Xabier Izaga Gonzalez
ELKARTASUNA LANBIDE

Arabako Hiesaren Kontrako Batzordearen kale heziketa programak hamar urte bete ditu

Iaz 30 urte bete zituen Sidalava Arabako Hiesaren Kontrako Batzordeak. Hiesaren gaineko informazioa ematen eta prebentzioa sustatzen hasi ziren, sindromeak gaixotutakoei arreta eskaintzen, eta ondoren oro har bazterketa egoeran bizi diren guztiei ere. Duela hamar urte Gasteizko Udalaren kale heziketa programaren ardura hartu zuen.

Hamar urte dira Sidalava Arabako Hiesaren Kontrako Batzordeak, lehiaketa publiko bidez, Gasteizko Udalaren Intentsitate Handiko Hurbil taldearen kale heziketako programa kudeatzeko ardura hartu zuela. Hamar urteotan kalteberatasun eta gizarte bazterketa handiko egoeran zeuden 3.500 lagunetik gora artatu dituzte. Arreta pertsonalizatuko 40.000 esku-hartze egin izan dituzte, espetxeko bisitetatik jolas eta kirol jardueretara, betiere artatutako pertsonei komunitatearen baliabideetara iristen laguntzeko helburuarekin, haien bizi kalitateak hobera egin dezan.

Lan gogorreko hamar urte, baina emaitzak ikusita ospatzeko modukoak, ospatu beharrekoak. Hala egin zuten maiatzaren 5ean Gasteizko Florida parkean, giro ezin hobean. Bertan, besteak beste, arreta jaso duten lagun asko zeuden, eurak baitziren ospakizunaren protagonistak. Lagun horietako hainbatek egindako lipdub batek, “10 años de educación de calle” dokumentalak, hamaiketako batek, kontzertu batek eta jam session batek osatu zuten ospakizunaren egitaraua. Tartean, hamar urteotan bazterketa egoeran dauden pertsona horien guztiengana jo eta laguntza eskaini dieten «gizarte aktibismoko bi militantek» prestatu zuten idatzia irakurri zuten.

Kale hezitzaileak

Belen Martinez Arabako Hiesaren Kontrako Batzordeko presidenteak dituzten bi lan ildo nagusiak zehaztu zituen. Lehena, herritarrei kalean edo baztertuta bizi diren lagunen errealitatea ezagutaraztea, eta ospakizun ekitaldia bera jarri zuen horren adibide. Bigarren lan ildoa pertsona horiek beren suspertze eta gizarteratzean parte hartzea da. Halaber, Vanessa Rodriguez eta Nuria Hueso kale hezitzaileen lan bikaina eta haien kalitate humanoa nabarmendu zituen Martinezek.

Vanessa eta Nuriak bazuten esperientziarik etxegabeekiko lanean kale heziketa programan hasi zirenerako. 2008ko maiatzaren 13an hasi ziren Gasteizko kaleetan zehar bazterketa egoeran edo arriskuan dauden lagunen bila. Haientzako erreferentzia izatea da bion helburu nagusia. Ostatuetan, udal aterpeetan, kalean, kutxazainetan, autoan... lo egiten duten horiek oso lagun kalteberak dira eta euren egoerak hobera egin dezan oinarrizko baliabideak eskaintzen saiatzen dira kale hezitzaileok, baita beren buruarengan konfiantza izan dezaten ere, esfortzua eginda beren egoera alda dezaketela ikus dezaten.

Kilometro asko ibili dituzte Vanessak eta Nuriak hamar urteotan Gasteizko auzo guztietan zehar. «Esnatu, entzun, motibatu, haiekin barre eta negar egin izan dugu», diote. Medikuarenera, epaitegira, edozein izapide egitera edo erosketak egitera laguntzen diete horren premia dutenei, «eta beti ikasi izan dugu zerbait». Lan polit eta atsegingarria omen da berena, konfiantza eta maitasun lotura sortzen duena, esku hartzetik harago luzatzen dena.

Lehenengo, pertsona horiek bilatu eta ezagutu egiten dituzte, harremanak sortzeko. Behin elkar ezagututa, haiekin halako lokarria sortuta, egoeraren diagnosia egiten dute, pertsona bakoitzaren beharren arabera. Diotenez, bakoitza mundu bat da, eta normalean kalean dagoen jendeak arlo desberdinetako gabezien eragina izaten dute: osasunarena, harremanena, etxebizitzarena… Lehentasunetatik hasten dira lanean. Bi kale hezitzaileez gain, programan psikologo batek eta bi gizarte langilek ere parte hartzen dute.

Hasieran errazagoa zela diote, tratatzen zuten jende asko ezaguna zutelako, garai hartan aterpetxean lan egiten zutelako. Hartara, jende hark eta haren inguruak ondo hartzen zituzten. Urteak aurrera joan ahala, ordea, zenbait aldaketa sumatu dituzte etxerik gabeko lagunen artean: etxerik gabeko jendearen artean gero eta buruko gaitz gehiago daude, bakartze handiagoa, leku ezkutuagoetan gordetzen dira... Horrek zailago bihurtzen du kale hezitzaileen lana, aldaketa horietara egokitu beharra daukate eta.

