joseangel.oria@gaur8.info
IRAK

Komunisten igitaia eta mailua, xiiten turbante beltzarekin bat eginda

Konfesionalismoa, beste batzuek sektarismoa esaten dioten fenomenoa, AEBek inbaditu zutenetik Irakek duen arazorik larriena da. Gaur egingo diren hauteskundeetan gaitz horri aurre egin nahi dion koalizio batek esku hartuko du; beste batzuen artean, komunistak eta kleriko xiita baten jarraitzaileak elkarrekin aurkeztuko dira.

AEBek Iraken ezarri duten egoera berriak ez ditu bete herritarren nahiak eta irakiar asko nazka-nazka eginda daude. «Beti aurpegi berberak aurkezten dira hauteskundeetan», diote batzuek; «denak ustelak dira», besteek. Erlijioaren eta komunitatearen araberako egitura, konfesionalismoa, erabat nagusitu zen herrialdean Saddam Hussein kargutik kendu zutenean: herritar sunitak baztertu egin zituzten, eta xiitek lortu zuten nagusitasuna. Hortik abiatuta ordena berriarekiko suniten gorrotoak gora egin zuen, eta beraiek indartsu ziren lekuetan Estatu Islamikoa sortu zen, herrialdearen azaleraren zati handi bat eskuratuko zuen fenomeno politiko ezezaguna.

Konfesionalismo horixe da, begirale askoren ustez, egun Irakek duen arazo nagusia. Eta historian lehen aldiz, fenomeno horri aurre egitera datorren hautagaitza indartsua aurkeztu da hauteskundeetara, Erreformen Ibilaldia, Moqtada Sadr buruzagi xiitaren jarraitzaileak eta komunistak batzea lortu duen zerrenda. «Aliantza hau zerbait berria da Iraken –esplikatu du Ibrahim al Yaberi Sadren alderdiko eledunak–. Erreformen aldeko irakiarren iraultza da, baitan bai laikoak, komunistak bezala, bai korronte islamiar moderatuak hartzen dituena».

Bizar luzea, turbante beltza eta gorputz osoa estaltzen dion abaya jantzita ibiltzen da 34 urteko politikari islamista. Ehunka lagunen aurrean hitz egiten du Bagdadeko Tahrir plazan ostiralero. Entzuleak ere Gobernuaren politikaren aurkakoak dira. «Aliantza hau ez da inor harritzekoa, azken bi urteak sektarismoaren aurka probintzia guztietan elkarrekin borrokatzen egin baititugu», adierazi die kazetariei.

Konfesionalismoaren aurkako protesta mugimendua 2015eko uztailean sortu zen, zenbait herritarren ekimenez. Moqtada Sadren jarraitzaileek geroago egin zuten bat mugimenduarekin. Erreformak, ustelkeria ezabatzea eta zerbitzu publikoak hobetzea exijitzen dute. «Gure eskaerek ez dute inongo izaera konfesionalik. Zuzenbide estatu baten aldekoak dira», azaldu du Raed Fahmi Irakeko Alderdi Komunistako idazkariak.

«Garrantzitsuena da ekimen honen bitartez islamistek eta laikoek elkarrekin lan egiteko aukera izan dugula», erantsi du Raed Fahmi buruzagi komunistak. «Hasiera batean ideologikoki oso aldenduta dauden herritarren arteko lankidetza sortu zen. Gerora etorri zen aliantza politikorako urratsa», adierazi du igitaia eta mailua dituen bandera gorria duen bulegoan. Ondoan Irakeko bandera, “Jainkoa handia da” dioena.

Aliantza «arraroa»

Aurreko hauteskundeetan 33 diputatu lortu zituen Moqtada Sadrek bultzatutako zerrendak, baina haien lana ez zen buruzagiaren gustuko izan eta klerikoak gaurko bozketetara ez aurkezteko eskatu zien, guzti-guztiei. Komunistek, berriz, diputatu bakarra izan dute. Beraiek eta beste lau formaziok bat egin dute orain, baina urratsa herritar askori esplikatu beharrean dira.

«Aliantza hau ez da arraroa, Sadren mugimendua alderdi eta konfesio guztiei zabalik baitago. Nire iritziz, herri bakarra gara, bandera bakarra duena», Qassem Mozam 42 urteko langileak esan duenez.

