2018/03/10

Kepa Sarasola
UEU-ko zuzendaria

Otsailaren 24tik Udako Euskal Unibertsitateko zuzendaria da, baina 1980an sartu zen bertara eta ondo ezagutzen du UEUren ibilbide luzea. Ibilbide horretaz eta aurretik duenaz mintzatu zaigu Kepa Sarasola.

«UEUk hainbat urtetan eman didan guztitik pixka bat jaso dezala orain berak, hori bueltatzeko modua izan daiteke zuzendari lana»
Xabier Izaga Gonzalez
0310_sarasola2

Oso adeitsu hartu gaitu, adeitsu eta sutsu, buru-belarri dabilen proiektuari dion atxikimenduaren erakusgarri. Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) zuzendari Kepa Sarasolak graduondo batean parte hartzen du azken urteotan, on line ematen den Itzulpengintza eta Teknologia graduondokoan, hain zuzen. «Itzulpengintza hobetzeko informatika nola erabiltzen den irakasten dugu. Ikastaroa urte osokoa da, ahalegin handia jendearentzat».

1973an sortu zen UEU eta zu 1980an sartu zinen bertara. Ondo baino hobeto ezagutzen duzu haren ibilbidea. Balantze labur bat eginda, zer nabarmenduko zenuke?

UEUk badu 45 urteko historia. Hasieran unibertsitatean ez zegoen ezer euskaraz eta gaur egun 17-18 urteko neska-mutilek unibertsitatean dena euskaraz egitea normal-normal ikusten dute. Baina a zer lana izan zen hori! 1980an oso jende gutxik egiten zuen horren aldeko apustua, jende gutxik uste zuen lor zitekeela eta hemen dago, lortuta. Gero beste erronka batzuk egon dira, graduondoak-eta, kongresu moduan alorka antolatzen diren bilkurak edo topaketak... Maiatzean informatikari euskaldunen bilkura daukagu, eta gero arkitektoena, psikologoena… aurten zazpi-edo antolatuko ditugu. Komunitatea egiten dugu, adituak euskaraz prestatzen dira, elkarren berri edukita. Hurrengo helburu bat, guztiz euskaraz arituko den unibertsitatea sortzeko bide horretan, on line unibertsitatea izan daiteke. Hori dugu lehentasuna.

Zertan da «on line» unibertsitatea?

On line unibertsitatea ez da esandakoa bezalako 300 orduko ikasturteak egiteko, baizik eta karrera osoak, ez 30 kreditukoak, baizik eta 240koak. Beste dimentsio bat. Euskararen munduan hutsune bat dagoela ikusten dugu. Zuk ikas dezakezu kanpoko hainbat unibertsitatetan, baita UNEDen ere, baina euskaraz ez. UEUkoa beste ikasle mota bat da, ez da Batxilergoa bukatu eta zuzenean unibertsitatera doana, baizik eta klasera joaterik ez eta etxetik ikasi nahi duena. Horientzat euskaraz ez da ezer eskaintzen; gaur egun ez dago titulaziorik, eta erronka da karrera osoa etxetik eta euskaraz ikasi ahal izatea.

Zergatik diozu horretarako aukera historikoa dagoela?

Behar diren elementuak prest dauzkagulako. Irakasleak izango direnekin ez dago arazorik. Oso jende ona daukagu, gaztea, inoiz baino prestatuagoa, eta tokia eta eskaera ere badaude. Egin ditugun azterketetan planteatzen da ikasketa bat Enpresa ikasketen inguruan eta beste bat Psikologiaren inguruan, eta ematen du baietz, eskaintza dagoela. Bestalde, EHUrekin badugu beste proiektu bat, bigarren irakaskuntzako irakasleak formatzeko graduondokoa. Kasu horretan ez du zertan izan karrera bukatu berri dutenentzat eta denbora osoa libre dutenentzat, baizik eta gero beren kabuz 25 urterekin edo gehiagorekin, askotan lanean ari direla, master hori egin nahi dutenentzat ere bai. Eta euskaraz.

Eta aukera ona da on line unibertsitatea antolatzeko ez dagoelako eraikin oso bat prestatu beharrik, behar duzun azpiegitura informatikoa da batez ere, inbertsio ikaragarria egin behar izan gabe. Euskal unibertsitatea sortzeko bidean pauso interesgarria izan liteke hori.

Urte asko eman dituzu Iñaki Alegria aurreko zuzendariarekin. Hura ere informatikaria da. Ez dirudi kasualitatea informazio eta komunikazio teknologia berriek unibertsitate munduan hartu duten garrantzia ikusita.

