Laura Mintegi

Sanferminak bizipoza dira

Norberarentzat herriko, are auzoko, jaiak dira munduko jairik onenak. Txikitatik bizi izan diren jaiak dira bizipen sakonenak lagatzen dizkigutenak. Zergatik? Aske sentitzen zaren lehen aldia da, egunerokotasunetik ateratzeko lizentzia ematen digute, espazio bera bizi dugu baino dinamika transgresoreaz, ordutegia eta harremanak malguagoak dira, betiko ezagunekin harreman ezberdinak ditugu, eta ezezagunekin harreman intentsuak sortzen ditugu denbora laburrean.

Jaiak dira konbentzioa apurtzeko eremu askea, nahiz eta konbentzio propioak dituen, gordetzeko tradizioak, ohitura autoinposatuak: honelako janzkera, halako jatordua, ordutegi zehatza ekimen bat ala bestea egiteko. Jaietan urtero gauza berberak errepikatu egiten dira eta beti dira berriak: batetik besterako ibilbide alaitsua, musika zehatza, dantza mota berezitua.

Eskarmentu handia dugu euskal herrietan jaien kontura. Mendez mende iraun duten tradizioak segitzen ditugu atzo goizean asmatutakoak balira bezalako freskotasunarekin eta, aldi berean, tradizio berriak sortzen ditugu urte batetik bestera, ordutik aurrera urtez urte errepikatuko direnak: Pijama Eguna Algortako Portu Zaharrean, esaterako, urte gutxiko kontua da, baina egun pentsaezina litzateke “tradizio” horri “traizio” egitea jaietako azken egunean mahoizko arropa jantzita. Gizonezkoak kamisoiarekin ikusiko dituzu kalean goizetik gauera, eta emakumeak pijamaz jantzita.

Marijaiak 40 urte ditu bakarrik, Mari Puri Herrero eskultoreak sortu baitzuen 1978an. Bilboko jaiak instituzionalak izatetik herrikoiak izatera pasatu zirenean orduko gazteak “jai”-aren sinbolo bat sortu nahi izan zuten eta Herrerori egin zioten enkargua.

Sanferminen tradizioa dezente zaharragoa da, XIV. mendean kokatu baitaiteke jaiaren hastapena. Jai berriak eta jai zaharrak ditugu, beraz, euskal herrietan. Baina batzuk eta besteak gehien bereizten dituen elementua ez da historia edo antzinakotasuna, baizik eta antolaketa.

Zerbait ikasi badugu azken garaietan da jaiaren funtsa dela partaideen identifikazioa festejoarekin. Eta zenbat eta hurbilagotik bizi antolaketa, are eta handiagoa da identifikazioa. Herri batzordeak funtsezko elementu dira, haiei esker hazi egiten baitira jaiak: programak herritarren nahietara egokitzen dira eta partaideek zeresana dute prozesu osoan, diseinua egitetik azken parrandaraino.

Sanferminek, gainera, badute plusa. Sarritan saiatu naiz azaltzen adiskide bizkaitarrei zergatik diren horren garrantzitsuak sanferminak nafarrontzat, baina alferrik. Egia da edozein jairekin elementu komunak dituztela. Egia da hainbat herri eta auzotan bizi daitezkeela poza, algara, dantza eta musika, buruhandiak eta erraldoiak, sokamuturra, txosnak eta kontzertuak. Sanferminetan, ordea, badago kode tazitua, idatzi gabeko araua, gutxitan (oso gutxitan) apurtzen dena: jaia ez dago kanpoan, jaia zure barnean dago, zerorrek egiten duzu festa, programak ez du sorrarazten algara, algara norberak darama barnean eta eskaintzen dio jaiari.

Jaia kanpotik (“en exterioridad”) biziz gero, irudia kaosarena da. Sanferminak ezagutzen ez dituztenek nahastu egiten dute kaosaren irudia “edozer” egiteko lizentziarekin. Eta, noski, ez du zerikusirik. Barneko alaitasunak berezkoa duelako errespetua: nik gozatzen dudan moduan, nahi dut zeuk ere gozatzea, aske, solte, pozik, alai. Ez da kaosa, bizipoza da. •