Mikel Zubimendi Berastegi
AMETSA BETI AMETS

Masa beltzen helburuak hitzetara ekarri zituen Martin Luther King ekintzaileak

Arrazista zuri batek tirokatuta orain mende erdi hildako ekintzailea legenda bilakatu da. Kontsentsuzko figura bihurtu du sistemak, berezko zuen erradikaltasuna hustuta. Askatasun ametsa hitzetara eraman zuen, eder, gogoangarri. Gauzatu ez den arren, Kingen ametsaren ildoan segitzen du beltzen askapenerako mugimenduak.

Apartekoa izan zen 1968. urtea, sozialki eta politikoki irakiten zegoen hamarkada batean indar propioz nabarmendu zena. Euskal Herrian, Parisen, Vietnamen, Mexikon, Amerikako Estatu Batuetan... pil-pilean zeuden putzu gorriak ozeano bihurtu ziren. Bada, urte hartan hil zuten Martin Luther King. Apirilak lau zituenean, 39 urte zituela.

Duela 50 urte tirokatu zuen arrazista zuri batek apaiz beltz ekintzailea, Memphisen, Tennesseen. Ordurako, hamaika aldiz mehatxatua izana zen, FBIk jazarria, labainkatua, 30 aldiz, bai 30 aldiz, kartzelatua, bere etxea erre ere egin zuten... 1964. urteko Nobel saridunaren oroitzapena bizi-bizirik mantendu da, ikono eginda, legenda bilakatuta, bere erradikaltasuna eta bere porrotak estaltzeraino. Askok gurtua eta gutxi batzuek karikaturizatua.

Hil eta gero, beste heroi tragiko askorekin gertatu legez, bere figura kontsentsuzko bilakatu da, bere mezua lisatu egin dute, bere fede iraultzailea makillatu, subertsiorako indarrez hustu. Pentsa noraino: Apple konpainia informatikoaren publizitate kanpainetan erabili izan dute, McDonald’s berak omendu du, Chrysler auto konpainiak telebistako iragarkietarako erabili ditu bere diskurtsoak... AEBetako botereek ofizialki aitortzen dute, Haiti edo Afrika «ipurtzuloko nazio» deitu dituen presidente supremazista zuriak berak ere Kingen «justiziazko, berdintasunezko eta askatasunezko ondarea» goraipatu berri du. Bai, legendek azal fina dute, forma berrietara molda daitezke, aise deforma eta perberti daitezke. Hori guztia egin dute Martin Luther Kingekin.

Masen nahiak hitz bihurtuta

King ez zen izan kontsentsuzko figura bat, AEBetan esaten duten bezala, mainstream-ekoa. Erradikala izan zen oso, ekintzailea, antikapitalista, Vietnamgo gerraren kontrakoa, Gandhiren jarraitzailea. Arazo sozialak ikusten ez zituen erlijio baten kontrakoa, pobreen eta beltzen emantzipazioaren alde engaiatutako social gospel praktika fededunaren aldekoa. Masen helburuak hitz bihurtzeko gaitasun ikusgarria izan zuen jenioa izan zen. Mezu sinplez, sinplezia ia bibliko baten bidez, jendea sutzen zekien. Publiko ezberdinetara zuzentzen zekien, komunista izatearen garaiko salaketa nonahikoari izkin egiten, diskurtso erradikalenak publiko txiki eta itxietan egiten.

Ametsa gutxitan adierazi da Kingen diskurtsoetan baino eder eta gogoangarriago. Historikoak izan ziren bere hitzak, memoria unibertsalaren baitakoak, ametsen parekoak. Amets gauzatugabeak izan zirela? Hori ere bai. Eta? Izan ere, eztabaidagarria da ametsaren balioa soilik errealitatearen azterketa gainditzen duenean adierazten den ala ez. Hots, eztabaidagarria da ametsa errealitate egitean bakarrik den baliagarria ala bete ez eta are betegarria ere ez dela jakinagatik baliagarria den. Eztabaidagarria da hori oso. Ametsak amets direlako beti, eta beteki. Errealitatetik zenbat eta urrutirago, ametsak beteago direla uste duenik ere ez da falta...

Jakina, ametsak amets, denbora ez da alferrik pasatzen. King hil zutenetik, zortzi urtez izan da AEBetako presidente beltz bat, askorentzat bere oinordeko politikoa den Barack Obama. Baina Kingek salatu zituen beltzen kontrako bidegabekeriak, basakeriak, arraza haustura eta arrakala sozioekonomikoa ez dira presidente beltzarekin desagertu. Iragana da Obama eta iraganak beti ditu irakasgai. Orainak, ordea, presidente supremazista zuria du.

Egun amorruak ahots berriak eta beti bezalako oihartzunak ditu. Ez da, baina, King bezalako ahots elokuenterik ageri. Ez da ikusten herritarrak elkarren kontra jarriko ez dituen klase, genero edo arraza ezberdintasunei aurre egingo dion diskurtso indartsurik. Alderdi Demokrataren aitakeria (hamarkadetan hari lotu zaizkio komunitate beltzaren boto eta itxaropenak) ez da jada hain nabaria. Figura identifikagarriak ez dira hain ugariak, Black Lives Matter bezalako mugimenduek teknologia berrietara egokitutako mobilizazio estrategiak garatu dituztelako.