Irakiar batzuek gogoan dute Sadr kleriko xiita ez dela beti izan hain eskuzabala. AEBek Irak 2003an inbaditu ondoren, Mahdiren Armada –Sadren milizia– suniten aurkako operazioekin nahastuta egon zen, 2008 arte. Sunitak hiltzeko heriotza eskuadroiak antolatzea leporatzen zitzaien orduan. Eta Moqtada Sadr berari egotzi zitzaion Abdel Mayid al Joei hiltzeko agindu izana.

Nadia Nasser 43 urteko irakasleak txador bat darama jantzita, baina bera ere egungo egoerarekin ez dago konforme: «Azken hamalau urteotan agintean izan ditugun buru beldurgarri horiek aldatzea da helburua. Ustelekin nazkatuta nago. Aliantza honen alde nago aurpegi berriak nahi ditut-eta».

Yasem al Hilfi 58 urteko komunistak gogoan du Moqtada Sadr kleriko xiita bertatik bertara ikusi zuen lehen eguna, Najaf hirian, 2015ean: «Hautetsontzietatik ateratako estatu zibila eratzeko eta ustelkeriaren aurka borrokatzeko gure proiektuak azaldu genizkion. Guk esandakoa entzun ondoren adierazi zigun ados zegoela, lankidetzarako prest». Geroztik hamabostean behin elkartzen dira.

Komunistek badakite herritar askoren ustez ezinezko dela laikoek eta erlijiosoek elkarrekin lan egitea. «Baina ez da aliantza ideologikoa, bakoitzak bere uste sendoak ditu», dio Irakeko Alderdi Komunistako eledunak.

Ezohiko aliantzak agintean dauden alderdi erlijioso xiiten artean izan ditu kritikarik zorrotzenak, «eskandalagarria» delakoan. «Gure aliantzaren aurkako gerra jarri zuten abian eta telebista kateetan eraso egiten digute. Ustelen ahultasunaren eta gure indarraren froga da jarrera hori», adierazi du, irribarretsu, Ibrahim al Yaberi Sadren alderdiko politikariak.

Erreformen Ibilaldiarekin bat egin du Irakeko kazetaririk ezagunenak, George Walker Bush AEBetako garaiko presidenteari prentsaurreko batean, kameren aurrean, oinetakoak jaurti zizkion Muntazer al Zaidik alegia. «Nire asmoa politikari lapur guztiak espetxera bidaltzea da, beraien jardueraz damutu daitezen, eta beren ondasunak konfiskatzea», adierazi du zerrendan oso atzean dagoen gizonak.

«Zakurra, hau da irakiar herriaren agurra!», esan zion Bushi orain ia hamar urte. Urtebeteko kartzela zigorra ezarri zioten «Irakera bisita ofiziala egiten ari zen estatuburu bati eraso egiteagatik», eta bederatzi hilabete egin zituen giltzapean. Ondoren Libanora joan zen eta orain Irakera itzuli da, sektarismoa jomugan duen koalizioan esku hartzeko.

Hiru faboritoak

Al Zaidik salatzen duen konfesionalismoak berak eragin zuen Estatu Islamikoaren sorrera 2014an, Iraken azaleraren erdia mendean edukitzera iritsiko zen talde armatua alegia. Jihadistak kanporatu zituzten iaz, baina segurtasunik ez dago oraindik herrialde arabiarrean, nahiz eta onartu behar den azken hilabeteotan eraso izugarrien kopuruak behera egin duela.

Hiru politikari xiita ageri dira faborito moduan: egungo lehen ministroa (Haidar al Abadi), aurrekoa (Nuri al Maliki) eta “Teheranen gizona” (Hadi al Amiri).

Haidar al Abadi egungo lehen ministroak Estatu Islamikoaren aurkako garaipen militarra bere aukerak hobetzeko erabili nahi du, Sabah al Sheij analista politikoak esan duenez: «Al Abadik lortu du Nuri al Maliki lehen ministro izan zen garaian Irakek galdu zituen lurraldeak berreskuratzea. Gainera, kurduek iaz erreferenduma egin zutenean Bagdadeko Gobernuak izan zuen erreakzio gogorrak ere babes handia eman dio hauteskundeei begira». Ez da ahaztu behar Bagdadeko agintariek petrolio asko duen Kirkuk berreskuratu zutela, ordura arte kurduen mendean zegoen probintzia. Analistak uste du «egonkortasun politikoa eta segurtasun egoeran aurrera egin izana» ahalbidetu dituztela bi garaipen horiek.

