Nerea GOTI
BIZIPOZAREN EDABEA

Aniztasuna, irria, enpatia eta elkartasuna ikasgai eskolaz kanpoko jardueretan

Bizipozak ikasgai izan beharko luke. Bilboko Artxandape Ikastolan egitasmo bat sortu dute izen horrekin eta bizipozaren balioak eskolaz kanpoko jardueretara eraman dituzte: elkartasuna, enpatia, irria... Nerea Godoyk diseinatu eta garatu du, aurreiritzirik gabeko txikien begiekin barneratzen denak gerora isla izango duela konbentzituta.

Eskolaz kanpoko jardueretan denetarik egin daiteke, eta jarduera denetan gozatu daiteke. Gozatzen saiatzea, berez, helburu nagusia izan beharko litzateke gainera emaitza azkarrak nagusi diren mundu honetan. Bada, poza era askotan eragin daiteke, baita inguratzen gaituzten errealitate ezberdinei naturaltasunez begiratuta ere. Artxandape Ikastolan esperientzia pilotu bat jarri dute martxan ikasturte honetan helburu horrekin, Bizipoza du izena eta berritzailea da kirola, dantzak, musika, eskulanak... helburu baino bide direlako beste gai batzuk lantzeko: aniztasuna, enpatia, irria, elkartasuna...

Nerea Godoy gaztea dago egitasmoaren buruan. Haur Hezkuntza ikasten ari den bilbotar honen ideia izan zen helduek maneiatzen dituzten terminoak eta balioak txikien mundura egokitzea eta euren begiekin lantzea. Pentsatu zuen eskola «bizi garen gaurko gizartera egokitu» beharko litzatekeela, eta horretan aniztasunari erantzun behar ziola derrigor. Jose Mari Agirretxe Porrotx pailazoak botatako hausnarketa ekarri du gogora azaltzeko txikitatik landu daitezkeela balioak, helduak garenean irizpide propioa garatu eta gizarteak sortutako aurreiritziak desegin beharrean. «Balioak txikitatik ere zuzenean landuko balira», munduak beste kolore batzuk hartuko lituzkeela uste du.

«Horrela bururatu zitzaidan 5 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzendutako eskolaz kanpoko ekintza bat proposatzea. Uda osoan zehar landu nuen, egunerokotasunean nola egingo litzatekeen zehatz planifikatu nuen...», azaldu du Godoyk. Ikasturte honetan egia bihurtu da egitasmoa eta sei ikaslek hartzen dute parte proba pilotuan, astelehen eta asteazkenetan, ordubeteko saioetan.

«Nerea, gay zer da?»

Derrigorrezko lehen galdera da balioak eskolan zelan landu daitezkeen. Pentsatu baino errazagoa da, Nerea Godoyk azaltzen duenaren arabera. Adin horietan (5 eta 8 urte arteko umeak dira) jakin mina eta freskotasuna erabatekoak dira. Fobien eta aurreiritzien trataera askotarikoa da. Kontatzen du arrazakeria eta beste hainbat gai era naturalean landu dituztela, haurrek behar dituzten azalpenak emanda, ulergarri egiten zaizkien hitzekin eta taburik gabe.

Godoyk dioenez, pentsamoldeak konturatu gabe barneratzen dituzte haurrek, inuzenteak diruditen era askotan. Ipuinetan, marrazki bizidunetan eta iragarkietan, adibidez, «ez daude zuriak ez diren pertsonak, neskek ile luzea dute eta mutilek laburra, beltzak, txinatarrak, hijaba daramatenak ez dira ageri...». Eskoletan bertan, «ihauterietan, neskak sorginez mozorrotzen dira eta mutilak aztiz». Gurpildun aulkietan dauden lagunekin, garun paralisia dutenekin... ere antzeko zerbait gertatzen da, «guztiz ikusezinak» baitira.

Egun batean gay izatea zer den galdetu zion ikasle batek Godoyri, irain modura bota ziotela-eta. «Azaldu behar duzu, orduan, gay izatea zer den. Eta, noski, ezer txarrik ez daukala nabarmendu behar duzu». Azken batean, horrelako kontuez haurrekin hitz egiten ez baldin bada, «hazi eta beren sexu orientazioa aukeratzen dutenean, ez dute erraz esango gayak direnik, irain bat dela guztiz barneratuta izango dute-eta».

Askotariko familiak

Aniztasuna lantzean gay, lesbiana eta transexualez hitz egin dute, eta familiak irudikatu, adopziokoak eta harrera familiak ere zer diren ikusi dute, eta gero eskulanekin landu. Etxeak irudikatu dituzte, askotariko errealitateak dituzten familiak islatuz: bi ama edo bi aita dituzten etxeak, gurasoak banatuta izateagatik bi etxe dituzten familiak, adopzio familiak hegazkin eta guzti... Porrotxek eramaten duen ortzadarraren banderaren esanahia ere landu dute.

