Xabier Izaga Gonzalez
Elkarrizketa
Miren Larrion
EH Bilduko hautetsia

«Herrigintzak galdera sakona egiten dio politikari, eta orain politikaren txanda da, galdera horri erantzuteko»

Irakaskuntzatik politikara salto egin zuen, eta gogotsu dihardu Miren Larrionek, politika jendearekin batera joateko kezka, iparra duela. Hori eta beste gai asko ekarri ditu hizpide bere solasera.

Martxoaren 3a, Martxoaren 8a, tartean Xabier Reyren heriotza, albiste izan dira azkenaldion. Horiek eta beste kontu asko izan ditugu hizpide Miren Larrion EH Bilduko parlamentari eta Gasteizko zinegotziarekin. Politikan baino lehen, unibertsitateko irakaskuntzan jardun zuen Ingurumen Ingeniaritzako doktore honek, eta egunen batean irakaskuntza eta ikerkuntzara gogoz itzuliko dela dio, politikan diharduen bezain gogotsu.

Larrionek berak dioskunez, ostiralean Gasteizko Parlamentuan Martxoaren 3aren gaia agertuko da. Ahal Duguk artxiboak zabaltzeko eskatu du. PPk, ordea, 1968ko Sekretu Ofizialen Legea erreformatzeko asmoa omen dagoen aitzakian, hori egin arte itxarotea komeni dela dio. Kontuak kontu, sekretuek 50 urtez argitu gabe jarraitzea defendatzen du PPk.

Martxoaren 3an, EH Bilduren omenaldian hizlari izan zinen; arratsaldean jendetza bildu zen Gasteizko kaleetan zehar. 42 urte igaro eta justizia eske oraindik.

Nik esango nuke jendea arrazoi birengatik mugitzen dela. Bat, horren parte delako, Martxoren 3a gu egiten gaituenaren parte garrantzitsu bat delako. Eta bi, amorru horrek oraindik hor jarraitzen duelako, ez norberarena bakarrik. Eta han jende asko zauritu ere egin zuten. Nola izan zen posible horrelako sarraski bat inork bere gain ardurarik hartu gabe? Horrela zauria ezin da itxi. Gasteizek egia ezagutzen duela uste dut, eta urtero egiten dena erreparazio mota bat dela, herriaren aldetik, jakina. Justiziarik ez da izan, horregatik jarraitzen du Gasteizko herriak horren atzean.

Martxoaren 3a berezia izan zen emakumeak protagonista izan zirelako.

Alde batetik, azken hilabeteetan hainbat salaketa izan dira, eta dagoeneko hainbesteko mespretxu eta indarkeriak, edo soldata arteko zanga horrek benetako gogaitzea, nazka eragiten dute. Eta beste amorru mota bat dago, emakumeok eta beste askok pairatzen duguna, eta Udaberri Arabiarretik gero eta argiago dago. Justiziaren aurrean modu bidegabean tratatuak gara, eta gizarte honetan krisi ekonomikoaren ostean susperraldia izan denean, neurri batean susperraldi horretatik kanpo jarraitzen dugu guk, eta uste dut horrek ere areagotzen duela kalera irteteko motiboa, eta ez bakarrik gazteak. Adineko emakumeak ikusteak hunkitu egin ninduen.

Uste dut orain arlo politikoaren txanda dela. Jendarte mugimendua indartsu dagoenean, bi aukera daude, edo politikagintzatik bide bat eskaintzen da aurrera egiteko, edo gerta daiteke, eta horregatik aipatu ditut lehen Udaberri Arabiarrak, politikatik erantzunik ez badago, politikaren aurkako hainbat efektu izatea, eta Europan ere ikusten ari gara. Herrigintzak galdera sakona egiten dio politikari.

Martxoaren 8a egun bateko kontua izan zen edo mugarri izan liteke?

