2018/04/14

Erreportajea
«GURE AMETSA DA FUTBOLA»
Jordaniako emakume futbolariak, Frantziako Munduko Txapelketari so

Astean bost aldiz entrenatzen du emakumezkoen Jordaniako futbol selekzioak. Jokalari batzuek zapiarekin egiten dute; beste batzuek, gabe. Hori gutxienekoa da. Amets bakarra dute guztiek: egunotan Jordanian jokatzen ari den Asiako Futbol Txapelketan sailkapena lortu eta datorren urtean Frantziako Munduko Txapelketan izatea.

Ainara Lertxundi
Gaur8_jordania1

Emakumezkoen Jordaniako futbol selekzioaren ametsa Frantziako Munduko Txapelketan esku hartzea da eta horretarako aukera handiak ditu gainera oraingoan. Lortzekotan, Munduko Txapelketa bat jokatzen duen emakumez osatutako lehendabiziko selekzio arabiarra izango litzateke, eta, futbolaz haratago, garaipen sinbolikoa izango litzateke eskualde osoko andrazkoentzat.

«6 urte nituenetik jokatzen dut futbolean. Hasieran, amak ez zuen gogoko, mutilentzako kirola zela esaten zidan etengabe. Baina orain gauzak aldatu egin dira eta begi onez ikusten du nik futbolean jokatzea», azaldu du Rouzbahan Fraijek AFP albiste agentziari eginiko adierazpenetan. 17 urterekin, Jordaniako selekzioko jokalari gazteena da.

«Garrantzia handia ematen diogu futbolari. Oso serio hartzen dugu eta datorren urtean Frantzian ospatuko den Munduko Txapelketan egoteko ahalegin handia egiten ari gara. Hori da gure ametsa», gaineratu du Fraijek arnasestuka, entrenamendu gogor baten ostean. Erronka itzela dela aitortu du. «Futbolarekiko zaletasuna eta ikasketak bateratzen saiatzen naiz. Nekea handia bada ere, goizaldeko lauetan esnatzen naiz egunero etxeko lanak egiteko, nire etorkizuna ikasketetan baitago», azaldu du.

2019an Frantziako Munduko Txapelketan parte hartu ahal izateko, Jordaniako futbol selekzioak etxean jokatzen ari den Asiako Txapelketan lortu behar du sailkapena. Apirilaren 6an hasitako txapelketa hilak 20ra bitarte luzatuko da. Osotara zortzi selekzio ari dira parte hartzen: Filipinak, Txina, Thailandia, Japonia, Australia, Ipar Korea, Vietnam eta Jordania. Horietatik bost sailkatu egingo dira Frantziako Munduko Txapelketarako, eta, Jordaniako selekzioak lortzen baldin badu, Munduko Futbol Txapelketa batean esku hartzen duen lehendabiziko selekzio arabiarra bilakatuko da.

Jordaniako selekzioa 2005. urtean osatu zen. Ali printzeak, Abdullah II.a erregearen anaiordeak, sortu zuen. FIFAko presidenteordea zen momentu horretan. Orduan hamabost bat jokalari soilik ziren. Gaur egun, Jordanian dauden 16 emakume futbol taldeetan 611 futbolari aritzen dira. «Futbolean jokatzea guztion eskubidea da, gizonena zein emakumeena. Hala ikusten dugu guk, horregatik erabaki genuen emakumeen selekzioa sortzea. Emakumeak gizartearen erdia dira», nabarmendu du Jordaniako Futbol Federazioaren idazkari nagusi Sizar Soubarrek.

FIFAren arabera, Jordaniako emakumezkoen selekzioa herrialde arabiarren artean onenetakoa da, eta, mundu mailan, berriz, 51. postuan dago. Gizonezkoen taldea, bere aldetik, 117. postuan dago.

Astean bost aldiz entrenatzen dute ekainaz geroztik. «Gizartean aldaketa handia eman da. Neskek futbolean jokatzeko zeuden oztopoak aspaldi gainditu ditugu gizarte bezala. Lehen gurasoek ez zuten begi onez ikusten beraien alabak futbolean jokatzea edo kirola egitea. Egun, errezelo gehien zituzten gurasoak ere alde daude», plazaratu du taldeko prentsa arduradun Yanal Malkouchek.

Lana utzi futbolari izateko

Jokalari batzuek oso urrun iritsi nahi dute futbolean. 26 urte dituen Chahnaz Jebrin horietako bat da. Zapia daraman gorputz-hezkuntzako irakasle honek lana utzi zuen futbolean buru belarri aritzeko. «Futbola odolean daramat txikitatik. Kalean jokatzen nuen, auzoko mutilekin. Nire burua gai ikusten dut nire herria Asiako Txapelketan ordezkatzeko eta datorren urtean Frantzian egoteko. Sentimendu zoragarria da, ezin dut hitzez deskribatu», helarazi du.

Michael Dickey estatubatuarra da taldearen hautatzailea. Jordaniak emakumezkoen selekzioari ematen dion garrantzia nabarmentzen du.

Ammango Al-Hussein kirol eremuan, futbol zelai oso bat dago emakumezkoen esku. «Frantzian izateko sailkatzen bagara, azken hamahiru urteotan egin dugun ahaleginaren ordain gisa jaso dezakegun saririk onena izango litzateke», dio Soubarrek. Dickey baikor da, eta, jokalariak, are gehiago. «Gure ametsa beteko dugu», diote.

Jordania, emakumezkoen futbolaren topaleku

2016. urtean, 17 urtez azpiko Emakumezkoen Munduko Kopa Ekialde Hurbileko herrialde batean jokatu zen lehen aldiz, Jordanian hain zuzen ere. Ipar Koreako emakumezkoen futbol selekzioak irabazi zuen. Baina, txapelketa bera baino, Jordanian jokatu izana aitzindaria izan zen, emakumezkoen futbolaren historian nabarmentzeko moduko mugarria.

2013. urtean FIFAk 17 urtez azpiko Emakumezkoen Munduko Koparen antolaketa Jordaniari esleitu zion, eta, bi urte geroago, araudia aldatu egin zuten jokalariek buruko zapia eraman ahal izan zezaten futbol zelaian. Antolaketa Batzordearen %75 emakumeak izan ziren. «Ondorengo belaunaldiei ondare bat utzi nahi genien. Urrats benetan garrantzitsuak eman ditugu. FIFAren baldintzak betetzeko kirol azpiegitura berriak eraiki ditugu, estadioak eta entrenatzeko hamalau zelai barne», nabarmendu zuen orduan Samar Nasarrek, Antolaketa Batzordeko zuzendariak. Estadioak bete egin ziren.