Bilboko Artxandape Ikastolan antolatzen dituzten jardueretan paper handia jokatzen du Bizipoza Elkarteak. Horregatik, izaera bereziko gaiak lantzen dituzten taldeek osatutako Bizipoza Elkarteko kideen bisita ugari izaten dituzte. «Etorri zitzaizkigun Gizakien Lurrako bi lagun, andre bat eta harreran duen nerabea, Gineakoa. Neska beltza da eta aurpegia erreta dauka, azala sendatzeko behar duen ebakuntza egitera etorri da Euskal Herrira. Bere historia kontatu zigun», aipatu du Godoyk.

Enpatia ere lantzen dute. Saio batean itsuen lekuan jartzen saiatu ziren adibidez: begiak estali eta eskura luzatutako objektuak asmatzen aritu ziren. Bocalan Biak Bat elkarteko bi txakur eta bi hezitzaile ere bertaratu ziren ikastolara haien zeregina azaltzera. Elbarritasunen bat dutenei eta bazterturik geratzeko arriskua dutenei laguntzeko txakurrak hezten ditu elkarteak, eta umeei erakutsi zieten, hain zuzen ere, txakurrek zertan eta zelan laguntzen duten. Aspanogi elkarteko kideen bisita izan zuten beste batean, eta festa pirata bat ere egin zuten. Minbizia zer den, nola tratatzen den, kimioterapia zer den... lehen pertsonan azalduta ezagutzeaz gain, festan buruan zapia jarri eta enpatia ariketa bat egin zuten.

Sentimenduak adierazi

Abestiek istorio abaniko handia zabaltzen dute bai umeen bai helduen munduan. Haurrentzat, zenbait kanta beste ume batzuen azalean jartzeko aukera da Nerea Godoyk dioenez. Horietako bat da aspaldi Takolo pailazoak kantatzen zuen “Kurkux” izeneko kanta, inork maiteko ez duela pentsatzen duen haur baten historia kontatzen duena.

Badaude bestelako ariketa batzuk ere. Godoyk planteatzen duenez, «zelan ulertuko dut bestea nire burua ulertu gabe?». Hala, sentimenduak lantzen dituzte eskolaz kanpoko jardueretan. Helburua da norberaren sentimenduak era natural batean identifikatzea eta adieraztea. Parte hartzaileek marrazki bat egin behar dute etxean, eta parkean jolasean pozik badaude bertan islatu behar dute. Etxekoak ere gonbidatuta daude ariketa egitera. Helburua da zelan sentitzen diren esatera ausartzea, eta, era berean, besteen sentimenduak ulertu eta onartzea.

Ikasturtea aurrera doa eta ibilbide nahikoa egin dute dagoeneko balorazio bat egiteko. Godoyk «zoragarri» ikusi du esperientzia. Dioenez, «haurrek ez diote ezeri muzin egiten», adinotan aurreiritziak ez baitira nagusitu oraindik eta ondo hartzen baitituzte proposatzen zaizkien gaiak. «Azaldutakoa ulertzen dute eta etxean naturaltasunez kontatzen dute, adibidez, minbiziari buruz hitz egin dugula. Gai gogorra bada ere, ez dute taburik. Guk bihurtu dugu tabu», azaldu du bilbotarrak.

Komentatzen du haurren jakin mina ez dela txartzat hartu behar. Deigarriak egiten zaizkien errealitateen aurrean erreakzionatzen duten umeek, gehienetan, behar bezalako azalpen egoki bat baino ez dutela behar. Helburua da errealitate ezberdinak haien begien aurrean jartzea, eta horietatik irakaspenak ateratzea eta bizitza ikuspegi eraikitzaile eta positibo batekin begiratzea.

Lehen planoan jartzen ditu Godoyk mota honetako esperientziak eta duten garrantzia nabarmendu du. «Jorratzen ditugun edukiak curriculumean landu beharko lirateke eta ez eskolaz kanpoko jarduera batean», planteatu du.

Artxandape Ikastolan ekimenarekin pozik daude. Gainera, lantzen diren balioez gain, Bilbokoa bezalako hizkuntza errealitate batean astean bi ordu gehiagoz euskaraz bizitzea hizkuntza mailan nabaritu dela ikusi dute. Erabilitako terminologiak ere lagundu du hizkuntza aberasten.

Eskolara eramandako Bizipoza ekimenak izen bereko proiektuan du jatorria. Bizipoza Elkartea irabazi asmorik gabeko gizartegintza egitasmoa da, «izaera bereziko haurren babes eta arretarako elkarteei laguntza afektiboa eta materiala eskaintzea» xede duena.

Leire Elizegi egitasmoaren kudeatzaileak azaltzen duenez, «elkarteen elkartea» da Bizipoza eta «izaera bereziko egoeretan dauden haurren eta familien ongizatea lantzea» du helburu nagusi. Euskaratik eta euskaraz egiten du taupada ekimenak; «bizipoza du misio» eta «auzolana du bisio», diotenez. Gainera, «denetariko herritar, talde eta erakundeek osaturiko boluntario sarea» osatzen ari dira une honetan. Gaur egun Irrien Lagunak Kluba, Katxiporreta, Elkar, Ikastolen Elkartea, AEK, Huhezi, Chrysallis, Aspanif, Aspanovas eta Kale Dor Kayiko dira, besteak beste, Bizipoza Elkarteko bazkideak.