Ainara Lertxundi
GAU ILUNEAN ATXILOTUAK

Adin txikiko palestinarren atxiloketa sistematikoa salatu du B´Tselem elkarteak

Adin txikiko baten atxiloketa erabiltzen den azken bitartekoa izan beharko litzateke, baina, Palestinan, okupazioaren baitan, alderantzizkoa gertatzen da. Ume eta gaztetxoen atxiloketak sistematikoak bihurtu dira. Ahed Tamimiren auziak gaia mahai gainean ipini du nazioartean, baina icebergaren punta besterik ez da.

Urtero, soldadu israeldarrek ehunka adin txikiko palestinar atxilotzen dituzte, atxiloketa bera azken baliabidea izan beharko litzatekeenean. Prozedura errepikatu ohi da, ia sistematikoa izanik. Gauerdian, kalean edo etxean, lotan daudenean, atxilotu ohi dituzte. Eskuburdinak jarrita eta begiak estalita, jeep militarrera igotzen dituzte. Galdeketarako bidean, maiz tratu txarrak eta mehatxuak pairatzen dituzte eta iristerako, nekatuta, gosetuta, egarri eta izututa daude. Ibilbidea, gainera, luzea izan ohi da.

2018ko otsailaren 28an, 356 adin txikiko palestinar zeuden atxilotuta, Israelgo Kartzela Zerbitzuaren arabera. Israelgo B´Tselem gobernuz kanpoko erakundeak pairatzen dituzten eskubide urraketak bildu ditu aurkeztu berri duen ikerketa batean.

«Israelek aldaketa legalak egin dituen arren, ez ditu atxilotuen eskubideak errespetatzen, nahiz eta adin txikikoak izan. 2009. urtean Gazteentzako Auzitegi Militarra sortu zuen, prozedura judizialen epea murriztu zuen eta gurasoek presentzia gehiago izatea baimendu zuen. Baina, praktikan, neurri horiek guztiek aurpegia zuritzeko besterik ez dute balio izan. Propaganda hutsa dira, jendeak okupazioaz duen ikusmoldea hobetzeko. Atxiloketa erabiltzen den azken neurria izan beharko litzateke, ez lehenengoa», nabarmendu du Yael Steinek, “Adin txikikoak arriskuan” izeneko txostenaren zuzendariak.

2014an eta 2015ean, Fiskaltza militarrak 1.046 salaketa jarri zituen adin txikiko palestinarren kontra. Horietatik 30 (%3) 12 edo 13 urteko umeak ziren; 261 (%25), 14 edo 15 urtekoak; eta 755 (72%), 16 edo 17 urtekoak. Atxiloketen %40 gau ilunean eta etxean zeudela gertatu ziren, eta, gehienei, eskuburdinak berehala jarri zizkieten.

Atxilotuen %80ri begiak estali zizkieten soldaduek. Gurasoengandik aldenduta, isilpean eta bakartuta, militarrek ez dizkiete beraien eskubideak azaltzen. %90ek ezin izan zuten abokatuarekin hitz egin galdeketaren aurretik eta galdeketak iraun bitartean, ez zuten jatekorik edo edatekorik jaso, ezta komunera joateko baimenik ere.

Atxilotuen %70ek galdeketan biolentzia fisikoa pairatu izana salatu zuten eta %65ek mehatxuak eta irainak. Kasu gehienetan, beraien kontrako froga bortxaz lortutako aitortzak edo egoera berean dauden beste atxilotu batzuek egindako aitorpenak dira. Zigortuak izango diren jakitun, beraien erruduntasuna edo hirugarren batena aitortu ohi dute Fiskaltzarekin kartzela zigorraren eta ordaindu beharreko isunaren gainean akordio batera iritsi ostean. Gazteentzako Auzitegi Militarra akordio horiek berrestera mugatzen da.

Ahed Tamimiren auziak Zisjordanian okupazioaren ondorioz adin txikikoek pairatzen dituzten eskubide urraketa sistematikoak azalarazteko balio izan du, baina, icebergaren punta besterik ez dela nabarmendu du Steinek. «Urtero, horrelako ehunka egoera ditugu, zoritxarrez», esan du.

17 urteko Tamimiren abokatuak fiskal militarrarekin zortzi hilabeteko zigorra adostu du, bere kontrako kargu batzuk onartzearen truke. Gaby Lasky abokatuak fiskalarekin akordioa lortzea lehenetsi du, zigor eskaera hiru urtekoa baitzen. Tamimi soldatu bati zaplazteko bat emateagatik atxilotu zuten, 16 urte zituela. Abendutik dago preso. Auzitegi militarrak akordioa onartzen badu, datorren uztailean aske geratuko da.

