2018/07/07

Manal Tamimi
ekintzaile palestinarra

Ahed Tamimi 16 urteko palestinarra kartzelan dago duela sei hilabetetik. Soldadu israeldar bati zaplazteko bat eman eta une hori jasotzen duen bideoa sare sozialetan zabaltzea izan da bere delitua. Haren izeba Euskal Herrian izan da; Tamimi familiaren, Nabi Saleh Zisjordaniako herriaren eta palestinarren erresistentzia ez-bortitzaren berri lehen eskutik emateko.

«Israeldarren errepresioa bereziki zitala da gurekin, erresistentzia ez-bortitzaren alde egin dugulako. Zigor eredugarria ezarri nahi digute»
Koldo SAGASTI eta Beatriz UMBON
0707_tamimi11on
Manal

Pasa den abenduaren 19an Israelgo Armadak Ahed Tamimi 16 urteko neskatila palestinarra atxilotu zuen Nabi Saleh herrian, Zisjordanian, bere etxe atarian grabatutako bideo bat sare sozialetan lau haizetara zabaldu ostean. Bideoan, nerabeak, esku hutsik, zaplazteko bat ematen dio okupazio armadako soldadu bati. Ordurako gaztetxoa ezaguna zen ekintzaile zirkuluetan, armada okupatzaileko uniformedunei aurre egiten zieteneko bideo ugari zabaltzeagatik. Neskatilari hamabi kargu leporatu zizkion auzitegi militar batek soldadua lotsagarri utzi zuen belarrondokoagatik. Harrezkero, sei hilabete eman ditu preso, bakartuta. Halaber, zenbait gobernuz kanpoko erakundek Tamimi familiako neskato gazteak itaunketetan pairatutako jazarpen sexuala eta mehatxuak salatu dituzte. Berea ume palestinar baten aurkako beste jazarpen istorio bat izan zitekeen. Baina Ahed Tamimi Palestinako erresistentziaren ikur bilakatu da eta bere aferak agerian utzi du palestinarrek, zehazki adin txikikoek, okupazio erregimenaren esku pairatzen duten jazarpena.

Manal Tamimi, Aheden izeba, ekintzaile ezaguna da Palestinan. Zisjordaniako Herri Erresistentzia Ez-Bortitzerako Batzordeko kidea da, eta preso politiko ohia. Azken aldiz 2017ko abenduan atxilotu zuten, Ofer espetxearen atarian, ilobaren askapena aldarrikatzeko protesta batean. Egunotan Euskal Herrian izan da, Sodepaz eta Internazionalistak Elkarlanean erakundeek gonbidatuta.

Azken urteotan zure herriak, Nabi Saleh, sona handia lortu du okupazioaren aurkako erresistentzia irmoa aurrera eramateagatik. Zergatik?

Gu 1967tik, hau da, Zisjordaniako okupazioa hasi zenetik, ari gara erresistentzian. Baina erresistentzia 1976an hasi zen biziagotzen, orduan kolonia bat eraikitzen hasi zirelako herriko eremuetan. Harrezkero lurraren okupazioaren aurkako borrokan ari gara. Izan ere, israeldarrek hamaika trikimailu baliatzen dituzte gure lurrak desjabetzeko: eurenak direla esaten dute, kolonoen kokalekuak hornitzeko errepide sarea zabaltzen dute, baliabide naturaletan aberatsenak diren lurrak bereganatzen dituzte edota itxitako eremu militarrak ezartzen dituzte. 2009an erresistentzia ez-bortitzari ekin genion eta gisa horretako herri mugimendua jarri genuen abian Palestina osoan. Geroztik estrategia ez-bortitzen bitartez ari gara okupazioari aurre egiten. Bide baketsuak erabiliz ari gara lurren desjabetzearen kontrako borrokan, zehazkiago gure eremuen lapurretaren aurka. Mugimenduaren muina herriko 650 biztanleak gara, denak familia berekoak. 2009an borrokan hasi ginenetik, gutako 500 auzipetu gaituzte, 220 kartzelan izan gara, horietako 47 umeak; pentsa, 15 urtetik beherako hemezortzi senide kartzelatu dituzte. Espetxeratu gazteena Suhaib izan da, hilabete eskas bat da aske utzi zutela; 11 urte zituela hiru hilabetez izan zen kartzelan. Herriko hamazazpi emakume daude gaur egun preso. Okerrena da erresistentzia ibilbide honetan herriko lau pertsona galdu ditugula.