Vietnamgo gerraren aurkako eta eskubide zibilen aldeko protesta giro betean gertatutako Martin Luther Kingen hilketatik mende erdi pasa denean, militante afroamerikar belaunaldi oso bat itzaltzen doa. Harro egon liteke belaunaldi hori: bikote beltza ikusi dute Etxe Zurian, nahiz eta arrazakeria atzean utzi duen gizarte baten Obamaren ametsa, bere buruarekin adiskideturikoa, bere iraganarekin bakeak egindako herri baten xedea, ez den gauzatu. Hala ere, handia, oso handia izan zen Obamarena beltzentzat, arrazan oinarritutako haustura sozialaren zauriari injustizia darion arren, borborka.

Aukera berdintasuna ez da errealitate. Haur beltz batek posizio sozial bat lortu eta atxikitzeko haur zuri batek baino aukera askoz txikiagoa duela frogatuta dago. Beltzen %25 pobreziaren mugatik behera bizi dira; zurien artean, %10. Presoen %34 dira beltzak, zurienarekin alderatuta bost aldiz handiagoa den tasa. Langabezi bikoitza dute, bizi esperantza baxuagoa, polizia basakeria hirukoitza...

Militante erradikal nekagaitza

Aurrerakuntzak ezin ukatuzkoak dira. Burgesia eta elite beltz batentzat ametsa loratu da. Langileria beltzarentzat, ordea, ez du funtzionatu. Elite beltza, aita kenyarra zuen presidente beltza, baina errealitatea tematia da. Eta errealitateak egiten ditu Kingen hitzak hain gaurkoak, hain oihartzun handikoak. Bere konpromiso politiko eta erlijiosoa irismen handikoa zen, historiaren zama zeraman bizkar-zorroan. AEBetako beltzek pairatzen zituzten injustizia latzak amaitu nahi zituen, azalaren kolorearen arabera pertsona bat ez epaitzea, zurien eta beltzen arteko etsaitasun eta mesfidantzazko hormak botatzea. Nolabait, AEBetako Gerra Zibilean Batasunaren aldekoek lortutako garaipenari segida eman nahi izan zion, irabazleek esklabotza abolitu arren, beltzen egiazko askapena ez zutelako ekarri. Kingek zioen bezala, gerratik mende bat pasatuta, «beltzak gizartearen bazter batean daude, beren herrialde propioan erbesteratuta».

King militante nekagaitz eta erradikala izan zen, kapitalismoaren eta Vietnamgo gerraren aurkakoa. Bada, ordea, pertsonaia xalo, ameslari eta naif bezala kontsideratzen duenik. Egia da ikuspegi politiko batzuen ustez biolentzia ezaren estrategia lehenestea utopia malgua, suizidio itxurako sakrifizioa, izan zela. Kingek, baina, ez zion sekula bere burua babesteko eskubidea inori ukatu. Montgomeryko bere etxea guardia armatu beltzek zaintzen zuten, armak zituen etxean. Baina biolentziak, estrategia gisa, ez atzerako ez aurrerako kondena zekarrela uste zuen. Argi zuen indar korrelazioa hain asimetrikoa zela beltzentzat, ezen biolentziaren hautuak errepresio basati batean itotzera kondenatuko zituela.

Malcolm X eta King kontrajarri nahi izan duenik ez da falta izan. Ezta “Osaba Tom” bat bezala karikaturizatu duen militante beltzik ere. King ez zen militante iraultzaile klasikoa izan, bere herrialdeko instituzioetan oinarritzen zen, iraultza amerikarraren promesa unibertsalari leial izatea eskatzen zuen. King apaiz kristaua zen, AEBetako hegoaldeko burgesiaren semea, teologian doktorea, biolentzia ezaren aldekoa; Malcom X, aldiz, musulmana, iparraldeko ghettoetako semea, gaztetan kartzelatik pasatukoa, internazionalista eta biolentziaren aldekoa. Ezberdintasunak nabariak izan arren, elkarrekiko estimua zuten, eta, azkenerako, elkarren ondora etorri ziren: Malcolm Xk Islamaren Nazioa atzean utzi zuen eta Kingek Black Power pentsamendutik gertu zegoen ikuspegi antikapitalista bereganatu zuen.

Ametsaz eta errealitateaz mintzo, errealitate ukaezina da AEBtako beltzek erresistentzia ahalmen handia erakutsi dutela, badakitela irauten. Esklabotza, suak, urkamenduak, Ku Klux Klana, segregazioa... kolpe latz eta aurkari beldurgarriei egin diete aurre. Hartara, hor datza, agian, Martin Luther Kingen ekarpen handiena: afroamerikarrei sinetsaraztea historia handi baten jabe direla, desgraziez betea, bai, baina baita sormen, iraunkortasun eta inteligentzia politikoz ere.