Ramon SOLA-Jose Angel ORIA
AUTODETERMINAZIOA

Faroe uharteetako politikariek ez dute presarik Konstituzio berria idazteko

Europako iparraldeko kultura politikoa hemengoa baino askoz irekiagoa eta demokratikoagoa da eta, ondorioz, Euskal Herrian jasan behar izaten dugun eredu zentralistatik erreparatuta, ezinezkoak diruditen gauzak gertatzen dira bertan. Faroe uharteak dira horren adibiderik garbiena, optimismoaren artxipelagoa.

Faroe uharteak Danimarkako Erresumako parte dira ofizialki, baina, aldiz, Europar Batasunetik kanpo daude eta, esaterako, ez dizkiote Errusiari Bruselak agindutako isunak ezartzen. Ordainetan, Putinen herrialde erraldoiak arrantzarekin lotutako harreman komertzial garrantzitsuak ditu faroetarrekin, eta uharteetako biztanle askok Errusiako selekzioa animatzen dute egunotan, bihar GAUR8ko irakurle batek baino gehiagok egingo duen moduan.

Sjurdur Skaale Faroe uharteetako diputatuak Euskal Herria Bilduk Bilbon antolatu berri dituen jardunaldietan esku hartu du, Kopenhagek faroetarren erabakitzeko eskubidea errespetatu egiten duela nabarmentzeko. A ze inbidia! «Faroetako jende gehien-gehiena independentziaren aldekoa da gaur egun, baina ez dugu horren beharrik eta, ondorioz, ez dugu presarik». Skaale parlamentariak horrela laburbildu zuen 50.000 biztanle dituzten irla horietan gaur nagusitzen ari den iritzia. Eta de facto ia independente izatearen ondoriotzat jo zuen egungo egoera Faroetako diputatuak Bilboko ekitaldian.

Bereziki deigarria da Faroe uharteen, Danimarkaren eta Europar Batasunaren artean sortzen den hirukia. Hori azaltzeko 1973. urtera jo behar dugu, orduan sartu baitzen Danimarka europar estatuen klub handian, Irlandarekin eta Britainia Handiarekin batera. Faroe uharteen baldintza geografiko bereziak kontuan hartuta (ozeanoaren erdian daude, metropolitik kilometro askotara), Kopenhagek erabakitzeko eskubidea aitortu zion lurralde horri, bai eta hausnartzeko denbora dezente eman ere, Skaalek Bilbon gogorarazi zuenez.

Presiorik gabe erabaki

Europar Batasunean sartu ala ez biztanleen esku utzi zuen, presio handirik eragin gabe gainera. Pentsaezina espainiar erregeen mendean bizi garenontzat. Arrantza da bertako ogibide nagusia, eta hori kontuan hartuta, arau komunitarioak kaltegarriak izan zitezkeelakoan, ez sartzea erabaki zuten orduan faroetarrek. Geroztik, Danimarka Europar Batasunaren barruan da, baina, Estatu horren parte diren Faroe uharteak, kanpoan.

«Seiehun urte daramatzagu Danimarkaren okupaziopean. Nahikoa da!», adierazi die kazetariei Birgir Enni gizon erretiratuak Torshavn hiriburuan. Berarekin bat egiten dute faroetar askok. Izan ere, uharteek naziotzat hartzeko moduko makina bat elementu dituzte: administratzen duen potentziatik 1.100 kilometrora daude, bandera propioa dute (gurutze bat ageri da bertan, inguruetako bandera guztietan bezala), antzinako hizkuntza batetik datorren hitz egiteko modua, instituzio propioak eta beste inon ez dagoen kultura. Independentziaren aldekoak %50 baino gehiago dira, baina ez dituzte unionistak bazterrean utzi nahi, guztiek onartzeko moduko Konstituzio berria prestatzen ari dira elkarlanean, eta hori lortzeagatik apirilean aurreikusita zegoen erreferenduma atzeratzea erabaki zuten. Ahal zutelako!