Argi dago israeldarren errepresioa gurekin bereziki zitala eta bortitza dela, erresistentzia ez-bortitzaren aldeko hautua egin dugulako. Zigor eredugarria ezarri nahi digute, geure eskubideak defendatzeagatik euren etsai bilakatu gara, eta euren ustez zigor gogorra merezi dugu. Nabi Saleh herriaren aurkako errepresioaren bidez, erresistentzia ez-bortitzarekin bat egiteko tentatuta egon zitekeen edozein herri kikildu nahi dute.

Erresistentzia zuzen ez-bortitzeko estrategiak hamarkada luzeko ibilbidea dauka Palestinako hainbat herritan.

Guk 2009an ekin genion borroka honi. Erresistentzia ez-bortitza, baina, 2006an hasi zen; Bigarren Intifadaren testuinguruan; banaketa harresia eraikitzen hasi zirenean. Budrus izeneko herri batean hasi zen, eta handik Bil´in, Nil´in, Nabi Saleh, Kafr Qaddum eta beste hainbat tokitara zabaldu zen. Erresistentzia ez-bortitzaren alde egin genuen Mendebaldeko herriei mezu bat helarazteko: kontua ez da zer ari ote garen egiten okupazioaren kontra, kontua da palestinarrok gure lurretan geratzea eta gure eskubideen alde borrokatzea erabaki dugula. Herri Erresistentziarako Batzordean elkarlanean antolatzen ditugu ekintzak. Talde bakoitzak bere komunitateko arazo konkretuei heltzen die, baina esperientziak partekatzen ditugu.

Adibidez, Bil´in herrian banaketa harresiaren kontra ari dira borrokan; Nabi Saleh herrian, berriz, lurren desjabetzearen kontra ari gara; Kafr Quaddum herrian 2000. urtetik ari dira borrokan bertako sarbide guztiak itxi dizkietelako... Beraz, ez ditugu elkarren ereduak kopiatzen, baina borroka esperientziak partekatu egiten ditugu: nola erantzuten dieten israeldarrek protestaldiei, nolako metodoak erabiltzen dituzten itaunketetan, zer gas negar eragile mota berri erabiltzen ari diren, tokian toki zer arma mota berri erabiltzen ari diren, nola gutxitu gure kontra erabiltzen dituzten arma berrien eragina...

Historiari erreparatzen badiogu, erresistentzia ez-bortitzak 11 urte inguruko ibilbidea baino ez dauka, baina nik badakit zerbait lortuko dugula. Izan ere, zenbait herritan, Budrus kasu, lortu dute eremuaren zati bat berreskuratzea. Bil´in herrian, esaterako, lortu dute banaketa harresiaren ibilbidea metro batzuk atzeratzea, aurreikusita zegoen tokiraino. Lorpen txikiak izan dira, baina oraindik ez dugu erdietsi garaipentzat har dezakegun aldaketarik. Garaipenik handiena izan da Palestina munduko arretaren jomugan jartzea, palestinarrak askatasunaren aldeko borrokarekin lot gaitzaten eta ez terrorismoarekin. Gero eta atzerriko talde gehiago etortzen dira Palestinara geure burua defendatzeko eskubidea babestera. Aldaketa sumatzen hasi gara mendebaldarren mentalitatean: gero eta urrats gehiago ematen ari dira Palestinako askapenaren alde eta gero eta ahots gehiago daude Israelgo okupazioaren kontra.

Nabi Saleh herriko erresistentzia nabarmendu da, gure kanpoko begiraleen ikuspuntutik behintzat, emakumeek jarrera aktibo eta protagonista daukatelako borrokan.

Erresistentzia hasi zenetik Palestinako emakumeek oso paper garrantzitsua jokatu dute eta erresistentzia mugimenduan buruzagi izan diren emakume askoren adibideak daude. Lehenengo Intifadan, kasu, oso nabarmena izan zen emakumeek jokatutako papera. Orduan, Intifadaren agintaritza bateratuaren kideetako bat emakumea izan zen. Nabi Saleh herrian, komunitate txikia garenez, denok gara familia berekoak, dena partekatzen dugu. Erresistentzia ez-bortitzari ekitean ez zen inongo eztabaidarik izan emakumeek parte hartu behar ote zuten ala ez. Eztabaidak gure protestaldien estrategiei buruzkoak ziren. Herrian ekimenak antolatzen dituen zazpi laguneko batzordea dago, eta horietatik hiru emakumeak dira. Gauzak horrela, protestaldi ez-bortitzetan parte hartzeak euren buruarenganako konfiantza ematen die Nabi Saleh herriko emakumeei, eta oro har, indartu egiten du emakumeen mugimendua Palestinan.