Espetxetik espetxera

Muhammad Fuqahak 16 urte zituen a-Labad herrian atxilotu zutenean, Tulkarm barrutian, 2017ko uztailaren 21ean. Egun horretan, Al Aqsa meskitara sartzeko Israelgo Gobernuak ipini zituen segurtasun neurri elektronikoak salatzeko protestak deituta zeuden. Harresitik 300 metrotara zegoen jeep militar bat azaldu zenean. «Jende guztia korrika atera zen. Urduri jarri nintzen eta ez nintzen gai izan hortik alde egiteko. Lau soldaduk harrapatu eta lurrera bota ninduten, eta kolpeka hasi zitzaizkidan. Eskuak bizkarraldean lotu zizkidaten, arroparen batekin begiak estali zizkidaten eta jeepean sartu ninduten. Tulkarmeko kontrol gunera eraman ninduten. Bertan, hiruzpalau orduz egon nintzen, beste gazte batzuekin. Ondoren, polizia-etxera eraman gintuzten, Arielen. Gela batean sartu eta lurrean esertzeko agindu ziguten. Banan-banan galdeketara atera gintuzten. Ni lehenengoa izan nintzen», gogora ekarri du Fuqahak.

«Bi pertsona zeuden gelan. Esaten nuen guztia auzitegian nire kontra erabil zezaketela esan zidaten eta isilik gelditzeko eskubidea nuela. Abokatu bati deitu zioten eta harekin telefonoz hitz egiteko aukera izan nuen. Galderak lasaitasunez erantzuteko esan zidan. Anaia zaharrenari deitu zion ni atxilotuta nengoela esateko. Harriak bota izana leporatu zidaten. Nik akusazio hori ukatu egin nuen. Galdeketak ordubete iraun zuen. Tarteka garrasi egiten zidaten. Hurrengo egunean epaitegira eraman ninduten Salemen, atxiloketa denbora luzatzeko. Gurasoak zeuden bertan. Ni eta beste gaztetxo batzuk Meggidoko espetxera eraman gintuzten. Egun osoko bidaia izan zen, leku guztietan gelditu baitzuten furgoneta. Iristerako, leher eginda nengoen», azaldu du.

Kartzelatik Arielera eraman zuten berriro beste galdeketa baterako. Bederatzi orduko beste bidaia bat, espetxez espetxe joan ziren-eta. Galdeketak ordu eta erdi iraun zuen. Ondoren, Hasharoneko espetxera eraman zuten. Gaua han pasa ostean, Meggidora bueltan eraman zuten. Beste zazpi ordu. Hurrengo goizean, Salemera berriz ere, auzitegi militarrera, atxiloketa lau egunez gehiago luzatzeko. Gutxienez zortzi aldiz eraman zuten espetxetik gorte militarrera.

2017ko urriaren 3an, sei hilabeteko kartzela zigorra eta 280 dolarreko isuna ezarri zioten soldaduen kontra harriak jaurtitzeagatik. «Nik ez nuen aitortzarik egin, baina abokatuak esan zidan soldaduen lekukotasunak zeudela eta zortea nuela, zigorra handiagoa izan zitekeela. Abokatua fiskalarekin akordio batera iritsi zen». Abenduaren 31n kaleratu zuten. Ikasturte erdia galdu zuen Fuqaha gazteak.

«Guztiz jasangaitza»

Maysoun al-Kaeid 56 urteko ama palestinarra da. Bere seme gazteena, Malek, 16 urterekin atxilotu zuten, gauez, etxean lotan zegoela, harriak jaurti izana egotzita, Fuqaharen kasuan bezala. Mutikoaren kontra zeuden froga bakarrak soldadu baten lekukotasuna eta beste atxilotu baten aitortza, behin Malek soldadu bat harri batekin zauritu zuela zioena. «Lekukotasun horiekin bost urteko kartzela zigorra jarri ziezaioketela esan zigun abokatuak eta ez zuela merezi epaiketara iristea. Hobeto zela fiskalarekin akordio batera heltzea: bi urteko kartzela zigorra eta 280 dolarreko isuna. Nire senarrak baiezkoa eman zion abokatuari eta hurrengo egunean dirua eman zion. Semea espetxean egon zen bitartean ez nintzen gai izan bere gustuko janaria prestatzeko. Ezin nuen arrautzarik jan, Maleki izugarri gustatzen zitzaizkion-eta. Nire semea da, beti izugarri arduratu da nitaz, osasunez gaizki nagoelako. Guztiz jasangaitza egin zitzaidan semea kartzelan ikustea. Askatu zutenean, zoriontasuna etxera itzuli zen. Bere gustuko janaria prestatu eta senide eta lagun guzti-guztiak gonbidatu nituen etxera». Al-Kaeideren lekukotasuna da, B´Tselem elkarteak jasotakoa.