Mikel Zubimendi Berastegi
TRANSHUMANISMOA, TEKNOEBANJELIO BERRIA

Teknologiarekin postgizakia sortu: izaki jainkotar ahalguztidun eta nonahikoa

Gizateria erradikalki aldatuko omen duen filosofia globalizatzen ari da kultura popularrean, zineman, ekonomian. Teknologia medio, bere biologia eta ezagutzaren mugetatik harago eraman nahi du gizakia, superinteligentzia eta ongizate perfektua eskuratuko dituen espeziearen eboluzioaren fase berri bateraino.

Gizateria erradikalki aldatuko omen duen filosofia globalizatzen ari da. Bere eslogan propioa ere badu: “Gizakiak eta makinak bat eginda, aurrerakuntza teknologikoaren bidez, gizakien natura erradikalki aldatzera goaz!”. Transhumanistek bere biologia eta ezagutzatik harago eraman nahi dute gizakia, superinteligentzia, ongizate emozionala eskuratuko dituen eboluzioaren fase berri bateraino.

Zer da, baina, filosofia hori? Zer demontre da transhumanismoa? Mugimendu zientifikoa da, baina baita sistema filosofiko bat ere. Gure izateak dituen ahulezia piloen artean, teknologia medio, denetan ahuleziarik handiena gainditu nahi omen du: heriotza. Gizakiaren mugak pasatzeko daudela defendatzen du, gizateriaren eboluzioaren fase berri batera pasatuko bagara. Nahi bada, beste hitz batzuetan esanda, azkarragoa, indartsuagoa eta inteligenteagoa izango den espezie berri bat sortzea da helburua, nolabaiteko giza arraza berri bat, “postgizakia” deituko duguna.

Gure izate edo kondizioak muga biologiko eta intelektualak dituenez, egon diren jeinuetan jenialenen ahalmen intelektuala gainditu behar da, eskubide osoz, anbizio guztiarekin. Tximinoena gainditu genuen bezala. Zahartzaroari eta gaixotasunari erresistente izango omen gara. Mugarik gabeko gaztetasuna eta kemena izango ditugu. Nork bere desira, umore eta egoera mentalaren gaineko kontrola izango du. Gauza txikiekin haserretuta, gorrotoak atrapatuta eta nekatuta egotearen sentipenak betiko ekidingo ditugu. Plazera, maitasuna, lasaitasuna izateko ahalmen handiagoa izango dugu. Gizakien burmuinak egun ez dituen kontzientzia egoera berriak biziko ditugu. Denborak eragindako hondatzea, gaixotasuna, mina eta heriotza gainditu ahalko dira.

Laburtuz, kontua honakoa litzateke: teknologia erabiliz espezien arteko trantsizio berri bat azkartzea, eboluzioa gizakitik postgizakira eramatea. Trantsizio horren zubiari deituko diogu transhumanismoa.

Oinarri ideologikoak

Oinarri ideologikoak dituen mugimendua da transhumanismoa, ez pentsa. Erabiltzen dituen suposizioek oinarri filosofikoa dute. Esate baterako, antropologikoki begiratuta, hondatzera kondenatutako biomakina konplexuak garela dio, fisikoki eta intelektualki gure propietate fisiologiko eta genetikoek mugaturikoak. Izate hori, baina, kimikoki manipulatu eta ingeniaritza genetikoaren bidez zuzendu omen daiteke, muga horiek pasatu eta hondatzeari izkin egin omen dakioke. Finean, espezie bezala ez dugula ezaugarri sakraturik, ez dugula arimarik, ezta asmo espezialik ere, istripu soil bat garela defendatzen du transhumanismoak. Eta bide horretan, ez garela beste izaki bizidunekiko ezberdinak, ez dugula berezko baliorik. Gure balio bakarra superbibentziarako desira propioa izatea dela, hori dugula “berezko eskubide” bakarra, ahalik eta denbora gehienez bizirauteko “eskubidea”.

Transhumanismoak indarra estimatzen du. Indar fisikoa ahuldade fisikoa baino gehiago baloratzen du, eta indar mentala ahulezia mentala baino gehiago. Indar hori eraiki eta ahalduntzeko tresna teknologia da.

Kosmologia mailan, unibertsoa inork gidatu ez duen prozesu natural baten ondorioa dela uste du. Unibertsoaren eta bizitzaren jatorrietan inongo izaki metafisikoren eraginik izan denik guztiz ukatzen du. Benetan axola duena hemen, orain, denbora eta espazio zehatz honetan gaudela dela dio transhumanismoak, eta etorkizun hobeago bat erditzeko oraina manipulatzen saiatu behar dugula, iraganak ezer gutxi laguntzen duelako helburu horri begira.

