edo eskolan dauden bitartean erasoren bat jasango ote duten.

Tareq, Gazako ikaslea

Soilik 14 urte baditu ere, hiru gerren lekuko izan da Tareq. 2014an, suziri batek bere etxea suntsitu zuen. Bere familiak ihes egin zuen, baina ondasun guztiak galdu zituzten. Bere lehengusuaren senideek, ordea, ez zuten zorte bera izan. Israelek airez erasotako eskola batean babestu ziren; ez zen inor bizirik atera.

Aitak belauna gaizki duenetik, familian lan egiten duen bakarra Tareq da. «Lanean hasi aurretik nire ikasketa maila ona zen, baina egun oso zaila egiten zait ikastea, lana oso gogorra baita. Gainera, argi mozketak etengabeak dira».

Estatuei, miliziei eta gatazka egoeretan bizi diren haurren bizitzen gainean eragina duten gainerako eragile guztiei honako konpromisoak hartzea eskatu die Save the Childrenek: «Haurrak arriskuan egon daitezen saihesteko prebentzioan inbertitu eta bakeari eustea; nazioarteko legediak eta araudiak berrestea –Eskola Seguruen Adierazpena eta Parisko Printzipio eta Konpromisoak barneratu behar dituzte estatuek–; gizateriaren kontrako krimenen arduradunei erantzukizunak eskatzea, zigorgabetasuna saihesteko; zibilei eragindako kalteen eta biktima izan diren haurrei buruzko datuak biltzeko eta informazioa jasotzeko mekanismoak ezartzea, baita justizia sistema sendoagoak edukitzea ere; eta, azkenik, hondatutako bizimoduak berregitea. Haurren errekuperazioa ezinbestekoa da etorkizunera begira eta horretarako egokiak diren zentroetan egon behar dute. Tokian tokiko medikuei eta erizainei estres postraumatikoari eta gerrak eragindako ondorio fisiko nahiz psikikoei hobeto aurre egin ahal izateko formakuntza egokia eman behar zaie», nabarmendu du gobernuz kanpoko erakundeak.

«Neurriak hartzen ez baditugu, ondorioak izugarriak izango dira epe luzera. Milaka ume hiltzeko arriskuan daude biolentzia armatuarengatik eta milioika haurrek trauma fisikoak eta psikologikoak jasango dituzte»

Azken urteotan hiriguneak gerra agertoki bihurtu dira. 1950. urtean munduko biztanleriaren %30 bizi zen hirietan, 2014an %54 eta 2050an %66 izatea aurreikusten da

«Bonbardaketaren aurretik, gure bizitza zoragarria zen. Gerraren eta aire erasoen beldur naiz egun. Izterrean eta bizkarrean mina dut»

«Hiru soldaduk bortxatu ninduten, bi orduz. Konortea galdu nuen. Saihets bat puskatu zidaten ostikadaka. Oraindik ere arnas egiteko zailtasunak ditut, baina ez naiz medikura joan lotsa handia ematen didalako»