Estatu Islamistako jihadistek hauteskundeen aurkako erasoak iragarri bazituzten ere, orain arte ez da gertaera larririk izan herrialdean. Faruq al Yaburi hautagaia joan den igandean hil zuten bere etxean, Mosuletik gertu, baina Poliziak berehala esan zuen erasoak jihadistekin zerikusirik ez zuela, eta egilea hildakoaren semea izan zela. Irakeko beste puntu batzuetan ere izan dira hautagaien aurkako erasoak, baina garrantzirik gabekoak, Al Sheijen iritziz: «Al Abadiren aurkariek giro positiboa zapuzten saiatzen dira han-hemenka leherketa batzuk eginez, edo jihadisten erasoak baliatuz Al Abadiren irudia zikindu nahian».

Nuri al Maliki 68 urteko hautagaiak 2014an galdu zuen lehen ministro postua. Bera da Daawa alderdi xiitako egungo burua eta badirudi indar politiko horrek erabakiko duela Gobernu berriaren osaketa, baina analistek uste dute Abadik Malikik baino aukera gehiago izango dituela. Sunitak baztertu izana eta ustelkeria leporatzen zaizkio, zortzi urteko agintaldiaren ondoren. Daawa alderdia indartsu den lekuetan egin du kanpaina, batez ere, xiiten talde armatuak bereganatu nahian.

Mosul eta etorkizuna

Irak “berrian” sortu diren talde armatuetako buruek ere jihadisten aurka egindako lana baliatu nahi dute gaurko bozketan. Badr Erakundea zuzentzen duen Hadi al Amiriren kasua da. Bere taldeak Estatu Islamikoaren kontra egindako lana nabarmendu dute begiraleek. Irak eta Iranen aurkako gerran (1980ko hamarkadan) irandarren aldean egon zen Amiri eta ez zen Irakera itzuli Saddam Hussein presidente kargutik kendu zuten arte. Al Malikiren Gobernuan Garraio ministroa izan zen eta Abadiren Exekutiboan Barne ministro izateko prest zegoen, baina Washingtonek ezetz esan zuen eta bide hori itxi egin zitzaion.

Mosul. Alde zaharra. Balaz jositako eskola bateko horman erantsitako txartelek etorkizun hobea agintzen dute. Beharko du Irakeko bigarren hiriak, egun hondakin biltegi erraldoia dirudi-eta. «Irak aurrera doa», dio Laith Ahmad Hasan hautagaiak, gorbata eta guzti ageri den txartelean. Al Abadi lehen ministroaren zerrendan doa. Ondoan, Fares Sheij Sadik aurkari kurduaren mezu baikorra: «Eraikuntza prozesuarekin jarrai dezagun».

Estatu Islamikoak Mosulen ezarri zuen bere hiriburua. Orain hamar hilabete kanporatu zituzten azken jihadistak, erasoaldi ugariren ondoren. Hiri osoa erortzeko zorian dago egun, gorpu askok hondakinen azpian jarraitzen dute eta lehertu gabeko bonba ugari daude. Nonahi. Hala ere, Ninive probintziako 938 hautagaiak batetik bestera ibili dira egunotan, teorian 2,3 milioi boto emaile dituen eremuan (hiria utzi behar izan zutenen %20 baino ez dira itzuli eta hildako milaka lagunen izenek erroldan jarraitzen dute) herritarrak hurbildu nahian. Kirol ekitaldiak, kulturalak, artea, auto-karabanen moduko segizioak, musika ezkontza baten modukoak, goxokiak… edozer erabiltzen dute mosuldarrengana iristeko, etnia eta erlijio guztiak ordezkatuta dauden lekuan.

Abu Fayez mekanikoa da eta 41 urte ditu. Botoa emateko asmoa azaldu zien kazetariei: «Mosul askatu ostean, botoa ematea eginbehar nazionala da, geure bizimodua alda dadin eta aurreko hauteskundeetan askok egin zutena ez egiteko, hau da, jai eguna Kurdistanera, Bagdadera edo Turkiara joateko erabili. Hiriak sufritu dituen kalte guztiengatik ordainsariak lortzeko lan egingo duen jendea aukeratu behar da».

Sunitak ziren nagusi Mosulen 2003ko inbasioa gertatu zenean. Gutxiengo kurdua eta kristaua ere bazuten. Saddam Hussein erori zenean, Al-Qaedak bertan hedatu zituen bere egiturak, eta Husseinen aldeko asko ere hirian babestu ziren. 2014ko bozketak Estatu Islamikoak hiria bereganatu baino lehenxeago egin ziren eta oso esku hartze maila txikia izan zuten, %50 ingurukoa. Jihadisten mehatxuek sekulako eragina izan zuten.