Bai, eta oso inportantea da ez garela gu bakarrik, baizik eta talde bat, gutxienez hamar bat, asko tiratzen duena. Hor gu beste bat gara, eta hori da inportanteena, ez pertsonak bakarrik baizik eta talde oso bat, eta giro onean lan egitea; «lana bihurtzen dugu kantatzeko gaia».

Teknologia berriei dagokienez, garrantzi handia dute unibertsitatean eta gizarte osoan. Komunikatzeko kanal berriak, modu berriak… Bilkuretan azken bi urteetan sortu diren gauza berriak atera eta zer interes izan dezaketen aztertzen dugu. Batek tresna berri batekin egindako proiektua azaltzen du, nork bere esperientziak konpartitzen ditugu, denok ikasten dugu eta lana non inbertitzea merezi duen zehazten dugu. Baina ez informatika arloan bakarrik. Berdin Natur Zientzietan, Arkitekturan, Psikologian, Historian… Alorka biltzen gara, eta formula horrek funtzionatzen du, gure artean koherentzia eta trinkotasuna lortzeko modu bat da.

Belaunaldi arteko zubi-lana egin nahi duzula esan duzu oraindik orain.

Bai, UEUko hasierako zenbait lagun erretiratzen ari dira unibertsitatetik, eta jende berria abentura honetan, erronka honetan sartzen. Aipatzekoa da azkeneko hiru urteetan egon diren IkerGazte jardunaldiak. Kongresu moduan 120 lagun baino gehiago bildu ziren 2015ean Durangon eta 2017an Iruñean. Datorren urtean Baionan egin nahi dugu, 2019ko maiatzean. Horietan ikerlari berriak biltzen ditugu. Tesia egiten edo tesia bukatuta unibertsitatean kokatzen dabiltzanak askotan ez daude giro euskaldunean edo ez daukate kontakturik inguru gertuan eta bertan esperientziak trukatzeko aukera daukate. Jende berria sartzen ari da, eta hor beste harrobi bat dago. Niri esan zidaten: «Kepa, zu prest zaude bi urtez-edo horrekin jarraitzeko?». «Noski –esan nien–, nola ez». UEUk niri hainbat urtetan eman didan guztitik pixka bat jaso dezala orain berak, hori bueltatzeko modua izan daiteke.

Argi ematen du UEU ez dela sustatzaile hutsa.

Ez gaude maila dialektikoan bakarrik, proposamenak egiteko eta abar; bide berean, eraikitzen ari gara, komunitatea egiten dugu. Niretzat UEU oso inportantea izan da beti. 1981ean sartu nintzen ni EHUn eta handik hiru urtera hasi nintzen, hain justu Iñaki Alegriarekin batera, irakasgai bat euskaraz ematen Informatika Fakultatean. Lehenengoak izan ginen. Baina 1984an irakasgai hori euskaraz eman ahal izateko bageneukan hiru urteko eskarmentua UEUn klaseak ematen, Informatikako gaiak euskaraz lantzen. UEU beti izan da nolabait alfonbra jartzen duena, baliabideak prestatzen dituena, giza baliabideak eta liburuak eta bestelako materialak prestatzen dituena, gero ohiko unibertsitatean erronka berriei eusteko. UEUn hasieran Informatikako gaiak landu genituen hainbat urtetan, eta horri esker, Informatika Fakultateak hamabost urte geroago karrera osoa euskaraz eskaintzen zuen, ezinezkoa zirudiena lortuta. Lana eta prestaketa lanak batez ere UEUren eraginez egin ziren. Momentu batean pentsatu genuen euskarazko graduak bazeudela nahikoa bideratuta, eta hurrengo erronka graduondoak zirela. 2002an hasi ginen lehenengo masterrak ematen, Hizkuntza-teknologiari buruzkoak. Gero beste master batzuk ere atera ziren.

Gaur egun inork ez du zuen ekarpena zalantzan jartzen, baina garai batean batek baino gehiagok uste zuen ero talde bat zinetela.

Nik Joserra Etxebarriari entzuna diot UEU sortu zenean eztabaida bat izan zela ea euskal unibertsitatea erdaraz egiteko eskatu behar zen, eta zenbaitentzat eromena zen euskaraz egin ahal izango zela planteatzea… baina lortu da. Eta lortu da oso jende ona egon delako. Hor belaunaldi magiko bat egon zen, euskara batua onartu eta gero euskara unibertsitateko gai korapilatsuetara eraman zuena: Fisikara, Matematikara, Literaturara eta alor guztietara. Joserra Etxebarria, Andoni Sagarna, Mikel Zalbide, Luis Bandres, Iñaki Azkune… hor egon zen belaunaldi bat mirariak egin zituena. Batuak berak bezala, orain dira 50 urte definitu zela, euskarak egin zuen pausoa ikaragarria izan zen. Hizkuntza askok ez dute halakorik lortzen; gainera, gero sozialki onartua izatea ez da hain erraza. Miraria izan zen, eta ondoren beste belaunaldi magiko bat euskara modu ulergarrian Matematikan, Fisikan, alor guztietan erabiltzeko gauza izan zen. Gero beste batzuek hori unibertsitateko graduetara eramaten lagundu genien, eta egun gertatzen dena da 18 urteko edozein neska-mutilentzat oso normala dela euskaraz edozer egin dezakeela ikustea. Fruitu ikaragarria da.