«Ez gara daniarrak eta ez gara inoiz izango, ezin dugu daniarrak izan. Faroetarrak gara eta kito», adierazi izan du Poul Michelsen Aurrerapenaren Alderdiko buruak, egun Faroetako Atzerri ministro denak.

Historiak arrazoia ematen dio: gaur egun Estatu propioa izateko bidean den artxipelagoa Norvegiakoa izan zen bere garaian; Norvegiak, Suediak eta Danimarkak osatutako aliantzakoa aurrerago; eta Danimarkakoa azkenik, Hitlerren tropek Danimarka okupatu zuten arte. Egoera horretan, Britainia Handiak uharteak inbaditzea erabaki zuen, bestela nazien mendean geratzeko arriskua oso altua baitzen, hegoaldeko bizilagunen kaltetan, jakina.

«Independentzia egunero eraikitzen da. Gero eta erantzukizun gehiago onartuta, independentziarantz hurbiltzen gara. Modu naturalean hazten da Danimarka eta Faroe uharteen arteko distantzia», adierazi du Michelsen ministroak hiriburuan duen bulegoan. Dagoeneko erabakita dago migrazioarekin lotutako eskumenak Faroe uharteen esku egongo direla, eta, hortik aurrera, Kopenhageko agintarien esku geratuko dira kontu gutxi batzuk: defentsa, jakina, eta atzerri politikarekin, justiziarekin eta monetarekin lotutako eskumen batzuk. Gainerako guztia artxipelagoko ordezkarien esku geratuko da.

Ezkerra eta eskuina elkarlanean

Faroetako Gobernua Konstituzio berria idazten ari da uneotan. Nabarmentzekoa da uharteetako Exekutiboan ezkerreko eta eskuineko formazioak daudela elkarrekin, independentziaren aldekoak batzuk eta erabat unionistak besteak. Joan den apirilerako iragarrita zegoen testu horren inguruko erreferendum bat, baina atzeratzea erabaki zuten, bazterrean inor utzi nahi ez dutelako. Teorian, Konstituzioa onartu ondoren, faroetarrak prest egongo dira independentziari bai ala ez esateko. Aksel V. Johannesen lehen ministroak GARAri martxoan esan zionez, faroetarren Konstituzioak autodeterminazio eskubidea garbi azaltzen du, eta, hortik aurrera, Danimarkarekin edo nazioarteko erakundeekin dituzten harremanen inguruko kontu guztiei buruz kontsultatu egin beharko zaie herritarrei, nahi eta nahi ez.

«Danimarka ez da nagusi zorrotza», onartu du Hanna Jensen Aurrerapenaren Alderdiko sortzaileak. «Baina bere motibazio propioak ditu, behar eta interes propioak. Badakit geure behar, motibazio eta nahiak kontuan hartzen saiatzen direla, baina askotan beraienekin talka egiten dute», erantsi du.

Danimarka Europar Batasunaren barruan eta erresumako zati diren Faroe uharteak, aldiz, kanpoan. Paradoxa horrek, eguneroko bizitzan, egoera bitxiak eragiten ditu, eta askotan Faroetako herritarrentzat onuragarriak izaten dira. Esaterako, Krimeako gatazkak Europar Batasunaren eta Errusiaren artean piztu duen krisia oparoa izan da irletako arrantzaleentzako. Bruselak ezarritako zigorrei aurre egiteko, Moskuk Europar Batasunetik datozen elikagaiak erosteari uko egin dio... baina ez Faroetakoei, jakina. Izokina, gehienbat. Hain lurralde xume batentzat honelako erosle erraldoia izatea marka da gero!

Ulergarria da, beraz, Sjurdur Skaalek Bilbon azaldu duenez, Munduko Futbol Txapelketan uharteetako herritarrek Errusiako selekzioarekiko (baita auzokide duten Islandiarekiko ere) duten maitasuna, Danimarkakoari azaltzen diotena baina handiagoa. Parlamentari sozialistak esan zuenez, irletan ez da ia daniar Estatuaren ikurrik, eta Faroetako hizkuntza aurrera egiten ari da, Danimarkakoa atzeraraziz.