Gaur egun, Zisjordania osoan ikus dezakegu emakumeen erresistentzia mugimendua; eta Jerusalemen; eta 1948an okupatutako eremuetan; eta Bethlehemen, Jeninen, Nablusen... Nonahi. Gure borrokarekin bat egitearekin batera haiek ere Nabi Saleh herriko emakumeok hartu genuen bidea hartu dute. Noski, horrek eragin du israeldarrek zigor kolektiboa ezartzea herriari, bereziki emakume eta haurrei, erakusteko mugimenduan parte hartzen duen edozeinek larrutik ordainduko duela. Herriko hamazazpi emakume izan dira kartzelan; 60 edo 70 alditan eraso diete emakumeen protestaldiei, horietako hamarretan munizio asko erabilita, emakumeetako bat elbarri utzi dute... Amak izanagatik, sinisten dugu borrokatu ezean ezin izango diegula irakatsi belaunaldi berriei erresistentziaren espiritua. Ni beldur banaiz, beldurra baino ez diet irakatsiko seme-alabei, eta ahuldadea erakutsiko diot familiari. Beraz, erresistentziaren indarra eta boterea emakumeengan dago. Borroka emakumeen menpe dago, horrexegatik zuzentzen du okupazioak bere jazarpena emakumeen kontra.

Nabi Saleh herriko biztanleak, eta bereziki Tamimi familia, ezagunak dira munduan euren erresistentzia ekintzen bideoak eta irudiak sare sozialetan zabaltzeagatik.

Herrian erresistentzia ez-bortitzari ekin genionetik, argi genuen munduak Israeli ematen dion babesa hedabide eta prentsa agentzia erraldoien propagandaren emaitza dela. Nazioarteko agentzia nagusiek, Fox News, CNN edo BBC telebista kateek... israeldarrak biktima moduan erakusten dituzte, eta palestinarrak terrorista gisa. Badakite zer gertatzen ari den Palestinan, baina interes bat daukate irudi hori emateko. Beraz, guk sare sozialetara jo dugu, modu erraza baita gure mezua zabaltzeko.

Bigarrenik, komunikabide alternatiboek ez dute mugarik, ezta informazioa zabaltzeko eragozpenik ere, inork ezin du ekidin. Eta hirugarrenik, sare sozialak belaunaldi berriek erabiltzen dituzte nagusiki, eta horiek badute pertsona izatea zer den jakiteko beharra, ikasten dituzte giza eskubideen urraketak identifikatzen, identifikatzen dituzte garbiketa etnikoa eta Israelgo okupazioak Palestinan ezartzen duen arrazismo erregimena. Horregatik, gure komunikabide agentzia propioa sortu dugu, Tamimi Press izenekoa; Nabi Saleh Solidarity izeneko bloga ere sortu dugu; eta Twitterren, Youtuben eta Facebooken ere bagaude; eta sare sozial guztietan. Halaber, nazioarteko ekintzaileei dei egiten hasi gara, Nabi Saleh herrira etor daitezela eta bertatik bertara ikus dezatela errealitatea.

Okupazioaren zerbitzuek leporatzen digute propaganda egitea, errealitatea manipulatu egiten dugula, dokumentu horiek guztiak gezurra direla. Baina guk ez dugu gezurrik esan beharrik, aurrean daukaguna grabatu eta argitaratu besterik ez dugu egiten. Egiaren boterea daukagu, ez dugu gezurrik esan edo manipulatu beharrik.

Azkenik, 2009etik aurrera eramaten ari garen borrokaren emaitza dira orain okupazio indarren partetik pairatzen ari garen erasoak, batez ere Ahed atxilotu zutenetik. Ikusi dugu nazioarte mailan protestaldi globalak izan direla Nabi Saleh herriarekin eta Tamimi familiarekin elkartasunean. Hamaika kanpaina antolatu dituzte: Free the Tamimi Women, Free the Tamimis... Kanpaina horiek gizarte zibileko ekintzaileek antolatu dituzte, baina baita legebiltzarkideek eta giza eskubideen aldeko erakundeek ere.