Islandian emakumeen greba gertatu zenean [1975ean herrialdeko emakumeen %90ek egin zutena] mugarri izan zen. Handik aurrera, bost urteren buruan, lehen emakume presidentea eta aldaketa sakonak etorri ziren. Baina kasu horretan politikak erantzun zuen, eta kontua da ea orain politikak erantzuten duen. Galdera sakon horiek egin eta haien atzean dagoen guztia aztertu beharra dago: desoreka ekonomikoa areagotzen ari da eta desoreka horretan kaltetuenak, beti bezala, emakumeak gertatzen ari gara. Gainera, horrelako egoera bidegabeak mantentzeko, indarkeria estrukturala dago, mikromatxismotik hasi eta indarkeria handian, hiltzeraino, amaitzen dena. Botere harremanetan dagoen desoreka hori serioski planteatzen da edo berriro ere jende dezepzionatua sortuko dugu, eta injustizia areagotuko. Uste dut hemen ere egon behar dela dialektika bat, mugimendu feminista horren bozeramailea izanda; kaleak indartsu behar ditugu boterea aldatu ahal izateko, baina gero gauzak ez dira berez gertatuko. Instituzioetatik eragiteko gaitasuna behar dugu, galderekin konektatuta.

Eta beste gai batzuekin lotuko dut. Larunbatean [gaur] pentsionistak izango dira kalean, eta galdera bera egiten dute: zergatik areagotzen ari dira desorekak? Langileek borrokatu eta lortutako eskubideak murrizten ari dira. Orduan, ezkerrak defendatzen dituen oinarrizko printzipioak, desoreka horiek murriztea, merkatuetan esku hartzea… politika jakin batzuetan planteatu behar ditugu. Jendearekin batera erantzun behar dugu.

Martxoaren 3ko biktimak aitortzen ez dituztenek gradu aldaketa ukatu diete 50 euskal presori, Xabier Reyk pairatzen zituenen antzeko baldintzei eutsita.

Oro har biktimenganako enpatia duenak biktima guztienganakoa du; enpatia hori izateko prest ez dagoenak horrelako planteamenduak egiten ditu. Dena den, haratago doan gogoeta egin beharra daukagu. Hemen gertatu dena ukatu beharrean, egia atera beharra dago, eta EH Bilduk askotan eskatu du egiaren batzorde bat non guztiok gauza asko aitortu beharko genituzkeen. Ikusi dugu nola Hegoafrikan edo Irlandan ezinbesteko urratsak egin dituzten hortik aurrera justizia trantsizionala sortzeko. Ukazioa inoiz ez da ezer konpontzeko bidea.

Xabier Rey hil denean ere, batzuk ez dira interpelatuta sentitu, bakan batzuen arazoa dela uste dute. Gaur egun, oinarrizko enpatia batetik, ez da ulergarria nola jarrai dezaketen presoek isolatze egoera horietan, mendeku politika batekin, are gutxiago baldintza politikoak aldatu direnean.

Autokritika eta aitortza denen kontua dira, beraz.

Nik uste dut, eta iritzi pertsonala da, aitortza eskaera askoz sendoagoa dela norberak berea eginda hasten denean. Horrela hasten ez dena ez da zintzoa. Norbaitek horren gainetik dagoela uste izanda eta besteei kontuak eskatzen dizkienean gertatzen da. Eta, harago doana, egindako politiken eta mezuen gatibu daude asko; eta esango nuke hori uneren batean alde guztientzat aplikagarria dela.

Kontua da alde batean urrats sendoak egin direla, egiten ari dira eta egingo dira, gizartearekiko konpromiso zintzo batetik. Eta bakoitzak ikusi beharko du zergatik ez duen hori egiten. Nik uste, gatibutza horrez gain, kalkulu elektorala ere badela. Ez da ulergaria nola sinatzen diren Nazio Batuen hainbat printzipio gero ez aplikatzeko.