Epistemologiatik begiratuta, zera dio: gure burmuina oso makina konplexua da eta haren bitartez jakintza pilatu, prozesatu eta horren arabera ekiten dugu. Jakintza guztia barneratzea posible dela defendatzen du, eta, horrela, gizaki hobeagoa sor daitekeela. Ez daudela buru edo arima metafisikorik, kontzientzia jakin bat transplantatu daitekeela, edo nortasun bat. Azken buruan, kilo eta erdi baino gutxiago pisatzen duten gure ehun neuronalen fruitu direla gure maitasun, amets eta pasioak, eta transplantatu, gorputz batetik bestera, transplantatu daitezkeela.

Har dezagun transhumanismoaren teologia. Jainko metafisiko transzendental oro arbuiatu egiten du. Aldiz, jainkotasun materialista bat lor daitekeela defendatzen du. Hau da, teknologiaren bidez, postgizakia “izaki dibino” bilaka daiteke, ahalguztidun, orojakin eta nonahiko. Hitz lauagoetan adierazita, teknologiari esker, teknologiak gaituta, gizakia jainko bihur daiteke. Hilezkor, ahalguztidun, orojakin eta nonahiko. Jainkorik gabeko giza izate berri baterako, gizakia egin behar da jainko, hots, jainkoa ukatu behar du jainko bihurtzeko.

Desiragarria baino, beharrezkoa

Honek guztiak abstraktua, futurista eta funtsik gabea dirudien arren, kultura popularrean, zineman edo ekonomian errotzen ari den fenomenoa da. Zientzialari ero batzuen kontua dela iruditu arren, azken mendeetako pentsalari eraginkorrenen hausnarketa gai eta ondorio izan dela esan daiteke. Esate baterako, hor ditugu Charles Darwinen “Espezien jatorria” edo Friedrich Nietscheren “Honela mintzo zen Zaratrusta”-ko Ubermensch edo “supergizakia”. Arrastoak aise topa daitezke.

Gizakiek eboluzioaren prozesua baldintza dezaketela ez da inongo sekretua bizi dugun antropozenoaren aro geologikoan. Proposa ditzagun hausnarketan aurrera egiteko galderak: zergatik ez da posible izango egungo ahalmenak baino askoz ere handiagoak dituen gizaki berri bat sortzea? Gaixotasun, haserre eta tristurarik gabeko espezie bat sortu ahal daiteke? Eta, azken buruan, hilezkortasun digitala hain modakoa egin den honetan, heriotza berari aurre hartzerik ba al dago?

Transhumanistek etorkizun hori ez dela desiragarria bakarrik, behar-beharrezkoa dela diote. Asko mediatikoak dira oso, ospea ez zaie falta, ekintzaileak dira, guruen parekoak. Hor da, adibidez, Elon Musk hegoafrikarra, Tesla Motors eta Space X konpainien buru aski sonatua. Muskek esana da: giza espezieak aipagarri izaten jarraitu nahi badu, ezinbestean, inteligentzia artifizialarekin sinbiotikoki bat egin beharko du. Alegia, gure etorkizuna ziborga izango dela edo ez dela izango.

Mundu faltsu bateko errealitatea

Gizateriaren irudi aldaketa erradikal baten aldeko aldarria, aro digital baten erdian dator. Zientzia eta teknologiaren aurrerapenek gure muga asko, baita biologikoak eta fisikoak ere, desafiatzen dituzte.

Teknologiaren hedapen azkarrak gizarte egiturak errotik aldatu ditu. Informazioz lepo dago bizitza modernoa, mundu guztia ordenagailu baten edo telefono mugikor baten aurrean dago. Gizartea abstraktuagoa bilakatu den heinean, birtuala bihurtzeko bidean da, munduko gertakizunetatik deslotutako fabrikatutako irudiekin.

Trumpen aroan, Errusia gora Errusia behera, fake news edo “berri faltsuak” delakoen inguruko zalapartak faltsifikaturiko errealitatea islatzen du. Simulazio erraldoi batean bizi gara. Herriaren boterea puska askotan zatitu da. Hauteskundeen bidez gauzak aldatuko diren ustea fake hutsa da, esperantza faltsua. Agertokiaren atzetik txotxongiloen hariak mugitzen dituztenak profesionalak dira herritarren artean gatazkak pizten, beldurrean eta gorrotoan kateatuta, errealitatearen zentzua eta ikusmira gal dezaten. Komunean duguna bilatu eta arazoak konpontzeko batu baino, jende asko autosuntsiketa segurua dakarten dinamiketan murgiltzen ari da.