Arazoa ikusgai egiteko deia

Urteurrenaren ospakizuna herritarrei dei bat egiteko baliatu zuten. Pertsona horien errealitatea ezagutarazten laguntzeko, ikusezinak izan ez daitezen. «Inor kutxazain batean lo egiten ikusten dugunean beste aldera ez begiratzeko, Gasteizko jendeak jakin dezan kale heziketa talde bat dagoela, pertsona horien suspertze prozesuan eta hobetzeko ahaleginean laguntzeko lan egiten duena. Eta, jakina, ez zaigu axola behar haien iragana, janzkera, kartoi artean lo egiten duten, seropositiboak diren edo buruko gaitzen bat duten. Gure komunitateko parte dira, eta denon artean haien gizarteratzea eta parte hartzea ahalbidetzeko baldintzak sortu behar ditugu».

Pertsona horienganako aurreiritziak lehen bezala sumatzen dituzten galdetu diogu Nuria Huesori. Baietz dio, «eta hedabideetan hain maiz zabaltzen diren zenbait informaziok areagotuak; adibidez, diru-laguntzen ingurukoak». “Informazio” horiek arreta jasotzen dutenei ere eragiten dietela dio, eta pentsamolde hori gizartean oso errotuta dagoela. Bazterketa egoeran dagoen jendearenganako aurreiritziek eragiten duten beldurrari dagokionez, kale hezitzaileek horretarako motiborik ez dutela sumatu dio: «inondik inora ez». Zentzu horretan, esker oneko ageri da arreta eman dien lagunekin: «Nik aterpetxean lan egin izan dut, gauez, ondoren hamar urtez egon naiz haiekin eta inoiz ez dut beldurrik sentitu. Aitzitik, beti errespetu handiarekin tratatu izan naute. Zuk errespetuz tratatzen badituzu, %99k berdin tratatuko zaituzte».

31 urteko ibilbidea

Arabako Hiesaren Kontrako batzordeak hamar urte bete ditu kale heziketa programa horretan, baina haren ibilbidea askoz luzeagoa da. Batzordeko presidente Belen Martinezi elkartearen 31 urteen balantze arin bat eskatu diogu. Denboran atzera egin eta berehala datozkio gogora «lagun asko, batzuk bidean geratu direnak». 31 urtean egoera asko aldatu dela dio. Orduko borrokak tratamenduak lortzeko ziren, pertsonak biziraunarazteko, arreta hori eskaintzeko baliabideak izateko; pertsona haiek hobera eginda ere, ez zutelako lo egiteko lekurik eta oro har bizitzeko baliabiderik.

Eurek hain hurbiletik bizi zuten errealitate hori instituzioei aurkezten zieten, eta urteen joanean pixkana gero eta baliabide gehiago lortzen joan ziren seropositiboentzat, presoentzat, gizarte bazterketa egoeran daudenentzat… Izan ere, zeregin nagusia arazoa dagoen lekuan egiten dute, baita kartzela ere. «Bai, hori gure betiko aldarrikapena izan da», dio Belenek.

Hasieran kartzeletako egoera salatzen zuten, gaixotasunen transmisioa errazten zuen egoera, hain zuzen ere. «Gure betebeharra, artean ezezagun samarra, informazioa ematea eta prebentzioaren beharra nabarmentzea zen, bertan egon eta laguntzeaz gainera. Ondoren pertsona gehiagorengana zabaldu da gure lana, bazterketa egoeran daudenengana. Horrela sortu dira presoentzako etxebizitzak eta arazoak sumatu ahala, apurka-apurka, beste programa asko».

Eta horrela iritsi dira gaur egun duten egitura osatzera. 100 langile inguru daude elkartean eta kudeaketa maila ere askoz handiagoa da. Eta, beraz, zailagoa. «Familiako kontu bat» bezala sortu ziren, eta, hainbeste hazita, egitura pixka bat falta dute horren lan handiari eusteko, instituzioen aurrean beren proiektu guztiak aurkezteko... «horrela izan behar duena, jakina, diru publikoa baita». Bestetik, elkarteko langileen baldintzak ere hobetuz joan dira gutxika-gutxika.

Boluntario ugari

Beti bezala, hasi zirenean bezala, boluntario askorekin lan egiten dute. Uneotan 50 inguru dituzte, espetxera askotariko jarduerak egitera joaten direnetatik Besarkada Etxean daudenei lagun egitera joaten direnetaraino, «eta oso harro gaude haietaz eta egiten duten lanaz», dio Belenek. «Boluntariorik gabe ez ginateke garena izango». Haien artean badaude Batzordearen arreta jaso dutenak ere. Boluntario izateko arrazoiak pertsonak beste dira. Nork bereak ditu. Batek, senide edo lagunen bat aspaldi hiesak jota hil izana, beste batek egoera gogorrak ezagutu izana eta bere bizitzako une on batean izanik duen denboraren parte bat laguntzeko eskaini nahi izatea...

Bestetik, oraindik ere estigmak bere horretan jarraitzen duela dio Belenek, Nuriarekin bat etorrita. «Eman lezake denok onartuta dugula hiesa gaixotasun bat dela, orain kronikoa eta ez hilgarria, baina hori ez da erreala». Horren erakusgarri, jende gutxik aitortzen du jendaurrean bere gaixotasuna, bazterketa eta hipokrisia handia dagoelako.

Kale heziketa programaren urteurren ospakizunari dagokionez, Belenek uste du normalizatu egin beharko litzatekeela laguntza jasotzen dutenek ekitaldi publikoetan parte hartzea. «Orain hainbeste entzuten den aniztasunaren mesede. Eurak ere gai dira horrelakoetan parte hartzeko, abesti bat prestatu, entseatu eta abesteko, bideo bat egiteko...». Horretarako eta askoz gehiagorako dira gai. Zalantza gizartean dago, ordea.