Badira sei hilabete Israelgo Armadak zure iloba, Ahed Tamimi, atxilotu zuela soldadu bati zaplazteko bat eman zioneko bideoa zabaltzeagatik. Orduan 16 urte zituen. Gerora haren ama ere atxilotu zuten... Zein da egoera egun?

Ahed 2017ko abenduan atxilotu zuten eta zortzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten. Harekin izan naiz kartzelan, baita bere amarekin ere, eta ondo daude; ezin izan dute beren borondatea hautsi. Ahed eskolako azken urtean dago, eta oraintxe egin beharko zituzkeen bere azterketak eta ikaskideekin batera graduatu. Bera neska kementsua da, baina, noski, espetxean izateko esperientzia delikatua da harentzat, izan ere, oraindik ume bat baino ez da. Eskarmentuak bizitza osorako eragingo dio. Esperientzia negatiboa izango da positiboa baino; hala ere, esan beharra dago orain askoz adoretsuago dagoela, konbentzituago bere borrokaz, zentratuago Palestina berreskuratzeko deman.

Ahed Tamimiren aferak aurrekaririk gabeko oihartzuna izan du nazioarte mailan eta arreta mediatikoa Palestinako umeen egoeran jarri du.

Erresistentziako emakumeak eta umeak etengabe zigortu egiten dituzte. Batzuei 15 edo 16 urteko zigor luzeak ezarri dizkiete, 14 edo 16 urte besterik ez zituztela. Israeldarrek badakite helduek okupazioaren aurka borrokatzeko hautua hartzen dutenean ondorioen jabe direla eta prest daudela horiei aurre egiteko; baina umeak zigortuz familia osoari eraso egiten badiote, Tamimi familiari bereziki, herri oso baten erresistentzia indargabetu dezakete. Dena dela, kontrako efektua lortzen ari dira, izan ere, Israelgo Administrazioaren jazarpenak erresistentziari eusteko indarrak biderkatu baino ez dizkigu egiten.

Gaur egun Tamimi familiako hogei kide daude kartzelan. Gehienak anaia-arrebak dira, eta zenbaitek seme-alabak ere kartzelan dituzte; Ahed eta haren ama, kasu. Baina horrek indartsuago egiten gaitu, familia bezala eta herri bezala. Norbait espetxeratzen badute, beste hiruk helduko diote hark hasitako bideari.

Egia da, halaber, beste leku batzuetan umeak espetxeratzen dituztenean edo zigortzen dituztenean, horrek erresistentzia indargabetzen duela. Baina uste dut emakume eta haurrak zigortzen jarraitzen badute, horrek mugimendu masiboa eragingo duela Palestina osoan. Azkenean, bortizkeria hori eta umeen eskubideen urraketak amaitu beharko dira, mundu mailako babesa izango da Palestinako borrokarekiko, inork ezin baitu onartu ume bati hiru urteko kartzela zigorra ezartzerik soldadu bati harri bat jaurtitzeagatik. Espero dugu Aheden aferak balio izango duela Palestinako umeen egoera nazioarteko iritzi publikoaren arretaren jomugan jartzeko eta haurren eskubideen urraketak geldi daitezen.

Zure ustez, zergatik izan du horrenbesteko oihartzuna Ahed Tamimiren kasuak?

Ahed Palestinako neskatila arrunta da. Bizitza osoa okupazioaren menpe bizi izan da, senideak galdu izan ditu. Nabi Saleh herrian hasieratik genekien haurrak ere jomugan izango zirela; horregatik hasi ginen haurrei ere gure erresistentziaren esanahia irakasten, zergatik ari garen borrokan, zer esan nahi duen nork bere eskubideak defendatzea. Eskolak eta tailerrak antolatzen hasi ginen itaunketetan nola jokatu irakasteko, espetxeratuz gero nola jokatu irakasteko, umeak ere euren egoeraz jabetu daitezen, eta, atxilotzen badituzte, euren eskubideak ezagut ditzaten. Zerbaiten inguruko informaziorik ez izateak ahulago egiten zaitu, baina prozedura osoa eta zure eskubideak ezagutzeak indartsuagoa bilakatzen zaitu. Hori argi ikusi dugu Aheden itaunketaren bideoan. Bera oso lasai zegoen, isilik galdeketa osoan; adierazpenik ez egiteko eskubidea baliatu zuen. Ezin izan zuten kikildu, areago, argi geratu zen itauntzaileek beldur handiagoa ziotela hari, neskatila bat baino ez bada ere.

