2018/07/21

Andres Urrutia
euskaltzaindiko eta Azkue bibliotekako burua

Euskaltzaindiak Azkue Bibliotekako ondarea partekatzeko estreinatu berri duen erakusketa birtuala aitzakia, Euskaltzaindiaren eta euskara batuaren urteurrenen gainean ere mintzatu zaigu euskaltzainburua, adeitsu asko.

«Esfortzu esanguratsu bat egin nahian ari gara, jendearengana hurreratzeko prozesua gauzatu nahian»
Xabier Izaga Gonzalez
0721_urrutia2b

Azkue Bibliotekako ondarea ezagutarazteko asmoz, Euskaltzaindiak erakusketa birtual bat zabaldu berri du. Oraingoz sei liburu daude ikusgai, baina aurrerantzean ale gehiagoz osatzen joango da. Azkue Bibliotekako buru Andres Urrutiarekin hitz egin dugu, eta, euskaltzainburua ere badenez, Akademiaren 100. eta euskara batuaren 50. urteurrenak ere hizpide izan ditugu bidenabar.

Orain nahi duenak oso modu errazean izan dezake Azkue Bibliotekaren berri.

Gure Bibliotekatik, baita gure Artxibotik ere, batez ere jendearen eskuetan jartzeko zerbait atera daiteke, kaleratu eta jendearen interesa eta jakin-mina pizteko. Horretarako, ikusi duzun bezalaxe, sei item edo erreferente hartu ditugu, lurralde desberdinetakoak, euskalki desberdinetakoak, garai desberdinetakoak, eta jendeari hori eskaini, gero jendeak, sakondu nahi baldin badu, jarraitu eta jakin dezan gure Azkue Biblioteka eta Artxiboa hortxe daudela.

Beharbada Euskaltzaindiak gizartetik urrun zegoen erakundearen irudia zuen. Teknologia berriek jendartera zabaltzeko aukera handiagoa eman diote, ezta?

Bai, horixe da. Teknologia berriak erabili nahi izan ditugu, eta erabili behar ditugu, gure ondarea gizarteratzeko eta batez ere Akademiaren zereginak eta nondik norakoak jendearengana hurreratzeko. Ez bakarrik webgunea; hau, gainera, nik uste dut lasterrera berrituta ikusiko dela eta are zerbitzu gehiago eskainiko dituela. Bestetik, sare sozialetan ere bagabiltza. Esfortzu nik esango nuke esanguratsu bat egin nahian ari gara, hurreratze prozesu hori gauzatu nahian.

Orain dela hamar urte pentsaezina zena gaur egunean guretzat errealitate bat da. Hiztegigintzaren ikuspegitik, norbaitek hitz baten inguruan informatu nahiko balu, horren historia, nola agertzen den hiztegian, hitz horren erabilera gaurko corpusaren arabera, horra hurreratzen baldin bada eta hiztegigintza kontuetan sartzen baldin bada, berehala aurkituko ditu horrelakoak. Hor ditu Orotariko Euskal Hiztegia, historiari buruzko informazioa ematen duena, baita gaurko definizioari buruzkoa ere; Euskaltzaindiaren Hiztegia, honek nola definitzen duen hitz hori eta zer-nolako adibideak ematen dituen erabileraren ikuspegitik, eta, nola ez, gero nola erabiltzen den hitz hori gaurko prentsan, literaturan, iturrietan; horretarako, Lexikoaren Behatokia dauka, XX. mendeko corpusa…

Eta badirudi arrakasta dutela, jendeak erabiltzen dituela. UZEIren ikerketa baten arabera, euskaldunok oso zintzoak garela hizkuntza arauak betetzen. Hizkuntzarekiko interesa dago, beraz.

Akademiak badu bere erantzukizuna ahalik eta modurik azkarrenean, zabalenean, ulergarrienean eta didaktikoenean arauak, gomendioak eta irizpideak jendearengana helarazteko, eta ahalegin horretan ari gara. Hori da gure helburu nagusia. Ez da bakarrik arauak ematea; gero, arau horiek gizarteratu egin behar dira eta horretan Euskaltzaindiak badu eginkizuna, erantzukizuna, baita aurrera begira ere, eta engaiamendu gogorra herriaren eta euskal gizartearen aurrean.