Haruki Murakami idazle japoniarra honela mintzatu zen: «Mundu faltsu batean bizi gara, telebistan berri faltsuak ikusten ditugu, gerra faltsuak borrokatzen ditugu, gure gobernua faltsua da». Baina, aldiz, errealitatea aurkitzen dugu mundu faltsu horretan. Gure istorioak bertsuak dira: eszena faltsuen artean gabiltza, baina, eszena horietan zehar ibiltzean, errealak gara. Bitartean, korporazio teknologiko erraldoiek, inteligentzia artifizialaren monopolioa eskuratu nahi dute, bere garapena kontrolatu, horrela, etorkizunaren norabidean agindu ahal izateko.

Transhumanismoaren agenden atzean korporazio multinazionalen eskua ikus daiteke. Korporazioen botereak zibilizazioa naturaren aurka jarri du jada. Begira bestela Mosanto bezalako nekazaritzako korporazio bioteknologikoak: bizitzari oldartu zaizkio haziak monopolizatuz eta elikagaiak genetikoki aldatuta pozoituz.

Bestalde, teknologien inguruko elite hiperaberats horrek, roboten ekonomia aldarrikatzen du, automatizazioak lana ordezkatuko duela aurreratuz.

Gizateriaren bestelako bertsio bat forma hartzen ari da. Gizakiaren ondorengo aro baten promesa entzuten da. Gure sufrikarioak arinduko omen dituena, indartsuago egingo gaituena, inteligenteago, Jainkoaren modukoago. Are, big data eta inteligentzia artifizialeko software bat konbinatuz, gizateriak hilezkortasun digitala eskuratuko duen ideia martxan da dagoeneko. Sarean bizitza propioa izango luketen gure buruaren klonak egiten saiatzen hasiak dira. Memoria digitala gure buruetan kargatuko litzateke, denboraren pertzepzioa geldotuko duten pilula berriak merkaturatuko omen dira, memoria mingarriak ezaba ditzaketen droga berriak. Dena, aukera guztiak daude mahaiaren gainean, transhumanismoaren agendaren menuan.

Borondate librea da gakoa

Utopia teknologikoa, baina, ez da doakoa. Ustez zerurakoa den txartela eskuratzeak prezio bat dauka, eta handia gainera. Gizakiaren mugak pasatzeko, gure oinarrizko izatea alboratzea eskatzen baitu.

Munduarekin harremanetan jartzen gaituen subjektibotasuna dohain bat dugu. Geure buruekiko kontzientziak, gure ekintzen norabidea erabakitzeko askatasuna ematen digu. Makinek programatuta dutena egiten dute bakarrik. Guk, ordea, gure ekintzak erabaki eta sormenaren bidez egoera alda dezakegu. Askatasun horri bat-batekotasuna eta aldakortasuna libre dario, aurretik sumatu eta finkatu ezin den ingurunea eraikiz. Erabakitzeko askatasun horrek, zorionez, akatsak egitera garamatza eta hutseginkor egiten gaitu.

Inteligentzia artifizialak eta interbentzio teknologikoak erabakitzeko askatasuna eta gure aukerak hartzeko ahalmena mehatxatzen dituzte. Automatizazioak estutu eta deuseztatu egiten du gizakiek beren erabaki propioak hartzeko duten espazioa. Doitasun zientifiko eta matematikoaren bidez, akatsak egiteko aukerak baztertu nahi horrekin, gizakiena, gure-gurea, den zerbait kendu nahi digute mekanizazioaren aldeko indarrek: borondate librea.

Akatsen jabe egin

Borondate libreak eta ikaste prozesuak egiten gaitu izaki artifizialekiko hain ezberdin. Munduarekin dugun konexioak gure erabakiek dakarten ondorioekin lotzen gaitu. Akatsak egiten ditugunean, gure aurrean lehertzen da errealitatea eta sortu ditugun ondorioak aurrez aurre ikustera behartuta gaude. Lotsa eta erru sentimenduek larritu egiten gaituzte, eta, gure bihotza, labankada garden batekin bezala, erdi-erditik moztu dezakete. Min jasanezin horrek gure sentsibilitatea esnatzen du. Sentsazio kiskaltzaile horiekin, guk geuk egindakoak zuzenean nabaritzen ditugu, baita besteen bizitzetan dituzten ondorioak ere.