Egungo boto emaile askori ez zaio ondo iruditzen garai hartan bertako politikariek egin zutena. Ausardia falta leporatzen diete, hiria jihadistek hartzean ihes egin baitzuten. «Ezer egin ez zutenak eta politikari ustelak kanporatzeko emango dut botoa», esan zuen orain egun batzuk Abu Ahmad 55 urteko erretiratuak.

Lau hautagaitik hiru aurpegi berriak dira Mosulen. Betiko alderdi sunitek izena aldatu egin dute, iraganeko kontuak ez gogorarazteko. Eta xiiten miliziak nonahi daude egun. «Lurrikara politikoa» aurreikusten du Hamed Ali analistak: «Aliantza berriek, probintzian hedatuta dauden segurtasun indarren babesarekin, errealitate berria ezarriko dute».

Ali Sistani aiatolaren deialdi bati erantzunez Hashd al Shaabi milizia xiitak eratu ziren, Estatu Islamikoa kanporatzeko erabakigarriak izan zirenak. Iyad Allaui presidenteordearen zerrendan doan Farah Sarraj diputatu eta hautagaiak dio «miliziak bazter guztietan daude probintzian eta segurtasuna zaintzen dute. Beraiekin bat egin duten alderdiei laguntzen die egoerak».

Saddamen garaiko hamalau agintari daude kartzelan

France-Presse agentziak egin duen txosten baten arabera, Saddam Husseinen garaian agintean egon ziren hamalau pertsona kartzelan daude une honetan, AEBek zuzendu zuten inbasioak erregimen haren amaiera ezarri zuenetik hamabost urte pasa direnean.

Okupatzaileek 55 karta zituen sorta plazaratu zuten, aro berrian gaizkiletzat hartuko ziren 55 lagunen izenekin. Haietako sei (diktadorearen bi seme tartean) borrokan hil ziren; beste horrenbeste exekutatu egin zituzten; zortzi giltzapean zeudela zendu ziren; bost ihes eginda bizi dira, ezkutuan; eta beste hamaseiak estatubatuarrek aske utzi zituzten, 2011n herrialdea «utzi» aurretik.

Espetxean daudenen artean Sultan Hashem Ahmad jenerala ageri da, Defentsa ministro ohia. 2007ko ekainaren 27an heriotza-zigorra ezarri zioten, baina ez dute exekutatu oraindik Kontseilu Presidentzialak epaia ez baieztatzea erabaki zuelako.

Beraien abokatuek jakinarazi dute preso gehienak Irakeko hegoaldean dagoen Nasiriyako espetxean dituztela, oso bizi baldintza kaskarretan. Defentsa ministro ohia osasunez gero eta okerrago dagoela nabarmendu dute.

Ihes eginda jarraitzen dutenen artean Ezat al Duri dago, agintariek behin baino gehiagotan hiltzat emandako gizona, France-Presse agentziak egindako txostenaren arabera.

 

Makillatuta eta zapirik gabe, emakumeak Parlamentura

Hauteskundeei begira egindako txartel batzuetan hautagai diren emakumeak makillatuta eta zapirik gabe ageri dira, Mendebaldeko moduan jantzita, indar politikoak zuzentzen dituzten gizonek emakumezkoen edertasuna irizpide politiko bihurtu baitute, boto emaileak hurbiltzeko tresna. Hori bai, noizbait hautagai izateari baietz esandako batzuek atzera egin dute azkenean, beraien aurkako iraintze kanpainen eraginez.

Internet bitartez zabaltzen diren kanpaina horiekin batera, emakumeek ekitaldi publikoetako indarkeriari eta irainez betetako pintadei egin behar diete aurre. Batzuentzat gehiegi izan da eta amore eman dute. Eta erasotzaileak, pozik. Hori gertatu zitzaion Intidhar Yasim Haidar al Abadi lehen ministroaren aldeko koalizioko hautagaiari. Berak hauteskunde kanpaina uztea erabaki zuen, sarean bideo sexual bat argitara eman ondoren. Berak grabazio horretan ageri dena bera ez dela esan du, bideoa faltsua dela, baina azkenean esku ez hartzea erabaki behar izan du. Eta hori, irabazteko aukera gehien duen zerrendakoa izanda. Nazio Batuen Erakundeak berak salatu du Iraken emakume hautagaiek bizi duten egoera.

