Isidro Esnaola

Nazioarteko ordenaren suntsipen planifikatua

Ekainean Kanadan egin zen G7ko bilera akordiorik gabe amaitu zen. Hiru egun geroago Donald Trump eta Kim Jong Un AEBetako eta Ipar Koreako agintarien arteko bilera egin zen Singapurren. Gailurrak ez zuen emaitza berezirik ekarri. Beharbada Ipar Korearen aldera erori da etekin nabarmena: AEBetako presidentearekin bildu da lehen aldiz bertako burua, kontzesio berezirik egin gabe, gainera. Zentzu horretan, ez dago argi zer etekin atera nahi zuen Trumpek bileratik, ez bada nazioarteko instituzioak astintzen jarraitzea. Joera horren adibideak ugariak dira: Trumpek muga-zergak igo ditu, Munduko Merkataritza Erakundea uzteko mehatxua egin du, Europako aliatuei buruz «Txina bezain gaiztoak» direla esan du ondoren aurpegiratzeko AEBek «dirutza» gastatzen dutela «beren segurtasunean»... Orain, uztailerako, Vladimir Putinekin beste gailur bat iragarri du Trumpek.

Mugimenduotatik ondoriozta daitekeen ia gauza bakarra honakoa da: AEBek munduko ordena neoliberala hankaz gora jarri nahi dute. Erabaki horren oinarrian, zalantzarik gabe, Txinaren gorakada ekonomiko, politiko eta militarra dago. Aurreko AEBetako presidenteek betiko tresneria erabili zuten Txinaren nagusitasunari mugak jartzeko. Obamaren garaian merkataritza akordio berriak landu ziren –TTIP eta TPP delakoak–. Hitzarmen horiek guztiek Txina albo batera uzten zuten, bere inguruan segurtasun kordoia osatzeko asmoarekin. Beharbada, akordioak erdietsi eta gero, AEBetako eliteari bide hori etorkizunik gabekoa iruditu zaio; edo mantsoegia –behin baino gehiagotan Trumpek aipatu du horrelako alde askotariko akordioak ixteak oso luze jotzen duela–. Arrazoiak arrazoi, eta beharbada barne adostasun handirik gabe, AEBak beste bide bat jorratzen hasi dira: nazioarteko arkitektura desegitea. Eta ematen du Trump horretan ari dela buru belarri. Horrela bakarrik uler daitezke G7ko bileran izan zituen tirabirak, Munduko Merkataritza Erakundea uzteko mehatxua, NATOrekiko azaldutako jarrera hotza eta nazioarte mailan eman dituen bestelako urratsak.

Ziurrenik, AEBetako eliteak ikusi du Txinak zer-nolako abilezia erakutsi duen sortuta dagoen nazioarteko arkitektura baliatzeko. Izan ere, orain, hartu duen tamainagatik, Txina gai da sistema horretatik etekina ateratzeko. Esate baterako, Munduko Merkataritza Erakundeak Txinari hasieran ez zion merkatu ekonomiaren estatusa eman. Horrek Txinaren ahalmena mugatzen zuen merkataritza askeko arauetatik etekinak lortzeko. Baina, behin izaera hori lortuta, Txina izango da arau horietatik etekin handiena lortuko duena, estatu handiei mesede egiten baitiete arauok. Gauzek horrela jarraituz gero, Txinak berak sortu ez duen baina bere mesedera funtzionatuko duen nazioarteko egitura izango du eskura.

Horren aurrean, nonbait, AEBetako eliteak deliberatu du nazioarteko egungo arkitektura guztia zapuztea. Txinak mundu mailako egitura berriak nahi baditu, berak sortu beharko ditu. Eta horretan denbora eta baliabideak inbertitu beharko ditu. Txinarekin borrokatzeko, ematen du AEBak “lur errearen estrategia” erabiltzen ari direla. Horrek goitik behera aldatzen du nazioarteko testuingurua, ezegonkortasuna areagotuz. Munduko segurtasuna bermatzeko ikuspegi orokorra izatea ezinbestekoa den uneotan, hori ahalbidetzen duten egiturak desegiten ari dira. Garai oso arriskutsuak datoz. •