Estatu frantsesean zenbait mugimendu egin dituzte.

Niri oso gauza bitxia iruditu zitzaidan azken Bertsolari Txapelketan, agurretan, Ipar Euskal Herriko bi bertsolariek armagabetzea, egoera berria aipatu zutela, eta, Hegoaldekoek, ez. Uste dut oso ondo islatu zutela zer ilusio sortu duen Ipar Euskal Herrian urratsak emateak komunitate bezala etorkizun bat planteatzeko balio duela ikusteak; Hego Euskal Herrian, berriz, guztiok gara kontziente, nahiz eta beharbada hitzez ez adierazi, blokeo egoera batean gaudela. Horrek ez du esan nahi gai hori alde batera utzi denik, baina instituzioetan blokeo egoera bat ikusten da, zenbait interes direla eta.

Interes horiek autogobernu lantaldean islatuko dira...

Gertatzen ari den Estatuaren inboluzioaren gaineko gogoeta bat egin beharra dago. Inboluzio horretan nor ateratzen den irabazle, zer kolektibo, alegia. Oso bakanak dira, eta gizartearentzat oro har ez dago aurrerapauso sozialik, ez ekonomikorik, ez historikorik, inboluzioa beti sektore erreakzionarioaren aldekoa baita. Nola eragiten dio herriari? Hori da galdera, baina zoritxarrez zenbait alderdi politiko ez daude klabe horietan, nahiz eta beste batzuk badauden. Herri bezala, eta kasu honetan Estatuko herri guztientzat, etor dakigukeena oso kezkagarria da. Hala ere, uste dut jendea nahikoa aktibatuta dagoela. Emakumeen aldeko mobilizazioak edo pentsioen aldeko aldarrikapena ez dira hemen bakarrik egiten, Estatu osoan baizik. Badago behar materialak asetzeko mobilizazioa, badago kezka eta aurrera egiteko eskaera kalean, eta, talde politikoetan, berriz, bada immobilizaziorako joera, eta Estatuari buruz ari naiz batez ere, e?

Saiatu behar dugu lortutakoa ahalik eta gehien blindatzen, askoz gehiago lortzeko. Termino horietan egin du EH Bilduk bere proposamena. Eta haratago doa, guk erabakitzeko eskubidea defendatzen dugunean, behar materialetatik, berdintasunetik hasten da. Eta prozesu gisa ulertzen dugu, ez da linbo batean gelditzeko onartu behar den eskubide bat; nola, zer esparrutan eta zer norabidetan garatu behar den planteatuta onartu behar den eskubidea da. Eta Estatu espainoleko legedia ez ezik –momentu batean hori kale itsua da eta–, nazioartekoa ere interpelatzen du. Estatu baten legedia ezin da bide baten bukaera izan.

Lautadan milaka alegazio aurkeztu dituzte abiadura handiko trenaren aurka. Gasteizko Gobernuaren jarrera desberdina da Lautadari edo Errioxari dagokionez.

Aldez aurreko gogoeta bat: zein lokalak garen! Garoñaren arriskua genuenean, askotan ematen zuen beste herrialdeetan ez zirela ohartzen, eta abiadura handiko trenarekin nolabait arabarroi gertatu zaigu. Besteek, pairatu dutenean, sekulako mugimendua egon da eta ez dut esango beste aldera begira egon garenik, baina erreakzioak ez dira hain handiak izan proiektuak gu ukitu arte.

Ez da zaila ikustea etorkizunean sarraskia gertatuko dela. Ikusten dugunean ekonomikoki ez dela bideragarria, zer kostu dituen, zer lotura, hori ordaintzeak ez digula aurrera egiten uzten… Baina berriro ere erabakia hartu zutenenek ez dute inolako ardurarik izango. Krisiarekin gertatu zen bera da. Berriro tokatuko zaigu horrelako azpiegitura bat, txikizioa dakarrena eta ekonomikoki sekulako eragozpena izango dena, guztion artean ordaintzea, eta bakan batzuk aberastuko dira. Araban, bitxiena da zergatik ardogintzarekin lotutako lurraldea salbatu beharra dagoen baina Lautada ez. Zeintzuk dira irizpideak? Gogoeta bat egin beharko da, zer den garapena, zer den garapen iraunkorra...