Jendartera hurbiltzea, beraz, Euskaltzaindiaren helburu nagusietako bat da.

Dudarik txikiena ez izan. Ni behintzat, euskaltzainburu naizen aldetik, beti izan dut helburu hori, uste baitut Akademiak besterik gabe, herririk gabe eta gizartean txertaturik egon gabe, ez duela inolako esanahirik ez inolako zereginik. Euskaltzaindia zerbait baldin bada, azken batean euskaldunei baliagarri, erabilgarri eta onuragarri zaien neurrian da, eta bidegintza horretan ari gara. Batzuetan azkarrago ibiltzen gara, beste batzuetan pixka bat geldotxoago, baina helburua horixe da, ez bakarrik emaitza zientifiko eta akademikoak, eta horiek behar-beharrezkoak dira, euskara batua, euskalkiak eta abarrekoak proiektu nolabait nazionalak egiteko. Hor dauzkagu besteak beste, lehen esan dudan bezalaxe, hiztegigintza, [Euskararen Herri Hizkeren] Atlasa, euskal onomastika eta euskal toponimia, euskaldun paisaia konfiguratzeko guztiz garrantzitsuak direnak. Helburuak horiek dira, baina ez bakarrik proiektuak egitearren, ezpada egitasmo horiek gero izan behar dute eragin berezia eta eragin esanguratsua herriarengan. Herriak ez badu erabiltzen, herriak horren berri ez baldin badauka, alfer-alferrik ari gara.

Euskaltzaindiak lehendik ere euskalduntze eta alfabetatze prozesuan parte hartzeko konpromisoa izan du, baina orain ahalegin horrek are nabarmenagoa dirudi; esate baterako, lankidetzan, erakunde publikoekin ez ezik, herri erakundeekin ere bai.

Hori da. Azken batean, Euskaltzaindiak, historian zehar eta batez ere nik esango nuke gerraren ondorengo urteetan, hainbat ekimen aurrera eraman behar izan zituen: bertsolaritza, euskalduntzea eta alfabetatzea… Garrantzitsuak izan ziren bere garaian eta gizarte zibiletik aurrera egin eta ekimenok beren bidea egitea lortu zen. Baina Euskaltzaindiak orain egin behar duena da, gure ustez, bere zereginak horretan jarri; hau da, euskara aurrera eraman, doitu, gaitu, eguneratu, eta etengabeko eguneratze horretan jendeari laguntza, euskarriak eskaini, gauzak erraztu. Bide horretatik ikusten dut nik Euskaltzaindia, akademikotasunari eta zientifikotasunari ezer ere kendu gabe, baina, bestetik, gizarteratze prozesu horretan behin eta berriro bere burua murgilduz, eta aurrera eramanez. Eta horretan hortxe daukagun gure biblioteka birtual hori beste ahalegin txikitxo bat da, beste printza bat prozesu horretarako.

Aurten Euskaltzaindiak bi urteurren ospatuko ditu, erakundearen 100.a eta euskara batuaren 50.a.

Bai, biak batera datoz. Orain dela 50 urte orduko euskaltzainek erabaki zuten pauso irmoak, sendoak ematea euskara batuaren ikuspegitik: euskara batu hori orain dela 50 urte hasi zen formulatzen Arantzazuko Biltzarrean.

Gogoratu egin behar da Euskaltzaindiak lehendik ere, Azkueren garaian, 1935. urtean, gipuzkera osotua proposatu zuela. Gerrak hori desegin egin zuen, baina nik esango nuke asmoa, jomuga nagusia beti izan dela batuarena. Ez bakarra, e?