Ashuak Salem diputatua berriz aurkezten da eta ez dauka atzera egiteko asmorik. Saladin probintzian egiten du kanpaina «irakiar emakumea oso indartsua» dela, matxisten eraso horiei jaramon egiteko «indartsuegia» esanez. Berriz Parlamentura iritsiz gero, legea zorrozteko proposatuko du, berri faltsuak zabaltzea eta hautagaiak iraintzea modu eraginkorrean zigortzeko.

Rizan Shij Delir diputatua Parlamentuko Emakumea eta Familia batzordeko kidea da. Facebooken idatzi luze bat argitaratu du beldurrarazte kanpaina horretan «Gobernua bere ere» nahastuta dagoela esanez, «emakumeen aurkako irainen aurrean isilik geratu delako».

Nazem al Yaburi analistak Efe agentziari esplikatu dio emakumearen egungo egoera Saddamen garaikoa baino okerragoa dela, diktadorea erori ondorengo lehentasunen artean ez baitira egoera hori hobetuko luketen gaiak ageri: «Aurreko aroan irakiar emakumeak asko sufritu zuen bazterketaren eraginez. 2003az geroztik sufrimendu horrek gora egin du».

Al Yaburik egiten duen irakurketaren arabera, aurtengo bozketetan iraintze kanpainak gogorragoak izan dira alderdiek emakumearen edertasuna botoak erakartzeko tresna bihurtu dutelako. «Koalizioetako presidenteek aurpegi zaharrak kendu eta beste batzuk, freskoagoak, biziagoak, jarri nahi zituzten», azaldu du analistak. Horregatik emakumeak makillatuta eta zapirik gabe ikus daitezke txarteletan. Aurreko hauteskundeetan, aldiz, emakumearen izena eta zenbaki bat baino ez ziren ageri. Argazkiren bat jarriz gero, hautagaia zapia jantzita azaltzen zuten, kasu gehienetan etxeko gizonezko baten ondoan.

Iaz erreferenduma egin izana garesti ordainduko dute kurduek

Inkestek aurreratzen dute indar politiko kurduek hamarren bat eserleku galduko dituztela gaurko hauteskundeetan eta Irakeko agintean eragiteko ahalmena galduko dutela. Horrela ordainduko dute iazko irailean autodeterminazio erreferendum bat antolatu izana, nahiz eta Bagdad, Teheran, Damasko eta Ankarak aurkako posizioa hartu (Israel izan zen salbuespen bakarra). AEBek ere independentziaren aurkako jarrera hartu zuten, estatu berria sortzea Ekialde Hurbileko egonkortasunarentzat kaltegarri izango zelakoan. Garaipen itxurako (kontsultan botoen %90etik gora baiezkoak izan ziren) porrotaren ondorioz, Masud Barzani presidente kurduak kargua utzi egin zuen azaroan.

Begiraleak bat datoz erreferendumaren ondorioz kurduek petrolio asko duen Kirkuk probintzia galdu egin zutela esatean. Ofizialki Kurdistan ez diren baina kurduak indartsu ziren beste eremu batzuk ere galdu egin zituzten orduan, kalkulu politiko oker baten eraginez.

Egun Hego Kurdistanen bi alderdi politiko nagusiak beren jarraitzaileak mobilizatzen saiatzen ari dira, animoak lur jota dauden arren, porrot moduan bizi izan baitute erreferendumaren ondorengo bilakaera. Barzaniren PDK Kurdistango Alderdi Demokratikoak botoa eskatu du kurduak Bagdadeko Parlamentuan beren interesak babesteko gauza izan daitezen. «Geure erreferenduma defenditzeko Bagdaden ordezkaritza indartsua behar dugu», diote PDK berak Arbilen ipini dituen txartelek. Tankerako mezua eskaintzen du PUK Kurdistango Batasun Abertzaleak indar handia duen Sulaimaniyan: «Kurdistanen etorkizuna babestuko du zure botoak». Autodeterminazio eskubidea ere defendatu dute.

Alderdi tradizionalek urteak egin dituzte Hego Kurdistango bizitza politikoa menderatzen, baina orain larri dabiltza eta Goran eta Belaunaldi Berria bezalako indar berriek boto asko kentzea ezin da baztertu, eta horretarako formazio zaharrei leporatzen dizkiete gaitz guztiak.

PDK-k PUK alderdiari egozten dio Kirkuk galdu izana, eta erantzuten diote Barzaniren taldearen eraginez iritsi dela egungo egoera zaila. «PDK alderdiko zuzendaritzako kide batzuek esaten dutenak agerian uzten du zintzotasun politikoa falta zaiela, gu etsaitzat hartzen gaituzte-eta, arerio moduan hartu beharrean», adierazi du Saadi Bireh PUKeko eledunak.