Garai batean, pentsaezina.

Hori da. Eta momentu honetan berdin gerta daiteke on line unibertsitate horrekin, euskaraz ibiliko den unibertsitate baterako beste bide bat.

Zer falta da unibertsitate hori lortzeko?

Instituzioen inplikazioa eta jendeak identifikatuta sentitu eta erronka hori beretzat hartzea. Batzuek oraindik ez dute sinesten, eta ohiko unibertsitate batzuek uste dute hau lehia dela, nonbait, unibertsitatera doan gazte kopurua mugatua dela, eta, eskaintza berri bat azaltzen bada, denek gutxiago edukitzeko dela. Guk esaten dugu ez nahasteko. On line unibertsitateko ikasleak ez dira ohiko unibertsitatera joaten diren 17-18 urteko neska-mutilak.

Gizartearen presio falta ere badago? Gizarteari horren beharra azaltzea falta al da?

Nik uste dut denok konturatzen garela nazioartean gero eta eskaintza handiagoa dagoela eskolara joan gabe ikasteko, hori badator; eta gu esnatzen ez bagara, beharbada euskarak esparru hori galduko du. Eta pena da egin dezakegulako. Jendea prest dago eta jendearen beharra ere badago. Beraz, bi gauza behar dira, batetik, instituzioen aldetik inplikazio pixka bat, eta, bestetik, kaleko jendeak ilusioa hartzea egunero campusera joateko aukerarik ez duenak horrelako karrera bat euskaraz ikasi ahal izango duela pentsatuta.

Beste erronka bat Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian azpiegiturak sendotu eta sarea aktibatzea dela diozu. Desoreka nabarmena al dago?

Bai, badago, baina hau momentu ona da pausoak emateko. Azken urteotan eman dira, baina gehiago eman daitezke. Batetik, Nafarroan. Iruñean Alde Zaharreko Ezpeleta jauregia utzi digute udan ikastaroak emateko, eta oso leku egokia da. Iruñean bi pertsona dauzkagu koordinatzeko, ikastaroak proposatzeko eta lana aurrera eramateko, baina gure erronka Iruñea inguruan euskal unibertsitatearen alde mugitzen den jendea koordinatzea eta aupatzea da, talde giroa sortzea. Eta berdin Baionan. Han, armagabetzea dela, ez dakit zer dela, azkenaldian oso mugimendu interesgarriak izan dira euskal kulturaren ikuspuntutik. Eta ondo finkatu behar dugu lankidetza. Adibidez, datorren urtean IkerGazte Baionan egitea aurreikusita daukagu, eta hori jendearekin lan egiteko, harremanak egiteko eta hango taldea dinamizatzeko aukera da.

Giro politikoak eragin nabarmena du, beraz.

Dudarik gabe. Jende gehiago anima daiteke parte hartzera. Badago jendea, e? Baina horretan ere sakondu daiteke. Eta on line unibertsitatea herrialde guztietarako eskaintza da. Herrialde guztietako erakundeak koordina daitezke erronkari erantzuteko, on line berdin egiten baituzu Baiona eta Boisetik.

Ixa taldeko sortzaile eta ikerlaria zara. Zure zenbait grinaren elkargunea da?

Noski, noski. Ixa taldea, UEU, Informatika Fakultatea... horren inguruan dabiltza nire motorrak, eta, gainera, denak elkarrekin hobeto dabiltza. Ixa taldeari dagokionez, sortu zen lehenengo graduondokoa hizkuntzalaritza konputazionalari buruzkoa izan zen. Hotik sortu ziren Xuxen zuzentzaile ortografikoa, Matxin itzultzaile automatikoa, euskara irakasteko ariketak egiteko tresna lagungarriak... Bi urterik behin UEUk antolatzen dituen bilkuretan esku artean dugunaren berri ematen dugu.

«Euskal unibertsitatea sortzeko bidean pauso interesgarria izan liteke ‘on line’ unibertsitatea»

«Gu [Iñaki Alegria eta Kepa Sarasola] beste bat gara, eta hori da inportanteena, ez pertsonak bakarrik, baizik eta talde oso bat, eta giro onean lan egitea; ‘lana bihurtzen dugu kantatzeko gaia’»