Orain bi urteurrenak etorri dira batera; alde batetik, ehun urte betetzen ditugu, nik esango nuke batez ere 2019an, 1919an antolatu baitzen benetan Euskaltzaindia, 1918an hasi bazen ere. Eta 2018koa, ezinbestekoa dena guretzat, euskara batuaren inguruko oroipen hori egitearren. Horretarako Arantzazun egingo dugu jardunaldi bat, biltzar zabal bat.

Balantzeaz gainera, aurrera begirako hausnarketa ere egingo duzue, ezta?

Nik esango nuke pixka bat ikusi behar dugula 50 urte hauek zer izan diren, nondik nora joan diren, zer daukagun zuzentzeko edo zer gehitzeko, zer falta zaigun hizkuntzaren estandarizazio etengabean; horrelakoak ez dira sekula santan amaitzen, hizkuntza gauza bizia baita. Eta hortik aurrera, proposamenak jaso seguru asko hurrengo urteetan Euskaltzaindiak proposamen horiek aurrera eramateko.

Euskara lan tresna duten arloetako jendearen eta oro har herritarren ekarpenetara zabaldu duzue biltzarra.

Bai, bai, hori jaso nahi dugu. Alde batetik, eragile horien ahotsa jaso nahiko genuke, eragile horiekin hitz egin dugu eta parte hartuko dute esanez bakoitzak bere arloan nola ikusten duen euskara batuaren ibilbidea, nondik norakoak eta abar; baina, bestetik, herritarren, ikertzaileen eta bestelakoen artean ere zabaldu dugu komunikazioak eta abar aurkezteko aukera. Horrela euskara batuaren kaleidoskopioa izan nahiko genuke. Eta nik ez nuke bakar-bakarrik euskara batu horretan zentratu nahi, esango nuke euskaran, euskararen munduan oro har. Baina euskara batuan batez ere, guztion arteko komunikazioa errazteko tresna bezala hartu dugun neurrian.

Biblioteka birtual horretan Joakin Lizarraga nafarraren liburu bat ageri da, Iruñerriko euskaran idatzia. Oraindik orain entzun diogu politikari bati euskara ez dela Nafarroako hizkuntza esaten.

Baten batek esango lukeen bezalaxe, zuk aipatzen dituzun bi horiek, esan gabe doa bigarrenak zer esan duen lehenengoaren berri jakin gabe; hau da, euskara Nafarroaren hizkuntza ez baldin bada, zer da, ba? Azken batean, baten batek esaten zuen Nafarroan mintzatzen direla euskararen euskalki guztiak bizkaiera izan ezik, eta nik uste dut baten bat baldin bada, kantak esaten zuen bezalaxe, euskal arragoa, non kaleidoskopio hori batzen den, Nafarroa dela; nik uste dut Nafarroa hor dagoela, erdi-erdian, eta Nafarroa herri euskalduna ez baldin bada, ez dakit, ba, zer izango garen... Seguru nago horiek borroka politikoaren unean uneko suak direla. Gero, errealitatea, zorionez, gure kasuan, beste bat da. Nafarroa herri euskalduna da, guztion artean egiten dugun Euskal Herri euskaldun hori, eta euskara guztion artean partekatu behar dugun balioa eta komunikabidea da; hau da, komunikazio tresna eta nortasuna ere ematen diguna, dudarik gabe.

Amaitzeko, zorionak Euskaltzaindiari, urte askoan. Besterik erantsi nahi baduzu...

Aurrera jarraituko dugula eta espero dezagun aurrera egiteko bide horretan berriro ere elkartzea eta berriro ere aukera izatea gure berri emateko. Eta zuek ere gizartearen aurrean zabaldu ahal izateko. Komunikabideek sekulako lana eta sekulako garrantzia duzue batez ere euskararen zabalkunderako eta euskal kulturaren aurreratzerako.