Gure akatsei zintzotasunez aurre eginez, umiliazio zentzua umiltasun bilaka dezakegu. Umilak izaten ikasten dugu. Beste gizaki batzuekin konektatzen gaitu horrek, errealitatea besteen ikuspuntutik begiratzea ahalbidetzen digu. Enpatia horrek okerrak zuzentzen ahalegintzeko aukera ematen digu. Kontzientziaren oinarria da gizakiak beren akatsen jabe egitea, batak bestearen okerrak zuzentzera eta ikastera inspiratzen gaituena.

Ilustrazio teknologikoaren pentsalari transhumanistek diotenez, korporazioen makinariak askatuko du gizateria. Zientzia fikziozko etorkizun baten forma duen zepo berri bat jartzen digute. Gidaririk gabeko autoetatik androideetara, robotak gizakiak bezalako itxura izateko eta erabakiak hartzeko diseinatuta izango omen dira.

Inteligentzia artifiziala hemen da jada, eguneroko ogi dugu, gure bizitza ederragoa, errazagoa eta seguruagoa egingo duen promesarekin etorria. Perfekzioa ardatz duen makinen eta teknologiaren ustezko nagusitasuna aldarrikatzen duten ebanjelio berriok, kontzientzia garatzeko ezinbestekoa dugun gure borondate librea ezaba dezakete.

Odol beroa eraman ezin dezaketen nerbio artifizialekin, robotek bizitza kopiatuko omen dute beren existentzia sintetikoan. Egiazki bizitzeko aukerarik ez duten arren, hilezkortasun digitala aldarrikatzen duten mamuak dira.

Esna ibili, ez sonanbulu

Sentitzeko dugun ahalmena gure izatearen lekuko ezinbesteko da. Horrek ahalbidetzen digu mundu faltsu batean pertsona errealak izatea. Gure minak soportatzeko egiten ditugun esfortzuek errukia sortzen dute. Gu geu eta besteak barkatzeko gai gara. Gure arteko akats eta inperfekzioetan aurkitzen dugun egiazkotasunean elkar maitatzeko indarra topatzen dugu. Gure akatsen onarpenak lotzen gaitu zurrunkeriaren eta mekanizazioaren aurrean borrokatzen duen botere sortzaile sendo horrekin, munduarekin dugun harremanaren bidez mundua bizirik atxikiz.

Bidegurutzean dago gizateria. Teknologiaren aurrerapen esponentzialarekin, munduan erabateko iraultza bizkortzeko zein mundua suntsitzeko ahalmena handiagotu ditugu. Aitorpena egin behar da: ingurune fisiko gogor batean erosoago bizitzen, hondamendiei eta gaixotasunei aurre hartzen asko lagundu dute ingeniaritzak, medikuntzak, kimikak, eta gainontzeko diziplina zientifikoek. Energia berriztagarriek ere etorkizun jasangarri bat erditzen lagun dezakete. Dudarik gabe, gizakia eta mundua hobetzeko erabil daitezkeen tresnak dira. Pobrezia gutxitu eta gure bizi kalitatea hobe dezakete, bai, baina gure kontra ere erabil daitezke.

Trashumanismoa gure gizartearen alor askotan martxan da, bere oinatzak nonahi ikus daitezke. Android eta iPad-ak, hitz egiten duten tresna edo tramankuluak sehasketan sartzen ari dira jada, umezaroko imajinazioa bahituz. Gau eta egun, teknologiak gazteen atentzioa lapurtzen du. Makinen mundua bizkortzen doan neurrian, gure bizitzak azkarrago eta azkarrago doaz, ziztu bizian bizi gara geure gorputzetan presente egotea oraindik eta zailago eginez.

Errealitatea mingarria izan daiteke, baina errealitatearen zentzua galtzen badugu gure bihotzen muinean sentitzen dugun guztiari amore emango diogu. Gure heriotza izango litzateke. Erabakiak hartzeko askatasunak, gure aukerak sortzeko ahalmenak sortzen du eta sortuko du etorkizuna. Askatasun hori aldarrikatu egin behar da, beti eta beteki. Horretarako oso esna egon behar dugu, ezin dugu teknologiak liluratuta, sonanbulu gisa ibili trantsizio aro honetan.