Gasteizko Udalaren osaera herritarren erreakzio batetik dator. Zenbait indarrek, EH Bildu buruan, bat egin zuten PP alkatetzatik kentzeko. Lehentasuna zen, ezta?

Bai, eta erantzuna hasierakoarekin lotuko dizut. Kasu horretan Gora Gasteiz jendartearen bizitasunaren adierazle izan zen, eta erabaki politikoak baldintzatzeko gaitasuna izan zuten. EH Bildu interpelatua sentitu zen, ez bakarrik, e? Baita Podemos eta Irabazi ere. Mugimendu horrek interpelatuta sentitu ginen eta uste dut horrek erakusten duela politika nola egin behar dugun. Erantzuna ematen saiatuz, ez da EAJren kasua. Lehenik, alkatetza eskatzen zuen. Zerk mugitzen zuen, jendeari entzuteak edo botere kalkuluek? Baina hori uste dut jende guztiak argi daukala nola gertatu zen eta nortzuk jarri ziren herriaren zerbitzura, ikuskera politiko zabalago batekin.

Lehen urtean PPren kudeaketaren ondorioei aurre egiteko akordioak izan ziren.

Guk hasieratik erabaki hori hartu genuenean, eta, gainera, konpromiso batetik, ezkerreko beste indarrekin batera, geure lankidetza eskaini genion [Gasteizko alkate Gorka] Urtarani. Gainera, askotan esan izan diogu aldaketari begiratzen dionean gehiengo zabala duela gauza berriak egiteko, baina ez du hori nahi izan. Hasieran bai... gero ez betetzeko, eta berehala hasi zen askoz gehiago bere alderdiaren interes hutsak defendatzen. Azkenaldian argi dago erabaki guztiak kanpotik datozkiola, Sabin Etxetik, Gasteizko Gobernuaren mesederako baina ez Gasteizen mesederako, eta hainbatetan jendearen nahiaren aurka. Azken adibidea Gasteiz hegoaldeko tranbia da, guk ere aukera gisa sostengatzen dugun tranbia. Baina badakigu badagoela horren aurkako mugimendu bat eta uste dugu onena dela horren inguruko lanketa egitea, eta galdeketa egitea onartu genuen. Irtenbidea inola ere ez da hor jendearekin arazo bat dagoela ukatzea, baizik eta bidea jendearekin batera egitea. Eta hori da kontua, alkateak ez diola jendeari begiratzen.

Hegoaldeko tranbiarekin bat zatoztela diozu, gizartearekin batera eginez. Eta zergatik hegoaldeko tranbia bai eta Salburukoa ez?