1973ko erabaki hark sarri aurrez aurre –eta buruz buru, nor baino nor– jartzen ditu Estatua eta estaturik gabeko nazioa. Skaale mintzo berriz: «Europar Batasunarekin zerbait eztabaidatu behar dugunean, kontu komertzialak batez ere, mahaiaren beste aldean Danimarka dugu negoziatzaile sarri». Baina, era berean, ukaezintzat du Danimarkaren bitartez Faroek parte hartze zuzena duela nazioarteko gune erabakigarri askotan, eta, guztiz burujabe izanez gero, ordea, munduko iparraldeko txoko ezkutu batean guztiek ahazturik egongo zela artxipelagoa. Kazetari, aktore eta kantari izan den parlamentariaren ustez, praktikan, «San Marino, Liechtenstein eta antzeko estatuek baina botere gehiago dute Faroe uharteek. Eta Euskal Herriak baino gehiago ere bai, zuek futbol selekziorik ere ez duzue-eta!».

Kopenhageren estrategia

Faroetako selekzioa 1988tik dago ofizialki onartuta eta Eurokopako eta Munduko Txapelketetarako sailkapen faseetan normaltasunez jokatzen du (eta adi, bederatzi puntu batu baititu Errusiara iristeko lehian, Andorra, Hungaria eta Letoniaren aurka berdindu edo irabazi ostean). Gorabehera guzti horien ondorioz, faroetar gehienak egungo egoerarekin oso eroso sentitzen direla berretsi du Skaalek. Neurri handi batean, Danimarkak dagoen errealitatea onartu eta talka zuzena saihesten duelako: «Bere oraingo estrategia gu lasai bizitzen uztea da».

Uharteetako leherketa demografikoa, bertakoen optimismoaren seinale

Ipar Atlantikoaren erdian dauden Faroe uharteek eskema asko apurtzen dituzte. Emakume izanda bizitzeko munduko lekurik onenetakoen artean daude, ia guztiek baitute lana, eta hala ere Europa osoko jaiotza tasarik altuena dute –2,5 umetik gora emakume bakoitzeko–. Marka hori ez da jaitsi azken hamarkadotan. «Planetako azken paradisua izan daiteke», esan zion BBC kateko kazetari bati Athaya Slaetalid orain zazpi urte Thailandiatik etorri eta Faroen ezkondu zen emakumeak.

Gauza guztiak daude urruti arroka bolkanikoz osatutako hemezortzi irla horietatik, baina bertako ekonomia ikaragarri ondo doa. Munduko Bankuak egindako txosten baten arabera, Europan daude emakume bakoitzeko bi ume izatera iristen ez diren herrialde gehienak, baina «arkumeen irlak» ezin dira herrialde horiekin alderatu.

«Seme-alabak oparirik ederrena dira, nire ustez. Betidanik ume asko izan nahi nituen», adierazi du Gunnhild Helmsdal 41 urteko medikuak. Laugarren umea aurki jaioko zaio. Egungo senarrarekin batera bizi dira beste hiru seme-alabak, aurreko bikotearekin izan zuen alaba eta medikua bera. Aurki zazpigarren izena idatzi beharko dute etxe atariko buzoian. Torshavn hiriburuko Hoyvik auzoan dute etxe argitsua. Bertan hartu dute kazetaria: «Familia ugariak kaotiko samarrak izaten dira, baina zoriontsuak finean». Brandur bi urteko semea kantari ari da, helduei kasurik egin gabe. Bere izenak «ezpata» eta «sua» esan nahi du faroeraz (Faroe uharteetako hizkuntza ofiziala da 1937az geroztik).

