2018/07/28

Oier Gorosabel - @Txikillana
Fisioterapeuta
Haurren femurraren buruaren nekrosia (Perthes)

Gaurkoan gaixotasun arraroen artean hain arraroa ez den bat komentatzera gatoz, 10.000 umetik bik sufritzen dutena: teknikoki Legg-Calve-Perthes izena du, 1910ean hiru medikuok deskribatu baitzuten. Labur esateko, femurraren buruaren nekrosia da, odol-fluxuaren gabeziaren eraginez. 3-12 urte artean gerta badaiteke ere, intzidentzia nagusia 5-7 urte arteko haurretan gertatzen da, gehienbat mutikoetan. Gaixotasunaren jatorria ez dago argi, eta, ondorioz, faktore asko aipatzen dira: artikulazioan aurretik izandako arazoak, hezurren hazkunde prozesu atzeratua, odolaren koagulazioaren desorekak, arazo endokrinoak, traumatismoak, gainkargak, faktore genetikoak edo haurdunaldian gertatutako gorabeherak.

Perthesen gaixotasunaren jatorria ez dago argi beraz, bai, ostera, arazoaren fisiopatologia: odol fluxuaren faltan, femurraren buruaren zati bateko hezur-zelulak hiltzen dira, eta, ondorioz, hazkunde prozesua nahastu egiten da. Egoera hori normalean umea herrenka hastean bistaratzen da; beste sintoma arruntena mokorretik izterrera hedatzen den mina izaten da, eta horren ondorioz muskulu batzuetan gertatzen den atrofia eta besteetan ematen den kizkurdura. Mokorraren mugikortasuna ere mugatuta egoten da, eta mina eta herrena aktibitate fisikoarekin areagotzen dira. Diagnostikoaren konfirmazioa, halere, erradiografietatik etortzen da: Perthesen gaixotasunak fase karakteristikoak ditu, eta horiek identifikatuz arazoa zein egoeratan dagoen eta zein aldaera dituen zehaztu daitezke, tratamendu egokia emateko behar-beharrezkoa den informazioa. Esan behar da zenbat eta diagnostikoa goiztiarragoa izan, pronostikoa hobea izaten dela.

Tratamenduaren oinarri nagusia femurraren burua bere lekuan mantentzean datza, pelbiseko artikulazioan alegia, biek hazkunde prozesuan zehar forma borobila berreskura dezaten. Hori lortzeko teknika desberdinak erabiltzen dira, kasuaren ezaugarrien arabera: medikuntza aldetik botikak edo tratamendu kirurgikoa erabil daitezke; ortesiak edo igeltsuak ere badute aplikazioa, artikulazioari atsedena emateko eta karga kentzeko; fisioterapiaren aldetik, kinesiterapia erabiltzen dugu artikulazioen mugikortasuna eta indar muskularra mantentzeko. Horrekin batera, garrantzia ematen zaio femurra kargatzen duen ariketa fisikoa ekiditeari, beste ariketa fisiko motak lehenetsiz (igeri egitea edo bizikleta, adibidez).

Bistan denez, tratamendua gaixotasunaren fasera egokitu behar izaten da: hasieratik berrosifikaziora doazen faseetan helburu nagusia hezurraren forma egokia sustatzea izango da; behin osifikazioa burutu denean, errekuperazioak hazkunde prozesu osoan zehar jarraituko du, non hezurrak bere forma heldua hartuko duen. Hortik aurrera, umetan Legg-Calve-Perthes izan duten nagusi askoren eboluzioa ona izaten da, bizimodu normala egiteko gai direlarik; kasu batzuetan, halere, mokorreko mina edo artritisa izateko joera geratzen da. Kasu horietan, muskuluak eta artikulazioak indartsu eta malgu mantentzeak asko laguntzen du. •

www.abante.eus