Mirari Martiarena Iraola

Eremu bitala

Hasi dira sanferminak. Munduko festa garrantzitsuenak askorentzat, eta, garrantzitsuenak ez badira, ezagunenak bai behintzat. Bederatzi egunez Iruñea munduaren erdigune bihurtzen da, festa eta parrandaren epizentro.

Hamar urte pasa diren arren, atzo bezala gogoratzen dut Nagore Laffageren hilketaren berri jakin nuen momentua. Barruak eman zidan zartakoa, mina. Amorrua sentitu nuen Diego Yllanesi ezarritako zigorraren berri jakin nuenean eta urte gutxiren buruan libre zegoela jakindakoan. Zartako, amorru eta min bera sentitu nituen La Manada-koek egindakoa jakin nuenean, eta justizia beste behin ere itsua dela ikusita negar egin nuen.

Iruñeko sanferminetako gertaera horiek emakumeok jasaten ditugun erasoen icebergaren punta besterik ez dira. Aste honetan behin eta berriz nire inguruan entzun eta irakurri dudan esaldia da. Denok ezagutzen dugulako etxean erasoak jasan dituena, “lagun” artean, auzoko edo herriko festetan. Ez da hiri handietako kontua bakarrik, eraso sexistak, abusuak, ingurura begiratu eta eguneko edozein momentutan jasan ditzakegu. Eta ez genuke beldurrik izan behar ikusten duguna salatzeko, gure eremu bitalari eraso egin diotela sentitzen dugun momentuan ahotsa altxa, kexatu edo oihu egiteko. Bai, egongo da sinetsiko gaituen ahizparik eta lagunduko digute etxerako bidean, kalean, parrandan... aske izaten eta ez ausart. •