Bi talde horiek ados jartzeko izan dituzten arazoen eraginez, ofizialki eskualde autonomikoa osatzen duten Arbil, Sulaimaniya eta Dohuk probintzietan 77 zerrenda aurkeztu dira, 503 hautagairekin, 46 eserleku betetzeko. Irakeko aurreko Parlamentuan alderdi kurduek 62 eserleku zituzten, horietako batzuk Kirkuken, Niniven, Diyalan eta Bagdaden lortutakoak.

«Saddam Husseinen ondorengo Iraken, Kirkuken galera oso momentu garrantzitsua izan da. Izan ere, kurduentzat Kirkuk ez zen bakarrik petrolioa, baizik eta boto biltegi handi bat», esplikatu du Adel Bakawan Sorango (Arbilen ondoan dago) Unibertsitateko Soziologia irakasleak. Nabarmendu du Bagdadek Kirkuk berreskuratu izanak sekulako kaltea egin diela kurduei.

PDK alderdiko Khosro Kuranek gogorarazi du «Niniven une honetan gure hautagaiek aurkako giroa» izaten dutela, 2014ko hauteskundeetan gertatu ez zena. Bere ustez, eskualde autonomotik kanpo dauden lurralde kurduetan oso lagun gutxi joango lirateke botoa ematera, «segurtasun indar kurduak boto emaileak babesteko bertan izango ez balira».

Kurduen gainbehera borobiltzeko, hautagai kurdu batzuk arabiar zerrendatan aurkeztu dira. Kasurik aipagarriena Mustafa Sheikh Kawarena da, hau da, kurduen legendazko erregearen bilobarena, Amar al-Hakim buru xiitaren zerrendan aurkeztu baita. Sheikh Mahmud Hafid Barzinji aitona britainiarren aurkako borrokan nabarmendu zen eta 1920an estatu kurdua eratu zuen (1922an desegingo zuten). Errege kargua hartu zuen.

Kirkuken etnia askotako herritarrak elkarrekin bizi dira. Gaurko bozketak direla-eta jarri dituzten txartelen artean nekez aurkituko ditu irakurleak hautagai kurduenak. Oso erraz, aldiz, arabiar eta turkiar jatorriko hautagaienak, hau da, Hego Kurdistan Iraketik aldentzearen aurkako amorratuenak.

Kirkukeko kurdu askok hiria utzi beharra izan zuten 1980ko hamarkadan, Saddam Husseinek abian jarritako Anfal garbiketa etnikorako kanpainaren eraginez, eta, estatubatuarrek herrialdea inbaditu eta okupatu zutenean, haietako askok itzultzea erabaki zuten. Iazko irailean oso pozik zeuden, erreferendumean independentziaren aldeko aukera nagusitu baitzen, baina poza berehala bukatu zitzaien, Bagdadeko Gobernuak tropak bidali baitzituen hiria berreskuratzeko. Orain kurdu ez diren guztiek bat egiten dute Bagdadekin.

Rahim Awa barrutia esanguratsua izan daiteke. Erreferendumaren egunean beste inon baino boto emaile gehiago izan zen bertan, baina orain hautagai kurduen propaganda aurkitzea zaila egiten da. Freidun Rahim 41 urteko nekazariak esplikatu duenez, «baiezko botoa eman nuen erreferendumean, baina gaur egun elkarrekin bizi beharrean gaude, kurduak, arabiarrak eta turkmenak, beraz, botoa ematera joango naiz», nori emango dion argitu gabe.

2014ko bozketetan PUK alderdiak sei eserleku lortu zituen Kirkuken, PDK-k bi, arabiarrek beste horrenbeste, turkmenek bezala, eta bakarra kristauek. Aurten oso bestelakoa izango da emaitza, PDK-k hauteskundeei boikota egiteko eskatu baitu, «lurralde okupatua» omen delako. PUKek behera egingo duela dirudi, kurdu askok «traidoretzat» baitaukate, Irakeko Armadari probintziako ateak zabaldu zizkiolakoan. «Komunitateek benetan duten pisua ikusteko balioko dute hauteskundeek. Kurduei esan genien erreferendumaren faktura oso garestia izango zela eta horrela da. Aurreko egoerara bueltatzea posible dela uste dutenak ametsetan ari dira», esan du Hasan Tauran turkiar jatorriko diputatuak.

Honi buruzko guztia: IRAK