Isidro Esnaola

G8, G7, G6... estatu liberalen kluba kideak galtzen ari da

Klub oso berezia da G7 izenekoa. Estatu liberal boteretsuenak bildu ditu azken 45 urteotan, ildo estrategikoak eztabaidatzeko eta adosteko. AEBak, Kanada, Britainia Handia, Estatu frantsesa, Italia, Alemania eta Japonia dira egungo kideak. Garai batean Errusia ere gonbidatzen zuten goi bilera horietara; hala, kluba G8 bilakatu zen. 2014an, Krimeako krisiaren ondorioz, gonbidapenik gabe gelditu zen Errusia.

Asteburu honetan egingo da hurrengo bilera, Kanadako Le Charlevoix hirian. Gailur horri begira, Brune Le Maire Frantziako Ekonomia ministroak klubari izen berri bat jartzea proposatu du: G6+AEB. Hitzok erakusten dute AEBek hartutako azken erabakiekin oso haserre daudela gainerako kideak. Trumpek Ipar Koreako presidentearekin egin beharreko gailurra hurrengo astelehenean bertan jarri izana eta, batez ere, AEBetako altzairu eta aluminio muga-zergen igoerak giroa zapuztu dute eta prestaketa guztia airean gelditu da. Kanadarrek serioak eta jendetasun onekoak izatearen ospea dute, baina nahiko haserre agertu dira egunotan. Trumpek bere onetik atera ditu hartu dituen erabakiekin. Bost gai sakon landu nahi zituzten antolatzaileek, baina, uneotan, akordio bakarra aurreikusten dute, genero berdintasunaren inguruan zehazki.

Dena den, giro kaskar hori nazioarteko aldaketa sakonen isla besterik ez da. Orain arte mundu mailako diplomazian gai zehatzak banaka lantzen ziren. Gai batean kontzentratu eta gainerako guztiak albo batean uztea akordioak erdiesteko bide zuzen eta errazena izan da. Zintzilik dauden gai guztiak mahai batean jarriz gero, edozein gauzatxoren bueltan korapilatzeko arriskua biderkatu egiten da. Esate baterako, horrela landu zen orain Trumpek baztertu duen Irango akordio nuklearra. Helburua argia zuten denek eta horren inguruan joko arau batzuk zehaztu zituzten. Trumpen iritziz sistema hori oso mantsoa da. Denen artean gauza bakarra adosteak luze jotzen omen du. Arazoa, baina, negoziatzeko modu horrek eskuak lotzen dizkiola da, eta AEBek eskuak libre nahi dituzte. Trumpek alde anitzeko ikuspegia anizkoiztasunagatik aldatu du. Mintzakide bakarra hartu eta berarekin jokoan dauden gai denak mahai gainean jarri. Horrela, Iranen kasuan, akordio nuklearraz gain, bere kanpo politika eztabaidatu nahi izan du. Hori lortu ez duenean, akordioa puskatu du. Eta besteekin ere horrela jokatuko du, aliatuak izan ala ez. Oso posible da Europako produktuei muga-zerga igotzearen bueltan beste gauza asko ere egotea jokoan; tartean, beharbada, Irango akordio nuklearra bera. Ziurrenik, neurri batean, Trumpen negozioak egiteko moduaren isla da. Mehatxu eta presioen erabilera beste maila batera igo du nazioartean dituen helburuak lortzeko. Epe motzean emaitzak lor ditzake, baina, epe erdira, joko arau argirik gabe, ezegonkortasuna biderkatu egingo da mundu osoan zehar.

Ematen du AEBetatik zer datorren konturatu direla europar buruzagiak eta hasi direla beraien kabuz gauzak mugitzen. Hala, Errusiaren aurkako etengabeko kanpainaren erdian, Angela Merkelek Vladimir Putinekin bilera egin zuen Sochin, eta, astebete geroago, Emmanuel Macronek San Petersburgon. Ez zen gaitzespen adierazpen edo kexarik egon, lan giroa baizik. G7 (edo G6+AEB) taldearen gailurrak izaten dituen emaitzak ikusteke daude, baina klub berezi hori gainbeheran dago jada. •