Joensen/Helmsdaltarren etxea ez da ume asko dituen bakarra. Aurrean bizi diren auzolagunek sei seme-alaba dituzte; eta ondokoek, zazpi. Atzean geratu dira uharteetan oso emakume gutxi bizi ziren garaiak, batez ere lan merkatuan sartzeko aukerek gora egin dutelako. Orain urte batzuk arrantza zen jarduera ekonomiko ia bakarra eta bide horretatik oso zaila zen emakumeek lanposturen bat aurkitzea. Egun, aldiz, beste aukera asko sortu dira eta horri esker «Faroe uharteetako jarduera profesionala Europa osoko altuena da, batez ere emakumeen artean», Hans Pauli Strom Faroeko Estatistika Institutuko soziologoak esplikatu duenez.

Balore kontserbadoreei eutsi diete faroetarrek, nahiz eta uharteak beti kanpokoentzat irekita egon diren. Baina gizartea aldatuz joan da eta beren emankortasunaren inguruan galdetuz gero, umore puntu batez erantzungo dute: «Hemen ez dago beste zereginik».

«Hemengo emakume asko lanaldi mugatuko langileak dira, erdia baino gehiago. Kontua ez da lanaldi osoko lana aurkitzeko arazoak dituztela, baizik eta nahiago dutela horrela egitea, bizimodu horren alde egiten dute», Stromek azaldu duenez. Agintariek umeak izan nahi dituzten herritarren aldeko neurriak hartzen dituzte: 46 asteko amatasun eta aitatasun baimenak (aurki urtebetekoak izango dira), haurtzaindegi merkeak, zergak ordaintzeko garaian erraztasunak… Gainera, zazpi eserlekuko automobilek gainerakoek baino zerga gutxiago ordaindu behar izaten dute, familia osatzea errazagoa izan dadin.

Faktore horiek esplikatzen al dute faroetarrek horrenbeste ume izatea? Strom soziologoa ezezkoan dago: «Geure kulturan, pertsona bakoitza familia bateko kide moduan ulertzen dugu, banakako independente moduan hartu beharrean. Belaunaldien arteko harreman estu eta intimo horrek umeak izatea errazten du». Adituaren iritziz, erlijioaren eragina oso txikia da. Iritzi berekoa da Gunnhild Helmsdal: «Familian hain lotura estua dugulako, elkarri asko laguntzeko joera dugu. Gainera, nire gurasoen etxea hamar minutura daukat, oinez joanda, eta horrek ere asko laguntzen du».

Thailandiatik eta Filipinetatik ehunka emakume etorri dira Faroera azken urteotan. Kasu gehienetan uharteko gizonekin ezkontzera etortzen dira eta oso ondo daude orain, nahiz eta onartzen duten Asiako hego-ekialdeko bero tropikaletik Ipar Atlantikoko hotz ikaragarrira pasatzea oso gogorra egin zitzaiela. «Jacob jolasean ari da hondartzan, inguruan ardiz beteta dauden mendixkak ditu eta aiton-amonak bertan bizi dira. Ez dago ez kutsadurarik ez krimenik. Egun ume gutxik dute horrenbeste munduan».

Olinpiar Jokoetan esku hartu nahi dute faroetarrek

Pal Joensen faroetarrak badaki zer den Olinpiar Jokoetan esku hartzea, Londresen eta Rio de Janeiron egindako ekitaldietan izan baitzen, baina ez bihotzean dituen koloreak defendatuz, Danimarkakoak baizik. Faroe uharteak FIFA Nazioarteko Futbol Federazioko eta nazioarteko beste erakunde batzuetako kide dira, baita Nazioarteko Batzorde Paralinpiarrekoa ere, baina ez dute lortzen azken berrogei urteotan eskatzen dutena: Olinpiar Jokoetan esku hartzea beren bandera propioarekin, Danimarkako ordezkari izan gabe.