Halaber, lan nekeza egin dugu Ahedena mundu mailako afera mediatikoa izan zedin, eta horrela arreta mediatikoaren erdigunean okupazio erregimenak egiten dituen umeen eskubideen urraketak jartzeko. Hasiera-hasieratik argitaratu izan ditugu herrian gertatzen zenaren inguruko bideoak eta albisteak, eta orain kanpoko jendeak ezagutu egiten du Tamimi familia.

Bestalde, latza da honetaz hitz egitea, gogorra da guretzat, baina egia gordina da: mendebaldarrek Ahedek soldaduari zaplaztekoa eman ziola ikusi zutenean, europar tipikoa irudikatzen zuen neskatila bat ikusi zuten. Izan ere, bera ilehoria da, eta ez darama buruzapirik; errazago sentitu zuten harekiko enpatia. Hamaika mezu eta posta elektroniko jaso nituen, gisa honetakoak: «Nire alaba, biloba edota arreba izan balitz bezala sentitu nuen».

Ondo dago Aheden auziarekin kontzientzia piztea, baina, hala gertatu bada, izan da, neurri handi batean, berak europar itxura duelako. Eta hori ez da, inolaz ere, ume palestinar guztien itxura. Aitortu behar dut hori ez zitzaigula gustatu, baina inportanteena Aheden afera ezagutaraztea zen, eta haren bitartez, emakume eta haur palestinarrek kartzelan pairatzen duten egoera erakustea.

Ahed Tamimi erresistentziaren ikur bilakatu izanak zer ondorio izan du palestinarren borrokarentzat? Eta Tamimi familiarentzat?

Argi dago bizitza honetan denak prezio bat daukala. Guk elkartasun eta babes maila handia lortu dugu nazioarte mailan, erresistentziari eusteko gure borondate irmoagatik, okupazio indarren etengabeko erasoei adorez egin diegulako aurre. Baina ordaina ere altua izan da: herriko lau gizon galdu ditugu... eta, bestalde, erantzun gogor eta bortitza ere pairatu dugu. Gero eta ugariagoak dira, kolonoen partetik, Nabi Saleh desagerrarazteko deiak, herria suntsitu eta alde egitera behartu nahi gaituzte. Exodo isila eragin nahi dute. Baina nazioarte mailan daukagun babesak indartu egiten gaitu, bakarrik ez gaudelako itxaropena ematen digu. Ezerk ezin izango du gure erresistentzia gelditu.

Israelgo egitasmoen artean Nabi Saleh desagerraraztea dagoela uste al duzu? Edo akaso palestinar guztiak ezabatzea Palestinako eremutik?

Bai, kolonoen aldarrikapenei kasu egiten badiezu, haiek Nabi Saleh desagerrarazteko deia egiten dute, baita Palestina desagerrarazteko ere. Izan ere, haientzat ez da existitzen “Palestina” izeneko herririk. Haien ustez, gu, palestinarrok, Israel barruan bizi garen arabiarrak baino ez gara, eta, ondorioz, Jordaniara mugiarazi beharko gintuzkete. Sinistuta daude, zalantzarik gabe, lur hau Jainkoaren beraren aginduz dagokiela; jenderik gabeko lur bat zela, lurrik gabeko jendearentzat, eurentzat alegia. Baina hori ez da egia, Palestinako historia milaka urtekoa baita. Argi eta garbi ikus daiteke 1948an okupazioa hasi baino askoz lehenagotik ere bazela Palestina.

«Gaur egun Tamimi familiako hogei kide daude kartzelan. Gehienak anaia-arrebak dira, eta zenbaitek seme-alabak ere kartzelan dituzte; Ahed eta haren ama, kasu. Baina horrek indartsuago egiten gaitu, familia bezala eta herri bezala. Norbait espetxeratzen badute, beste hiruk helduko diote hark hasitako bideari»

«Amak izanagatik, sinisten dugu borrokatu ezean ezin izango diegula irakatsi belaunaldi berriei erresistentziaren espiritua. Ni beldur banaiz, beldurra baino ez diet irakatsiko seme-alabei»

«Latza da honetaz hitz egitea, gogorra da guretzat, baina egia gordina da: mendebaldarrek Ahedek soldaduari zaplaztekoa eman ziola ikusi zutenean, europar tipikoa irudikatzen zuen neskatila bat ikusi zuten. Izan ere, bera ilehoria da eta ez darama buruzapirik; errazago sentitu zuten harekiko enpatia»