 

Azkue bibliotekaren Liburutegi birtuala eta bi urteurren

Ondo ezaguna da “Paris bien vaut une messe” esamoldea, Nafarroako Henrike erregeak Frantziako Henrike VI.a bihurtu aurretik esan omen zuena. Berak esan al zuen hori, ordea? Eta “Frantziako tronuak meza bat eta gehiago balio du” esateko gauza ote zen, euskaraz alegia? Uste izatekoa da ezetz; nolanahi ere, badakigu Frantziako errege ere izan zela eta hartarako katoliko bihurtu zela. Nor eta Joana Albret Nafarroako erregina protestantearen semea. Joana Albretek bere erresuman protestantismoa hedatzeko, Testamentu Berria euskaratzeko agindu zuen. Horren arduraduna Joanes Leizarraga izan zen, euskarazko prosarik bikainenetakoaren jabea. Erreforma protestanteak katolizismoaren intsentsuak harrotu zituen eta haren kontrarreformak, besteak beste, Lorenzo Scupoliren “Combattimento spirituale” arrakastatsua zabaldu zuen Europan zehar, baita Ipar Euskal Herrian ere, euskara baliatuta. Obra horren itzultzailea Silvain Pouvreau frantsesa izan zen. Pouvreau Baionara etorri zen, bertan euskara ikasi, apaiztu eta zenbait lan eman zituen euskaraz, esandakoaz gainera.

Gure historiaren, hizkuntzaren eta kulturaren berri jakiteko ez da beharrezkoa aipatutako lanok irakurtzea. Gaur egun, besteak beste, klik batez Euskaltzaindiak zabaldu berri duen erakusketa birtuala bisitatuz horrelako hamaika gertaera eta bilakaera aurki daitezke. Bere lana eta ondarea jendartean partekatzeko asmoz, eta teknologia berriek ematen dituzten aukerak baliatuz, Akademiak euskararen alorreko zerbitzuak biderkatu egin ditu azken urteotan. Azkena, Azkue Bibliotekako ondarea ezagutarazteko erakusketa birtuala. Bere bibliotekako katalogoko zenbait liburu esanguratsu jarri ditu eskuragarri, haien ezaugarriak, testuingurua eta haien gaineko zenbait bitxikeria agertuz. Eta aurrerantzean Azkue Biblioteka eta Artxibo Zerbitzuko «harribitxi» gehiagok hornituko dute erakusketa.

Leizarragaren “Iesus Christ gure Iaunaren Testamentu Berria” (1571) eta Pouvreauren “Gudu espirituala” (1665) obrekin batera, honako hauek daude biblioteka birtualean ikusgai: Manuel Larramendiren “De la antiguedad, y universalidad del bascuenze en España: de sus perfecciones, y ventajas sobre otras muchas lenguas” (1728) eta “El impossible vencido: arte de la lengua bascongada” (1729); Humboldten “Bocetos de un viaje a través del País Vasco” (1889), Unamunok itzulia eta idazle bilbotarraren hitzaurrea duena; Joakin Lizarragaren “Urteco igande guztietaraco platicac edo itzaldiac” (1846); eta Frai Bartolome de Santa Teresaren “Euscal-errijetaco olgueeta, ta dantzeen neurrizco-gatz-ozpinduba” (1816).

Aurten, obra horiek bezala euskarari “behar duien tornuia” eman dioten bi gertaeraren urteurrenak ere ospatuko ditu Euskaltzaindiak bere XVII. Biltzarrean: Akademiarena berarena eta euskara batuarena. Urriaren 4an hasita, hiru egunez, ehun urtean euskararen inguruan egindako lanak gogoratuko ditu Arantzazun, bereziki 1968an leku berean egin zuen Biltzarra. Euskara batuak «egin duen bidea azaldu, egungoaz gogoeta egin eta eginkizun dagoena zehaztu» nahi dute. Ez da gutxi, gero.

«XVII. Biltzarrean ikusi behar dugu 50 urte hauek nondik nora joan diren, zer daukagun zuzentzeko edo zer gehitzeko, zer falta zaigun hizkuntzaren estandarizazio etengabean»

«Euskaltzaindia zerbait baldin bada, azken batean euskaldunei baliagarri, erabilgarri eta onuragarri zaien neurrian da, eta bidegintza horretan ari gara»