Gustuko dut galdera hori. Gasteizen mugikortasuna bi ardatz nagusiren inguruan dago planteatuta, ipar-hego ardatza eta ekialde-mendebalde ardatza, aldirikoaz gainera. Hegoaldeko tranbia lerro baten bukaera da, aldez aurretik diseinatuta zegoena eta hegoaldea bukatzea falta zuena, eta onartuta zegoen nola bukatu ardatz hori. Guk uste dugu bukatu egin beharra dagoela, gainera bat egingo duelako aldiriko lerroarekin. Salburukoaz galdetu didazu. Ez da Salbururako zerbait, ekialde-mendebalde ardatza baizik. Urtarani beti ahazten zaio Zabalgana [mendebaldea], trenbidea lurperatzerako ahaztu zaio; gainera, oso erraz konpontzen den zauria da, eta ez dio Estatuko Sustapen Ministerioari eskatu. Ekialde-mendebalde ardatzerako 2015ean adostu genuen hainbat aukera aztertuko zirela: tranbia, autobus azkarra [BRT, bus rapid transit], Arabatran eta autobus elektrikoa. Guk ez dugu arazorik inolako garraiobiderekin, eta erakutsi dugu hegoaldeko tranbiaren alde gaudela, konponbiderik onena nahi dugula. Argitaratu genuen hitzarmena ez da betetzen ari. Inon ez dago idatzita Salburura tranbiak joan behar zuela, baizik eta ardatz osoa aztertu beharra dagoela, ardatz osorako lau garraiobide horien arteko onena zein den. Gu ez gaude ezeren kontra, akordio horren alde baizik. Azken azterketaren arabera, onena autobus azkarra da; hala ere, guk xehetasunez aztertu nahi dugu auzia. Konponbiderik malguena, merkeena, azkarren egiten dena eta, jakina, Zabalgana eta Jundiz kanpoan uzten ez dituena nahi dugu.

Kafe Antzokia eta Emakumeen Etxea, noizko?

Talde guztiek adostutako kontu horrek beste dezepzio bat ekarri du Urtaranekin. Pentsa, Marotorekin Euskararen Etxea egin zen, eta Urtaranekin ezer ez, tristea da. Eta oso esanguratsua. Emakumeek beren lekua aldarrikatzen duten bezala, euskarak ere bere lekua behar du eta ezin da atzeratu. Zergatik ez da egiten? Nahiago dutelako beste proiektu batzuk egitea. Emakumeen Etxea ere ez doa aurrera, eta beste proiektu batzuekin berdin: memoriari dagokiona, energia merkaturatzailea, orain Iruñean egin behar dutena... Udalean nagoenetik, nik azpimarratuko nuke zer-nolako aukera interesgarriak ikusi ditugun jendearekin hirian gauzak berritzeko, eta batzuek zer interesa duten hemen ezer ez mugitzeko.

Irakaskuntzaren mundutik zatoz. Faltan botatzen duzu?

Ikaragarri polita da irakaskuntza. Bai, faltan botatzen ditut irakaskuntza eta ikerkuntza. Aurreko igandean Deustuko errektoreak kezka bat agertu zuen: gero eta joera handiagoa dago unibertsitatea enplegurako akademia gisa ulertzeko. Kezkagarria da, unibertsitateak ezagutza sortzen duen lekua eta kritikarako esparru askea izan behar baitu, herri duin eta aurreratu batentzat ikerketa eta garapena aurrera eramaten dituena. Europako zenbait herrialdetan ikusten dugu nola ikerketa eta garapenerako inbertsio handia egiten ari diren unibertsitateetan, esfortzu bat egiten da. Eta, hemen, Gasteizko Gobernuak inposatzen duen impasse egoerak ez du aurrera egiten uzten. EHUko aurreko errektoreak Legebiltzarrean, bere agurrean, esan zuen ikasleei gauza bakar bat irakasten bazaie, hori zaharkituta gelditzen denean, eta zaharkituta geldituko da, ez duela ezertarako balio izango; pentsatzen irakatsi behar dela zioen, jakintza-arlo anitzean aritzen.

Eusko Ikaskuntzako eta UEUko kide ere bazara

Eusko Ikaskuntzak 100 urte beteko ditu aurten. Oso lan oparoa egin du eta espero dut ospakizun horretan parte hartzea. Eta UEUk ere ezinbesteko lana egin du urte askoan irakaskuntza euskalduntzen, eta ez nuke bukatu nahi momentu honetan planteatzen duena aipatu gabe, etorkizunean aurrera egiteko ezinbestekoa dena, on line unibertsitatea. Gaur egun digitalizazioak hartu duen protagonismoa ikusita, nola lan egiten dugun, on line unibertsitateari bizkarra ematea iraganari begira segitzea izango litzateke.