Faroe uharteetan jaiotako Pal Joensenentzat oso erabaki arraroa izan zen 2012an eta 2016an hartu behar izan zuena: bere sustraiei eutsi eta Olinpiar Jokoetan esku hartu gabe geratu, ala Danimarkako banderapean desfilatu. «Nire barruak esaten dit ez dudala Danimarka ordezkatu nahi», esplikatu du 27 urteko igerilariak, Faroetako banderarekin lau aldiz Europako txapeldun izandakoa, igeriketa baita uharteek onarpen ofiziala lortu duten kiroletako bat. «Faroe irlak ordezkatzea harro egoteko moduko kontua da. Bat-batean hori egin ezinik geratzen zarenean, arazo emozionala sortzen zaizu», adierazi dio Joensenek France Presse agentziari Klaksvik hirian egindako arraunketa proba batean.

Faroe uharteen independentziaren aldekoek zein aurkakoek bat egiten dute Olinpiar Jokoetara joateko asmoarekin. Horren aldeko kanpaina bat jarri zuten abian Londresko agentzia baten laguntzarekin eta badirudi herritar guztiak ados daudela.

«Neroni unionista naiz eta esan dezaket bihotz-bihotzez babesten dugula ideia. Ez da Danimarkaren eta gure arteko borroka bat», esan du Rigmor Dam Kultura eta Kirol ministroak. «Kultura eta kirolari dagokionez, independenteak gara, ez Danimarka. Geure hizkuntza propioa dugu, kultura propioa, geure historia, geure kirola», erantsi du.

Danimarkako Gobernuak eta Olinpiar Batzordeak urrats bat atzera egin zuten Faroetakoen eskariei enbarazu ez egiteko. Baina egun arazoa ez da Erresumako agintarien jarrera, Nazioarteko Olinpiar Batzordearen Olinpiar Karta baizik. 1996an dokumentua aldatu zutenetik, esku hartu ahal izateko «nazioarteko komunitateak onartutako estatu independente bat» izan behar da, nahiz eta Puerto Ricok eta Birjina Uharte Britainiarrek (25.000 biztanle, Faroetako artxipelagoaren erdia) arazorik gabe esku hartzen duten (aldaketa gertatu aurretik onartu zituzten bi herrialdeak).

Faroe uharteetako kirolarientzat oso garrantzitsua izan zen FIFA Nazioarteko Futbol Federazioak 1998an onartu izana. Geroztik partida ugari jokatzeko aukera izan dute eta dagoeneko garaipen handiak lortuta dituzte: Austria eta Greziako selekzioei irabazi zieten, esaterako. «FIFAren onarpena oso ona izan zen Faroe uharteetako futbolarentzat. Onarpen olinpiarra lortuko bagenu, kirol guztiek egingo lukete aurrera. Zeure bandera ikusten baduzu, eta zeure ereserkia abestu, harrotu egiten zara eta zeure maila %400 igotzen da», adierazi du Atli Gergersen futbol selekzioko kapitainak.

Kirolak sekulako garrantzia dauka artxipelagoan. Hiru faroetarretik bat dago kirolen batean federatuta. Kopenhage Danimarkako hiriburura joateko bi orduko hegaldia egin behar dute. Beraz, beste kirolariekin batera aritzeko ia aukerarik ez dute izaten. Kirolari batzuek jarduera uztea erabaki izan dute, beren banderarekin aritzeko aukerarik ez dutelako. Signhild Joensen igerilariak 17 urte ditu eta dagoeneko gaindituta dauka Tokion 2020an egingo diren Olinpiar Jokoetara joateko eskatzen den marka minimoa. «Faroetarra naiz eta munduari nondik natorren erakutsi nahi diot, neure bandera erakutsi. Jokoetara Danimarkako taldearekin joatea ez litzateke gauza bera izango». Jon Hestoy Faroe uharteak Olinpiar Jokoetan onartzearen aldeko kanpainako presidenteordeak Nazioarteko Olinpiar Batzordeari jarrera aldatzeko eskatu dio: «Tira, olinpiar espirituari eutsi eta esku har dezagun, kirola egin dezagun!».